Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 maiatza 2019 17:00

Gorka Urtaranek Tokiko Gobernu Batzarrean landutako gaien eta Udalarekin lotutako beste gai batzuen berri emango du.

Parte-hartzailea: Gorka Urtaran, alkatea.

Eguna: maiatzaren 10, ostirala.

Ordua: 11.00.

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

—————————————————-

Prentsaurrekoa.  ‘Ibilbide muralistikoa fatxadetan’ proiektuko ‘Ongi etorria’ murala aurkeztea

Parte hartzaileak. Partaidetzaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínez; eta Irantzu Lekue, artista

Eguna. Ostirala, maiatzak 10

Ordua. 11:00

Tokia. San Martin ikastetxea

*17:00etan, herritarrentzako aurkezpena egingo da txokolatada batez eta Tobaco Road taldeak joko du

——————————-

‘Vitoria-Gasteiz Basket Capital’ kanpainaren beste ekintza bat aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran;  Arabako Saskibaloi Federazioko zein tokiko kluben ordezkariak

Eguna. Ostirala, maiatzak 10

Ordua. 18:00

Tokia. Dato eta San Prudentzio kaleen arteko bidegurutzea

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:28

Larunbatean, maiatzak 11, XVIV. Kriskitin Lasterketa egingo da Gasteizen, ONCEk antolatuta eta Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Vital Fundazioak lagunduta.

 

 

 

 

Gaur goizean aurkeztu da ekitaldia udaletxeko prentsa-aretoan. Bertan izan dira Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzia, Peio López de Munain, Vital Fundazioaren zuzendari nagusia, Axier Urresti, eta ONCEren Euskadiko lurralde ordezkaria, Juan Carlos Andueza.

2019ko Kriskitin Lasterketa larunbatean egingo da, 12:00etan, San Prudentzio kalean. “Parte-hartzaileek ibilbide laburra egin beharko dute. Edonork hartu ahalko du parte, haren adina edo sasoi fisikoa edozein delarik, baita oinez ere”, azaldu du Juan Carlos Anduezak: “itsuka korrika egin nahi dutenek bikoteka egingo dute, haietako batek mozorroa jantzita duelarik eta pertsona biak soka edo lekuko bati helduta. Kriskitin bat eramango dute parte-hartzaile guztiek, batetik ikur sinboliko gisa, eta bestetik itsuentzako entzunezko laguntza gisa”.

“Hartara, ikusmen arazoak dituzten pertsonek egunero aurre egin beharreko egoera eta sentsazioak esperimentatu ahalko dituzte gasteiztar orok. Mundu inklusiboa, denontzako berdina eta oztoporik gabea eraikitzeko beharraz kontzientziatzeko modu egokia izango da”, azaldu du Peio López de Munainek.

Vital Fundazioaren zuzendari nagusi Axier Urrestik, berriz, aspalditik ONCErekin hainbat esparrutan duten lankidetza azpimarratu du, lurraldean inklusioa sustatzeko.

Lasterketa amaitu ondoren, ONCEk Urrezko Kriskitina emango dio 2018an Araban desgaitasuna duten pertsonen inklusioaren alde gehien nabarmendu den entitateari. Oraingo honetan Gesto Deportivo elkarteak jasoko du saria, eskola adinean daudenen kirol ekitaldietan kiroltasuna sustatzeko programak, prebentzio eta esku-hartze estrategiak eta prestakuntza lantegiak garatzen egindako lanagatik.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:27

Folklore Akademia, Dantza Kontserbatorioa eta Musika Eskola uda bukatutakoan hasiko den 2019/2020 ikasturtea prestatzen ari dira dagoeneko.

Folklore Akademian zabalik dago aurretiaz izena emateko epea, maiatzaren 20ra arte. Hauek dira matrikulatu ahal izateko gutxieneko adinak:  Dantza ikasteko, 2013ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoak; Musika Hastapenetarako, 2012an jaiotakoak, eta gainerako ikasgaietarako, 2011ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoak. Kantu Tradizionalean matrikulatzeko, berriz, 18 urtetik gorakoa izan behar da.

Folklore Akademiako idazkaritzan eman daiteke izena (Musika Etxea, San Antonio kalea, 14), 10.30etik 13.30era eta 17.00etatik 19.30era, astelehenetik ostiralera (ostiral arratsaldetan izan ezik), edo Udalaren web orrian (www.vitoria-gasteiz.org) dagoen inprimakia helbide honetara bidaliz: gufa@vitoria-gasteiz.org. Informazio gehiago: 945/162602.

Udal Musika Eskolan izena emateko epea maiatzaren 20tik 31ra artekoa izango da, biak barne. Eskolan egin ahalko da, astelehenetik ostiralera, 10.30etik 14.:00etara eta 17.00etatik 19.00etara. I. mailan sartzeko gutxienez 2015ean jaioa izan behar da; instrumenturako, 2011n jaioa, eta bakarlari kanturako, 2003an. Ekainaren 17tik 28ra arte kontsultatu ahalko dira zerrendak. Lekuen behin betiko esleipena, azkenik, irailaren 2tik 4ra egingo da. Argibide gehiago: www.vitoria-gasteiz.org/luisaramburu eta 945 161688.

Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioari dagokionez, dagoeneko zabalik dago aurretiaz izena emateko epea arautu gabeko irakaskuntzarako ikasleentzat, maiatzaren 31ra arte; matrikulatzeko epea, berriz, ekainaren 25etik uztailaren 5era arte izango da. Kontserbatorioan sartzeko proba egin beharko  dute ikasle horiek. Oinarrizko Ikasketetan eta Ikasketa Profesionaletan sartzeko probarako izena emateko epea maiatzaren 20tik ekainaren 7ra arte izango da; probak ekaineko bigarren hamabostaldian egingo dira, eta matrikulazioa, uztailaren 1etik 5era. Informazio gehiago:

 

Dantza Plazan

Gogorarazi nahi dugu, halaber, maiatzaren 3an hasi zela Folklore Akademiak antolatu ohi duen Dantza Plazan programa: maiatzetik irailera bitartean hamar emanaldi izango dira, hiriko hainbat plazatan. Saskibaloiko Lauko Finala dela eta, maiatzaren 10eko eta 17ko emanaldiak Aihotz plazan izango dira, 20.00etan. Programa honekin batera doa.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:54

21 Zabalgunearen kontseiluak gaur onartu du Olarizu hiribidean okupatuta dauden etxebizitzak eraisteko proiektua idazteko lehiaketa deitzea. Proiektuak 50.000 euroko aurrekontua izango du, eta bi hilabeteko epea ezarri da hasierako dokumentua berrikusteko bidaltzeko.

 

Berriki egindako kontseilu batean udal sozietateak etxebizitza horiek eraistea onartu zuen, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeen aldeko botoekin; konpromiso hori hartu baitzuen alkateak martxoan auzokoekin egindako bileran.

Orduan, dagoeneko honela zioen alkateak “lazgarria da okupak etxe hauek zer egoeratan uzten ari diren ikustea eta ez dugu onartuko gainbehera honekin jarrai dezaten. Hiriko legez kanpoko okupazioen aurka ekiten jarraituko dugu, okupazioak atzeman ahala salatzen, okupak irtenarazten eta etxebizitzak berriz okupatzea ekiditeko neurriak hartzen”.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:51

Udaltzainek hamabi trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen zauriturik izan eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. Horrez gain, 21 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 8 jarduera egin zituzten.

Sutea finka batean

Lugorri eta zaborrekin utzitako finka batean piztutako sua itzaltzeko esku hartu behar izan zuten atzo suhiltzaileek, A-3606 errepidearen ondoan, Legarda herritik hurbil.

Haize-bolada bortitzek abisu ugari eragin zituzten Suhiltzaileen parkean; gehienak eroritako adarrengatik eta erortzeko arriskua zuten zuhaitzengatik izan ziren (Praga hiribidea, Etxezarra kalea, Nieves Cano kalea eta Goro plaza), baita solte zeuden pertsianengatik eta bide publikora erortzeko arriskua zuten beste elementu batzuengatik ere (Bratislava hiribidea eta Damaso Alonso, Armentiagana eta Laguardiako Taldearen kaleak).

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:15

Gorka Urtaran audioa

Gorka Urtaran Gasteizko Alkateak eta Sorginenea-Gasteizko Emakumeen Etxe Elkarteko ordezkari Scarlett Salguerok gaur goizean sinatu dituzte Gasteizko Emakumeen Etxea proiektua kudeatzeko eta garatzeko lankidetza-hitzarmena, Etxanobe jauregiaren lagapena, 90.000 euroko ekarpena eta 2019. urte honetarako plan operatibo bat.

Gorka Urtaran alkateak eskertu du “talde politiko guztiek, talde eragileak, Berdintasun Zerbitzuak eta hiriko emakume-elkarteek eta mugimendu feministak hirian ahalduntze feminista defendatzeko esparru fisiko zein sinboliko inklusibo, ireki eta askotarikoa lortzeko egin duten lana. Emakumeen kolektibo eta elkarteek urte luzeetan egin duten lanari esker gauzatuko da laster Emakumeen Etxea, eta elkarrizketari, malgutasunari eta borondateak batzeari esker sortuko da. Gaur pauso garrantzitsu bat eman dugu, guztiok batera egindako lanaren fruitua jaso baitugu”.

Hitzarmenaren barruan, Udalak Etxanobe jauregia proiektuaren esku lagako du ahalduntze feminista sustatzeko eta eraikinean “Sorginenea-Tu casa feminista” proiektuari loturiko jarduerak egiteko. Jauregia jabari publikoko emakidaren bidez jarriko da proiektuaren esku, hitzarmena indarrean dagoen bitartean, hau da, 2019ko abenduaren 31ra arte. Esparru-hitzarmena urtero luzatu ahal izango da esanbidez, 3 aldiz gehienez, bakoitzean 12 hilabeterako.

 Hitzarmena indarrean dagoen urte bakoitzean, urteko plan operatibo bat ezarriko da, eta horretan finkatuko da zer eduki eta ekintza zehatz egingo diren, baita zer konpromiso tekniko zein ekonomiko hartzen dituen aldeetako bakoitzak. Plan hori onestea izan da gaur goizean Gobernu Batzarrak hartu dituen erabakietako bat.

 Proiektuan bertan definitzen den bezala, emakumeen etxea inklusiboa, irekia eta askotarikoa izango da, eta honako helburu hauek ditu: Gasteizko erreferente bihurtzea emakume guztientzat eta feminismoaren eta berdintasunaren alde lan egiten duten kolektibo guztientzat, sormena, hausnarketa eta, batez ere, egiteko beste modu batzuk sustatzeko topagunea izatea, eta dibertsiorako toki goxoa eta ikasteko errespetu- eta ekitate-esparrua izatea.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:07

Gasteizko Biltzar Zerbitzuak gure erakargarri eta baliabide turistikoak ezagutaraziko ditu 2019ko Expovacaciones nazioarteko turismo ferian, Euskadiren standaren barruan, gurera bisitari gehiago erakartzeko xedez. BEC-en (Bilbao Exhibition Center) izango da feria, maiatzaren 10etik 12ra.

Beti bezala, Gasteizko Udalak hiriaren erakargarri zalantzaezinak nabarmenduko ditu, bereziki gertuko bisitariei begira interesgarria gertatzen den feria horretan.

Gasteizek bisitariei eskaintzen dizkien aisialdirako aukera eta turismo proposamen ugarien berri emateko gune bat izango du.

Historia eta ondarearekin zein naturarekin lotutako baliabide turistikoek hartuko dute leku gehien, baita enogastronomiak ere, jakina.

Aurtengo edizioan leku berezia izango dute kirol zein kultur arloko ekitaldi handiek, maiatzaren 12an (igandea) egitekoa den Martin Fiz maratoiarekin hasita; hurrengo asteburuan, maiatzaren 17tik 19ra arte, saskibaloiko Euroligaren Lauko Finala jokatuko da, eta laster hiria aire zabaleko agertoki handia bihurtuko da, Kaldearteri esker.

Horien guztien osagarri, bisita gidatuen eskaintza zabala eta askotarikoa azalduko zaie standera hurbiltzen direnei, hiria gidari aditu baten eskutik ezagutzera animatu daitezen.

Eskaintza erakargarri eta askotariko horren barruan jarduera enogastronomikoak edo natur ibilbideak ere badira Biosphere ziurtagiria duen turismo-helmuga iraunkorra den honetan.

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:30

Gasteizko Suhiltzaileen Etxeak 175. urteurrena bete du aurten, 1844an fundatu baitzen. Gasteizko suhiltzaileak kalera aterako dira larunbatean, maiatzak 11, urtemuga berezi hori ospatzera. Andre Maria Zuriaren plazan hainbat jarduera egingo dituzte, beren historiaren eta eguneroko lanaren zati bat herritarrei erakusteko asmoz.

 

 

 

 

10:00etatik 14:30era egingo da ateak zabaltzeko eguna, kalean bertan. Askotariko ekintzak antolatu dira:

  • Suhiltzaileen Etxeko ibilgailuen erakusketa.
  • Egindako esku-hartzeen irudiak (zaharrak eta egunekoak) biltzen dituen argazki-erakusketa.
  • Prebentzioaren parkea. Karpa puzgarria, herritarrei oro har eta umeei bereziki autobabeserako gomendioak emateko. Orobat, etxean edo beste leku batzuetan suterik gertatuz gero jarraitu beharreko oinarrizko ebakuazio-arauen berri emango zaie parte-hartzaileei, baita larrialdietarako lehen laguntzen berri ere.
  • Zirkulazio istripuan harrapatutako pertsonak askatzeko maniobraren erakustaldia.
  • Altuerako maniobraren erakustaldia.

2018an, Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak 1.513 ikasleri eman zizkien aholkuak eta prestakuntza, baita 693 helduri ere (besteak beste, enpresetako langileak).

Gaur egun, 120 suhiltzaile ari dira eskala operatiboan, eta 7 inspektoreorde eta inspektore, eskala teknikoan; iaz 3.269 esku-hartze egin zuten.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:15

 

13an zabalduko da izena emateko epea gizarte-etxeetan, kirol instalazioetan eta Udalaren webgunean.

 

 

 

 

XVIII. Bizikletaren Astea maiatzaren 27tik ekainaren 9ra bitartean egingo da Partaidetza eta Gizarte Etxeen Sailak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI) antolaturik; hiriko gizarte-etxe eta auzoetan askotariko jarduerak izango dira horren barruan.

Gainera, haien esperientziak eta ezagutzak partekatu dituzten kolaboratzaile asko ditu programak, zeinei esker lortu baita kalitate handiko eta herritar orori zuzenduriko eskaintza eratzea. Horien artean daude Arabako Gorrak, Bizieskola, Ella bikes, Gasteiz On, Zabalgana ikastetxea, Itxaropena, Osakidetza, She is cycling eta Bizikleteroak elkarteak.

Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínezek eta Bizikleteroak elkarteko Juanjo Pinedok aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan.

Jardueretan izena emateko epea datorren astelehenean (maiatzak 13) irekiko da gizarte-etxeetan, kirol instalazioetan eta udalaren webgunean.

Edizio honetan emakumeei zuzendutako eskaintza sendotzen jarraitzeko apustua egin dute, eta hala islatzen da bai programaren irudian bai programako hitzaldi, bizipen, BTT irteera eta mekanika-tailerretan; izan ere, horietako batzuk emakumezkoei soilik zuzenduta daude.

Berritasunen artean, azpimarratzekoa da Arabako Gorrak eta Itxaropena (Ikusmen urriko pertsonen Arabako elkartea) elkarteekiko lankidetzari esker jarduera inklusiboak sartu direla aurten programan.

Badira nabarmentzea merezi duten beste bi jarduera ere: Zabalganeko gizarte-etxean “La vuelta al mundo en 80 dioptrías” hitzaldia egingo da, eta, Rutas del silencio” proiektuaren barnean, José Luis García Ginard-ek gorra izanik bizikletaz munduan zehar bidaiatzea nolakoa den kontatuko digu Aldabeko gizarte-etxean. Gainera, Aldabeko gizarte-etxeko ekitaldi aretoan egingo diren hitzaldietan zeinu-hizkuntzako interprete bat arituko da.

Bestalde, ikusmen urriko pertsonekin tandem bat partekatu eta Salburuko hezeguneen artetik ibiltzeko aukera ere egongo da.

Programako edukiak 6 multzotan banatzen dira:

  • 1. multzoa: HITZALDIAK Gai oso desberdinei buruzko 12 hitzaldi antolatu dira, besteak beste, abentura-bidaiei, osasunari, errendimenduari eta txirrindularitzari aplikatutako teknologia berriei buruzkoak, eta Ella Bikes eta She is Cycling emakume-kolektiboek emango dituztenak. Bidaien atal horretan Lorenzo Rojo (Lontxo) izango dugu gure artean, bizikletaz 200.000 km baino gehiago egin eta 90 herrialde baino gehiago bisitatu dituen ziklobidaiari handia. Gainera, Auturo Muñozek Islandian zehar bizitako esperientzien berri izan, eta mundua bere etxe bilakatu duen Laura Martínezen bizitasunaz ere gozatuko ahalko dugu.
  • 2. multzoa: LANTEGIAK Bizikleteroak elkartekoekin lankidetzan 2 lantegi antolatuko dira Landatxoko kiroldegian pertsona nagusiek bizikletan ibiltzen ikas dezaten.  Horretaz gain, elkarte horrek berorrek Iparralde gizarte-etxeko paretetako batean egingo den Bizikletaren Murala egiteko prozesuan parte hartzera gonbidatuko ditu herritarrak. Bestalde, bizikletaren oinarrizko mekanikari buruzko lantegiak programatu dira, hiriko zein mendiko bizikletentzat; bai eta bizikletaz segurtasunez mugitzen ikasteko lantegiak ere. Hori gutxi balitz, jolas-izaerako lantegiak ere egingo dira: kartoizko zakutoak margotzekoa, minibizikletak egitekoa, kaskoak eta txirrinak apaintzekoa eta bizikleta formako hammazko imanak sortzekoa.
  • 3. multzoa: IRTEERAK Familia-irteera berriak antolatu dira, bata Zadorra ibaiaren bidetik eta, bestea, Estibalizera Donejakue bidetik. Mendiko bizikletan hasteko irteera bat ere egingo da, emakumeei bakarrik zuzendua. Itxaropena elkarteak pasealdi bat antolatu du Salburuko hezeguneen artetik; horretan, ikusmen urriko pertsonekin batera tandemeko pedalei eragiteko aukera izango da. Azkenik, Osakidetzak tabakorik gabeko mundu eguna ospatzera gonbidatzen ditu herritarrak, maiatzaren 31n Salburuko osasun zentrotik aterako den eta hiria zeharkatuko duen bizikleta-martxan parte hartuz.
  • 4. multzoa: LEHIAKETAK Bizikletari buruzko kontakizun laburren lehiaketaren bederatzigarren edizioa antolatu da, euskarazko zein gaztelerazko modalitateetan. Irabazleek 250 €-ko txartel bat eskuratuko dute “Bizikleta lagunak” diren Gasteizko edozein dendatan gastatzeko.
  • 5. multzoa: ERAKUSKETAK Joan den urtean “Emakumeak eta bizikleta denboran zehar” eta “Txirrindularitzaren ehun urte: 1906-2006” erakusketek izan zuen harrera bikaina ikusita, berriz ere erakusgai jartzea erabaki da eta, oraingoan, Judimediko eta Salburuko gizarte-etxeetan ikusi ahalko dira.  Gainera, Judimendiko gizarte-etxeko liburutegikoek bizikletaren gaiari loturiko gida bat eta liburu-sorta bat prestatu dituzte.
  • 6. multzoa: BESTE BATZUK Multzo honetan askotariko jarduerak daude: familiei begira Santa Maria plazan antolatutako Gurpiletan Mugitu jolas-jardunaldia (ekainak 1), Bizi-festa Zabalganeko gizarte-etxeko plazan (ekainak 1) eta Judimendiko gizarte-etxeak familia mugikortasunaren inguruan antolatutako Auzoa Ezagutzen gymkhana. Landatxoko gizarte etxeko ariketa gelan eta Aranaldeko kiroldegian bizikleta estatikoa eta ariketa moderatua egiten hasteko aukera emango dute, makinak erabiltzen erakutsiko duten langile espezializatuen laguntzarekin. 16 eta 99 urte bitartekoei zuzendutako doako jardunaldi irekiak izango dira. Azkenik, Gasteiz On elkarteak “Egin erosketak bizikletaz” kanpaina egingo du, bizikleta lagunak diren establezimenduen sarearen bitartez.

Bizikletaren XVIII. astea

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:38

Bidezko merkataritzako erakundeek deia egin die herritarrei pobreziaren eta desparekotasunen aurkako borrokan engaiatu daitezen

Gasteizek Bidezko Merkataritzaren Mundu Egunarekin bat egingo du datorren ostegunean, maiatzak 11, “Bidezko merkataritza gara, eta zu?” lelopean. Jarduera-programa zabala prestatu dute SETEM, Bide Bidean, Medicusmundi Araba, Manos Unidas, Serso eta SalburuKoLore elkarteek, Gasteizko udalaren babesarekin. Jardunaldi honen bidez Bidezko Merkataritzako elkarteek munduko pobrezia eta desparekotasunen aurka borrokan diharduen nazioarteko mugimendu honetara batzeko deia egin nahi diete herritarrei, bestelako printzipioetan oinarritutako merkataritza ereduaren alde, non lan-baldintza duinak bermatzea, emakumeen eta gizonen arteko soldata-berdintasuna ziurtatzea, haurren esplotazioa baztertzea eta ingurumena babestea diren ardatz nagusiak.

Beste urte batez, bidezko merkataritzako pintxo-ibilbide tradizionalaz gozatzeko aukera izango da Gasteizen. Horretan, 14 establezimenduk hartuko dute parte Akelarre Txarangaren kalejirak lagunduta, eta eguerdiko 12:30etatik arratsaldeko 16:30etara bitartean garatuko da. Gainera, bidezko merkataritzako pintxoak dastatzera animatzen direnek produktu-saski baten zozketan parte hartu ahalko dute.

Arratsaldean, 19:00etatik 21:00etara, Falerina Tabernan jarraituko du ospakizunak, Machines eta Txaokari taldeek emango duten kontzertu bikoitzarekin. Bidezko merkataritzako produktu-saskiaren zozketa hor bertan egingo da 19:45ean. Gainera, egun osoan zehar informazioa emateko eta bidezko merkataritzako produktuak saltzeko postu bat egongo da.

Igandean, maiatzak 12, ospakizuna Salburura mugituko da, “Salburuko Alternatibaren Azoka” antolatu baitute bertan 11:00etatik 15:00etara. Azoka horretan, bidezko merkataritzako produktuak erosteko aukera izatez gain, hitzaldiak entzun, dantza afrikarrez gozatu eta lantegietan parte hartu ahalko dute gasteiztarrek. San Mateo parrokian ere bidezko merkataritzako produktuak izango dituzte salgai egun horretan.

Gasteiz ospakizun horretara batzea erabaki duen udalerri bakarra. Larunbatean, maiatzak 11, Alegria-Dulantzin bidezko merkataritzako produktuak saltzeko gunea antolatuko dute; Araian maiatzaren 19an egingo dute, eta Laudion, maiatzaren 26an (igandea). Azken horretan, gainera, haurrentzako lantegiak eta jarduerak egingo dira, esaterako, txapa-lantegi bat.

Egun osoan zehar herritarrei sare sozialetako #bidezkomerkataritzagara kanpainan parte hartzeko gonbita luzatuko zaie, hala, mugimendu honekin bat egin eta mundu bidezkoago baten aldeko konpromisoa erakuts dezaten.

 

Bidezko Merkataritza desparekotasunak murrizteko

Egun, Nazio Batuen Erakundearen arabera, 783 milioi pertsona bizi dira pobrezan; hau da, egunean 1,90 dolar baino gutxiagorekin. Nahiz eta zifra hori murriztu egin den azken urteetan, desparekotasunek gora egin dute. Aldi horretan, biztanleriaren % 1 aberatsenak % 50 txiroenek adina diru-sarrera eskuratu zuten. Bestalde, kontuan hartzekoa da baldintza duinak ez baditu, enpleguak ez du pobrezia gainditzea bermatzen; izan ere, Nazioarteko Lan Erakundeak dioenez, mundu osoan langile-klasearen ia herena pobrezia-baldintzetan bizi da, oinarrizko beharrak ase ezinik. Eta emakumeentzat latzagoa da egoera, munduko batez bestekoak erakusten baitu emakumeek gizonek baino % 23 gutxiago irabazten dutela. Azkenik, garrantzitsua da azpimarratzea klima-aldaketak bereziki eragiten diela komunitate pobretuenei. 2.600 milioi pertsonaren ogibide eta sostengu nagusi da nekazaritza, eta azken urteetan, jarduera horretarako baliatzen diren lurren erdiek baino gehiagok lurzoru-degradazioa jasan dute.

Horren aurrean, Bidezko Merkataritzak bestelako eredu ekonomiko eta komertzial baten beharra mahaigaineratzen du, pertsonak eta ingurumena erdian jarriko dituena interes ekonomikoen ordez. Hala, Bidezko Merkataritzak honako printzipio hauek ditu ardatz: ekoizleei lan-baldintza duinak eta seguruak bermatzea, soldata egokiak ordaintzea, egiteko berberagatik gizonek eta emakumeek soldata bera jasotzea, haurren esplotaziorik ez baliatzea eta natur ingurumena errespetatzen duten teknika eta prozeduren bidez ekoiztea. Horrela, Nazio Batuen Erakundeak onartu zituen eta 2030erako bete beharko liratekeen Mundu Helburuak (Garapen iraunkorreko helburuak) lortzeko bidean laguntzen du Bidezko merkataritzak.

Bidezko Merkataritzako nazioarteko sareak Afrikako, Asiako, Latinoamerikako eta Karibeko 75 herrialdetan zehar banatuta dauden 2.000 ekoizpen-erakunde hartzen ditu, eta 2 milioi lagunek egiten dute lan horietan. Horietatik, lautik hiruk elikagaien eta lehengaien ekoizpenean dihardute; kotoiaren laborean, esaterako. Aldiz, ehungintzan eta eskulangintzan dabiltzan 250 erakunde daude Bidezko Merkataritzaren Munduko Erakundearen esanetan.

Espainiar estatuan 150 denda eta saltoki espezializatu daude eta horietatik 3 Gasteizen, Bidezko Merkataritzaren Estatuko Koordinakundearen kudeaketapean. 2017an fakturazioa 43 milioi eurora ailegatu zen; hots, % 8 egin zuen gora aurreko urtearekin alderatuta, eta elikagaiek, batez ere, kafeak, azukreak eta kakaoak eusten die salduenen postuei. Salmentek gora egin duten arren, oraindik ere Espainiar estatua azkenetakoa da Europako herrialdeen artean. 

 

Gasteizko Udalaren konpromiso instituzionala

Gasteizen, Bidezko Merkataritzaren Mundu Eguna SETEM, Bide Bidean, Medicusmundi Araba, Manos Unidas, Serso eta SalburuKoLore erakundeek antolatzen dute, eta Gasteizko Udalaren finantzaketa jasotzen dute horretarako; izan ere, Udalak bidezko merkataritza sustatzeko babesa ematen du urtero plan operatibo baten bidez hezurmamitzen den lankidetza-hitzarmena adostuta.

Gasteizko Udalak aurreikusten du 2019rako 32.000 eurokoa izango dela Garapenean Laguntzeko Zerbitzuaren bidez egingo duen udal ekarpena; hots, aurreko urteetan adinakoa. Aurki onartuko du Tokiko Gobernu Batzarrak ekarpen hori.

 

_____________________________________________________________________________

Informazio gehiago:
Itsaso Sánchez (medicusmundi Araba):
itsaso.sanchez@medicusmundi.es
945288031

 

Jon Narváez (Setem Hego Haizea):

 

comunicacion.euskadi@setem.org

945120746

Share

Aurrekoak »