Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2019-12-16)

LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiaren marka eta bere web orria aurkeztea

Parte hartzaileak. Bizikidetza, Aniztasun eta Berdintasun zinegotzi Miren Fernandez de Landa; LFTBI+fobiaren aurkako Behatokiko ordezkari Amets Martinez de Heredia; eta web orria diseinatu duen enpresako ordezkariak

Eguna. Astelehena, abenduak 16

Ordua. 11:30

Tokia. Artium Museoko auditorioa

Share

Prentsa-deialdiak (2019-12-14)

Gabonetako izotz pista inauguratzea

Parte hartzaileak. Osasun eta Kirol zinegotzi Livia López; eta izotz pista prestatu duten enpresako zein ExpressYourClown taldeko ordezkariak

Eguna. Larunbata, abenduak 14

Ordua. 10:30

Tokia. Andre Maria Zuriaren plaza

Share

Asteburuko aurreikuspenak

Ostirala, abenduak 13

  • Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok parte hartuko du Marrazki Ekologikoaren Lehiaketako sari banaketan 19:00etan, Gorbeia Merkataritza Zentroko Lorezaintza Zentroan.
  • Alkate Gorka Urtaran, alkateorde Maider Etxebarria eta gobernu-zinegotzi Felipe Garcia eta Cesar Fernandez de Landa Aenkomer Elkarteak antolatutako Eguberrietako Azokaren inaugurazioan izango dira 20:00etan, Azoka plazan (Jesus Guridi kalean).
  • Alkate Gorka Urtaran eta Ingurumen Plangintza eta Kudeaketa zinegotzi Cesar Fernandez de Landa Eguberrietako pregoian izango dira 20:30ean, Karmen elizan.

 

Larunbata, abenduak 14

  • Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopez Eguberrietako Karate Galan izango da Arriaga kiroldegian.
  • Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopezek parte hartuko du izotz pistaren inaugurazioan 10:30ean, Andre Maria Zuriaren plazan.
  • Kultura zinegotzi Estibaliz Canto Cortada Jaialdiaren amaiera galan izango da 20:00etan, Vitoal Fundazioko Aretoan, Dendaraban.

 

Igandea, abenduak 15

  • Erbestean izan ziren Jose Antonio Agirre eta Jesus Maria Leizaola lehendakariei egingo zaien omenaldian izango da alkate Gorka Urtaran 20:00etan, Gernikako Batzar Etxean; Gogora Institutuak antolatu du ekitaldi hori eta han izango da Urkullu lehendakaria ere.
  • Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopez Euskal Herriko Lur Mushing Txapelketako sari banaketan izango da 12:30ean, Armentiako basoan.

 

 

 

 

Share

Alkateak CIC EnergiGUNEko zientzialari Michel Armand hartu du, zeina energiaren alorreko espainiar estatuko ikertzaile garrantzitsuena izendatu baitute

 

Miñaoko berrikuntza zentroaren kolaboratzaile izan da hasieratik, patenteak eta ikergaiak partekatzen ditu 2019ko Kimikako Nobelaren irabazleetako birekin —John Goodenough eta Stanley Whittingham— eta nazioarteko zientzia komunitateak “etorkizuneko baterien hurrengo aita handitzat” jotzen du

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta alkateorde eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik CIC EnergiGUNEko zientzialari Michel Armand hartu dute gaur goizean. Izan ere, energiaren alorreko espainiar estatuko ikertzaile garrantzitsuena da Stanfordeko Unibertsitateak argitaratutako munduko 100.000 zientzialari nagusien zerrendaren arabera. Kaliforniako unibertsitate ospetsu horren sailkapenak munduan dauden 7 milioitik gora zientzialarien  lana aztertzen du, eta nazioarteko erreferentzia nagusia da zientzia eta ikerketaren profesionalentzat.

Udaletxean egindako ekitaldian, Maryse Armand emazteak eta CIC EnergiGUNEko zuzendaritza batzordeko kideak izan dira zientzialariarekin batera: Nuria Gisbert, Teófilo Rojo, Sara Ortiz, Asier Urzelai, Raquel Ferret, Javier Olarte eta Daniel Bielsa.

Michel Armandek patenteak eta ikergaiak partekatzen ditu 2019ko Kimikako Nobelaren irabazleetako birekin —John Goodenough eta Stanley Whittingham— eta nazioarteko zientzia komunitateak “etorkizuneko baterien hurrengo aita handitzat” jotzen du, mugikortasun elektrikoaren bidea markatuko duen bateria mota bat garatzen egin duen lanagatik.

Alkateak “CIC EnergiGUNE bezalako ikerkuntza zentroen garrantzia” azpimarratu du, “bertan proiektu erabakigarriak garatzen ari baitira Armand jauna eta beste zientifiko batzuk buru direla, eta Arabako Teknologia Parkea eta Gasteiz berrikuntzaren erreferente bihurtzen baitituzte nazioartean”.  Gorka Urtaranek erantsi du: “oso kontuan hartzen dugu lan garrantzitsu horrek duen balio erantsia, mugikortasun iraunkorraren bidea markatuko baitu, hau da, “Vitoria-Gasteiz Green Deal” planaren zutabeetako bat, zeinaren helburua baita berotegi efektua duten gasen isurketa murriztea, kalitateko enplegu berriak sortzea, ekintzailetza eta berrikuntza teknologikoa sustatzea, ekonomia berderanzko trantsizioa eta energia trantsizioa egitea energia berriztagarriak baliatuz, balio eta kultura berdeak hedatzea, eta gizarte kohesioa eta auzoen arteko oreka indartzea”.

Michel Armand Frantzian jaio zen, 1946an. 80ko hamarkadaren amaieran hasi zen litiozko bateria birkargagarriak ikertzen  —polimero solidozko elektrolitoarekin duen konbinazioaren bitartez—. Lan horiek erlazionatutako teknologia nagusiak garatzeko bide eman dute, ibilgailu elektrikoarena, besteak beste. Gaur egun, CIC energiGUNEko elektrolito solidoaren ikerketa sailaren arduraduna da, eta koordinatzen duen lantaldeak etorkizuneko ibilgailu elektrikoek eramango duten bateria solidoa lortzea du helburutzat.

CIC energiGUNE ikerketa zentroa erreferentziazkoa da Europan energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzeari dagokionez. CIC energiGUNE Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren ekimen estrategikoa da energia biltegiratzearen ikerketan. Arabako Foru Aldundiaren eta Energiaren Euskal Erakundearen laguntza du, baita energiaren eta biltegiratzearen sektoreko Euskadiko enpresa nagusiena ere: Iberdrola, Cegasa Portable Energy, Sener, Siemens-Gamesa, Ormazabal, Idom, Solarpack, Mondragon Korporazioa eta Nortegas.

 

Share

Amaitu da 2020rako Ordenantza fiskalei zuzenketak egiteko prozesua, Luis Aranburu Musika Eskolako familia ugariei hobari berriekin

Tokiko Gobernu Batzarrak 2020ko ordenantza fiskalen aurrean aurkeztutako alegazioak aztertu ditu gaur goizean. Urriaren 18an onetsi zuen Udalbatzak datorren urterako zerga, tasa eta prezio publikoen proiektua, PNV eta PSE-EEren gobernuaren ea PPren arteko akordioari esker. Gero, hilabete eta erdiko epea ireki zen, alegazioak aurkezteko, epe hori abenduaren 3an amaitu zelarik.

Epea amaituta, hiru alegazio jaso dira, bost zergen inguruan. Horietako bat, Euskadiko Familia Ugarien Elkarteen Federazioak (Hirukide) aurkeztu duena, zati batean onetsi da. Luis Aranburu Udal Musika-Eskolaren prezio publikoen gainek alegazioa zen, non tarifa ezarrien gaineko hobaria eskatzen baitzen, % 50ekoa kategoria orokorreko familia ugarien kasuan, eta % 75ekoa kategoria bereziko familia ugarienean. Udal gobernuak onetsi du hobaria aplikatzea musika-udalekuen kasuan.

Hoberi erregimen berbera aplikatzen da dagoeneko musika eskolan, gainerako jarduera akademikoetan.

 

 

 

 

Share

Eguberrien ostean hasiko dira ‘Connect Ibailakua’ proiektuko eta Ospitale plazako obrak

 

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek baieztatu duenez, Eguberrien ostean hasiko dira ‘Connect Ibailakua’ proiektua egiteko eta Ospitale plaza eraberritzeko obrak. ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’  partaidetza programan proposatutako bi ekimen dira, eta 375.702 eta 362.034 euro inbertituko dira horietan, hurrenez hurren. Bi kasuetan, Balgorza enpresa arduratuko da lanez. “Herritarren ekimenak dira biak, eta datozen hilabeteetan mamituko dira. Gasteizko auzoak hobetzeko apustu irmoa egiten jarraitzen dugu”, azaldu du Gasteizko alkateak.

Lakua auzoan belaunaldien arteko aire zabaleko parke berria egingo da, hutsik dauden lursailak eta erabiltzen ez diren espazioak baliatuta. ‘Connect Ibailakua’ proposamenak azpiegitura berdearen filosofia du oinarri, eta Urtaranen gobernuaren Auzoen Planaren barruan sartuta dago.  Lanak egiteko 3 hilabeteko epea aurreikusi da.

Auzoko 11 lekutan egingo dira lanak, espazio hauek sortzeko:

1- Aisialdirako eta kirol askotarako gunea. Baia Ibaiaren kalearen eta Santa Engrazia Ibaiaren kalearen arteko bidegurutzean eta Inglares Ibaiaren kaleko familia bakarreko etxeen atzealdean dagoen lursail bat egokituko da, 9.000 metro koadrokoa. Beisbola, softbeisbola, criqueta edo lacrossea praktikatu ahalko dira, gaur egun zaila baita horietan jarduteko lekuak aurkitzea hirian.

2- Kometentzako lekua. Iruñea kaleko bidegorriaren eta Landaberde eta Xabier kaleen ondoan dagoen lursail trapezoidal batean —4.500 metro koadro ditu— haize-mahuka duen masta bat jarriko da, haizeak nondik jotzen duen jakiteko.

3- Agertokia. Ibaiondoko gizarte etxetik gertu dagoen berdegune biribilean —980 metro koadro ditu—, Wellingtongo Dukearen kalearen eta Landaberde kalearen artean, agertoki bat jarriko da, 12 metroko hiru eserleku jarraitu, eta eskailerak. Korten altzairuz egingo da egitura, eta gizarte etxeko jardueren osagarri izango da.

4- Aisialdi eta kirol espazioa. Bi lekutan (Belate kalearen eta Iruñea kalearen artean). Horietako batean, egoteko zona bat proposatzen da, muinoz osatua; bertan askaltzeko sei eserleku irisgarri jarriko dira, eta futbol-ateak, belar artifizialaren gainean. Bestean saskibaloiko saskiak instalatzea aurreikusten du proiektuak, hormigoizko zolata baitu.

5-Zirkuitu bio-osasungarria. Orio kalean dagoen espazio batean, Landaberde eta Bartzelona kaleen artean, zirkuitu bio-osasungarria jartzea proposatzen da (orain haur-jolas batzuk daude han). Pedalak, arrauna, eskia, bielak, eskailerak, masajea eta paralelak jarriko dira, baita informazio kartelak ere. Lau jolasez osatuko da eremua: mahai-teniseko 2 mahai, xakeko mahai bat, eta partxiseko beste bat.

6- Jolas inprimatuak. Girona kalean, Landaberde eta Bartzelona kaleen artean, jolasteko eta apaintzeko marrazkiak inprimatuko dira zoladuraren gainean. Kolore askotako suge bat eta taula zenbakidun bat, eskailera eta sugea dituena.

7-Badmingtona. Galeoia dagoen inguruan, erabiltzen ez den espazio batean, badmingtonean aritzeko pista bat egokitu nahi da.

8, 9 eta 10- Ori kaleko parke linealean, zolatuta dauden eta erabiltzen ez diren hiru espaziotan, hiru jarduera diseinatu dira: diana forma duen marrazki bat inprimatzea zoladuraren gainean (Irati kalearekiko bidegurutzean), kalistenia zirkuitu bat (Getaria kalearekiko bidegurutzean), eta altzairu galvanizatuzko saskibaloiko saski bat, bandaloen kontrakoa (Girona kalearekiko bidegurutzean).

11- BMX zirkuitoa.

Zarautz, Getaria eta Baiona kaleen arteko lursailean. Zirkuiturako pistak, muinotxoak eta donut bat sortuko dira, eta aisialdirako gune bat. Eserlekuak, argiak, landareak eta abar jarriko dira. Bi zirkuitu proiektatu dira: laburra, 65 metro luze eta 3 metro zabal izango dena, eta luzea, 190 luze izango dena.

Ospitale plaza

Gasteizko Udalak Ospitale plaza —Guardien plaza izenez ere ezaguna— eraldatuko du, irisgarriagoa eta modernoagoa izan dadin. Udalak plazaren 650 metro karratuko azaleran jardungo du, baita Frantzia kaleko 120 metro karratutan eta Santiago kaleko 200 metro karratutan ere. Lanak gauzatzeko epea lau hilabetekoa da.

Proiektuak hainbat helburu ditu: espazio horren erakargarritasuna eta estetika hobetzea, zoladura eta hiri-altzariak aldatuz; espazioa berrantolatzea, oinezkoentzat irisgarriagoa izan dadin, eta egoera txarrean dauden sareak eta azpiegiturak –argiztapena, saneamendua, hornikuntza eta drainatzea– berritzea. Ezkutatuta egotetik alboko kaleen maila berean egotera igaroko da, eta hala, jendea elkartzeko eta denbora pasatzeko gune atsegin bihurtuko.

Izan ere, plaza berriak 90º-ko sektore zirkularraren forma izango du. Kurba horren erdia Frantzia kalearen mailan egongo da. Santiago kaletik hurbil dagoen inguruan, berriz, plaza eta kalearen arteko garaiera aldeari irtenbidea emateko eskailerak jarriko dira. Gainera, plazaren muga gisa 14 eta 17 metroko bi banku luze jarriko dira, bertaratzen direnek atseden hartzeko. Gaur egun Ospitale plaza Frantzia eta Santiago kaleetatik bereizteko dauden hormak kendu egingo dira.

Udalak plazako lurra goitik behera aldatzeko helburua ere badu. Jarriko den zoladurak granitozko lauza horiak izango ditu erdigunean. Eraikinen eta plazaren artean, granitozko lauza grisak ipiniko dira. Estetika aldetik, Andre Maria Zuriaren plaza, Santa Barbara plaza eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurua ekarriko ditu gogora. Errege ateak etorkizunean izango duen itxura ere horien antzekoa izango da.

Urtaranen gobernuak espazio publikoan sustatu dituen beste esku-hartze batzuetan bezala, eraberritze-lanak argiztapena aldatzeko ere aprobetxatuko dira. Ildo horretan, argiztapen-puntu bakarra jarriko da, led lanparak txertatuta izango dituzten sei proiektatzailerekin. AMVISAk, berriz, drainatzea eta saneamendua berritzeko beharrezkoa lanak egingo ditu.

Espazio Publikoaren Zerbitzuak zuhaitzak landatzeko asmo ere badu –Celtis Australis motakoak–, eta lekuz aldatuko du iturri apaingarria. Iturria zaharberritu ere egingo da. Zuhaitzek 10 metroko altuera hartuko dute gutxi gorabehera, eta plazaren inguruan jarriko direnez, trafikoa eta egoteko lekua bereizteko balioko dute, itzala emateaz gain. Fatxadetatik nahikoa urrun jarriko dira, etxeei enbarazu ez egiteko.

Santiago kalean plaza ukitzen duen espaloia berrituko da, eta, horrez gain, Vitoria-Gasteiz modeloko sei-aparkaleku jartzea erabaki da, hondakinen kontainerren alboan. Frantzia kalean, plaza ukitzen duen espaloia berritzea da asmoa.

Esku-hartze gehiago Zabalganean

Alkateak jakinarazi du, halaber, aste honetan hasi direla Zabalganean jolas naturalizatuen zona bat sortzeko lanak. Zehazki, Nazio Batuen hiribidean dagoen lursail batean, Zabalganeko haur eskolaren eta Zabalgana Lehen Hezkuntzako ikastetxearen artean. Esku-hartze hori ere ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ partaidetza-prozesuan hautatu zen.

Hartara, Udalak hiriko azpiegitura berdea garatzen jarraituko du, espazio naturalen sare horrek ingurumen, gizarte eta ekonomia onurak baitakartza. Oraingoan, jolasteko eta egoteko gune naturalizatua proiektatu da. Zuhaixken zerrenda batek mugatutako laukizuzen bat diseinatu da, eta bertan ohikoak ez diren jolasak jarriko dira: eskultura erako enborrak, harriekiko jolas bat, oreka egitekoa, jauzi egiteko enborrak… Sei masusta-arbola ere landatuko dira, geriza emateko. Bi hilabete iraungo dute lanek.

Zabalgana eta Armentiako basoa lotzeko oinezkoentzako egurrezko pasabidea bihar jarriko dela gogorarazi du alkateak. Lan horiek direla eta, goizeko seietatik moztuko da trafikoa N-102 errepidean. Gasteiztik autobiderantz Mariturri auzotik irteten diren ibilgailuak Gasteiztik Ibaiara doan bidetik desbideratuko dira eta hirian sartu nahi duten ibilgailuak, berriz, A-4163 Gometxa-Armentia errepidetik. Trafikoa arratsalde erdialdean irekitzea aurreikusita dago.

Pasabidea jarri aurretiko lanak (zimendua) irailean hasi zituzten. Orain lurra finkatua dagoenez, prest dago egitura jartzeko. Bihar lau pieza handi (bi erdian eta beste bi muturretan)  muntatuko dituzte lur gainean bertan, garabi eta makina handien bitartez. Lanak larunbatean egitea erabaki da N-102tik trafiko gutxien igarotzen eguna delako.

Esku-hartze hori ere ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ partaidetza-programan hautatu zen; hain zuzen ere, bozkatuenetako bat izan zen. Lanek 342.000 euroko aurrekontua zuten, eta 6 hilabeteko gauzatze-epea.

Share

Hiru pertsona zauritu dira trafiko-istripuetan

Azkeneko 24 orduetan 30 trafiko-istripu erregistratu dira, eta guztira 3 pertsona zauritu dira horietan: bi oinezko eta txirrindulari bat.

45 eta 23 urteko bi pertsona zauritu ziren atzo, Brusela hiribidean eta Pedro Asua kalean izandako harrapaketen ondorioz. Lehenengoa ibilgailu batek jo zuen oinezkoentzako pasabide batean, eta bigarrena ere ibilgailu batek harrapatu zuen, baina Udaltzaingoa harrapaketaren xehetasunak ikertzen ari da oraindik. Anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zituen biak.

Beste alde batetik, bizikletaz zihoan 68 urteko gizonezko bat zaurituta geratu zen ibilgailu batek harrapatuta, Donostia kaleko bidegorritik zihoala. Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

SPEIS

Suhiltzaileen talde batek esku hartu behar izan zuen atzo, Arratzua-Ubarrundiako lursail pribatu batean piztutako sutea itzaltzeko. Ibarrako herrixkara ere joan ziren, etxebizitza bateko tximinian piztutako sute txiki bat itzaltzera.

Share

Urtaranen gobernuak ia 800 lanpostu betetzeko LEP bat onetsi du, besteak beste, administrazio, mantentze, informazio eta kontrol kategorietan

 

  • Prozesua amaitutakoan, behin-behinekotasun tasa % 38tik % 5era jaitsiko da
  • Gasteizko Udalaren historian inoiz egindako enplegu eskaintza publikorik handiena da

 

Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko Udaleko C, D eta E taldeetan 407 lanpostu betetzeko sustapenaren eta enplegu-eskaintza publikoaren deialdia onetsi du gaur goizean; besteak beste, garbitzaileen, administrarien, informazio eta kontrol agenteen, eta mantentze lanetarako ofizial espezialisten lanbide kategoriei dagozkie horiek.

Duela urtebete talde horietarako onetsi ziren beste 275 lanpostuei gehitzen zaizkie 407 horiek, beraz, orotara 682 lanpostu betetzeko LEP bateratua egingo da. Datozen hilabeteetan onetsiko dira deialdiaren oinarriak, eta izena emateko epeak irekiko.

“Zalantzarik gabe, Gasteizko Udalaren historian inoiz egin den enplegu eskaintza handienaren aurrean gaude, 2001ean deitutako 462 lanpostuen gainetik. Mugarria da enplegu egonkorra eta kalitatekoa sortzeari dagokionez, eta udal plantillaren behin-behinekotasun portzentajea % 5era jaisteko hartu dugun konpromisoari erantzuten dio“, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

682 lanpostuen eskaintza globala honela banatuko da: 151 barne sustapenerako; 42, ezintasunak dituzten pertsonentzat, eta 489, txanda librerako. Gaur onetsi den deialdiaren barruko 407 lanpostuak, berriz, lanbide-kategoria hauei dagozkie: garbiketarako 143, administrazioarekin lotutako 84, eta informazio eta kontrol agenteen kategoriako 81.

C, D eta E taldeetarako prozesuaren hasierak bat egiten du goi eta erdi mailako titulazio-taldeetarako (A eta B) egindako LEParen amaierarekin. Azken horretan lanpostua lortzen duten 174 funtzionarioak martxoan jabetuko dira horietaz.

Enplegua sendotzeko beste LEP bat

Orobat, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 4. xedapen iragankorrari dagozkion lanpostuen enplegu-eskaintza publikoaren deialdia onetsi du Urtaranen gobernuak. Izan ere, xedapen horrek bide ematen du aldi baterako lanpostuak enplegu finko bihurtzeko LEPak egiteko 2005eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik bitarteko langileek etenik gabe betetakoak badira.

LEP mota horretan, probetako edukiak zerikusia izan behar du deialdiaren xede diren lanpostuetako ohiko prozedura, ataza eta eginkizunekin, berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publizitate-printzipioak bermatuta.

Lanpostuak sendotzeko onetsi den LEParen barruan  A, B, C, D eta E taldeetako 112 plaza sartu dira guztira. Garbiketarekin lotutako lanbide-kategoriak dira gehiengoa (46 lanpostu); mantentzearekin lotutako lanbideetan zein informazio eta kontrol zerbitzuetan ere badira horien artean. Finkapeneko LEPeko 112 plaza horiek, c, d eta e taldeetako LEParekin batera, eskaintzen diren lanpostuen bolumen osoa 794ra iristen da.

Enplegu gehiago adimen ezintasuna duten pertsonentzat

Azkenik, zenbait sailetako lanpostuen zerrendak aldatzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. Besteak beste, adimen ezintasunen bat duten pertsonentzako hiru lanpostu sortzea dakar horrek. Lehen aldia da Udalean, tradizioz, dibertsitate funtzionalerako enplegu kupo bat gorde duela, eta adimen ezintasunerako berariazko kupo bat ezartzen duela.

Share

Udal gobernuak Gizarte Kontseiluaren proposamenak txertatu ditu 2020rako aurrekontu-proiekturako

Gasteizko Udalaren 2020rako aurrekontu-proiektuak bere izapide-etapetako bat amaitu zuen atzo, zuzenketak aurkezteko epea atzo amaitu zelarik; datorren asteartean eztabaidatuko dira zuzenketa horiek. Urtaran gobernuak bere zuzenketak aurkeztu ditu, 18 guztira, non kontu-proiektuaren zenbait kontzeptu tekniko ñabartzen diren eta, batez ere, Gizarte Kontseiluak Auirrkontuari buruz nahitaez egin beharreko proposamenak gehitzen diren.

Gizarte Kontseiluaren ekimenez udal aurrekontuan txertatutako proposamenetako bat Eskola-mugikortasun Autonomo eta Segururako azpiegitura berriak sortzeari buruzkoa da. 150.000 euro erreserbatu dira horretarako, “Trafikoa lasaitzea Salburuko eta Zabalganeko superetxadietan” izeneko partida sortu berri baten bidez.

Baita mugikortasun iraunkorraren inguruan ere, Gizarte kontseiluak bizikletentzako bideen sarea areagotzeko inbertsio gehiago egitea planteatzen du. Udal gobernuak eskaera hori artatu du “Bizikletentzako sare nagusia” partida sortzeko proposatzeko zuzenketa baten bidez, eta 100.000 euro berezi dira horretarako.

Gizarte Kontseiluak aintzat hartu du bere txostenean herritarrengandik jasotako eskakizun gehiago, esaterako Lakua-Arriagakoa, autokarabanentzako aparkalekuaren ondorioz galdutako aparkaleku-kopurua berreskuratzekoa, auzoan bertan beste aparkaleku bat eginda. Horretarako, Urtaran gobernuak 150.000 euroko partida bat gehitu du Lakua-Arriaga auzoko aparkalekuak zaharberritzeko.

“Zenbait bide baliatuz, funtsezkoa da herritarren parte-hartzea udal-aurrekontua diseinatzerakoan. Azken urteetan ikusi dugu nola hazi diren Gasteiz Hobetuz eta antzeko zenbait programa, baina bizilagunen eskariekiko arreta ez da horretara mugatzen, eta zuzenketa hauek horren isla dira”, aipatu du Gorka Urtaran alkateak.

 

 

Share

Gao Lacho Dromekin eta Elizabarrutiko Caritasekin hitzarmenak izenpetzea onetsi da, bi inklusio-programa gauzatzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak Gao Lacho Drom eta Caritas Diocesana elkarteekin hitzarmenak sinatzea onartu du gaur, gizarteratzeko bi programa garatzeko: bata ijitoen kolektiboko pertsonentzat, eta bestea udaleko gizarte zerbitzuek artatutako pertsonentzat.

Lehenengo hitzarmenak 60.756 euroko zuzkidura du eta ijitoen komunitateko pertsona, familia eta taldeei inklusio-prozesuetan laguntzea eta jarraipena egitea du xede Emakumeengan jartzen du arreta, bereziki, eta trebetasun pertsonak, sozialak eta laneratu aurrekoak lantzen dira. Horretaz gain, udalarekiko koordinazioa ere hobetu egiten da “ tratu txar eta genero-indarkeria egoerei hobeto heltzeko”.

Antonio Machado kaleko udal lagapeneko lokal baten irisgarritasuna hobetzeko obrak egitea ere jasotzen du hitzarmenak.

Elizbarrutiko Caritas

Elizbarrutiko Caritasekiko hitzarmenari dagokionez, honek enplegu bidezko inklusio-proiektu bat garatzea ahalbidetzen du, gizarte zerbitzuetan artatutako 10 pertsonak lan aurreko lantegietan zein lantegi okupazionaletan parte hartuta.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 72.000 euro jarriko ditu bekadun prestakuntzako proiektu hau egiteko.

Share