Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  23 maiatza 2019 17:00

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, maiatzak 24

Ordua. 11:15

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:27

Udaltzaingoaren Agenteek 36 urteko gizonezko bat atxilotu dute gaur, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egile gisa.

Gaueko ordu bata eta erdiak baino minutu batzuk lehenago Ballester Apezpikuaren kalean izan dira gertaerak, emakume bat laguntza eskatzen ari zela. Gertaeren lekuko izan den beste emakume batek lagun egiten ziola topatu dute bertara joan diren udaltzainek.

Biktimak eztabaida gogor bat izan du bere bikotekidearekin, eta hark astindu eta jo egin du. Eskainitako deskribapenari esker, patruila batek han inguruan topatu du erasotzailea, eta ondorioz, atxilotu egiten dute. Gaur epailearen esku geratuko da.

Bi pertsona zauritu dira ibilgailuek harrapatuta

70 eta 26 urteko bi emakume zaurituta geratu ziren atzo gertatutako bi harrapaketetan. Lehena Green Capital plazan izan zen, eta bertan, auto batek lesioak eragin zizkion oinez zihoan 70 urteko emakume bati; bertara hurbildutako larrialdi-zerbitzuek artatu zuten eta, gero, anbulantzian eraman zuten Santiago Ospitalera. Argiketa-talde bat harrapaketa horren nondik norakoak ikertzen ari da.

26 urteko beste emakume bat Santiago Ospitalera eraman zuten, Koroatze eta Eulogio Serdán kaleak elkartzen diren tokian oinezkoentzako pasabidean motozikleta batek harrapatu eta zaurituta geratu ondoren. Motozikleta gidatzen ari zen gizonezkoa lurrera erori zen, baina oinez zihoan emakumeak bakarrik behar izan zuen ospitalean artatua izatea.

Zaramaga kalean bide gorritik zihoazen bi bizikletaren arteko beste istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Txirrindularietako bat, 37 urteko gizonezkoa, zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek toki horretan bertan artatu zuen.

Udaltzainek beste 15 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen zauriturik izan eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik. Horrez gain, 14 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 15 jarduera egin zituzten.

Sutea etxebizitza batean

Suhiltzaileek gaueko lau eta erdiak pasatuta esku hartu behar izan dute Aretxabaletako etxebizitza abandonatu batean piztutako sutea itzaltzeko. Sutearen kondar batzuk aparkatuta zegoen ibilgailu baten gainera erori dira eta kalteak eragin dizkiote.

Alibarra kalean Eraztun Berdeko begiratoki batetik Zadorrara eroritako zakur bat erreskatatu zuten atzo suhiltzaileek. SPEISeko langileek begiratokitik zintzilikatuz atera zuten. Animaliak mugitzeko arazoak zituen atzeko hanketan, eta horren ondorioz, itotzeko arriskuan egon zen.

Amarita herrixkaren ondoko lastategi batean piztutako sua ere itzali zuten atzo, eta Bizkaiko suhiltzaileekin batera jardun zuten N-240 errepidean bi kamioiren artean izandako aurrez aurreko talkan; talkaren ondorioz, bi kamioiek su hartu eta gidarietako bat hil egin zen, ibilgailuan harrapatuta geratu ondoren.

Atzo arratsaldeko lehen orduan, Juan Carlos I. hiribideko etxebizitza batean zartagin batean piztutako suak beharrezko egin zuen suhiltzaileek parte hartzea, Suteak kalteak eragin zituen sukaldeko ke-erauzgailuan, eta osasun-zerbitzuek bi pertsona artatu zituzten kea arnasteagatik.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:49

Montehermoso kulturuneko lorategian 11 kontzertu egingo dira egunez; sendotze-prozesuan dauden hemengo zein estatuko taldeak.

Estíbaliz Cantok buru duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak 2017an berreskuratu zuen Montehermoso kulturuneko Falerina lorategiaren kudeaketa publikoa, eta aurten ere bertan gauzatuko du “Belar Sounds” programa: ekainaren 1etik urriaren 5era bitartean egunez (13:30ean) egingo diren 11 kontzerturen zikloa. Hango taberna-kafetegia ere ireki zen, iazko uztailaren erdialdean.

Cantok adierazi duenez, “Belar Sounds musika-topaketen programa sortzearen helburua zen hemengo zein estatuko eszenan sendotzen ari diren taldeen lana erakustea. Kontzertu horiek, gure hiriko hirigune historikoko ingurune eraberritu batean egingo dira, asteburuetako eguerdiak gozatzeko eta musika ona entzun bitartean topa egiteko”.

Aurten Hego Euskal Herriko 9 taldek hartuko dute parte (horietako hiru, Gasteizkoak), eta, horietaz gain, Bartzelonako bi taldek eta Madrilgo batek. Hamaika talde horietako zazpik badute emakumezko kideren bat, tresna-jolea izan zein kantari izan.

Belar Sounds 2019ko programazioa

  • JAMES ROOM & WEIRD ANTIQUA (Bilbo) → ekainaren 1a. James Room eta Weird Antiqua estiloa, soinua, kontzeptua eta lagun egiten dion taldea da. Elkarrekin sartu dira Gaua Recordsen diskografian, soinu sendo eta trinkoarekin.
  • THE YOUNG WAIT (Donostia) → ekainaren 9a. Amerikar erroak dituen rock talde trinkoa da. Darabilen lengoaia folka, bluesa, psikodelia eta pop argitsua da, denboran iraun nahi duten kantu zintzoetan.
  • LOS MISTERIOS (Gasteiz) → ekainaren 23a. Gasteizko talde hau 2014an sortu zen, rock & roll instrumentalaren eta surf-rockaren ur zurrunbilotsuetan surfean aritzeko.
  • THE ROMANTICOS (Tolosa) → ekainaren 29a. Chicagoko bluesez eta sustraiko antzeko soinuez eta swingez beteriko konposizio propioak, funk zertzeladekin jatorrizko rhythm & bluesa hondoan. Iker Piris-ek (gitarra-jolea, kantaria eta konposatzaile), Adrián Carrerak (bateria-jolea) eta Ricky Ávilak (baxu-jolea) osatzen dute proiektua.
  • INFRAGANTI BAND (Gasteiz) → uztailaren 7a. Boskote sortu berri hau ahotsaz eta laukote instrumental batez (baxua, gitarra, saxoa eta bateria) osatua da. Julia Butenkoren ahots bero eta malguak berezko estiloa eman dio taldeari.
  • RACHEL REYES & THE FIREBALLS (Madrid) → uztailaren 14a. Rachel Reyes kantaria buru duen Madrilgo soul-taldea. The Fireballsek lagun egiten dio, Madrilgo musika beltzeko ohiko hiru musikarik: Victor Sánchez (gitarra), Moisés Pindado (baxua) eta Adrián Carrera (bateria).
  • FRANK BLACKFIELD BAND (Donostia) → abuztuaren 24a. Donostiako talde honen blues, soul, country eta folk soinuen erritmoak mugiaraziko ditu ikusleak.
  • WAX & BOGGIE (Bartzelona) → abuztuaren 31. Wax & Boogie 50eko hamarkadako rhythm & bluesean inspiratzen da, eta musika afroamerikarraren izpiritua islatu nahi du.
  • KOMANDO FUNK (Iruñea) → irailaren 7a. Azken hamarkadetako klasiko handiak; emaitza sofistikatua, seduktorea, alaia eta dantzagarria da. Energia-dosi bat, zinez.
  • KOKO JEAN & THE TONICS (Bartzelona) → irailaren 14a. Koko-Jean-ek, Anton Jarl-ek, Victor Puertas-ek eta Dani Baraldés-ek osatzen dute taldea; Bartzelonako eszenako musikaririk txalotuenetakoak. Rhythm & bluesaren, soularen eta rock & rollaren bidetatik dabiltza haien soinuak.
  • MONI GARAGE (Gasteiz) → urriaren 5a. Rock & rollaren, Ingalaterrako pubaren, soulik gitarrazaleenaren, Eskandinavia Ramones-zaleari egindako omenaldien, Frantziako yé-yé-aren eta Japoniako punk-bluesaren bideetatik (besteak beste) doan musika.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:32

Gasteizko udaltzaingoak 1.000 euroko txekea eman dio ASPANAFOAri (minbizia duten haurren gurasoen Arabako elkartea). Egoerarako propio diseinatutako Udaltzaingoaren ikur batzuk salduta bildu zen diru hori.

 

 

“Para los valientes” kanpainaren barruan daude “armarri solidario” horiek; kanpaina Katalunian sortu zen, haurren minbiziaren kontrako programak egiteko eta hari buruzko ikerkuntzarako dirua biltzeko helburuarekin, eta Espainiako hainbat tokitako udaltzaingoak atxiki zaizkio.

Gasteizen kasuan, hemengo udaltzaingoak bere ikurrak saldu zituen, Agirrelandako langileen beraien artean, Salburuko gizarte-etxean (han postu bat jarri baitzuen) eta ASPANAFOAren aldeko ongintzazko kontzertu batean.

Atzo, José Antonio Anguiano Herritarren Segurtasun Saileko zuzendariak, Roberto García Tobalina komisario buruak eta Gasteizen ekimen hau bultzatu duen Andrés Canillas udaltzainak 1.000 euroak eman zizkioten Ernesto Marín ASPANAFOAko lehendakariordeari.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:55

 

Udalak Legutianoko atea berritzeko lanak hasi ditu, Nafarroako Errege-Erreginen kaletik Zuiako Taldearen kaleraino. Esku-hartzearen helburuak honakoa dira: trafikoa moteltzea, oinezkoen mugikortasuna hobetzea, garraio publikorako irisgarritasunaren hobetzea, eta bidegorria jartzea. Kale horretatik ibilgailu ugari ibiltzen dira, eta horretarako dago diseinatuta. Zehazki, 3,75 metroko zabalerako espaloiak ditu, bateriako aparkalekuak bi aldeetan, hiru zirkulazio-errei noranzko bakoitzean, eta bi metroko erdibitzailea. Kaleak merkataritza-jarduera garrantzitsua du. Diseinuak ez dio jarduera horri laguntzen, espaloiak estuak baitira, eta trafikoa, azkarra eta dentsitateko handikoa. Esku-hartze honi esker, arazo horiek konpontzea lortuko da.

Udalaren proiektuaren arabera, galtzadan bi bidegorri jarriko dira, 2,40 metro zabal izango direnak, bereiziak eta bi noranzkorekin. Iparraldetik zein hegoaldetik (Burgos kaleraino) joango dira. Bi bidegorri horiek eratzeko, trafiko-errail bana ezabatuko da bi noranzkoetan, eta tarte bat utziko da bidegorriaren eta bateriako aparkalekuen artean. TUVISAren geltokiak ere egokituko dira, nasa irisgarriagoak eraikita (autobusarekiko desnibela murrizteko). Bidegorria 330 metro luze izango da iparraldeko zatian, eta 350 metro luze hegoaldean.

Datozen egunetan Zuhatzuko atea berritzeko lanak ere hasiko dira. Udalak 235.000 euro inbertituko ditu bi proiektu horiek gauzatzeko.

Share