Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 maiatza 2019 18:13

Joan den urteko berritasunak mantendu dira, besteak beste, ezingo dute kantu matxista edo homofoborik abestu eta alkohol kontsumoaren erakustaldi orokor eta gehiegizkoak saihestu beharko dituzte

Estíbaliz Canto zinegotziak gidatzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak 2019ko Andre Maria Zuriaren jaietan parte hartuko duten blusa eta neska taldeei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak onetsi ditu gaur.

“Joan den urtean esan bezala, araudia beharrizanagatik sortu zen, baina behin sortu dugula, eutsi egingo diogu, onuragarria baita hiriarentzat eta gure jaientzat” adierazi du kultur arduradunak.

Oinarrietan bi berritasun daude, lehena eta nagusiena da guztizko zenbatekoa handitu egin dela 75.000 eurotik 87.000 eurora. Horietatik 60.000 (joan den urteko zenbateko bera) banatzean koadrila guztiei kopuru bera emango zaie, gainerako 27.000 euroak banatzean, ordea, programa hartuko da kontuan, programak garrantzia hartzea nahi baitugu, koadrilei musikaz laguntzeko funtzioaz haratago.

Beste berritasuna da seitik bostera jaitsi dela koadrilak taldekatu ahal izateko gutxienekoa.

Gainerakoan, joan den urteko oinarriei eutsi zaie.

  • Koadrila batek, gutxienez, 60 kide izango ditu.
  • Aurkeztuko dituzten jarduera-programek jendarte osoari zuzenduta egon beharko dute, nahitaez. Bereziki balioetsiko dira genero-berdintasuna, emakumeen parte-hartzea eta indarkeria matxistaren prebentzioa sustatzen duten jarduerak, ikuskizunak, kontzertuak edo bestelako jarduera-motak.
  • Ezingo dute kanta matxista zein homofoborik abestu. Debekatuta dago edonolako bazterkeria edo desberdintasuna (sexua, generoa, orientazio sexuala, identitate sexuala, arraza, klase soziala, erlijioa… direla kausa) sor dezakeen jarduera oro, musika girotzea barne.
  • Joan-etorrietan, blusa eta nesken taldeetako kideek jai giroko itxura eman beharko dute nahitaez, musikaz eta dantzaz, eta herritarrak jaira animatu; alkohol kontsumoaren erakustaldi orokor eta gehiegizkoak saihestu beharko dituzte eta eraso eta portaera matxistekin zero tolerantzia izan beharko dute.
  • Blusen eta nesken joan-etorriak joan den urteko ezaugarri berak izango ditu.

Ildo horretan, “ziur nago araudi honek jaiak joan den urtekoen modukoak izaten lagunduko duela, eta, hortaz, koadrilek alaitasunez eta normaltasunez hartuko dutela parte gure jai paregabeetan”, esan du amaitzeko kultura zinegotziak.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Prentsaurrekoa. ‘Afrikarrak Euskadin II. Astea’ aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; eta Abdourahamane Ba, Baba Ahmed Hamadi Embarec eta Lenda Akue etorkin afrikarren 10 elkarteko partzuergoko ordezkariak, zeinak ekitaldi hori antolatzen duen

Eguna. Astelehena, maiatzak 20

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   16:54

Erakunde bilera, Saski Baloiko Euroligaren Final Four dela eta

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Arabako ahaldun nagusi Ramiro González; eta Euroligaren CEO  eta presidente Jordi Bertomeu

Eguna. Larunbata, maiatzak 18

Ordua. 10:15

*Bilera amaitu eta gero, One Team elkartasun proiektuarekin lotutako ekimen batean izango dira; bertan, Euroligako hainbat izarrek parte hartuko dute.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Ostirala, maiatzak 17

  • Alkate Gorka Urtaran, eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Saskibaloiko Euroligaren Final Foureko lehen bi partida ikusten izango dira 18:00etan eta 21:00etan, Fernando Buesa Arena pabilioian.
  • Alkateorde Itziar Gonzalo ‘Día das Letras Galegas’ ekitaldian izango da 20:00etan, Lakua Arriagako azoka barrutian.

 

Larunbata, maiatzak 18

  • Alkate Gorka Urtaran Saskibaloiko Euroligaren izarren erakustaldia ikusten izango da 10:30ean, Foru plazan.

 

Igandea, maiatzak 19

  • Alkate Gorka Urtaran, eta Kultura Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Final Foureko hirugarren eta laugarren posturako partida 17:30ean, eta finaleko partida ikusten izango da 21:00etan, Fenando Buesa Arena pabilioian.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:00

Tokiko Gobernu Batzarrak San Martineko Adinekoentzako Zentro Soziokulturala egokitzeko lanen esleipena onetsi du. Urte amaieran ateak irekitzeko moduan izango da zentroa, Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak 823.050 €-ko inbertsioa egin ostean.

Construcciones Segurola enpresak 6 hilabeteko epea izango du Udalak Vera Fajardo Margolariaren kalean dituen hiru lonjak egokitzeko, lanak amaitzean zentroaren zerbitzuak hartzeko.

San Martineko AZSK-ko azalera 1.300 m2 ingurukoa izango da, erabilera zehatz eta autonomoa izango duten hiru aretotan banatuta.

Lehena, 68 m2-koa, jarduera fisikoak hartzeko prestatuko da. Bigarrenak hiruetan handiena izango da, 740 m2-rekin, zentroko zerbitzu eta jarduera nagusiak jarriko dira bertan: lantegiak, prestakuntza-gela, ikus-entzunezkoen gela, ile-apaindegia, podologia, kudeatzaileen bulegoa, komunak eta langileentzako aldagela irisgarriak.

Azkenik, hirugarren gunea 488 m2-koa da, eta bertan elkartze-aretoa, kafetegia, mediateka, hemeroteka, lantegia eta jantoki-zerbitzua egongo dira.

San Martineko zentro soziokultural berria udal sareko 16.a izango da; orotara 34.000 bazkidetik gora ditu sareak.

Hitzarmenak

Udal gobernuaren bilkura berean Gizarte Politiken Saiak Gasteizko zenbait kolektibo sozial eta soziosanitario batzuekiko hitzarmenak onetsi dira, honako hauek:

  • Natura Defendatu eta Ikertzeko Arabako Taldearekiko(GADEN) hitzarmena, Gasteizko udalerriko katu-koloniak kudeatzeko. Zenbatekoa: 18.500 euro.
  • Arabako Gizarte Lan Elkartearekiko (AGLE) hitzarmena, gaixotasun kronikoak, degeneratiboak, tumoreak eta gaixotasun terminalak dituztenen familiei laguntzeko programa egiteko. Zenbatekoa: 10.970 euro.
  • Arabako Epilepsia Elkartearekiko hitzarmena, epilepsia duten pertsonei arreta, aholku eta laguntza psikologikoa emateko programa garatzeko. Zenbatekoa: 4.030 euro.
  • ADELES- Lupus gaixoen Arabako elkartearekiko hitzarmena, gaixoei laguntza fisioterapeutikoa emateko programarako. Zenbatekoa: 3.750 euro.
  • ADELA-Alboko esklerosi amiotropikoaren Arabako elkartearekiko hitzarmena, gaixoei laguntzeko programa integrala gauzatzeko. Zenbatekoa: 5.650 euro.
  • ANADAHI-Arreta eza, hiperaktibitatea eta oldarkortasuna duten haur eta helduen elkartearekiko hitzarmena, eragindakoei eta senitartekoei arreta eta laguntza emateko programa bat garatzeko. Zenbatekoa: 3.750 euro.
  • ASAMMA- Bularretako minbizia edo ginekologikoa duten emakumeen Arabako elkartearekiko hitzarmena, gaixoak eta horien senitartekoen alde emozionala berreskuratzeko programa garatzeko. Zenbatekoa: 2.800 euro.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:30

Udako programazioa aurkeztu dute gaur adinekoentzako zentro soziokulturalek: 1.491 leku, 96 ikastarotan, zeinetan zentroetako 34.000 bazkideek izango baitute aukera izena emateko, nahiz eta edonork parte hartu ahal izango duen jarduerarik ere izango den. Ekainetik irailera bitartean izango dira jarduera guztiak.

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak udako programazioa landu duen hirugarren aldia da, asmoa delarik “adinekoei zenbat ezagutza, jarrera, ohitura eta gaitasun erakustea, baina, guztiaren gainetik ere, haien harreman sozialak bultzatzea, adiskidetasuna sustatzea eta partaidetza aktiboa ahalbidetzea”, azaldu du Peio López de Munain zinegotzi ordezkariak.

Gizarte Politiken Sailak agintaldi osoan bultzatu duen zahartze aktiboaren ereduari jarraitzen diote lantegi eta ikastaro horiek, zeinen artean honako hauek nabarmentzen baitira:

Belaunaldien arteko lantegiak: sukaldaritza, eskulanak, baratzezaintza, robotika eta abar, beste adin batekoekin denbora, espazioa eta ikaskuntza partekatzeko aukerarekin.

Herritarrentzat zabalik egongo diren lantegiak:hiriko edozein herritarrek ahal izango du bertaratu eta eskaintza partekatzeko aukera. Adinekoentzako zentroak herritar guztiengana hurbiltzea lortu nahi da, bertatik bertara ezagut ditzaten. Hainbat lantegi izango dira: dantza, sukaldaritza, elikadura, lorezaintza eta abar.

Erorketen prebentziorako lantegiak: lehenengo aldiz eskainiko dira uda honetan. Ekainean eta uztailean izango dira, Simon Bolibar aretoan.

Norberaren burua zaintzeko taldeak: bizikletan ibiltzen ikasteko, emozioak kudeatzeko, burua eta gorputza freskatzeko, loaren kalitatea hobetzeko eta abar.

Beste ikastaro eta lantegi batzuk: informatika, musika eta dantza, argazkigintza, irakurketa, zinema…

Aurrekoan bezala, 75 urtetik gorakoentzako berariazko ikastarorik ere izango da —buruari eragiteko jarduerak eta osasunaren eta ongizatearen inguruko lantegiak—, eta, berrikuntza gisa, hainbat ikastaro, KZguneekin elkarlanean, zenbait gizarte-etxetan —Aldabe, Hegoalde, Iparralde, Lakua eta Pilar—: Google aplikazioak, ordenagailuaren erabilera, sareko nabigazioa, Osakidetzako osasun-karpetaren erabilera eta beste.

Jardueretan parte hartu nahi duten adinekoek izena eman beharko dute, datorren astelehenetik —maiatzak 20— aurrera, hiriko adinekoentzako 15 zentro soziokulturaletan, gizarte-etxe eta kiroldegietako informazio-zerbitzuetan, herritarrei laguntzeko bulegoetan, 010 telefonoan edo Udalaren webgunean.

Adinekoentzako zentroen sareko erabiltzaile-txartela dutenek eman ahal izango dute izena —herritar guztientzat zabalik dauden ikastaroetan ez da betebehar hori bete beharko—.

Ekainaren 4an bukatuko da izena emateko epea, eta ekainaren 7an banatuko dira libre geratzen diren tokiak.

Beste jarduera batzuk

Lantegi eta ikastaroen programazio horrez gain, eta udarako jarduera-eskaintzaren barruan, aire zabaleko bi zinema-emanaldi izango dira uztailean.

  • Uztailaren 12an, Abetxukuko kiroldegiaren aurrean.
  • Uztailaren 19an, Galizia plazan, Arana auzoan.

22:30ean hasiko dira emanaldiak.

Gainera, ekainean eta uztailean, Piztu zure auzoa programak ere egingo du udako eskaintza —ibilaldiak, solasaldiak, jolasak eta abar—, Pilar, Landazuri eta Koroatze auzoetan.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:24

Lehenak UPV-EHUrekiko hitzarmenarekin du lotura eta, bigarrenak, Proiektu Artistikoak programarekin; ekainaren 16ra eta 30era arte egongo dira ikusgai, hurrenez hurren 

Gaur aurkeztu dira Montehermoso kulturunean Raquel Asensiren “Erresistentzia Moldatu Gabea” eta Jon Gorosperen “Metropolis” erakusketak. Lehenak UPV-EHUrekiko hitzarmenarekin du lotura eta, bigarrenak, Proiektu Artistikoak programarekin. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok, Raquel Asensi eta Jon Gorope egileek eta UPV-EHUko Arte Ederretako Fakultateko Dekanoa den Arantza Lauzirikak aurkeztu dituzte.

Raquel Asensiren “Erresistentzia Moldatu Gabea” MH – UPV-EHU programaren 2019ko deialdian hautatutako lanetako bat da.

Mundu zabalean zehar ekoizten diren plastikozko ontzi gehienak –eta minutuko milioi bat ontzi ekoizten da– ez dira ez birziklatzen, ez eta berrerabiltzen ere: lehorreko zabortegietara edo itsasora jaurtitzen dira. Erakusketa honetako pieza gehienak eskultura zeramikoak dira, modu anbibalente batean eder eta artifizial, leun eta agresibo, bigun eta gogor, efimero eta betiereko… Esperimentu gisa eginak dira, elementu plastiko, landare eta algekin. Guk geuk sortzen ditugun hondakinekin batera munduan dagokigun lekua birpentsatzeko saioa dira, lehen uste eta begiratuan aurkakoak diren elementuak uztartuz (esaterako elementu natural eta artifizialak), hain zuzen ere bizi dugun aldaketa postindustrial sakoneko garai hauetan.

Artistak materialak ikertzen ditu, eta sortzen diren piezek edertasun apaingarriaren eta iraultza edo transgresioaren arteko jolas anbibalentearen eragin handia dute. Asensiren erakusketan Cristina Arrázola-Oñatek egin ditu komisario-lanak.

Raquel Asensik (Barakaldo, 1989) Bilbon bizi eta lan egiten du. 2015an Zeramika, Artea eta Funtzioa masterra bukatu zuen, eta gaur egun doktoregaia da EHUko Eskultura Saileko “Ikerketa Arte Garaikidean” izeneko Doktorego Programan. Portzelanaren diseinuan diharduen Sargadelos lantegi galiziar entzutetsuan egin zuen praktikaldia. 2018ko ERTIBIL erakusketarako hautatu zuten eta BilbaoArte Fundazioaren ekoizpen-beka bat jaso zuen, bai eta Eusko Jaurlaritzaren Ikusizko Arteetarako dirulaguntza zenbait proiektutarako eskuratu ere. Gainera, sorkuntza eta ikerketa uztartzen dituen proiektu batean murgilduta dabil, perspektiba feministek 70eko eta 80eko hamarkadetan zeramikari loturiko praktika artistikoetan izan zuten eragina aztertzen. Bere ekoizpen artistikoa diziplinartekoa da; zeramikazko eskulturak, argazkigintza eta gorputz-ekintza uztartzen ditu. Informazio gehiago: www.raquelasensi.com

Erakusketaren iraupena: 2019ko maiatzaren 17tik ekainaren 16ra

KATALOGOA RAQUEL ASENSI

 

Jon Gorosperen “Metropolis” lana Proiektu Artistikoak programako 2018ko deialdian hautatutakoen artean dago.

Proiektu honetarako funtsean bi ikuspegi hartu dira: espazio publikoen erabilera ludikoa —eta horrek unibertso digitalean duen proiekzioa— eta irudien birziklatzea eta ekonomia. Hiri handiak erretratatzen dituzten ikusizko piezen bilduma izango da Jon Gorosperen proposamenaren emaitza materiala. Irudiak “Streetview” (Google-rena) eta “Total View” (Baindu baliokide txinatarrarena) aplikazioak baliatuz hartu dira.

Irudiek mosaiko handiak osatzeko balioko dute: lauki-sarean jarritako irudi-egitura trinkoak. Azkenik, hainbat liburuki —diseinu eta koadernatze berdinekoak— editatuko dira, artxiboaren, dokumentu antropologikoaren irudia indartuko dutenak. 

Jon Gorospe (Vitoria-Gasteiz, 1986) Oslon eta Gasteizen bizi eta lan egiten du. Gasteizko Arte eta Diseinuko goi mailako Eskolan graduatu zen, Artean, eta truke-programa Vilnius Faculty of Arts-en egin zuen (Vilnius, Lituania). Gradu amaierako lana, berriz, Maltan egin gauzatu zuen. Prestakuntza artistikoa hainbat egilerekin argazkigintza/artea ikasiz osatu du, hona hemen horietako batzuk: Pep Bonet Juan Valbuena, José Muñoz, Matías Costa, David Jiménez eta Xavier Rivas. Zenbait sari eta beka lortu ditu. 2018an VIPHOTO argazkigintza garaikidearen jaialdiaren lehen edizioa zuzendu zuen. Informazio gehiago: www.jongorospe.com.

Amaitzeko, gogoan izan MH –UPV/EHU programaren aurtengo edizioan proiektuak aurkezteko epeak zabalik dirauela ekainaren 2ra artean.

Katalogoa Jon Gorospe

Bi erakusketak gaur 20:00etan inauguratuko dira, eta kulturune osora hedatuko dira, baita atarira (Asensiren erakusketa )eta klaustroaren barnera ere (Gorosperen erakusketa). Iker de Aresti DJak girotuko du ekitaldia.

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:46

Herri barruko autobusean zihoazen sei pertsona zaurituta geratu ziren atzo, autobusak eta auto batek Lovaina plazan atzealdetik talka egin ondoren.

Talka hori 10ak aldera gertatu zen, eta bertan, 33 eta 62 urte bitarteko 4 emakumezko eta 46 eta 79 urteko bi gizonezko zauritu ziren. Horietatik lau pertsona anbulantzian eraman zituzten Txagorritxu Ospitalera.

23 urteko moto-gidari bat zauritu zen Luis Heintz kalean auto batekin arraspatze-istripu bat izan ondoren. Bertara hurbildutako larrialdi-zerbitzuek artatu zuten gaztea eta, gero, Santiago Ospitalera eraman zuten.

Udaltzaingoak beste 14 trafiko-istriputan esku hartu zuen, nahiz ez zen zauriturik izan, eta 61 urteko auto-gidari bat ikertzen ari dira alkoholaren eraginpean gidatzeagatik eta nahitaezko alkoholemia-probei uko egiteagatik, Gamarrako Atea kalean zintarriaren aurka talka egin ondoren.

Udaltzainek 13 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 26 jarduera egin zituzten.

Usoen habia farola batean

Suhiltzaileek Paula Montal kalean erortzeko arriskua zuen luminaria bat kentzera joan behar izan zuten, haren barruan usoen habia bat zegoelako.

A-3006 errepidean sastrakak kentzeko egindako lanaren hondakinetan piztutako sua ere itzali zuten Legution, eta egunean 23 esku-hartze egin zituzten erlekumeak kentzeko.

Share