Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  20 maiatza 2019 14:07

Lau pertsona zauritu dira hirian asteburuan barrena gertatu diren trafiko-istripuetan.

Udaltzaingoak jakinarazi du joan den ostiralean bi furgoneten arteko talka baten ondorioz istripu bat gertatu zela, furgoneta horietako bat modu desegokian aldatu zelako errei batetik bestera, Burgos kalearen 21 zenbakiaren parean. Furgoneta horietako batean 2 urteko adingabe bat zihoan, eta talkaren ondorioz, larrialdi-zerbitzuek protokoloz artatu zuten, baina ez zen beharrezkoa izan osasun-zentro batera eramatea.

Egun horretan bertan beste istripu bat gertatu zen Wellington Dukea eta Landaberde kaleak elkartzen diren biribilgunean, eta bertan nahastutako auto bateko gidariak autoaren kontrola galdu, zintarriaren aurka talka egin eta zuhaixka batzuen gainean iraulita gelditu zen. Ibilgailuan hiru pertsona zihoazen, eta gidaria, 20 urteko mutil gaztea, zaurituta geratu zenez, anbulantzian eraman zuten Txagorritxu Ospitalera. Autoa iraultzean izandako gasolina-isuria kontrolatzeko eta bateria deskonektatzeko esku hartu behar izan zuten suhiltzaileek.

Argiketa-talde bat larunbatean gertatutako istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da; istripu horretan, bizikletan zihoan 13 urteko mutil bat zaurituta geratu zen, San Inazio Loiolakoa kaleko espaloitik errepidera jaitsi zenean, lehentasuna zeukan autobus bat zetorrelako bertatik. Talka horren ondorioz, bizikleta herri-garraioko ibilgailuaren azpian geratu zen eta txirrindularia, zaurituta zegoenez, Santiago Ospitalera eraman zuten.

Bizikletan zihoan 35 urteko gizon bat erori egin zen atzo, Florida parketik bizikletan zihoala. Istripuaren ondorioz zaurituta geratu zen, eta beraz, anbulantzia bateko osasun-langileek artatu eta Txagorritxu Ospitalera eraman behar izan zuten.

Udaltzaingoak beste 22 trafiko-istriputan parte hartu du asteburu honetan, baina horietan ez da zauriturik izan eta bost gidari ikertzen ari dira bide-segurtasunaren aurkako delituengatik: hiru alkoholaren eraginpean gidatzeagatik eta beste bi gida-baimenik gabe egiteagatik. Lehena, 23 urteko mutil gazte bat, Mariturri Bulebarra eta Ozeano Barea kalea elkartzen diren tokian, eta bigarrena, 41 urteko gizon bat, Koroatze eta Arriagako Atea kaleen arteko elkargunean bere ziklomotorraz semaforoa gorrian pasatzen ari zela ikusi zutenean.

Alkoholemia positiboak

Udaltzaingoak irekia duen argiketa batean 58, 27 eta 32 urteko hiru gizonezko ikertzen ari dira, hurrenez hurren, edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik.

Ostiralean 092ra egindako dei batek ohartarazi zuen, itxura guztien arabera, moto-gidari bat mozkorturik zihoala Koroatze auzoan barrena. Patruila batek Simon de Anda kalean topatu zuen 58 urteko gidaria, eta nahitaezko alkoholemia-probetan emaitza positiboa eman zuen.

Bigarren gidaria Bake kalearen eta Errege Atea kalearen arteko elkargunean egiten ari ziren alkoholemiako prebentzio-kontrol batean gerarazi zuten, eta hirugarrena, trafiko-istripu batean nahastu zen, Aranbizkarra kalean aparkatuta zegoen ibilgailu baten aurka talka egin ondoren, eta beraz, nahitaezko alkoholemia-proba eginarazi zioten eta emaitza positiboak eman zituen.

Udaltzaingoak izapideak abiarazi zizkien hiru gidariei Guardiako Epaitegian.

Asteburuan alkoholemiako bederatzi prebentzio-kontrol egin dira hirian, eta horietan, 150 gidarik baino gehixeagok egin behar izan dituzte arauzko alkoholemia-probak. Horietatik seik emaitza positiboa eman dute eta administrazio bidetik jarri zaie salaketa, eta beste bat, berriz, bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik ikertzen ari dira.

Udaltzainek 33 salaketa izapidetu dituzte asteburuan eta polizia judizialaren 11 jarduera egin dituzte.

Sutea sukalde batean

Budapest hiribideko etxebizitza bateko sukaldean zegoen zartagin batean piztutako sutearen ondorioz, ke-erauzgailuak su hartu zuen, eta haren goiko altzariek hainbat kalte izan zituzten su-lamen eta kearen ondorioz. Suhiltzaileak iritsi zirenerako, etxebizitza horretan bizi denak esku-oihal batzuen bidez sua itzaltzea lortu zuen, eta beraz, sua guztiz itzalita zegoela egiaztatu eta koadro elektrikoa aztertu zuten, baita sukaldea argindarrik gabe utzi ere, matxura hori profesional batek berrikusi arte.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:34

Afrikar etorkinen hamar elkartek osatutako partzuergoak antolatu du, Afrikaren Egunarekin lotuta, eta Kultura Sailaren laguntza du  

Gaur hasiko da “Afrikarrak Euskadin, 2019” Afrikaren Astearen II. edizioa, 19:00etan, Aldabeko gizarte etxeko ekitaldi aretoan, “Afrikar gazteak ekinean” emanaldiarekin. Maiatzaren 20ra arte askotariko jarduera-programa antolatu da horren barruan.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu du gaur, partzuergoko kide Abdourahamane Ba, Baba Ahmed Hamadi Embarec eta Lenda Akue-rekin batera. Sailak 5.200 euroko dirulaguntza eman du ekitaldirako.

Afrikaren aniztasuna ezagutarazteak hiriko bizikidetza hobetzea dakarrela jakitun, afrikar etorkinen zenbait elkarte sentsibilizazio-ekintzak antolatzen hasi zen iaz, Arabako GGKEen, Estíbaliz Cantok gidatzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin.

Helburu hauek ditu ekitaldiak: pertsona eta talde afrikarrek Euskadin egiten duten lana ikusaraztea; gobernu erakundeak, enpresa pribatuak eta gizarte zibila oro har motibatzea horrelako ekimenei sostengu  eman diezaieten; Afrika, Araba eta oro har Euskadiko biztanleriaren arteko ezagutza eta bizikidetza osasungarria sustatzea; afrikar eta euskal kulturen ezagutza sustatzea, besteak beste, Afrikako artea, musika, dantza, moda tradizionala eta gastronomia ezagutaraziz; Euskadin bizi diren afrikar artisten arteko harremanak erraztea, elkarrizketa eta kultur eta arte trukeak ahalbidetzeko; hausnarketa eta pentsamendu kritikoa piztea, antolatutako topaketa eta eztabaiden bitartez, eta lankidetza eta elkartasun balioak sustatzen dituzten espazioak eskaintzea.

Horretarako, askotariko jarduera-programa erakargarria antolatu da, afrikarren eta afrikar jatorrikoen kultura mosaikoaren eta potentzialaren zati bat erakusteko.  Dantza eta musika lotuko dira. Antzerkiak, poesiak eta modak leku handia izango dute. Baita gastronomiak ere, sukaldaritza afrikarreko lantegi batekin. Afrikako aktibistek ere hartuko dute parte, zeinak gizaldeko kasuak salatzen eta ezagutarazten ari baitira, espainiar estatuko zenbait probintziatan dauden afrikarren migrazio-fluxuak, esaterako.

Emakume afrikarrek ere partaidetza aktiboa izango dute, “Arrastoa uzten duten emakume afrikarrak” erakusketaren bidez.

Iaz bezala, Gasteizen presentzia duten Afrikako herrialdeen arteko futbol txapelketa jokatuko da asteari amaiera emateko. Agenda arazoak direla eta, Gasteizko udaletxean egitekoa den erakunde ekitaldia ekainaren 10erako (astelehena) utzi da, eta orduan hartuko ditu alkateak hirian bizi diren afrikarrak.

Bestetik, Afrikultura jaialdia antolatu da, herritarren partaidetza bultzatzeko asmoz. Astearen helburuetako bat Afrikan gertatzen diren ezberdintasun eta bidegabekeriak ezagutaraztea eta horiei buruzko hausnarketa kritikoak sortzea da, informazio eta prestakuntza jardueren bitartez. Ildo horretatik, hitzaldiak, eztabaidak zein zine emanaldiak antolatu dira, Afrikako gaurkotasuneko zenbait gai jendaurrean argitzeko.

Bigarren ediziorako, Gasteizko afrikarren elkarteek partzuergo bat osatu dute, Arabako eta oro har Euskadiko herritarren artean Afrikaren irudi positiboa zabaltzeko xedez.

 

Share