Prentsa Oharren banner

[Eguneratua] Datorren astelehenean hasiko dira Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko lanak

Lanak gauzatzeko epea, guztira, 11 hilabetekoa da, eta aurrekontua, 2.169.787 euro

 

 

 

 

Amaia Barredo audioa

Datorren astelehenean (irailak 2) hasiko dira Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa ingurua hobetzeko proiektuaren lanak, zeinen bitartez bost kaletako espazioa berrantolatuko den: egungo zoladura aldatuko da (leku askotan zaharkitu eta narriatuta baitago), berritu egingo dira instalazio eta zerbitzuak (esaterako argiztapena eta saneamendua), oinezkoentzako lekua irabaziko da eta hobetu egingo da Erdi Aroko hiriguneko irisgarritasuna, igogailu eta eskailera mekaniko berrien bitartez.

Opacua S.A. arduratuko da datozen 11 hilabetetan obrak egiteaz, 2,1 milioi euroko inbertsioa bitarte, bost kale hauetan: San Frantzisko, San Frantzisko aldapa, San Bizente aldapa, Gernikako Estatutuaren kalea eta Mateo Benigno Moraza kalea.

Proiektu globala 3 fasetan planifikatu da: San Frantzisko aldapa eta Oroimenezko Zentroaren atzealdea; Oroimenaren plaza; eta Errege atea. Horietako lehena, astelehean hasiko dena, 5 etapatan planifikatu da. Lehena 5 hilabete barru burutuko da eta epe horretan ez da zirkulazio-mozketarik aurreikusten, unean uneko lan txiki batzuengatik baino.

Erdigunerako Masterplanean sartuta dagoen jarduera horrek izugarri duinduko du espazioa. Eraberritzearen ondorioz, hiria biziberritzeaz gain, alderdi horretako jarduera ere dinamizatuko da. Horrek bultzada handia emango die espazio publikoaren eraberritzeari eta hiriaren erdialdea eta Erdi Aroko hirigunea dinamizatzeari”, azpimarratu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok, zeinek nabarmendu nahi izan duen erakundeen arteko lankidetza. “Hauxe da lan egiteko modua, erakundeen artean elkarlanean aritzea, hiria eta pertsonen bizitza hobetzeko helburu komuna lortzearren”. Lanen aurrekontuetako 1.700.000 euro kanpo-finantziaziotik etorriko dira, hain zuzen ere Estatuko aurrekontu orokorretik.

Lanetako lehen astean hesiak eta obra-etxolak paratuko dira, eta zuinketa topografikoari ekingo zaie. Obra-etxolak astean zehar ipiniko dira plazan, Mateo Benigno Moraza eta Agirre Lehendakariaren kaleen artean, eta tarte bat utziko da zabor-edukiontzietara iritsi ahal izateko.

Irailaren 2an berean indargabetuko dira San Frantzisko aldaparen ezker aldeko eta Oroimenezko Zentroaren atzealdeko aparkalekuak. Hurrengo bost hilabetetan indargabetu egingo dira baita San Frantzisko aldaparen eskuin aldekoak ere. Asmoa behin betiko errei berria fase orretan bertan paratzea da, eta hartara obrak egin bitartean zirkulazioa moztu beharra ekiditea.

Gero igogailu eta arrapala mekanikoen hormak egiteko nahitaezko hondeaketa-lanei ekingo zaie. Aldi berean, instalazio elektrikoak eta telefonoarenak desbideratuko dira aldi baterako, hartara hondeaketa-lanak osatu ahal izateko. Behin horma horiek eginda, betelanei ekingo zaie, bai eta elektrizitate-, telefonia-, saneamendu-, argiztapen- eta drainatze-instalazio berriak egingo dira, eta zoladura eta hormen estaldura berriak ipintzen hasiko.

Proiektuaren azalpena

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak erredaktatu duen proiektuak berekin ekarriko du la gaur egun Arkupeen alboan dabilen trafikoaren desagerpena. Gune hori guztia oinezkoentzako izango da, halako moduan non are gehiago nabarmenduko den Justo Antonio Olagibel arkitektoaren lana, eta ostalaritza-terrazetarako gunea sortuko da bertan. Trafikoarentzako beste bide bat sortuko da Gobernuaren Ordezkariordetzaren eta Oroitzapenezko Zentroaren artean, Gernikako Estatutuaren kaletik.

San Frantzisko kalean ere esku-hartze handia egingo da. Gaur egungo zoladura erabat aldatuko da 18. zenbakitik aurrera, eta inguru horretako aparkalekuak desagerraraziko dira. Nabarmen handituko da hego aldeko espaloia, eta ipar aldekoan (ikusita zeharkako malda handia duela) zabalera aldakorreko terraza proiektatu da, luzean. Zarama bilketa pneumatikorako ontziak bi gunetan bilduko, eta ez hirutan (gaur egun horrela antolatuta daude), eta hondakinak biltzeko ohiko edukiontziak lurperatzea aurreikusi da. Horrez gain, zuhaitz berriak landatuko dira, eta argiztapen apaingarriaz hornitutako Virgen Blanca modeloko bankuak instalatuko dira bi espaloietan, bai eta Vitoria modeloko aulkiak ere hegoaldekoan.

Beste aldaketa handi bat izango da Gernikako Estatutuaren kalean: trafikoarentzako bide berriaz gain, Erdi Aroko hiriguneko irisgarritasuna hobetzeko bi elementu aurreikusten dira bertan. Batetik, edukiera handiko (1.500 kg / 20 pertsona) igogailu panoramikoa, 5,45 metroko gorabehera gainditzeko. Eta igogailuaren alboan eskailera mekanikoak ere instalatuko dira, igotzeko eta jaisteko alda banarekin, bakoitza metro bat zabal. Orduero 6.000 pertsona eramateko gaitasuna izango du.

Eraberritze lanek San Bizente aldapa ere ukituko dute: arazoak eman dituen lauzazko zoladura altxatuko da, eta horren ordez aglomeratu asfaltikoko zoladura jarraitu malgua ipiniko da, zeinak kale honen azpian dauden Aihotz plazako lokaletara jaisten diren hezetasun-filtrazioen arazoak ekiditea ahalbidetuko duen.

Mateo Moraza kalearen galtzada luzatu egingo da Gernikako Estatutuaren kaleko bide berriarekin lotzeraino, eta trafikotik aske utziko ditu Oroimenezko Zentroaren sarrera eta Postetxearen atzealdearekiko lotunea. eraikin zaharberrituaren paraleloan joango den bide paralelo horren zabalera 4,7 metrokoa izango da guztira, eta 3 metroko zabaleradun espaloiak bereziko du. Inguru horretan argiztapenaren tratamendu berezia egingo da, aintzat hartuta Erdialdearen eta haren inguruaren ezaugarriak. Kale horretan dagoen bilketa pneumatikorako buzoien gunearen alboan bi edukiontzi lurperatu paratuko dira (beira eta ontziak biltzeko, hurrenez hurren); hartara, ekidin egin ahal izango da gaur egun Arkupeen ondoan daudenen ikus-inpaktua.

Berrikuntzaren beste elementu bat Oroimenezko Zentroaren, San Frantzisko aldaparen eta Gernikako Estatutuaren kalearen arteko hirukian dagoen erdialdeko parterrea izango da. Erabat aldatuko da parterrea eta bere topografia, halako moduan non hegoaldera lekua irabaziko den, gaurko gaztainondo-ilara gordeko da eta zuhaixka berriak landatuko dira. Kendu egingo da gaur egun bertan dagoen iturri apaingarria, eta horren ordez beste bat ipiniko, turrusta bikoitzekoa eta geiser erakoa.

Bizikleten mugikortasunak tratamendu berezia izango dute Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko proiektuan; izan ere, bi errei berri sortuko dira Gernikako Estatutuaren kalean (2,15 metroko zabalerakoak) eta luzatu egingo da Mateo Benigno Moraza kalea Oroimenezko Zentroaren alboan (1,7 metroko zabalera). Hartara, nabarmen hobetuko da Olagibel kaletik datorren bidegorriaren jarraikortasuna.

Lan horiek guztiak ez dute eraberritze baten lehen fasea baino osatzen; ondotik egingo direnekin, plaza bat sortuko da Oroimenezko Zentroaren eta Postetxearen atzealdean, zein Oroimenaren plaza deituko den. Horri guztiari esker, espazio berezi bat sortuko da Oroimenezko Zentroaren inguruan, non gerora, eskultura edo elementu sinbolikoren bat jartzea aurreikusi den.

DOSIERRA

 

 

 

 

 

Share