Prentsa Oharren banner

Gizonezko bat atxilotu dute bere bikotekidea jo, iraindu eta mugikorra lapurtzeagatik

Udaltzaingoaren agenteek 25 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egile gisa, bere bikotekidea jo, iraindu eta mugikorra lapurtzeagatik.

Bi lekukok Udaltzaingoaren koordinazio-zentralera deitu zuten gizon batek bere bikotekidea jo zuela esateko, Ehari-Gobeoko industrialdean kokatuta dagoen gaztentzako lokal batean. Gero, bikotekidea Salburua auzora joan zen.

Patruila batek taberna batean topatu zuen bikotekidea, eta udaltzainek gizonezkoarekin eduki zuten elkarrizketan, neska gaztearen mugikorra soinean eduki arren, ukatu egin zuen bere neskalaguna jo zuenik, eta esan zuen mugikorra berak zeukala neskak gordetzeko eskatu ziolako.

18 urteko neska gazteak hantura handi samar bat zuen aurpegian, eta jakinarazi zien beldurra ziola bere bikotekideari, erasokorra delako eta etengabe iraintzen duelako; lokalean ukabilkada bat eman omen zion aurpegian eta beste bat saihetsean, mugikorra emateari uko egin ziolako, baina azkenean kendu egin zion jo ondoren. Udaltzaingoak atxilotu egin zuen gizonezkoa eta gaur goizean epailearen esku geratuko da. 

Udaltzainek, halaber, 29 urteko gizonezko bat atxilotu dute bart goizaldera Koroatze auzoan, Gasteizko Epaitegi batek hura bilatzeko eta atxilotzeko agindua emana zuelako.

Lau pertsona zauritu dira istripuetan

Atzo Frai Francisco Pasealekuaren eta Lasarteko Atea kalearen arteko biribilgunean gertatutako istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. 66 urteko emakume bat lurrera erori zen, oinezkoentzako pasabide batetik errepidea gurutzatzen ari zenean, berarengana furgoneta bat hurbiltzen ari zela ikusita.  Furgonetak ez zuen emakumea jo eta, horrenbestez, ez zen harrapaketa bat izan, eragindako istriputzat hartu izan dena baizik. Emakumea Santiago Ospitalera eraman zuten.

Beste alde batetik, auto bat gidatzen zihoan 33 urteko emakumea zaurituta geratu zen Lermandabide kalean izandako istripu batean, biribilgune batean sartu ahal izateko itxaroten ari zela bere ibilgailuaren atzealdearen aurka furgoneta batek jo zuenean. Emakumea Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Sansomendiko Paula Montal kalean, 2 zenbakiaren parean, gertatutako beste istripu bat ikertzen ari da argiketa-talde bat. Istripu horretan lau ibilgailu zeuden nahastuta, eta horietatik bi zirkulazioan zeuden eta beste biak aparkatuta. Gidarietako bat, 36 urteko gizonezkoa, zaurituta geratu zen eta Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Bizikletan zihoan 61 urteko gizonezko bat zauritu zen atzo, Zabalganan Giza Eskubideen hiribidea eta Mariturri Bulebarra elkartzen diren biribilgunean auto batek harrapatuta. Antza denez, barrualdetik zihoan bizikletak lehentasuna eduki arren, ibilgailuak ez zuen errespetatu. Txirrindularia San Jose Poliklinikara eraman behar izan zuten.

Udaltzaingoak beste bederatzi trafiko-istriputan esku hartu du, baina ez da zauriturik izan eta ez da inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. 19 salaketa izapidetu dituzte eta polizia judizialaren hiru jarduera egin dituzte.

Sutea orube batean

Beste alde batetik, Abraham Lincoln kalean bide publikoaren ondoko orube batean piztutako sutea itzaltzera joan behar izan zuten atzo suhiltzaileek. Belar lehor eta sastrakekin egindako su bat zen.

Share