Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 maiatza 2019 18:49

ALKATEAREN AUDIOA

Gasteizko Udalak ‘Vitoria-Gasteiz Basket Capital 2019’ kanpainaren barruko beste ekimen bat aurkeztu du gaur arratsaldean, Euroligaren Lauko Finalerako astebete falta dela. Zehazki, tamaina handiko baloi berde bat jarri du Dato kalearen eta San Prudentzio kalearen arteko izkinan, zeinak VGBasketCapital logotipoa baitarama, Europako saskibaloiaren hiriburua dela azpimarratzeko.

 

Gorka Urtaran alkateak gogorarazi du Lauko Finala “gure hiriak hartu duen ekitaldi handienetako bat” izango dela, eta Udala zein sustatzen duten gainerako erakundeak “guztiz prest” daudela baliatzeko. “Erronka bat dugu aurretik, baita aukera paregabea ere, Gasteiz munduaren aurrean eta hainbat arlotan lehen mailako helmuga gisa ager dadin. Ziur nago ez ditugula itxaropenak zapuztuko, eta historiako Final Four onena antolatuko dugula”, azaldu du.

Herritarrek dagoeneko atera dituzte lehen selfie eta argazkiak 2 metroko altuera eta 1,78 metroko diametroa duen “eskulturaren” ondoan. Baloia berdea da, eta Arabako hiriburuaren skylinea dauka margotuta. Porexpanez egina dago; tenpera eta kolaz estali ondoren bernizezko akabera eman zaio.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Baloiak banatzea Arabako saskibaloi harrobiko jokalariei

Parte hartzaileak. Alkate Gorka Urtaran; eta zinegotzi Nerea Melgosa eta Estibaliz Canto, hala nola Arabako Saskibaloi Federazioaren zein tokiko kluben ordezkariak

Eguna. Igandea, maiatzak 12

Ordua. 17:30

Tokia. Mendizorrotza kiroldegia

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Ostirala, maiatzak 10

  • Alkate Gorka Urtaranek eta Partaidetzaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínezek  ‘Ongi etorria’ muralaren aurkezpenean parte hartuko dute 17:00etan, San Martin ikastetxean.
  • Alkate Gorka Urtaranek eta zinegotzi Estibaliz Cantok eta Nerea Melgosak, Arabako Saskibaloi Federazioaren eta tokiko Kluben ordezkariekin batera, ‘Vitoria-Gasteiz Basket Capital’ kanpainaren ekintza bat aurkeztuko dute 18:00etan, Dato eta San Prudentzio kaleen arteko bidegurutzean.

 

Larunbata, maiatzak 11 

  • Suhiltzaileen Zerbitzuaren 175. urteurrena betetzen dela eta, horren inguruko ekitaldian izango da Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapatero 12:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.
  • Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek eta Bizikidetzaren eta Aniztasunaren zinegotzi Nerea Melgosak parte hartuko dute Kriskitin Lasterketan 12:00etan, Arka plazan.
  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Poetak Maiatzean programako ‘100 poeta’ ekitaldian izango da 16:30ean, Goiuri jauregian.

 

Igandea, maiatzak 12 

  • Fibromialgia eta Neke Kronikoaren Eguna dela eta, horren inguruan ASAFIMAk antolatu duen jardunaldiaren hasierako ekitaldian parte hartuko du  Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek 10:30ean, Europa Biltzar jauregian.  Halaber, 12:15ean alkate Gorka Urtaranek ere parte hartuko du.
  • Alkate Gorka Urtaranek eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok parte hartuko dute Martin Fiz Maratoiaren sari-banaketan 13:00etan, Mendizabalako aparkalekuan.
  • Lehen alkateorde Peio López de Munainek Martin Fiz Maratoiaren patinen lehiaketako sariak banatuko ditu 17:00etan, Mendizabala aparkalekuan.
  • Alkate Gorka Urtaranek eta zinegotzi Estibaliz Cantok eta Nerea Melgosak parte hartuko dute Vitoria-Gasteiz Basket Capital kanpainaren ekitaldian haur eta gazte kategorietako jokalariekin batera 17:30ean, Mendizorrotza kiroldegian.

 

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:48

Bi txirrindulari, mutil adingabe bat eta 20 urteko neska gazte bat, eta motoan zihoan 40 urteko gizonezko bat zaurituta geratu ziren atzo gertatutako hiru trafiko-istriputan.

Kexaako Gazteluaren kalean auto baten eta bizikleta baten artean gertatutako lehen istripua ikertzen ari da Udaltzaingoa; istripu horretan, bizikletan zihoan mutil adingabea zauritu eta Txagorritxuko ospitalera eraman zuten.

Auto baten eta motozikleta baten artean atzo Oreitiasolon gertatutako talka ere ikertzen ari dira, eta istripu honetan motoan zihoan 40 urteko gizonezko bat zauritu zen eta Txagorritxu ospitalera eraman zuten.

Bizikletan zihoan 20 urteko neska batek ere lesio batzuk izan zituen Berpizkundearen plazan auto baten eta berak zeraman bizikletaren artean gertatutako istripuaren ondorioz; artatu eta gero, Santiago ospitalera eraman zuten.

Udaltzaingoak beste 18 trafiko-istriputan esku hartu zuen, nahiz ez zen zauriturik izan, eta autoan zihoan 64 urteko emakumezko bat ikertzen ari dira alkoholaren eraginpean gidatzeagatik.

Poliziaren Koordinazio Zentroan dei bat jaso zuten, gaueko hamar eta erdiak jota, San Martin inguruan auto bat modu desegokian zebilela jakinarazteko. Udaltzainek Serafin Ajuria kalean topatu zuten autoa, eta hura gidatzen ari zen emakumeari alkoholemia-probak eginarazi ondoren, emaitza positiboa eman zuen.

Udaltzainek atzo 21 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 12 jarduera egin zituzten.

Suhiltzaileei laguntzera etortzeko eskatu zieten atzo, gaueko bederatziak aldera Armentiako Basoan kirola egiten ari zen pertsona bat erori eta mugiezinik geratu zelako. Suhiltzaileak bertara joan ziren eta osasun-zerbitzuekin batera jardun zuten pertsona horri arreta egiten eta anbulantziaraino eramaten.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:46

 

 

 

Salburuko rokodromoaren inaugurazioa izango da de facto, zeinean omenaldi egingo baitzaio Alberto Zeraini.

 Maiatzaren 24an irekiko dira udal-rokodromoak. Duela aste batzuk, Estíbaliz Canto buru duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailaren proposamenez, Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi zuen udal-rokodromoen zerbitzua kontratatzeko dosierra, 2019ko maiatzaren eta 2020ko uztailaren artekoa, 253.657,26 euroan.

EBONE Servicios Educación y Deporte SL enpresa da adjudikazioduna, eta, kontuan hartuta onesten denetik 15 egun balioduneko epea behar dela, tartean errekurtsorik onartu ezean, maiatzaren 24an jarriko du abian zerbitzua.

Adjudikazio horrekin, amaiera emango zaio zerbitzuaren itxialdiari; irailaren 1ean hasi zen, kontratua adjudikatu gabe geratu zelako birritan, aurreko adjudikaziodunak (aurkeztu zen enpresa bakarra) bitan hautsi baitzituen baldintza-agiriko baldintzak, eskatutako orduak gainditu zituen eta.

Oraingo baldintza-orrian ordu gehiago sartu dira rokodromoa irekitzeagatik, beste rokodromo bat (hirugarrena) irekitzearen ondorioz; orduko prezioa handitu da, 19 eurotik 22ra; eta orduak birbanatu ditu: egun osoan rokodromo bat egongo da irekita, eta jende gehien joaten den orduetan, hirurak egongo dira funtzionamendu betean.

Izan ere, zerbitzua irekitzeak, de facto ekarriko du Salburuko rokodromoa irekitzea, zeinak Alberto Zerainentzako omenaldi bat txertatua baitu.

Hala, Canto pozik agertu da: “Gobernu honek ahalegin handiak egin zituen batez ere erabiltzaileei eragiten zien egoera hau gerta ez zedin, eta, horretarako, birritan ere baldintza-orri ona aurkeztu zuen. Hura adjudikatu izan balitz, ez zen gertatuko itxialdia, eta ez zen joango langabeziara langile bat ere”.

 “Horrenbestez, oso pozgarria da adjudikazioa —nabarmendu du—, erabiltzaileentzako zerbitzua emateko aukera ematen duelako, lan-baldintza duinagoak eskaintzen dituelako, eta, gainera, frogatzen duelako ez zela kontzesiorik egin behar enpresen interesen aurrean eta ez zela amore eman behar presioen aurrean. Esan nuen bezala, administrazioak ezin du negoziatu enpresekin haientzat baino mesedegarri ez diren baldintzak”, esan du amaitzeko.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:31

 

Parte-hartzaile gehien bildu duen horma-irudia da: ikastetxe publikoko 425 ikasle eta irakasle, adinekoen egoitzako 25 egoiliar, 20 boluntario eta hainbat taldetako 30 kide (Haurtzaro Elkargunea edo IRSE Araba). 

QR kode bat erantsi zaio, zeinaren bidez “Arabako musikariek konposatu edo interpretatutako” 100 abesti entzun ahal baitira. KZ guneetako irakasle Sergio Torresek sortu du zerrenda, musikarekin lotutako zenbait eragile arabarrekin batera.  

San Martin ikastetxeak bere aurpegi berria inauguratu du. 288 metro koadroko murala da, Adriano VI.aren kalearen aurpegia aldatu duena. Egunero ehunka ibilgailu igarotzen dira ikastetxearen aurretik, eta lehengo bistako adreilu hondatuen gainean margotu da murala, ehunka pertsonaren partaidetzarekin. San Martinek jai jendetsu batez ospatu du, zeinean luncha, abesbatzak, txokolate-jana eta bluesaren erritmoak izan baitira.

Duela hilabete eta erdi hasi ziren Irantzu Lekue eta ARTgia-ko taldea proiektua gauzatzen. Aurretik eginak zituzten herritarrek parte hartzeko zenbait saio ikastetxean, eskola komunitatearekin ez ezik baita auzoko beste kultur eta gizarte eragile batzuekin ere. Irantzu Lekuek azaldu duenez, “gizarte anitz berri bati leihoak irekitzea” helburu lukeen horma-irudia sortzea erabaki zuten.  Amama eta ume baten arteko besarkada irudikatzen du. “Ajuria egoitza eta ikastetxea elkarren artean erlazionatzeko modua izan da, belaunaldien arteko prisma bat sortzeko, hasiera-hasieratik adinekoak eta umeak elkarrekin lanean jartzeko“, adierazi du.

 

Murala hainbat ataletan banatuta dago, zenbait ikuspegi  irudikatzen dituztenak. Leiho baten barruan Arkupeko ibilbidea ikusten da, non umeak, gazteak eta adinekoak baitabiltza; Iradier musikaria —”La paloma” piezaren egilea— bizi izan zen lekuari keinua egin nahi izan zaio horren bidez.  Umearen gorputzaren barruan San Martin parkearen egungo ikuspegia irudikatzen da. Amamaren barruan, bi ikuspegi: batetik, Adriano VI.aren kalearen antzinako irudia; bestetik, garai batean inguruan zeuden lantegiak, “iragana eta oraina lotzeko, lekuaren sustraiak bilatzeko“. Amamaren inguruan beste osagai batzuk erantsi dira: musika notak, getuko parkeko ahateak, Abendaño erreka —auzoa zeharkatzen baitu— eta garai bateko zerbeza lantegia.

Lehenengo lana horma handia konpontzea izan zen: zuloak bete; hormak zigilatu, muralaren mantentze egokia bermatzeko… Irudiak 288 metro koadro hartzen ditu. Hasieran aurreikusitakoa baino handiagoa da, “jendeak parte hartu nahi” zuelako. “Parte hartu nahi zuten eta ez genuen inor kanpoan utzi nahi lan egiteko prest geundelarik“, azaldu dute. Horrenbestez, handitzea eta Arabako zazpi koadrilei keinua egitea erabaki zuten.


Mural musikaduna: Arabako 100 abesti  
“Bienvenida – Ongi etorria” horma-irudiak gurera datozen pertsonei harrera egitea du gaitzat, “ongi etorria samurtasunez emanez“. “Horma-irudiaren formatua aparta da horretarako, elkarren hizkuntza ez ezagutzeak eragin ditzakeen oztopo linguistikoak gainditzen laguntzen duelako”.

Hori dela eta, soinuzko alderdia ere erantsi nahi izan dugu“, diote egileek. Auzokoei enbarazu ez egitea eta kostu ekonomiko handia ez izatea zen erronka. “Musika hiriaren identitate-ikurretako bat izan da, eta horrela da orain ere. Hasi une bereziki kuttunetan, Gasteizko jaietan esaterako, oraindik ere entzuten diren herri-abestiekin, eta buka Azkena Rock jaialdiarekin eta Jazzaldiarekin. Hor daude, esaterako, Iradier eta Donnay, baina baita Potato, Joselu Anaiak eta Hertzainak ere“.

KZ guneetako irakasle Sergio Torresek garatu du alde teknikoa, eta bilerak egin dira musikarekin lotutako hainbat pertsonarekin, hala nola Maite Gomez, Carmen Martinez Guerra, Josune Barandiaran eta Angel Alday. “Orotara Araban sortutako edo arabar taldeek interpretatutako 100 abestik osatzen dute zerrenda; hori eskuratzeko, nahikoa da QR kodea irakurtzea“, argitu dute.

Nazio Batuak

Irantzu Lekuek adierazi duenez, prozesua garatzeko Unesco Etxearen bitartez Genevan, Nazio Batuen Erakundearen egoitzan, egin zuen egonaldian lortutako esperientziaz eta “kontzeptualizazio mailaz” baliatu da. Euskal Herriko sei emakume artista joan ziren bertara, zentroaren zuzendariarekin batera. “Denbora luzea daramagu eraldaketa soziala lantzen hainbat kultur eta gizarte eragilerekin, kultur ekosistema berria sortzearen alde egiten, artea arteagatik beragatik balioesten duen eta tresna gisa erabiltzearen aldeko apustua egiten duen ekosistema“, artistaren hitzetan. Azaldu duenez, Genevako egonaldia “jauzi kualitatiboa, aurrerapauso handia izan zen proiektu askoren definizioan, besteak beste, eraldaketa sozialerako muralena.San Martinen eraldaketaren aldeko apustua egin dugu: komunitateen arteko loturak sortuz, leku ederragoetan bizitzearen aldeko apustua eginez, eta une zailak bizi izan dituzten pertsonei aukerak emanez“, esan du Lekuek, hirugarren graduan dauden pertsonak kontratatzeko erabakiari aipamen eginez.

Eredu horixe aplikatu dugu San Martinen, komunitatearen arteko loturak indartuz eta eredu hori hirietan (Gasteiz), herri txikietan (Ubidea, 170 biztanle) edo handiagoetan (Derio) aplikatu daitekeela erakutsiz“, gehitu du.

Haren ustez, “sorkuntza esperientzietara hurbiltzen garenean, gure begirada aldatu egiten da, eta horrek eragina du munduari begiratzeko dugun moduan, enpatikoagoak garen ala ez, beste errealitate batzuk ulertzeko prest gauden…” ; Lekuek azaldu du, halaber, “pertsona batek gauzak ikasten dituen neurrian, hirugarrenei ere transmititzen”  dizkiela. Haren esanetan, “adituen ahotsak” entzun nahi ditu, “beste errealitate batzuetatik datozen ahotsak, Nazio Batuen Erakundearen testuinguruan, artearen eta kulturaren balioa nabarmentzen dutenak“. Elssie Ansareo, Irene Basilio Intxausti, Irantzu Lekue, Leire Martínez, Jone Otero eta Arrate Velasco artista eta kultur eragileak joan ziren Genevara. NBEren Giza Eskubideen Kontseiluaren 37. saioaldira joan ziren.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:44

Alkatearen esanetan “proiektu honi esker bizilagunei eskaerei erantzuna emango diegu eta Gasteiz barnekaldera hobeto konektatuta egongo da”

Udalak 4,3 milioi euro baino gehiago sartuko ditu proiektuan, hots, finantzazio osoaren % 17,5

Eusko Jaurlaritzak kostu osoaren % 65 ordainduko du, eta Arabako Foru Aldundiak % 17,5 

Tranbia dosierra

Udala, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Trenbide Sarea (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko enpresa publikoa) elkarlanean arituko dira arlo administratibo, tekniko zein finantzarioan Gasteizko tranbia Salburua auzora luzatzeko. Urtaranen gobernuak onespena eman dio hiriko tren arinaren luzapena eraiki eta finantzatzeko hitzarmen bat sinatzeari Tokiko Gobernu Batzarrean. Tranbia Joan Karlos I.aren hiribidera ailegatuko da, auzo-elkartekoek Udalari eskatutakoa aintzat hartuta. “Gaur bizilagunen eskaerei erantzuna emateko aurrerapauso garrantzitsua ematen dugu. Proiektu hau oso garrantzitsua da Gasteiz barnekaldera hobeto konektatzeko”, esan du Gorka Urtaran alkateak. Lanetarako lehiaketa Udara bukatzean egingo dela aurreikusten da.

Guztira 24.834.000 euroko proiektua izango da, BEZik gabe, eta udalak 4.345.950 euro emango ditu, 2019, 2020 eta 2021 ekitaldiei dagozkienak. Foru aldundiak ere, Udalaren diru-kopuru bera emango du (kostu osoaren % 17,5). Eusko Jaurlaritzak, aldiz, finantzazioaren % 65 ekarriko du proiektura, 16.142.100 euro, hain zuzen.

Gorka Urtaran alkateak azpimarratu duenez, gaur “urrats garrantzitsu bat egin dugu mugikortasun-sistema elektrifikatu eta multimodal hau hobetzeko. Tranbia gasteiztarrek eskura duten primerako kalitateko zerbitzua da”. 2015eko azaroan tranbia hegoalderantz luzatzeari buruzko informazio-azterlana idatzi zen, eta horretan jada aztertzen ziren etorkizunean tren-zerbitzua Salburua eta Zabalgana auzoetara eramateko aukerak. Gero, 2017an, ‘Vitoria-Gasteizko tranbia Salburua auzora luzatzeari buruzko (2. fasea) informazio-azterlana’ argitaratu zen eta auzoko gizarte-etxean egin zen aurkezpena. 2018ko ekainean alegazioei buruzko informazio-bilera bat egin zen auzokoekin Salburuko gizarte-etxean bertan. Herritarrek egindako alegazio horietako batzuk onartu egin dira eta dagoeneko itxitzat eman den proiektuan sartuta daude.

Proiektuaren arabera, adar horren luzera 2,5 kilometrokoa izango da gutxi gorabehera, eta bost geltoki izango ditu: Santa Luzia, Salburuko gizarte-etxea, Nicosia, Salburua eta Joan Karlos I.aren hiribidea. Jacinto Benavente kalearekiko bidegurutzea igarota, Iliada ibilbidean zehar egingo du aurrera eta iparralderantz biratuko du, 90º, Europar Batasunaren plazara heltzeko. Biribilgunea mendebaldetik inguratu eta, Brusela hiribidea gurutzatuta, Salburua bulebarrean aurrera egingo du, eta, hortik, Aerodromoko hiribidera igaroko da. Azkenik, Erroma hiribidea gurutzatu eta Joan Karlos I.aren hiribidean barneratuko da.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:41

Legealdiaren hasieran 100.000 euroko aurrekontuarekin sortu zen dirulaguntza honek ekitaldi sendotuak haztea ekarri du, eta sortzen ari diren edo berriak diren ekitaldien aldeko apustua egitea ahalbidetzen du

Estibaliz Canto zinegotziak gidatzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak proposaturik, sendotutako ekitaldi eta jaialdietarako 191.000 euroko diru laguntzak ematea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. Horiekin 38 proiektuk jasoko dute laguntza, eta horrek berretsi egiten du azken urteotako goranzko joera (joan den urtean 175.000 euro eta 36 proiektu izan ziren).

Cantok adierazi duenez, “deialdiaren helburua gasteiztarrei zuzendutako ekimen irekiei laguntzea da, kulturaren arloko sustapena, sorkuntza, prestakuntza eta zabalkundea xede dutelarik udal jarduera osatzen badute“. Horren haritik, “Udalak kultur arloko agenteekin hartutako konpromisoetako bat da laguntza ematea esperientzia berriak lantzeko, edo lehendik dauden eta funtzionatzen duten programei jarraipena emateko, zerbitzuak programatutako jardueren osagarri gisa, edozein arlotan: prestakuntza, sormena, zabalkundea, ikerketa…”.

Hori dela eta, apurka-apurka Kultura Plan Estrategikoaren filosofia eta helburuekin bat datozen igoerak egin ditugu. Dirulaguntzen bidezko proiektuen arteko lehiaketaren sistema onena dela uste dugu, baina horretarako partidak ongi hornituta egon behar du” nabarmendu du Kultura arduradunak.

Horren ildotik, 2016an 100.000 eurokoa zen partida 150.000ra igo zen 2017an, 175.000ra 2018an, eta egun 191.000 eurokoa da.

Gainera, aurten, berriz igo da gehieneko zenbatekoa, ekitaldi egonkor eta sendotuenek ere gutxieneko ekonomiko egonkorrago bat izan dezaten. “Merezitako eta aitortutako ospea duten ekitaldi batzuekin hitzarmena egin nahi genuen guk, baina aurrekontuak atzera bota izanak eragotzi egin du hala izatea, eta horregatik doitu behar izan dira dirulaguntzetako oinarriak”.

Horren adibide da aste honetan hasi den Poetak Maiatzean jaialdia: 13.167 €-ko dirulaguntza jasoko du aurten; hots, joan den urtean baino 2.000 € baino gehiago, eta 2017an baino 4.400€ gehiago –orduan 8.600€ jaso zituen—.

Hala, 38 proiektuetatik:

  • 29 proiektu lehen atalari dagozkio: Kulturaren edozein esparru —arte eszenikoak, musika, ikus-entzunezkoak, letrak, folklorea, arte plastikoak edo beste— sustatzera zuzendutako programak. 170.000 euro. Hor sartzen dira, besteak beste, Poetak Maiatzean (13.167€), Kortezarra (13.083€), Aitzina Folk (12.750€), Gasteiz Big Band (10.000€) etab.
  • 9 proiektu bigarren atalekoak dira: Dinamizazio soziokulturalera, kulturartekotasuna sustatzera, bizitza kulturala bultzatzera eta antzekoetara zuzendutako programak. 21.384 euro.  (Europar jardunaldiak, kulturarteko asteak, zabala dantzan, zikloak, etab.)

Bistakoa da hiriko kulturaren bilakaerak kezkatu egiten gaituela, eta horrenbestez sailaz haratago egiten den lan bikaina sustatzen ahalegintzen gara, eta dirulaguntza hau funtsezko zutabea da” amaitu du Canto andreak.

 

ARF 2019

Gainera, Gasteizko Udaleko Gobernu Batzarrak 2019ko Azkena Rock jaialdiari 270.000 euroko babesa ematea ere erabaki du.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:39

26 elkarteren artean 180.000 euro banatuko dira, jardueretarako eta funtzionamendurako

Isabel Martínez zinegotziaren ardurapean dagoen Partaidetza eta Gizarte Etxeen Sailak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak 2019an auzoetan dinamizazio eta partaidetza sozialean laguntzen duten proiektuetarako auzo-elkarteentzako diru-laguntzen deialdiaren ebazpena ebatzi du gaur.

26 elkarte edo federazioren artean banatuko dira haien lana betetzeko aurreikusi den 180.000 euroko aurrekontua. Laguntzak emateko —txikiena 1.840 eurokoa eta handiena 9.741ekoa— aurkeztutako programazioa eta balioespen teknikoa hartu dira kontuan.

Dirulaguntza jasotzeko datuak Eusko Jaurlaritzaren Erregistroan eguneratuta edukitzeko baldintza bete beharko da, horretarako hilabeteko epea emango delarik. Dirulaguntzak berekin dakar udal-titulartasuneko lokalak erabiltzeko baimena, horietan jarduerak garatzeko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:11

Tokiko Gobernu Batzarrak Berpizkundearen plazako eguneko arreta-zentroa egiteko lanen esleipena onetsi du gaur goizean, non Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak 586.000 € baino zertxobait gehiago inbertituko duen.

Gizarte-arretako baliabide berria 6 hilabete barru izango da erabilgarri, eta mendekotasun-arriskua duten edo mendekotasun-egoera moderatuan dauden 30 adineko artatuko dira bertan. Baliabide berriak lagundu egingo die erabiltzaileei beren etxeetan geratzen, eta lagun- eta senide-giroa gordetzen.

Berpizkundearen plazako eguneko arreta-zentroak 500 m2 inguruko azalera izango du, zenbait gunetan banatuta, non adinekoen autonomia funtzionala eta soziala jorartzeko programa eta zerbitzuak garatuko diren. Zerbitzu hauek eskainiko ditu:

  • Jantokia
  • Norberaren garbiketa eta higienea.
  • Gizarte laguntza.
  • Erizaintza
  • Estimulazio-jarduerak.
  • Errehabilitazio-jarduerak.
  • Garraio egokitua.

Zentroak askotarako gelak izango ditu (111m2), atseden-gela (60 m2), bainugela geriatrikoa, office/sukaldea eta jangela (71 m2), sendaketak eta azterketak egiteko gela, etab.

Gela eta areto guztiak egokituak izango dira, desgaitasunen bat duten pertsonak arazorik gabe mugitu ahal daitezen bertan.

Hitzarmenak

Horrez gain, Hiriko kolektibo soziosanitarioekiko bost hitzarmen onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak; 90.241 € emango die guztira, beren arreta-programak garatu ahal izateko.

  • ASAFES (Buruko gaixotasuna duten pertsona eta horien familiarekiko elkartea): buruko osasun arloko sentsibilizazio eta prebentzio programaren garapena. Ekarpena: 24.000 €
  • Hiesaren aurkako Arabako Herritarren Batzordea: gayen eta gizonekin sexu- harremanak dituztenen artean GIB/HIESaren eta sexu bidezko beste infekzio batzuen aurkako “Gayen artean” programaren garapena. Ekarpena: 22.921,04 €
  • Atece (Hartutako kalte zerebrala dutenen Arabako elkartea): gaixoentzako fisioterapia programa. Ekarpena: 11.290 €
  • APDEMA (Adimen Ezintasuna duten Pertsonen Arabako Elkartea): “familia zentroan” proiektua. Ekarpena: 11.230 €
  • ADELPRISE (Jatorrizko zein Bigarren Mailako Linfedemek eragindakoen Elkartea): arreta integrala, zabalpena, argibideak eta prestakuntza programa. Ekarpena: 8.220 €
  • Mugarik gabeko bihotza elkartea: autolaguntza taldeen proiektua. Ekarpena: 7.100 €
  • AEMAR (Arabako esklerosi anizkoitzaren elkartea): eragindakoei laguntza emateko proiektua. Ekarpena: 5.480 €

 

 

Share