Abeslariak antzokia bete du jadanik eta gonbidapen guztiak agortu dira
Ahalduntze Feministarako Eskolak gaur arratsaldean emango dio amaiera 2018-2019 ikasturteari, baita modu oso berezian egin ere: Rozalén kantautoreak kontzertu bat emango du Ibaiondoko gizarte-etxeko Félix Petite antzokian. Abeslariak antzokia bete du jadanik eta gonbidapen guztiak agortu dira.
Gorka Urtaran alkateak eskerrak eman nahi dizkie gaur arratsaldean hurreratuko diren pertsona guztiei “ikasturte zinez berezi honen itxierara etortzearren, bai eta urte guzti hauetan zehar eskolaren parte izan zaretenoi ere. Zuen interesak, zuen engaiamenduak lortu du gaur egun eskola erreferente izatea berdintasunaren aldeko prestakuntzari, sentsibilizazioari eta bistaratzeari dagokionean”. Horretaz gain, alkateak Berdintasun Zerbitzuaren lana ere eskertu du, bai eta “zerbitzuarekin besoz beso lan egin duten emakume-kolektibo guztiena ere. Zuen iradokizunak, interesak eta kritika eraikitzaileak beti izango dira ongi etorriak”.
Ahalduntze Feministarako Eskola jadanik sendotuta dagoen erreferentziazko zentroa da Gasteizen, eta hazten jarraitzen du. Ikasturte honetan 73 jarduera egin dira, aurrekoan baino 6 gehiago.
#FeminismoanItzel: txikien Eskola
Edizio honetan lehen aldiz, 10 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteentzako jarduerak antolatu ditu Vitoria-Gasteizko Ahalduntze Feministarako Eskolak. Herritar batek iradoki zuen ekimena, “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” programa parte-hartzailearen bidez. Programa horretan, udal-aurrekontuaren zati bat zertan gastatu erabakitzeko aukera ematen zaie herritarrei.
Ikasturte honetan 130 adingabek eta familiak hartu dute parte, eta hasiera hau ikusita esan genezake etorkizun oparoa iragartzen diogula jarduera-ildo honi.
Gainera, Eskolak espazio berria izan du eskura: Etxanobe jauregia. Bertan egin dira jarduera gehienak eta, laster, Sorginenea-Emakumeen Etxea proiektuarekin partekatuko du gune hori.
Ikasturte honetako beste berrikuntza bat izen-aldaketa izan da; orain Ahalduntze Feministarako Eskola du izena, zerbitzuaren udal politikek duten ikuspegia azpimarratze aldera.
Eskolaren helburua transbertsaltasuna eta aniztasuna lantzea da ahalik eta ikuspuntu gehienetatik, pertsona ororen identitateak ulertu eta konprenituz eta horrek dakartzan desparekotasunak identifikatuz; intersekzionaltasuna analisi-tresnatzat hartzea sarri gure gizartean nagusi den homogeneizaziotik urruntzeko.
Hori dela eta, kolektibo zehatzekin egin da lan: buruko gaixotasunak dituzten emakumeak, desgaitasun intelektualak dituzten emakumeak, desgaitasun funtzionalak dituzten emakumeak, lgtbi gaiak, emakume musulmanak eta emakume ijitoak.
Eskolaren indarguneetako bat da Gasteizko gizarte-kolektiboekin eta mugimendu feministarekin lanean eta lankidetzan jorratzen duela proiektua, hain zuzen ere, 20 bat kolektibo eta elkarterekin.
Eskolak hirian duen eragina handitzen jarraitzen du, Eskolaren eskaintzan urtez urte parte hartzen duen publiko fidela sendotu baita, eta bada parte-hartzaile berririk ere.