Prentsa Oharren banner

Abenduaren 27-29rako aurreikuspenak

  • Abenduak 28, ostirala

 Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto “Memorial Ramón Jimenez ‘Zape'” izenburua duen hitzaldira joango da; Urrezko Zeledonak elkarteak antolatu du, 19:30ean, Vital Fundazioaren aretoan.

 

  • Abenduak 29, larunbata

Alkateorde eta Merkataritzako zinegotzi Felipe García Altzariaren Galara joango da; Aenkomerrek antolatu du, Ciudad de Vitoria hotelean, 20:30etik aurrera.

Share

377.259 euro bideratuko ditu Udalak Eraztun Berdeko landaredia kontserbatzera

 

Gaur esleitu dio Tokiko Gobernu Batzarrak Viveros Eskalmendi SL enpresari Gasteizko Eraztun Berdeko landaredia zaintzeko zerbitzua, 377.259,74 euroan, BEZa barne, eta bi urteko gauzatze-epearekin.

 

Aldian behingo zainketa- eta hobekuntza-lanak biltzen ditu kontratatutako zerbitzuak, hala nola ongarritzea, inaustea, ureztatzea, belarra moztea, jorratzea eta sasiak kentzea, besteak beste, eta Eraztun Berdeko landare-estalkia kontserbazio-egoera onean mantentzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak jasotzen ditu, azken urteetako esperientziaren ildotik.

Ekologiari eta paisaiari dagokienez balio handia duten hainbat parke eta zonek —aisialdirako korridore ekologikoen bitartez lotuak— osatzen dute Gasteizko Eraztun Berdea, eta 842 hektarea hartzen ditu gaur egun.

Biodibertsitatea eta paisaia babestea eta hobetzea, hiriguneko uholdeak galaraztea, ziklo hidrologikoa erregulatzen laguntzea, naturarekin harremanetan aisialdiaz gozatzeko aukera ematea eta ingurumen-hezkuntza sustatzea dira, besteak beste, Eraztun Berdeko parkeek betetzen dituzten zereginak eta eskaintzen dituzten zerbitzuak.

  1. urtearen inguruan Eraztun Berdearen kontzeptua errotu zenez geroztik —Gasteiz ingurua berritzeko eta berreskuratzeko xedearekin—, Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Atala arduratu izan da dagoeneko haren parte diren hiriaren inguruko parke horietako landaredia zaindu eta mantentzeko kudeaketa-lanez:
  • ARMENTIA. 159 hektarea. Armentiako basoa.
  • ZABALGANA. 84 hektarea. Zabalganeko baso-parkea, Ehari, Zarauna eta Torrogiko errekak barne.
  • ZADORRA. 194 hektarea. Zadorrako ibai-parkea, Gamarragutxitik Krispiñako ur-araztegiraino.
  • SALBURUA. 247 hektarea. Salburuko hezeguneak, Errekaleor, Santo Tomas eta Alegria errekak barne.
  • OLARIZU. 158 hektarea. Olarizuko lorategi botanikoa, Mendizabala, Batan erreka eta Nebera gaina.
  • JUNDIZ. 41 hektarea. Jundizko parkea, Lermanda, Mendebaldea eta Ariniz barne.

 “Parkeetako natura- eta paisaia-balioak kontserbatzeko eta horiek erabilera publikorako, aisialdirako eta hezkuntzarako egokitzeko, aldian behin mantentze-lanak egin behar dira, hala nola belar-sastrakak moztu, ureztatu, inausi, erein, landatu edo izurriteak kontrolatu. Urteetan, eremu hondatuak ekologiari eta paisaiari dagokienez lehengoratzeko eta erabilera publikorako egokitzeko munta handiko jarduerak egin izan dira, baina oraindik ere badira hiriaren kanpoaldean hainbat eremu hondatu, berreskuratzeke, eta espazio batzuk bestekin korridore ekologikoen bitartez lotuko dituen konexio-sistema osatzeke dago”, azaldu du alkateak.

 

Share

Udalak 2,8 miloi euro jarriko ditu 2020an hamabost udal instalazio garbitzeko

 

Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak 2,8 miloi euro baino zertxobait gehiago ordainduko dio INDESAri 2020an hamabost udal instalazio garbitu eta zaintzeko zerbitzua emateagatik.

Tokiko Gobernu Batzarrak udalaren zenbait eraikin eta zerbitzu osorik garbitzeko zerbitzua sozietate publiko horri —zeinean partaidetza baitu Udalak— agintzea erabaki du; lan horiek “ingurumenaren ikuspegitik erarik errespetagarrienean egiten dela ziurtatu beharko du enpresak, eta eraikinek baldintza egokiak betetzen dituztela estetika, higiene, osasun eta segurtasunaren aldetik, erabiltzaileei zein langileei begira“.

Instalazio hauek barne hartzen ditu aginduak: Olarizuko Santa Maria zainpeko apartamentuak, Olarizuko Santa Maria eguneko arretako zerbitzua, Aldabeko gizarte etxea, Ariznabarreko gizarte etxea, Hegoalde gizarte etxea, Iparralde gizarte etxea, Amaia zentro soziala, Judimendiko gizarte etxea, Lakuako gizarte etxea, Salburuko gizarte etxea, Zabalganeko gizarte etxea, Europa jauregia, San Andres kiroldegia, eta San Prudentzio egoitzako garbiketa tunela.

INDESAk ematen duen zerbitzuaren prezio osoa 2.834.359 euro izango da, 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte.

INDESA irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta  ezintasunak dituzten pertsonentzako titularitate publikoko lan ekimenak integratzen ditu Arabako lurralde historikoan.

Share

“Gasteiz, auzotar errukiberak” programa garatzeko hitzarmena onetsi da

Tokiko Gobernu Batzarrak MAP elkartearekiko hitzarmen bat sinatzea onetsi du, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak sustatutako “Gasteiz, auzotar errukiberak” programa garatzeko.

Sailaren arduradun Jon Armentia zinegotziak azaldu duenez, proiektuaren helburua da “hiria sentsibilizatuagoa edo prestatuagoa egotea gaixotasun bati edo bizitzaren amaierari bakarrik aurre egin behar dioten pertsonak zaintzeko“.

Programak zenbait jarduera barne hartzen ditu:

  • Ikuspegi humanista, errukiorra eta integratua duten prestakuntza ikastaroak, gai hauen inguruan:
  • Nire bizitzaren amaieran, zer da garrantzitsua niretzat?
  • Zaintza, dolua eta emozioen kudeaketa.
  • Trebatzea errukian, gizarte zerbitzuetan lan egiten duten profesionalentzat.
  • Trebatzea autoerrukian, udal langileentzat eta zerbitzuak ematen dituzten taldeentzat.
  • “Hiri errukiberaren dekalogoa” lantzea.
  • Herritarren topaketak.
  • Herritarrak kontzientziatzeko kanpaina.

Udalaren ekarpen ekonomikoa 15.000 euro izango da.

AGLErekiko hitzarmena

 Bestetik, udal gobernuak Arabako Gizarte Laneko Elkartearekiko (AGLE) lankidetza-hitzarmena (60.000 euro) sinatzea onetsi du, guraso bakarreko familiei laguntzeko “Loremaitea” programa garatzeko.

 

 

Share

(audioaz eguneratua) Udal Gobernuak kudeatzeko, akordioetara iristeko eta proiektuak gauzatzeko duen gaitasuna areagotuko du alkateak 2020an

 

 

“Etorkizuneko proiektuz beteriko Agenda gasteiztarra dugu agintaldi honetan garatzeko”, azpimarratu du Gorka Urtaranek

 

Gorka Urtaran audioa

2019ko azken Tokiko Gobernu Batzarraren ostean, Gasteizko alkateak aurtengo udal kudeaketaren balantzea egin du, eta datorren urterako erronka eta proiektu nagusiak izan ditu hizpide. “Kudeatzen dakien, akordioak lortzen dakien eta proiektuak gauzatzen dakien udal gobernua osatzen dugu, eta gaitasun horiek guztiak areagotu egingo ditugu legealdian zehar. Etorkizuneko proiektuz beteriko Agenda gasteiztarra dugu agintaldi honetan garatzeko“, azpimarratu du Gorka Urtaranek.

Ekainean hasi zen lanean maiatzaren 26ko hauteskundeetatik sortutako udal korporazio berria. EAJ-PNVren eta PSE-EEren arteko gobernu-akordioak 13 kidez osatutako gobernu bat eman zuen emaitza gisa, hau da, azken bi hamarkadetako indartsuena, eta Agenda gasteiztarrak -2019-2023 agintaldiko programa- barne hartzen dituen proiektuak garatzea errazten du horrek.

Kudeaketarako gaitasunari dagokionez, aurten gure hirian arrakastaz garatu diren ekitaldiak nabarmendu ditu alkateak, nazioartean protagonismoa eman baitigute. Gasteizen egindako saskibaloiko Lauko Finala, Umbra Light Festival, Nazioarteko Enoturismo Kongresua, Michelin Hirien Munduko Goi Bilera, emakumezkoen saskibaloiko Erreginaren Kopa edo Euskadiko hiriburuak lehen aldiz hartu duen Ironmana izan dira ekitaldi nagusiak. Horiez gain, hiriak zenbait aitorpen jaso ditu, Global Green City 2019, esaterako, eta berriki ospatu den Klima Aldaketaren aurkako Goi Bileran ere partaidetza nabarmena izan du.

2019an, gainera, Udalaren zorra 7 milioi eurotik gora murriztu da, 86 milioitik 78 milioira igarota. Kopuru on horiek ez ezik, zerbitzu publikoek kalitate-maila mantentzen eta hobetzen dutela ere kontuan izan behar da. Atal horretan, enpleguarekin lotutako datuak ere nabarmentzen dira. Orain dela gutxi, ia 800 lanpostuko lan-eskaintza publikoa onartu da administrazioko, mantentze-lanetako, informazio eta kontroleko lanpostuetarako eta beste kategoria batzuetarako; udaberrian, berriz, 39 udaltzain sartu ziren, aurreko bi txandei gehituta. Bestetik, Udalak aurten 513 lanpostu sortzea lortu du Eusko Jaurlaritzak Gasteizerako dituen enplegu planei esker, iaz baino % 25 gehiago, Lanbidek 5 milioi eurotik gorako ekarpen ekonomikoa eginda. Aipatu behar da 2019an zehar euskal hiriburuko langabetuak 15.315 izatetik 14.479 izatera igaro direla, eta Gizarte Segurantzako afiliatuak 120.797 izatetik 124.867 izatera igaro direla.

Alkateak nabarmendu du, halaber, gobernua guztiekin akordioak lortzeko gai dela erakutsi duela 2019an, bai maila instituzionalean, bai esparru pribatuko eragileekin. “Espainiako Gobernuarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin egin ohi diren akordioez gain, bereziki pozgarria da aurten elkar ulertzera iritsi izana Alderdi Popularrarekin, zerga-ordenantzak onartzeko, eta Elkarrekin taldearekin, udal aurrekontua onartzeko. Ez diogu inori marra gorririk jartzen, eta itunak egiten ditugu hiriak aurrera egitea nahi duten alderdi, erakunde eta kolektibo guztiekin“, gaineratu du. Garrantzi berezia du, halaber, Salburua eta Zabalganeko jabeekin lortutako birpartzelazio-akordioak.

Aurrekoa bezain garrantzitsua da proiektuak gauzatzeko gaitasuna. Urtaranek hainbat adibide jarri ditu: autobus elektriko adimentsua instalatzeko martxan dauden obrak eta proiektuak; Gasteiz Antzokiaren esleipena; Emakumeen Etxea irekitzea; LGTBIfobiaren aurkako Behatokia martxan jartzea; Santa Barbara plaza eta Terrorismoaren Biktimen Oroitzapenezko Zentroaren ingurua birmoldatzea; Tornay Medikuaren kalea eta Ospitaleko plaza eraberritzea; tranbiaren hegoaldeko luzapenaren amaiera hurbila; Salbururako luzapenaren lizitazioa; AMVISAren ur-kolektore berria; Lakua-Arriaga, Ariznabarra eta Adurtzako futbol-zelai berriak; Eraztun Berdean proiektu berriak gauzatzea (Olarizuko harrera- eta informazio-puntua, Euskadiko lorategi botanikoa, Larragorri parkearen lehen fasea, aire zabaleko antzoki berdea eta abentura-parkea); Trafikoko Ordenantzaren aldaketa abiatu izana, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (patinete elektrikoak, etab.) arautzeko, eta abar.

“Gobernu honek ametsak errealitate bihurtzen ditu, eta urteetan zehar asko eztabaidatu diren proiektuak azkenean egitate ukigarri bihurtzen ari dira. Gainera, bizilagunei entzuteko eta haiekin hiria egiteko gai den gobernua gara; izan ere, proiektu horietako asko herritarren ekarpenei esker jarri dira abian, bai Gasteiz Hobetuz programaren bidez, bai parte hartzeko organoetan eta kanaletan egindako ekarpenen bidez“, erantsi du alkateak.

Aurrerapen horiek eta beste batzuk posible izaten ari dira udal gobernuak hiri-proiektu argi bat duelako, agintaldiko planean eta Agenda gasteiztarrean zehazten dena. “Etorkizunerako proiektu asko ditugu, eta garrantzitsuena da asko dagoeneko abian direla, hasi direla egiten. Agintaldi hau sendotzearena izango da, Gasteiz Europako superhiri gisa berrestearena, nazioartean erreferentzia izango baita bizi-kalitatean, lehiakortasun ekonomikoan eta iraunkortasunean “.

“Ziur nago guztion laguntzarekin 2020a urte ona izango dela hemen bizi garenontzat. Udalak egin berri duen ikerketa soziologikoaren arabera, segurtasuna, garbitasuna eta garraio publikoa dira kezka nagusiak, beraz, arlo horietan jarriko dugu arreta, gainerakoak alde batera utzi gabe. Era berean, ‘Vitoria-Gasteiz Green Deal’ delakoa garatzen ahalik eta gehien inplikatuko gara. Plan horren helburua da enpresak erakartzea, gure hirian agertoki egokia aurkituko baitute arazo globalei irtenbide lokalak ematen dizkieten ekonomia berdeko ekintzak garatzeko. Ingurumenaren ikuspegitik berdeak izatetik ekonomia berdearen erreferente izatera igaro nahi dugu “, azpimarratu du alkateak.

Datorren urterako ere berrikuntza garrantzitsuak aurreikusi dira: abiadura handiko trena lurperatzearekin lotutakoak; Principal antzokia eraberritzea; auditorioa abian jartzea; auzoetako inbertsioak, agintaldi osoan 100 milioi eurora iritsiko direnak; superetxadiak garatzea; Mendizorrotzeko futbol-zelaia handitzea;  Mobility Lab, gure hiria mugikortasunaren alorrean berrikuntzarako nazioarteko zentro bihurtu nahi duena, eta Agendan jasotako beste hainbat.

2020, ospatzeko asko duen urtea

Azkenik, alkateak aipatu du 2020an urteurren ugari izango dugula ospatzeko: Florida parkearen 200 urteak, Fournier enpresaren 150 urteak, Farolen Arrosarioaren 125 urteak, Baskoniaren 60 urteak, Eusko Legebiltzarraren 40 urteak, Forondako aireportuaren 40 urteak, Europa jauregiaren 30 urteak eta Araskiren 10 urteak, adibide batzuk jartzearren.

 

Share

Udalaren laguntza gizarte proiektuentzat

Tokiko Gobernu Batzarrak “Seniors españoles para la Cooperación Técnica-SECOT” elkartearekiko lankidetza hitzarmena onetsi du gaur; horren bitartez, elkarteak 3.000 euro jasoko ditu bere jarduerak garatzeko.

Irabazi asmorik gabeko elkarte hori onura publikokotzat jo dute, eta autonomia erkidego guztietan ditu ordezkaritzak. Kideak (“seniorrak”) profesional kualifikatu erretiratu edo aurretiaz erretiratuak dira, zeinek enpresa-kudeaketaz dituzten esperientzia eta ezagutzak musu truk eskaintzen baitizkiete beharra dutenei.

Besteak beste, erakundeei, gizarte entitateei eta enpresa txiki eta ertainei laguntzea dute gizarte helburutzat, eta sostengu eta orientabide teknikoak ematea da, enpresak sortu eta abiarazteko zein zailtasunak gainditu eta gerora zabaltzearren.

Odol Emaileekiko lankidetza

Orobat, Arabako Odol Emaileen Elkartearekiko lankidetza hitzarmena berritzea onetsi du udal gobernuak, urtean zehar jarduerak garatzen laguntzeko.  Arabako Odol Emaileen Elkarteak komunikazio bideak hobetzeko asmoa du 2019-2021 aldian, odol-emaileekin ez ezik baita jende guztiarekin ere, bereziki 18 urtetik 40 urtera bitarteko jendearekin.

Gasteizko Udalak, Arabako Odol Emaileen Elkarteak lan baliotsu eta beharrezkoa egiten duela jakitun, haren jarduera oso interesgarritzat jotzen du eta, beraz, publizitatea eta komunikazio ekintzen bidez lagunduko dio, baita espazioak eta ekipamenduak utziz ere, besteak beste.

 

Share

Gasteizko turismo web-orriak irudia berritu du, eta interneten duen kokapena hobetu

Norbaitek interneteko bilatzaileetan “Vitoria-Gasteiz” hitz gako gisa sartzen duenean, Arabako hiriburuko web atariaren barruko turismoari buruzko atala izan ohi da zerrendako lehenetako bat. Orain, hiriaren erakusleiho birtualak irudi berritua du. Izan ere, Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak eskaturik, Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailaren laguntzarekin eta diseinu eta lan prozesu bateratu luze eta nekezaren ondoren, egindako aldaketak aurkeztu ditu Gasteizko Udalak, zeinak helbide honetan ikus baitaitezke dagoeneko: https://www.vitoria-gasteiz.org/turismoa

Batetik, eta erabiltzailearen esperientzia hobetzearren, edukien aurkezpen grafikoa modernizatu da, gailu mugikorrei begira batez ere, irudi eta tipografia handiagoak baliatuz. Nabigazio mapa ere optimizatu da, edukiak antolatu eta hierarkizatuz, ahal dela, informazioa lortzeko hiru klik baino gehiago egin beharrik ez izateko. Orobat, berrantolatu egin da informazioa, kalitateko eduki finkoak nabarmenduz eta informazio puntuala agendara eta albisteen atalera igorriz.

Bestetik, ahaleginak egin dira hiria erreferente berde gisa hobeto kokatzeko.  Horretarako, eduki espezifiko berriak sortu dira, etiketa hauen pean: ‘Bizi Berdea ondarea’, ‘Bizi Berdea natura’, Bizi Berdea  familientzat’ eta ‘Bizi Berdea gastronomía’. Baliabide turistiko interesgarriekin (elizak, museoak, plazak, jauregiak, azokak, parkeak…) lotutako kalitateko edukiak landu dira, geo-kokapena, argazki-galeriak, 360º-ko bisita birtualak, bideoak, eskuorriak eta bisitei buruzko informazioa barne.

 Azkenik, itxura grafikoari eta nabigazioari dagokienez,aldaketak egin dira orri nagusian: karruselak irudi handiagoak ditu, eta unean uneko ekitaldi nagusiak islatzen ditu. Lehenengo orriak beti sei ekitaldi gailen jasotzen ditu, ‘Ez galdu aukera!’ tituluaren pean, eta hilero berrituko diren lau leku berezi, ‘Toki xarmantak’ atalean. Amaitzeko, eguneroko agendan hiru ekitaldi nabarmengarri hautatu dira.

 

Share

Gasteizek Emakumeen Etxearekiko konpromisoa berritu du

 

Udal gobernuak Sorginenea-Tu Casa Feministarekiko luzapena onetsi du, Etxanobetarren etxea erabiltzen jarrai dezaten

 

 

 

 

Tokiko Gobernu Batzarrak Sorginenea-Casa de las Mujeres de Vitoria-Gasteiz elkartearekiko hitzarmena luzatzea onetsi du gaur, eta horrela aurten abian jarritako Emakumeen Etxearekiko konpromisoa berritu du hiriak. “Emakumeen Etxea kudeaketa-proiektu bateratua finkatzearen alde lan egiten jarraituko dugu, emakumeak ahalduntzeko espazio gisa ulerturik, partaidetzaren bitartez gizartea eraldatzeko, eta etxea topaketa, truke eta hausnarketarako espazio gisa ikusia izan dadin bultzatzeko”, adierazi du alkate Gorka Urtaranek.

Hitzarmenaren bitartez, elkarteak Etxanobetarren etxea erabil dezake Sorginenearen egoitza gisa, Berdintasun Zerbitzuak Ahalduntze Feministarako Eskolarako behar dituen espazio batzuk izan ezik.

Udalak 150.000 euro jarri ditu Sorginenea elkarteak 2020an bere ekintzak garatzerik izan dezan. Gainera, taldeak 30.000 euroko laguntza jasoko du eraikina egokitzen jarraitzeko. Orobat, higiezina mantendu eta garbitzeko gastuak hartzen ditu bere gain Udalak, besteak beste.

Sorginenea proiektua aurtengo irailean jarri zen abian, kolektibo feministetako eta berdintasunaren aldeko elkarteetako emakume desberdinekin kudeaketa eredua eta proiektuaren beharrak definitzeko partaidetza-prozesu bat egin ondoren; izan ere, aldarrikapen historikoa zen Emakumeen Etxea proiektua garatzeko eremu propio bat edukitzea. Prozesuaren buruan, hitzarmena sinatu zen 2019ko maiatzean, eta uda igaro ondoren ireki zen etxea.

Proiektuan bertan definitzen den bezala, emakumeen etxea inklusiboa, irekia eta askotarikoa da, eta honako helburu hauek ditu: Gasteizko erreferente bihurtzea emakume guztientzat eta feminismoaren eta berdintasunaren alde lan egiten duten kolektibo guztientzat, sormena, hausnarketa eta, batez ere, egiteko beste modu batzuk sustatzeko topagunea izatea, eta dibertsiorako toki goxoa eta ikasteko errespetu- eta ekitate-esparrua izatea.

Share