Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  7 maiatza 2019 17:00

Harrera-ekitaldia Koldo Mitxelena institutuari

Udalak harrera egingo die Koldo Mitxelena institutuko zein Frantziako Montigny-le Bretonneux herriko Lyceé Émilie de Breteuil ikastetxeko ikasle eta irakasleei; hauek Gasteizen daude bisitan Kultur Trukeak direla eta.

Parte hartzaileak. Hezkuntza, Kultura eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Asteazkena, maiatzak 8

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko harrera-aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:40

20190507 I World Tenis Tour Open Ciudad de Vitoria prensa

World International Tennis Vitoria-Gasteiz egingo da lehenengo aldiz Arabako hiriburuan; nazioarteko torneo hori WTA munduko zirkuiturako puntuagarria izango da,  ITF-Nazioarteko Tenis Federazioaren ikuskaritzapean. Uztailaren 22tik 28ra egingo da, La Peña Vitoriana klubaren instalazioetan, hark antolatzen baitu.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok, foru diputatu Igone Martínez de Lunak, torneoaren kirol-zuzendari Unai Corujok, Peña Vitoriana-ren kudeatzaile Alejandro Botellak eta Arabako sailkapeneko 1. lekuan dagoen eta ekitaldian parte hartuko duen tenislari Marta Garcíak aurkeztu dute gaur.

Mundu osotik etorritako 16 eta 29 urte bitarteko 150 jokalari inguruk —zeinak WTA sailkapenaren 200 eta 700 lekuen artean baitaude— hartuko dute parte WORLD TENNIS TOUR VITORIA-GASTEIZ txapelketaren lehen edizioan, La Peña Vitoriana klubaren instalazioetan. Munduko zirkuiturako puntuagarria izango da,  eta ITF-Nazioarteko Tenis Federazioak ikuskatuko du.

Horrelako nazioarteko tenis txapelketa sortuta, ekitaldi bakar eta berritzailea ezarri nahi da, zeinak kirol horren profesionalen eta zaleen arteko topagune bat sortzeko beharrezko diren baldintzak eskainiko baititu. Kirol eta antolakuntza aldetik mundu osoan aitortutako ekitaldiak eskaintzen duen aukeraz gain, azpimarratzekoa da horrek hirian izango  duen eragin ekonomikoa, maila publiko zein pribatuan.

– Zergatik nazioarteko txapelketa bat?

Tenis Txapelketa Nazionalaren 47. edizioa egin ondoren, José María Ortega “Pochín”-ek, Espainiako Federazioak eta EAEko Federazioak Gasteizen jarraitutasuna izango zuen nazioarteko tenis txapelketa bat egitearen aldeko apustua egin zuten.

Iradokizuna azterturik, emakumezkoen “I. World Tennis Tour Open Ciudad de Vitoria-Gasteiz 25.000” antolatzea erabaki zen. Izan ere, maila horretako txapelketetan, diruzko sariak 25.000 dolar dira orotara. ITF World Tennis da 2019an egitekoak diren ITF txapelketa guztiei emango zaien izen berria, junior zirkuitutik hasita gizonezkoen 25.000 dolarreko eta emakumezkoen 100.000 dolarreko txapelketataraino; horrenbestez, Arabako hiriburuko torneoa 3. mailan legoke garrantziari dagokionez, WTA Tourraren eta 60.000 eta 100.000 dolarreko txapelketen atzetik.

-Araban ez da inoiz izan nazioarteko tenis zirkuituko txapelketarik

Euskal Autonomia Erkidegoan teniseko nazioarteko lau lehiaketa daude une honetan, lau Bizkaian eta bat Gipuzkoan.

-Bakio (WTF 25.000, gizonezkoak).

-Bilbo (WTT 25.000, gizonezkoak eta emakumezkoak).

-Donostia (WTF 25.000, gizonezkoak).

Txapelketaren kirol-datuak

Uztailaren 22tik 28ra jokatuko da txapelketaren lehen edizioa, La Peña Vitoriana-ren instalazioetan, azalera gogorreko lau pistatan.  Banakako eta binakako kategoriak jokatuko dira.

Torneoaren irabazleek, banakako zein binakako kategorietan, WTAren 50 puntu lortuko dituzte; txapeldunordeek, 30 puntu; finalerdira iristen direnek, 18 puntu; final-laurdenetara iristen direnek, 9; final-zortzirenekoek, 5 puntu; aurretiazko fasekoek, 1, eta azkenengo aurretiazko fasekoek, 1.

Banakako multzo nagusian 32 jokalari izango dira: 17, zuzenean onartuak; 6, aurretiazko fasean sailkatuak; 5, ITFren sailkapena dutenentzat erreserbatuak, eta 4, “wild card” bidez antolakuntzak gonbidatuak, horien artean, Arabako sailkapeneko 1. lekua duen Marta García. Banakako aurretiazko fasean 24 jokalari izango dira: 20, zuzenean onartuak, eta 4,  “wild card” bidezkoak.

Binakakoetan 16 bikotek osatuko dute txapelketaren multzo nagusia.

Orotara 31 partida jokatuko dira banakoen azken fasean, 18 partida banakoen aurretiazko fasean, eta 15 partida binakakoetan.

Aurretiazko faseko partidak 3 setetako onenera jokatuko dira: 2 setetan tie-break izango da, baita match tie-break bat ere. Azken fasean, 3 setetako onenak irabaziko  du, tie-break dagoelarik.

Sariak

Banakakoetan, sari hauekin emango dira: txapelduna, 3.542 euro; txapeldunordea, 1.896 euro; finalerdietan, 1.046 euro; final-laurdenetan, 605 euro; final-zortzirenetan, 367 euro; lehen errondan, 220 euro; azken aurretiazko fasean, 113 euro, eta lehen aurretiazkoan, 61 euro.

Binakakoetan: txapeldunak, 1.293 euro; txapeldunordeak, 647; finalerdietan, 323 euro; final-laurdenetan, 176 euro, eta final-zortzirenetan, 118 euro.

-Nazionalitate nagusiak

Ia 20 herrialdetako jokalariek hartuko dute parte; gehienak leku hauetatik etorriko dira: Espainia, Grezia, Paraguai, Argentina, Austria, Alemania, Errusia, Holanda, Frantzia, Norvegia, Brasil, Mazedonia, Venezuela, Italia, Erresuma Batua, Belgika eta Mexiko.

– Jarduera paraleloak

 uztailaren 20an (larunbata), txapelketa Gasteiz hirira zabaltzeko asmoz, jarduera bat antolatuko da Andre Maria Zuriaren plazan, mini tenis-pistak erabiliz; La Peña Vitoriana-ko entrenatzaileek eta txapelketako jokalariren batek hartuko dute parte.

Proam tenis txapelketa: Alavés, Baskonia eta Araski taldeetako jokalariek hartuko dute parte.

Haurrentzako ikastaroa: uztailaren 27an (larunbata), 10:00etatik 11:00etara, haurrentzako ikastaro bat egingo da,  klubeko 6 tenis-pistak bete eta tenisean ikasi nahi duten 100 haur baino gehiago biltzeko asmoz. La Peña-ko entrenatzaileek zuzenduko dute, eta txapelketan ari diren jokalariek ere hartuko dute parte.

Gurpil-aulkiko tenisaren erakustaldia: uztailaren 28an (igandea), finalaren aurretik.

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:39

  • Gorka Urtaran alkateak gaur eta Ramiro González diputatu nagusiak izenpetu dute hitzarmena, zeinaren bidez udalaren zazpi lan lerro bultzatuko baitiren

Gasteiz, 2019ko maiatzaren 6a. Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala elkarlanean arituko dira hirugarren urtez jarraian, Araba bere hiriburuan presenteago egon dadin lagunduko duten inbertsioak finantzatzeko. Horixe nabarmendu dute Ramiro González diputatu nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak gaur goizean hitzarmena izenpetu dutenean. Hitzarmen horren bitartez, foru erakundeak bi milioi eta erdi euro emango dizkio udalari, hark udal azpiegiturak sustatu eta lurraldean eragina izango duten inbertsioak egin ditzan.

“Ohartzen gara Gasteizek garrantzi handia duela gure lurraldean eta horregatik uste dugu garrantzitsua dela inbertsioa egitea Araba presenteago egon dadin bere hiriburuan eta landa eremuko arabarrak hiriburuarekin gehiago lotzeko, eta, bide batez, Gasteiz bera ere gara dadin, denon mesederako”, azaldu du diputatu nagusiak, eta nabarmendu duenez, “erakundeen arteko elkarrizketari eta elkarlanari esker, legegintzaldi honetan Arabarentzat eta Euskadirentzat estrategikoak eta lehentasunezkoak ziren kontuak gauzatu ahal izan dira. Erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa da ekimen horiek aurrera egin dezaten, eta, zalantzarik gabe, Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren arteko elkarlana fruituak ematen ari da hiriburuan eta lurraldean. Udalak lurralde osoaren zerbitzura jartzen ditu pertsona askorentzat beharrezkoak diren zerbitzuak, ez soilik hiriko biztanleentzat, eta zerbitzu eta azpiegitura horiek sendotu eta bultzatu nahi ditugu”.

Horrela, hitzarmenak balio izango du Gasteiztik kanpo bizi diren arabarrak ere ohiko erabiltzaile dituzten kultura, kirol eta aisia zerbitzu publikoak sendotzeko, baina baita arabar guztien zerbitzura dauden eta udalak bere aurrekontuaren barruan jaso ohi dituen hezkuntza, osasun eta garraio azpiegiturak ere.

Hala eta guztiz ere, hainbat azpiegituretan inbertsioak egitea eta berriak abian jartzea ez da laguntza lerro bakarra izango, nahiz eta zenbatekorik handiena horretara bideratu. Oso garrantzitsua izango da, adibidez, Santa Barbara plaza edo Bost enparantza berritzeko azken faserako laguntza edo Aranbizkarrako futbol zelaiko aldagelak berritzekoa.  Gainera, 2018an bezala, Basaldeko laborantza ekologikoko lurzatiek ere laguntza jasoko dute, oraingoan ureztaketa hornikuntza hobetzeko; Gardelegin lixibatuak neurtu, ponpatu eta arazteko obrak  bultzatuko dira; Beti Jai frontoian esku hartuko da eta Gasteiz Antzoki berria egokitu.

Urtaranek nabarmendu du erakundeek proiektu estrategikoak gauzatzeko lankidetzarako gaitasun handia dutela. “Gaur Aldundiarekin izenpetutako hitzarmena lankidetza horren adibidea dugu. Lankidetza lerro hau abian jarri zenetik elkarrekin gauzatutako politiketan egindako inbertsioa 7,5 milioi eurokoa izan da. Politika horiek Gasteizko herritarren bizi kalitatean dute eragina, eta, gainera, hiriaren eta lurraldeko gainerako lekuen arteko kohesioa areagotzen dute. Zerbitzuei dagokienez, Gasteizek, merkataritza gunea denez eta kultura eta kirol jardueraren eta beste alderdi askoren erdigunea, lotura etengabea du Arabako gainerako lekuekin eta erakundeak soinez soin ari gara lanean errealitate horri erantzuteko. Superhiri bihurtzen gaituen indarguneetako bat Arabako gainerako lekuekin harremanetan egoteko gaitasuna da, bikaintasunean, kohesioan eta jasangarritasunean oinarritua. Argi ikusten da hori guztia, 2,5 milioi euroko ekarpen honi esker egingo ditugun inbertsio estrategikoen zerrenda aztertuta”, nabarmendu du Gasteizko alkateak.

Share