Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 abuztua 2019 11:49

 

  • Opacua S.A. enpresak egingo ditu lanak, 2,1 milioiko inbertsioarekin
  • Esku-hartzeak bost kale hauek ukituko ditu: San Frantzisko, San Frantzisko aldapa, San Bizente aldapa, Gernikako Estatutua eta Mateo Moraza
  • Azpimarratzekoak dira oinezkoentzako sortuko diren eremu berriak eta Erdi Aroko hiriguneko irisgarritasunaren hobekuntza

Oroimenezko Zentroaren ingurunea DOSSIERRA

Tokiko Gobernu Batzarrak Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurunea eraberritzeko lanen kontratazio-dosierra esleitu du. Opacua S.A. enpresak egingo ditu, 2,1 milioi eurotan, %28,54ko beherapena eskaini ostean. Inbertsioak kanpo-finantziazioa izango du, hain zuzen ere Estatuko aurrekontu orokorretik. Obrak gauzatzeko epea 11 hilabetekoa izango da, eta horien ondorioz bost kaletako espazioa berrantolatuko da:zoladura aldatuko da (leku askotan zaharkitu eta narriatuta baitago), berritu egingo dira instalazio eta zerbitzuak (esaterako argiztapena eta saneamendua), oinezkoentzako lekua irabaziko da eta hobetu egingo da Erdi Aroko hiriguneko irisgarritasuna, igogailu eta eskailera mekaniko berrien bitartez.

Udalak erredaktatu eta lehiaketara deitu duen proiektuak berekin ekarriko du la gaur egun Arkupeen alboan dabilen trafikoaren desagerpena. Gune hori guztia oinezkoentzako izango da, halako moduan non are gehiago nabarmenduko den Justo Antonio Olagibel arkitektoaren lana, eta ostalaritza-terrazetarako gunea sortuko da bertan. Trafikoarentzako beste bide bat sortuko da Gobernuaren Ordezkariordetzaren eta Oroitzapenezko Zentroaren artean, Gernikako Estatutuaren kaletik.

San Frantzisko kalean ere esku-hartze handia egingo da. Gaur egungo zoladura erabat aldatuko da 18. zenbakitik aurrera, eta inguru horretako aparkalekuak desagerraraziko dira. Nabarmen handituko da hego aldeko espaloia, eta ipar aldekoan (ikusita zeharkako malda handia duela) zabalera aldakorreko terraza proiektatu da, luzean. Zarama bilketa pneumatikorako ontziak bi gunetan bilduko, eta ez hirutan (gaur egun horrela antolatuta daude), eta hondakinak biltzeko ohiko edukiontziak lurperatzea aurreikusi da. Horrez gain, zuhaitz berriak landatuko dira, eta argiztapen apaingarriaz hornitutako Virgen Blanca modeloko eserleku luzeak instalatuko dira bi espaloietan, bai eta Vitoria modeloko aulkiak ere hegoaldekoan.

Beste alde handiak Gernikako Estatutuaren kaleari eragingo dio: trafikoarentzako bide berriaz gain, Erdi Aroko hiriguneko irisgarritasuna hobetzeko bi elementu aurreikusten dira bertan. Batetik, edukiera handiko (1.500 kg / 20 pertsona) igogailu panoramikoa, 5,45 metroko gorabehera gainditzeko. Eta igogailuaren alboan eskailera mekanikoak ere instalatuko dira, igotzeko eta jaisteko alda banarekin, bakoitza metro bat zabal. Orduero 6.000 pertsona eramateko gaitasuna izango du.

Eraberritze lanek San Bizente aldapa ere ukituko dute: arazoak eman dituen lauzazko zoladura altxatuko da, eta horren ordez aglomeratu asfaltikoko zoladura jarraitu malgua ipiniko da, zeinak kale honen azpian dauden Aihotz plazako lokaletako hezetasun-arazoak ekiditea ahalbidetuko duen.

Mateo Moraza kalearen galtzada luzatu egingo da Gernikako Estatutuaren kaleko bide berriarekin lotzeraino, eta trafikotik aske utziko ditu Oroimenezko Zentroaren sarrera eta Postetxearen atzealdearekiko lotunea. eraikin zaharberrituaren paraleloan joango den bide paralelo horren zabalera 4,7 metrokoa izango da guztira, eta 3 metroko zabaleradun espaloiak bereziko du. Inguru horretan argiztapenaren tratamendu berezia egingo da, aintzat hartuta Erdialdearen eta haren inguruaren ezaugarriak. Kale horretan dagoen bilketa pneumatikorako buzoien gunearen alboan bi edukiontzi lurperatu paratuko dira (beira eta ontziak biltzeko, hurrenez hurren); hartara, ekidin egin ahal izango da gaur egun Arkupeen ondoan daudenen ikus-inpaktua.

Berrikuntzaren beste elementu bat Oroimenezko Zentroaren, San Frantzisko aldaparen eta Gernikako Estatutuaren kalearen arteko hirukian dagoen erdialdeko parterrea izango da. Erabat aldatuko da parterrea, halako moduan non hegoaldera lekua irabaziko den, gaurko gaztainondo-ilara gordeko da eta zuhaixka berriak landatuko dira. Kendu egingo da gaur egun bertan dagoen iturri apaingarria, eta horren ordez beste bat ipiniko, turrusta bikoitzekoa eta geiser erakoa.

Bizikleten mugikortasunak tratamendu berezia izango dute Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko proiektuan; izan ere, bi errei sortuko dira Gernikako Estatutuaren kalean (2,15 metroko zabalerakoak) eta luzatu egingo da Mateo Morazako Oroimenezko Zentroaren alboan (1,7 metroko zabalera). Hartara, nabarmen hobetuko da Olagoibel kaletik datorren bidegorriaren jarraikortasuna.

Lehiaketara aurkeztuko diren enpresen eskaintzen balorazioan kontuan hartu da egin beharreko lanen memoria, esaterako lanak egin bitartean ahalik eta eragin urriena izatea (30 puntu gehienez), eskaintza ekonomikoa (35 puntu gehienez) eta berme-epea luzatzea (10 puntu gehienez).

 

Lan horiek guztiak ez dute eraberritze baten lehen fasea baino osatzen; ondotik egingo direnekin, plaza bat sortuko da Oroimenezko Zentroaren eta Postetxearen atzealdean, zein Oroimenaren plaza deituko den. Horri guztiari esker, espazio berezi bat sortuko da Oroimenezko Zentroaren inguruan, non gerora, eskultura edo elementu sinbolikoren bat jartzea aurreikusi den.

 

Share