Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 abendua 2019 17:00

Idazle arabarren idatzien irakurketa publikoa. Alea aldizkariak antolatu duen ekitaldia Euskararen Eguna dela eta

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Euskara zinegotzi Iñaki Gurtubai

Eguna. Asteartea, abenduak 3

Ordua. 10:00

Tokia. Oihaneder Euskararen Etxea

——————————-

Prentsaurrekoa. Mazoka, marrazki azokako programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Biltzar eta Kultura zinegotzi Felipe Garcia; Mazokako zuzendari Marta C. Dehesa; eta V. edizioko kartelaren egile Ainara Tavarez

Eguna. Asteartea, abenduak 3

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————-

Prentsaurrekoa. ‘Roman eta Julieta’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Alazne Etxebarria eta Ainhoa Aierbe, antzezleak

Eguna. Asteartea, abenduak 3

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

—————————————

Haur literaturaren alorreko Vitoria-Gasteiz itzulpen saria ematea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Haur literaturaren alorreko itzulpen sariaren irabazle Joana Pochelu

Eguna. Asteartea, abenduak 3

Ordua. 12:00

Tokia. Oihaneder Euskararen Etxea

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:05

Alkateak hiriaren ibilbidea eta ekonomia berdea, gizarte kohesioa eta natur ingurunearen babesa sendotzeko planaren gakoak azaldu ditu Madrilen

Audioa: alkate Gorka Urtaran

Gasteizek COP 25-Klimaren Gailurraren inaugurazio-jardunaldian parte hartu du gaur; Madrilen egiten ari da gailurra, hilaren 13ra arte. Klima aldaketak dakartzan arriskuei aurre egiteko akordioak lortu nahi dira nazioarteko biltzar horretan. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek hiriak ingurumenaren alorrean egindako bidea azaldu du, baita datozen urteetarako “Green Deal” plana ere. Euskadiko hiriburuak entzuleak harritu ditu ingurumenaren alorreko lorpenengatik eta datozen urteetan ekonomia berdea, gizarte kohesioa eta natur ingurunearen babesa sendotzeko taxutu duen planarengatik.

Urtaranek “Hiri iraunkorrak eta erresilienteak” izeneko mahai-inguruan hartu du parte, Gailurreko eremu ofizialean, eta solasaldian parte hartzen zuen hiri bakarra izanik, Gasteizi erreparatu diote. Hauek izan dira bertan alkateaz gain: Álvaro Rodríguez, The Climate Reality Project-en Espainiako koordinatzaile nagusia (Al Goreren fundazioa da hori, zeinak Gasteiz gonbidatu baitu ekitaldira, FEMPekin batera); Hanno Schoklistch, Kaiserwetter Energy-ren CEOa; Ignacio Chanzá, Climate KIC Comunidad Europea de Innovación y Conocimiento-ko Berrikuntza arduraduna ; David Bartolomé, ShareNow-eko Garapen zuzendaria, eta Ignacio Colmenares, ENCE Energía-ko zuzendari betearazlea.

Gasteizko agintariak “Vitoria-Gasteiz Green Deal” deritzon plana azaldu du,hiriaren etorkizunera plan abiarazi berria, zeina ekonomia berdean, gizarte kohesioan eta natur ingurunearen babesean oinarritzen baita. Hiriak klima aldaketaren erronkari egokitzea solasaldiaren hizpide nagusitzat hartuta, alkateak azaldu du hiria dagoeneko lanean hasia dela “hiri berdea izatetik—mundu mailan halakotzat aitortua— ekonomia berdera igarotzeko“. Horretarako, zenbait ekimen bideratuko dira, “gara litezkeen nazioarteko irtenbideak erakartzeko gure hirira, erakundeen, enpresen eta ikerkuntza zentroen arteko lankidetzaren bitartez“. “Gure hiria —alkatearen hitzetan— laborategi bikaina da ekonomia berderantz bideratutako esperientziak egiteko“.

Hain zuzen ere, Estatu Batuetako biltzarkide gazteen Alexandria Ocasio-Cortez-ek urte hasieran “Green New Deal” izeneko proposamena argitaratu zuelarik urratutako bideari jarraitzen dio: klima aldaketaren kontrako eta eraldaketa ekonomikorako plan handinahi bat, zeina erreferente bihurtu baita mundu osoan. Horren haritik, Europako Batzordeko presidente Ursula Von Der Leyen-ek “European Green Deal” bat aurkeztea proposatu du; hura ere gailurrean dago.

Klima aldaketa eta haren ondorioak begi bistakoak dira. “Hori dela eta, funtsezkoa da prestutasunez eta lasaitasunez jardutea. Vitoria-Gasteiz Green Deal gure hiriaren aldeko itun bat da, hurrengo belaunaldien etorkizunaren aldekoa, baita planetaren aldekoa ere“, adierazi du Urtaranek Nazio Batuen Gailurrean. “Gure bizi-kalitate handia sendotzea eta etorkizun ekonomiko eta sozial sendo eta bideragarri baten oinarriak finkatzea da helburua, akordio zabal eta plural baten bidez, ikuspegi askotarikoak eta osagarriak bilduko dituena“, azpimarratu du alkateak.

Plana era guztietako entitate eta gizarte eragilerekin eztabaidatu eta aberastuko da, eta oinarri hauek ditu: mugikortasun iraunkorra (zeinean berebiziko zeregina baitute oinezko eta bizikleta bidezko mugikortasunak, superetxadiek, autobus elektriko adimentsuak, tranbiak eta Mobility lab-ek), hiri azpiegitura berdeak, hiriaren izaera industriala, logistika (abiadura handiko trena eta Jundizko garapen logistikoa lehen lerroan direla) eta zerbitzu publikoen hobekuntza. Beti ere, garapen ekonomiko iraunkorra, gizarte kohesioa eta ingurumen iraunkortasuna gidari direla. Horren guztiaren bitartez, helburu hauek lortu nahi dira: negutegi efektuko gasen isurketa gutxitzea; kalitateko enplegu berriak sortzea; ekintzailetza eta berrikuntza teknologikoa bultzatzea; ekonomia berderanzko trantsizioa; hirian konexio handiagoa izatea ahalbidetuko duten azpiegiturak; trantsizio energetikoa, energia jasangarriak sustatuz; balio eta kultura “berdea” hedatzea; gizarte kohesioa indartzea, eta auzoen arteko oreka.

Lehenengo esku-hartze horretaz gain, Gorka Urtaran COP25 biltzarreko beste bi ekitalditan izango da. Abenduaren 7an (larunbata), hiri iberoamerikarren foroan hartuko du parte, espainiar estatuko eta Latinoamerikako beste alkate batzuekin batera; abenduaren 10ean, berriz, Estatu Batuetako lehendakariorde ohi Al Gorek emango duen hitzaldian; 2007an Bakearen Nobel saria eman zioten hari, klima aldaketaren kontrako aktibismoagatik. Alkateorde eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi  Ana Oregik ere hartuko du parte Nazio Batuek antolatutako Klimaren Gailurrean, zeinean ingurumenaren arloko 25.000 aditu eta aktibista biltzea aurreikusi baita.

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:27

Udaltzaingoaren agenteek 40 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egile gisa, bere bikotekide ohiari eraso egiteagatik.

Gizonezkoa bere emazte ohiaren etxebizitzan indarrez sartzen saiatu zen, Ariznabarra auzoan, eta indarrez sartu nahian zebilela, emazte ohiari eraso eta heriotza-mehatxuak egin zizkion. Poliziaren patruila bat bertara iritsi zenean, ihes egiten saiatu zen, baina udaltzainetako batek atzeman egin zuen. Gertatutakoa argitu ondoren, atxilotu egin zuten. Gaur epailearen esku geratu da.

Desobedientziagatik atxilotuak

Udaltzaingoaren Agenteek bi gizonezko atxilotu zituzten larunbatean, agintaritza-agenteen aurkako desobedientzia eta erresistentzia larriaren delitu banaren ustezko egileak direlakoan.

Horietatik lehena, 59 urtekoa, bi aldiz atxilotu zuten: lehenengoan, autobus-geltokiko erabiltzaile batzuei eragozpenak eragin, geltokiko langileetako bati bultzada eman eta hiri-altzariei kolpeak emateagatik. Guardiako Epaitegian izapideak bete eta aske utzi ondoren, Agirrelandatik ateratzean hainbat kolpe eman zizkien ibilgailu eta seinaleei, eta bere burua errepidera bota zuen, bere bizitza eta auto-gidariena arriskuan jarriz. Udaltzainen jarraibideei kasurik egin ez zienez eta haietako baten aurka eraso egin zuenez, berriro atxilotu egin zuten.

17 urteko gazte bat atxilotu zuten arratsaldean, zenbait oinezkori eragindako eragozpenengatik eta adin handi samarreko gizonezko bat inguratu eta beldurtzeagatik harekin hizketan ari zirela, patruilaren eskakizunei inolako kasurik ez egin eta bertatik bizikletaz ihes egiten saiatu zelako. Udaltzain batek atzeman zuenean, haren aurka eraso egin zuen.

Egin zioten gain-gaineko miaketan, ordenagailu eramangarri bat, telefono mugikor bat, diru-zorro bat 175 eurorekin, alkohol-botila bat eta bozgorailu eramangarri bat aurkitu zizkioten. Udaltzaingoak konfiskatu egin zizkion objektu horiek guztiak eta bizikleta, horien jatorria zalantzazkoa iruditu zitzaielako.

Beste jarduera batzuk

Joan den ostiralaz geroztik, 39 trafiko-istripu gertatu dira, eta guztira, 7 pertsona zauritu dira horietan; pertsona horietatik 5 motoz zihoazen.

Horrez gain, Udaltzaingoa 6 gidari ikertzen ari da, bide-segurtasunarekin loturiko delituengatik. 5 alkoholaren eraginpean gidatzeagatik, eta beste bat proba hori egiteari uko egiteagatik. 53 urteko emakume bat da bera, Palentzia eta Arana kaleak elkartzen diren tokian ostiralean gertatutako trafiko-istripu batean nahastuta dagoena.

Gidatzen zihoan 33 urteko gizonezko bat itxuraz lo gelditu zela ikusi zuten, Julian Apraiz kalean zailtasun handi samarrekin aparkatu ondoren, eta bestetik, 38 urteko gizonezko batek Ertzaintzaren ibilgailu ez-rotulatu baten aurka talka egin zuen atzo Frantzia kalean. Biek positibo eman zuten.

Gainera, asteburuan barrena, alkoholemiako 4 prebentzio-kontrol egin dira, eta berrogeita hamar bat gidarik egin behar izan dituzte proba horiek. Horietatik bostek emaitza positiboa eman dute eta administrazio-bidetik salaketa jarri zaie.

Ibilgailu batek su hartu du

Suhiltzaileek atzo, 1:30ak baino minutu batzuk lehenago, Logroño kalean aparkatutako ibilgailu batean piztutako sua itzaltzeko esku hartu behar izan zuten; sugarrek kalteak eragin zituzten ondoko bi ibilgailutan. N-240 errepidean auto batean piztutako sua itzaltzera ere joan ziren ostiralean.

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:58

 

Gasteizko Udalak “Europarako Kalitate Handiko Baukultur baterantz” izeneko Davoseko adierazpena sinatu du, EAEko beste 16 erakunderekin batera. Baukultur terminoak kalitatezko espazio eraiki bat sustatzeko beharra aldarrikatzen du, ikuspegi kulturalean eta gizartearen zein ingurumenaren jasangarritasunean oinarritua, kultura epe motzeko onura ekonomikoen gainetik jarrita.

Share
Kategoriak: Oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:00

Webgunean dago eskuragarri Gizarte politiken, adinekoen eta haurren, gazteriaren, berdintasunaren, bizikidetza eta aniztasunaren eta Garapenerako lankidetzaren batzordeak abenduaren 9an (astelehena), 9.00etan, egingo duen ohiko bilkuraren gai-zerrenda.

Share