Prentsa Oharren banner

Jabetze Feministarako Eskolak urrian ekingo dio berriz jarduerari, arreta desberdintasun-iturri guztietan jarrita

10 eta 18 urte bitarteko pertsonentzako #FeminismoanItzel eskola finkatu egingo da aurtengoan, dozena prestakuntza-jarduera eta -mintegi ingururen bidez, urtarriletik aurrera

 

Irailaren 5ean hasiko da izena emateko epea

 

 

Urrian ekingo dio berriz jarduerari Jabetze Feministarako Eskolak, arreta desberdintasun-iturri guztiei egingo dielarik. Berdintasuneko zinegotzia Miren Fernández de Landak eta Alkatetzako zuzendari Estitxu Peredak aurkeztu dute gaur goizean Etxanobe jauregian bederatzigarren edizioko egitaraua, zeinean, ohiko hitzaldien eskaintzaz gain, zenbait berrikuntza dauden; horien artean nabarmentzekoak dira Florida zinemetako zine-forum ziklo berreskuratua eta antzerkiaren eta dokumentalen aldeko apustua. Ikasturtearen inaugurazioa irailaren 18an (asteazkena) izango da, 19:00etan, Pamela Palencianoren No sólo duelen los golpes monologoaren eskutik.

Berriro izango da aurten ere 10 eta 18 urte bitarteko pertsonentzako #FeminismoanItzel eskola. Bigarren urte honetan, finkatu egin da prestakuntza-programazio hori, zein, gainera, herritarren ekimenez sortua baita.

“Generoaz gain, badira beste desberdintasun-iturri egiturazko batzuk, esaterako testuinguru kulturala, adina, aniztasun funtzionala eta mentala, eta sexu-orientazioa eta genero-identitatea; horiek ez dira faktore biologikoak, baizik eta gizakiok sozialki eraikiak. Horiek duen eraginari erreparatu ezean, muzin egingo diogu ahulezia-maila handiago baten menpe dagoen pertsona askoren egoerari. Desberdintasun-iturri diren ardatz jakin batzuk zeharkatutako gizatalde zenbaiten errealitate ezagutzea… horixe da lehen begiratuan dirudiena baino askoz jende gehiagok beren eskubideek murriztuta dituztela ohartarazteko eta horren gaineko kontzientzia hartzeko lehen urratsa”, azpimarratu du Miren Fernández de Landa zinegotziak.

Helburu hori jomugan, Eskolak Indiako feminismoari eta afrofeminismoei begiratuko die, baita sexu- eta genero-identitatearen alde Guatemalan gauzatzen ari den borrokari, eta ijitoen arteko identitate intersekzionalei ere. Horratuko den beste gai bat eromenaren eraikuntza historiko eta kulturala da, horren bidez ulertzen saiatzeko zergatik zenbait nahasmendu gehiago diagnostikatzen den emakumeen artean gizonezkoengan baino. Halaber, Eskolak nabarmendu nahi du nola baldintzatzen dien zahartzaroa –okerrerako baldintzatu ere– emakumeek beren bizitza-ibilbideetan dituzten genero-rolak. Guztira, Berdintasun Zerbitzuak kudeatzen duen Eskola honek 70 jarduera baino gehiago programatu ditu, urritik maiatzera bitartean.

Jabetze Feministarako Eskola jadanik sendotuta dagoen erreferentziazko zentroa da Gasteizen, eta hazten jarraitzen du. Iaz 73 jarduera egin ziren, aurreko urtean baino 6 gehiago. Lehen aldiz 10 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteentzako jarduerak antolatu ditu Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolak.  Lehen edizio horretan 130 adingabek eta familiak hartu zuten parte, jarduera-ildo horri etorkizun oparoa iragartzen dion hasiera. 

Gainera, Eskolak espazio berri bat izan zuen: Etxanobe jauregia. Bertan egin zien jarduera gehienak eta, laster, Sorginenea Emakumeen Etxea proiektuarekin partekatuko du gune hori.

Iazko beste berrikuntza bat izen-aldaketa izan da; orain Jabetze Feministarako Eskola du izena, zerbitzuaren udal politikek duten ikuspegia azpimarratze aldera.

Eskolaren helburua transbertsaltasuna eta aniztasuna lantzea da ahalik eta ikuspuntu gehienetatik, pertsona ororen identitateak ulertu eta konprenituz eta horrek dakartzan desparekotasunak identifikatuz; intersekzionaltasuna analisi-tresnatzat hartzea sarri gure gizartean nagusi den homogeneizaziotik urruntzeko. Hori dela eta, kolektibo zehatzekin egin da lan: buruko gaixotasunak dituzten emakumeak, desgaitasun intelektualak dituzten emakumeak, desgaitasun funtzionalak dituzten emakumeak, LGTBI gaiak, emakume musulmanak eta emakume ijitoak, esan du Estitxu Peredak.

Eskolaren indarguneetako bat da Gasteizko gizarte-kolektiboekin eta mugimendu feministarekin lanean eta lankidetzan jorratzen duela proiektua, hain zuzen ere, 20 bat kolektibo eta elkarterekin.

 

Share