Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 maiatza 2019 17:00

Prentsaurrekoa. XVI. Big Band Festival jaialdia aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; eta Jimmy Bidaurreta eta Eneko Espino (Gasteiz Big Band)

Eguna. Asteartea, maiatzak 28

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————-

Prentsaurrekoa. Zinema Gaur programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; eta Garbiñe Ortega, proiektuaren koordinatzailea

Eguna. Asteartea, maiatzak 28

Ordua. 11:00

Tokia. Montehermoso Kulturunea

————————————–

Neikerek antolatutako 2019ko GENVCE jardunaldiak inauguratzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteartea, maiatzak 28

Ordua. 11:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia – Maria de Maeztu aretoa

———————————————

Nazioarteko Poeten Topaketari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteartea, maiatzak 28

Ordua. 19:00

Tokia. Goiuri jauregia

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:22

Gazteria Sailak antolatutako Gazte Hitzak 2019 lehiaketan 14 eta 25 urte bitarteko 50 gaztek hartu izan du parte, aurtengoan, laugarren edizioan alegia.

Joan den ostiralean eman ziren Gazte Hitzak 2019 sariak Goiuri jauregian. Ekimenean ehun bat pertsona bildu ziren, eta Álvaro Arbina eta Katixa Agirre, idazleak arduratu ziren hura aurkezteaz, bai eta lau irabazle eta ohorezko lau aipamenak jaso dituztenen izenak jakinarazteaz ere.

Sariak banatu ostean, irabazle gazteek jendaurrean irakurri zituzten beren lanen zati bana. Ekimenaren bitartez merezi duen balioa eman zitzaion, gazteen literatur-sormenari, eta bi belaunaldiren artean zubiak eraikitzeko balio izan zuen: batetik promesa gazteak, eta bestetik idazle ospetsuak, Agirre eta Arbina adibidez.

 

Irabazleek liburutan gastatzeko 300 €-ko bale bana jasoko dute, bai eta Katixa Agirre (euskarazko modalitatean) eta Álvaro arbinaren (gaztelaniazkoan) aholkua eta laguntza, literatura-sormen bat egin edo hobetu dezaten. Horrez gain, ipuin irabazleak Udalaren webgunean paratuko dira, eta argitaratu ere egingo dira, istorio bakoitzari egokitutako irudiz hornitutako katalogo formatuan.

Pertsona eta proiektu irabazleak:

 GAZTELANIAZKO MODALITATEA / KATEGORIA:  14-18 URTE

La Moira———————IRIA MÉNDEZ NEIRA

Istorioak amona baten eta haren amona hilaren arteko harreman zailak kontatzen ditu.

 GAZTELANIAZKO MODALITATEA / KATEGORIA:  19-25 URTE

Náufragos en el tiempo—-XABIER IÑARRA SAN VICENTE

Istorioak hizpide duen gizarteak hilezkortasunaren sekretuaren berri duen arren oso bakartu eta alienatuta sentitzen da, oroitzapen eta bizipenetatik urrun.

EUSKARAZKO MODALITATEA / KATEGORIA:  14-18 URTE

Orri txuria——————-ANIA LATORRE ARMENTIA

Literatur inspirazsioaren bilaketa, pantaila zuriz ikusteak pizten duen frustrazioaren aurrean.

EUSKARAZKO MODALITATEA / KATEGORIA:  19-25 URTE

Horma zuriak ————-OIER QUINCOCES BLAS

Trafiko-istripu baten ostean galera bat gainditzeko lehia kontatzen du narrazioak.

OHOREZKO AIPAMENAK, 2019

  • EUSKARAZKO MODALITATEA / KATEGORIA: 14-18 URTE

Kafea edo barrea ————– ARATZ FERNÁNDEZ DE PINEDO IRASTORZA

 

  • EUSKARAZKO MODALITATEA / KATEGORIA: 19-25 URTE

Barrura begiratzea————–SARA ARANBURU LASA

 

  • GAZTELANIAZKO MODALITATEA / KATEGORIA: 14-18 URTE

“Punto final” ———————–ZOE CERVERA RIBERA

 

  • GAZTELANIAZKO MODALITATEA / KATEGORIA: 19-25 URTE

Un sueño peligroso: No existe redención para los soñadores——–ANDONI LÓPEZ OCHOA DE ERIBE

 

Lau partaide horiek 100 €-ko bale bana jasoko dute saritan.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:09

Ibilgailu batean zihoazen bi emakume, 32 urteko gidaria eta 34 urteko bidaiari bat, zaurituta geratu ziren larunbatean, Bakea eta Frantzia kaleen arteko elkargunean izandako istripu batean, ibilgailu hori irauli eta hiri-altzarietan zenbait kalte material eragin ondoren. Bi emakumeak zaurituta geratu ziren, nahiz eta lehena bakarrik eraman zuten anbulantzian Santiago ospitalera.

Udaltzaingoa gidaria ikertzen ari da, bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egiteagatik, alkoholemia-probetan emaitza positiboak eman zituelako.

Udaltzainek beste 21 trafiko-istriputan esku hartu dute asteburu honetan, nahiz ez den inor zauritu eta 3 gidari ikertzen ari dira bide-segurtasunaren aurkako delituengatik.  

Motoan zihoan 22 urteko mutil gazte bat geldiarazi egin zuten Arriagako Kofradiaren eta Uruguai kaleen arteko elkargunean egiten ari ziren alkoholemiaren prebentzio-kontrolean. Bere dokumentazioa eta gidatzen ari zen motozikletarena eskatu ziotenean, egiaztatu zuten ez zeukala gida-baimenik, inoiz ez zuelako halakorik lortu, eta ondorioz, izapideak abiarazi zizkioten Guardiako Epaitegian.

Udaltzaingoa izapidetzen ari den argiketa batean 45 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira, bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egiteagatik, edari alkoholdunen eraginpean gidatzen aritu zelako eta Forondako Atea kalean ibilgailu anitzeko istripu batean nahastuta egon zelako. Gidari honek talka egin zuen bere aurretik zuen ibilgailuaren aurka; ibilgailu hori geldirik zegoen, semaforo gorriaren aurrean geldirik zegoen beste baten atzean, eta azkenik, haren aurka ere talka egin zuen.

29 urteko gizonezko bat ere ikertzen ari dira, Santiago hiribidean edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik.

Asteburuan alkoholemiako bost prebentzio-kontrol egin dira hirian, eta horietan, 100 gidarik baino gehixeagok egin behar izan dituzte arauzko alkoholemia-probak. Horietatik bostek emaitza positiboa eman dute eta salaketa jarri zaie administrazio-bidetik.

Udaltzainek 35 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 21 jarduera egin zituzten.

Bizikleten kontrol-kanpaina

Udaltzaingoak, gaurtik hasi eta maiatzaren 31ra bitartean, bizikleten eta bide gorrietan gaizki aparkatutakoen kontrol-kanpaina bat egingo du, 2018-2023 Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Iraunkorraren Udal Plan Estrategikoaren barruan. Udaltzainek zorrotz betearaziko dituzte zirkulazio-arauak, baita bizikletak igarotzeko baimena duten eremuak eta ordutegiak ere. Horrez gain, 16 urtetik beherako adingabeek kaskoa erabil dezatela eta gauez nahitaezko argiak erabiltzen direla zainduko dute.

Gainera, asteburuan zehar, Agirrelandako polizia-etxeak bat egingo du 2015-2020 Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorraren Plan Estrategikoarekin, motozikletak, ziklomotorrak eta bizikletak kontrolatzeko kanpaina bat abiaraziz.

Ibilgailu batek su hartu du

Suhiltzaileek gauerdia pasatu ondoren esku hartu dute gaur, Giza Eskubideen hiribidean garaje komunitario batean aparkatutako ibilgailu batean piztutako sutea itzaltzeko. SPEISeko langileak iritsi direnean, sua ia guztiz itzalita zegoen, bizilagun batzuek su-itzalgailu batzuk hustu dituztelako ibilgailuaren gainean.

Arratzua-Ubarrundian oinezkoentzako pasabide baten azpian ibaiaren ertzean zegoen adin handiko pertsona bat erreskatatu zuten atzo, bere kabuz irteteko gai ez zelako. Suhiltzaileak alturako ibilgailu batekin joan ziren bertara, eta garabi modura erabili zuten ibilgailua, pertsona horri lagundu ahal izateko, eta osasun-zerbitzuek artatu zuten gero.

Suhiltzaileek bi etxebizitzetan ere esku hartu zuten joan den larunbatean: lehen etxebizitza Santiago kalean dago, eta logeletako batean sugarrak topatu zituzten; bigarren etxebizitza Ortiz de Zarate kalean dago, eta sukaldeko labean piztu zen sua.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   07:47

 

Ekitaldia egin den bitartean hiriko hotelen okupazioa % 98tik gorakoa izan da

Euroligak, Saski Baskoniak eta erakundeek oso positibotzat jo dute finala, 550 kazetari akreditatuk jarraitu baitzuten, eta 193 herrialdetan eman

Euroligak eta partidetara joandakoek gertakaririk eza eta antolakuntzaren arrakasta txalotu dituzte

Google Trends-en arabera, Gasteizek azken urteetako interes maila global handiena lortu du Interneten

 

Gasteizko Final Four lehiaketa arrakastatsua izan da. Euskadik, Arabak, Gasteizek eta Saski Baskoniak lehen mailako kirol ekitaldiak hartzeko guztiz gaituta daudela erakutsi dute aurten, Final Four historian hartu duten garrantzitsuena izan baita. Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Saski Baskoniak Lauko Finalaren “oso balantze positiboa” egin dute gaur goizean. Euroligak berak ere aitortu du hori, tokiko erakundeek eta Saski Baskoniak tamaina horretako lehiaketa antolatzen agertutako lankidetza eta inplikazio ezin hobeak eskertu baititu.

Azken urtean ekitaldia antolatzeaz arduratu den antolakuntza batzorde orokorrak bilera egin du, eta ondoren ekitaldiak Gasteizen izan duen eraginaren balioespen bateratua aurkeztu du. Erakundeek eta Saski Baskoniak osatutako batzordeak 50 bileratik gora egin du orotara.

Gasteizko Final Fourrek utzitako pozik handiena ekitaldia bera egin izana da. Izan ere, horrelako munta eta oihartzuna duen antolakuntza tamaina ertaineko hiri baten eskuetan uzten zen lehen aldia da. Egoitzak, Gasteizek, lehiaketaren behar zabalei erantzun ahal izan die. Baita 31 herrialdetatik etorritako 550 kazetari akreditatuei ere. Hori dela eta, hiriko eta inguruetako ostatuek oso okupazio handia lortu dute, % 98tik gorakoa, lehiaketa egin den egunetan zein aurreko astean. Zaleak —jarraitzaileen % 52 estatu espainiarretik kanpokoak ziren— inguruko hirietan hartu dute ostatu, hiri horiek ere Gasteizko Final Fourrarekin bat egin baitute, eta egoitza nagusiarekin koordinatuta erantzun.

Saskibaloiko Euroligaren azken txostena falta delarik, garai honetako ohiko okupazioa nabarmen handitu da, baita bikoiztu ere batzuetan. Gasteizen, non 3.600 leku inguru baitago hoteletan —apartamentu turistiko, landa etxe, kanpin, aterpe eta abarrez gain—, antolakuntzak, taldeek, sustatzaileek, taldeetako langileek, hornitzaileek eta akreditutako hedabideek hartu dute ostatu, eta bertako hotel eta jatetxeetan kontsumitu dute. Taxiak ere erabili dituzte, egunean batez beste 1.200 pertsona garraiatu baitituzte Buesa Arenara edo handik bueltan. Gasteizko turismo-bulegoak ere atzerritarren kopuru ezohikoa antzeman du hilaren 16tik (osteguna) 19ra (igandea), eta horien artean Turkiako zaleak nabarmendu dira.

Oihartzunari dagokionez, Gasteizko 2019ko Final Four historian gehien ikusi eta jarraitutako edizioa izan da, orain arte eskuratu diren datuen arabera. Txapelketako lau partidak bost kontinenteetako 193 herrialde eta lurraldetan eman dira, eta sare sozialetako irismena inoizko handiena izan da: Belgradoko 2018ko edizioaren aldean ikusitako bideoen kopurua % 10 hazi da. Asteburuan, Gasteizko Final Four hainbat aldiz izan zen ‘trending topic’ mundu osoan. Zalantzarik gabe, ekitaldiak Gasteiz eta Araba nazioartean ezagutarazteko balio izan du, eta Euskadi Basque Country markaren kokapena indartzeko. Google Trends-en arabera, Gasteizek azken 15 urteetako interes maila global handiena lortu du nazioarteko internauten artean, hau da, datu horiek erregistratzen direnetik.

Kontinenteko saskibaloi ekitaldirik onena Buesa Arena inoiz baino ikusgarriago batean egin da, eta batez besteko okupazioa % 98ra iritsi da. Lehen mailako produkzioa izan du ekitaldiak, eta ia munduko herrialde guztietan eman da zuzenean, telebistaz, Facebook-ez, EuroLeague.TV-z eta baita hegazkin eta itsasontzietarako kanal berezien bidez ere. Datu ofizialak falta diren arren, Lauko Finalaren edizio honek 2018koa gainditzea espero da, zeinak ia 200 milioi ikusle lortu baitzituen plataforma ezberdinetan.

Baina Lauko Finalaren oihartzuna ez da aurreko asteburura mugatzen. Izan ere, Euroligaren denboraldi osoan Gasteizen izena ezaguna egin da 15 herrialdetako zale eta komunikabideentzat. 2018ko urritik denboraldiaren bukaeraraino, Euroligaren eta Eurokoparen 446 partidetan 20 segundoko iragarkiak eman dira partiden aurretik eta atsedenaldietan, 6 hizkuntzatara itzulita; Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak batera landutako iragarki horiek hiriaren, lurraldearen eta erkidegoaren ikuspegi turistiko eta ekonomikoa eskaintzen zuten. Partida horietara 2.9 milioi pertsona inguru joan dira. Orobat, Gasteiz Euroligako Lauko Finalarekin lotutako 14.300 artikulu digitaletan aipatua izan da guztira denboraldian, eta horietako 2.750 joan den asteburuan argitaratu dira, hedabideak monitorizatzeko Meltwater agentziaren arabera.

Erakundeek antolakuntzaren kalitate handia azpimarratu dute, halaber. Saskibaloiko Euroligak eta partidetara joandakoek gertakaririk eza eta Buesa Arenako mugikortasun antolakuntza txalotu dituzte bereziki. TUVISAren, Euskotrenen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasunaren Sailaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetzaren emaitza izan da hori. Final Fourraren beste egoitza batzuekin alderatuta, gertuko hirietatik pabilioiara iristeko denbora ordubete edo ordu eta erdi laburragoa izan da, haietan hiri handietan barrena mugitu behar baitzuten. Gainera, Gasteizko aireportuak lehiaketarekin lotutako 34 hegaldi erregistratu ditu.

Gasteiztarrentzat eta bisitarientzat ere ireki ditu ateak Lauko Finalak, doako jarduerak antolatu baitira, esaterako, junior txapelketaren azken fasea, Foru plazako kontzertuak eta Fan Zone ofiziala; bertako gastronomiaren erakustaldiak ere egin dira.

Azkenik, Euroligaren Final Four euskal erakundeek nazioarteko ekitaldiak hartzearen alde egin duten apustu estrategikoaren erakusgarria da. Apustu horrek epe motz, ertain eta luzerako emaitzak ditu. Inbertsio errentagarria da hiria, lurraldea eta erkidegoa kokatzeko eta ekonomikoki garatzeko. Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza baturik herrialdeko ekitaldi baten aldeko apustuan. Oraingoan, nazioartean egiaztaturik geratu da Gasteizek duen kaudimena lehen mailako ekitaldiak hartzeko.

Hitzorduak Gasteizen izan duen eragin ekonomiko eta mediatikoaren txosten xehea eskatu du antolakuntzak, eta orain arte jasotako datuek erakusten dutenaren arabera, emaitza bikaina izango da. Txostenak Final Fourrek Gasteizen, Arabako Lurralde Historikoan eta Euskal Autonomia Erkidegoan izan duen eragin ekonomikoa (zuzena eta zeharkakoa) aztertuko du zehatz-mehatz, baita ekitaldiaren balio mediatikoa ere. Hartara, maila globalean lortutako telebista audientziak neurtu ahalko dira, mundu osoko 193 herrialde eta lurraldetan ikusi baita txapelketa. Orobat, sare sozialetan sortutako inpaktuak banakatuta aztertuko dira, bistaratzeak, erabiltzaileekiko interakzioak eta atxikimendua kontuan hartuz. Horrek guztiak Gasteizek inoiz hartu duen kirol ekitaldi garrantzitsuena xehetasun handiagoz neurtzea ahalbidetuko du.

Share