Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2019-12-24)

Olentzero eta Mari Domingiren harrera Gasteizko haurrei.

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran, alkatea, eta Estíbaliz Canto, Kultura zinegotzia.

Eguna: abenduak 24, asteartea.

Ordutegia: 10.00.

Oharra: Olentzerok eta Mari Domingik bakarrik 9.15etik 9.45era erantzungo diete komunikabideei.

Lekua: udaletxeko harrera-aretoa.

——————————————————-

– Florida parkeko jaiotzaren bedeinkapena

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran, alkatea; Gasteizko gotzaina, Juan Carlos Elizalde, eta udal korporazioko talde politikoen ordezkariak.

Eguna: abenduak 24, asteartea.

Ordutegia: 13.00.

Lekua: jaiotzako misterioaren haitzuloa

———————————————————-

– Olentzero eta Mari Domingiren desfilea eta agurra udaletxeko balkoitik

Parte-hartzaileak: Estíbaliz Canto, Kultura zinegotzia.

Eguna: abenduak 24, asteartea.

Ordutegia: 18.00etan hasiko da desfilea; agurra 19.00 aldera izango da.

Lekua: Legutianoko atea (Iparralde gizarte etxea), Bilbo plaza, Frantzia kalea, Bakea kalea, Olagibel kalea, Agirre Lehendakariaren kalea eta Espainia plaza.

 

Share

Gizonezko bat atxilotu dute bost neskari ukituak egiteagatik, izotz-pistan patinatzen zebiltzan bitartean

Udaltzaingoaren Agenteek 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, 5 neskari ukituak egiteagatik, Andre Mari Zuriaren plazako izotz-pistan patinatzen zebiltzan bitartean.

Gertaera horiek 19ak aldera izan ziren. Barruti horretako arduradunek deitu zioten Udaltzaingoari, instalazioko erabiltzaile gizonezko bat atxikita zeukatela esateko. Biktimek, 4 adingabek eta 20 urteko neska gazte batek, udaltzainei egiaztatu zieten gizonezko horrek beren borondatearen aurka ukituak egin zizkiela patinatzen zebiltzan bitartean, eta ondorioz, atxilotu egin zuten. Gaur goizean epailearen esku geratu da.

Beste jarduera batzuk

Udaltzaingoaren Agenteek 22, 25 eta 50 urteko 3 gizonezko atxilotu dituzte asteburu honetan, agintaritza-agenteen aurkako desobedientzia eta atentatuaren delituen ustezko egileak direlakoan. Izapideak bete ondoren, denak aske geratu ziren.

Abenduaren 20az geroztik –ostirala– 45 trafiko-istripu erregistratu dira, eta guztira, 9 pertsona zauritu dira horietan, nahiz eta 3 bakarrik eraman behar izan dituzten ospitalera.

Beste alde batetik, Udaltzaingoa 7 gidari ikertzen ari da, bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik. Horrez gain, 3 pertsonak positibo eman zuten berrogeita hamar gidari inguruk egin behar izan dituzten prebentziozko 4 alkoholemia-kontroletan.

Share

Alkateak herritarrei eguberriak zoriondu dizkie, BetiONen bitartez

EUDELen elkarteburu eta Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek BetiON Telelaguntza Zerbitzuko call centerrean hartu du parte, gaur goizean, Erandioko eta Portugaleteko alkate eta EUDELen Batzorde Eragilearen kide Aitziber Olibánekin eta Mikel Torresekin batera, bai eta beste alkateekin batera ere: Arrigorriaga, Maite Ibarra, Barakaldo, Amaia del Campo, Bilbao, Juan Mari Aburto, Elorrio, Idoia Buruaga, eta Laudio, Ander Añibarro.

11:00etatik aurrera, BetiONeko teleoperadoreekin aritu dira alkateak lanean, eta, hala, erabiltzaileen deiei erantzun diete. Bide batez, unea aprobetxatu dute beren udalerrietako herritar nagusiei Gabon zoriontsuak opatzeko. Euskadiko udalek pertsona nagusien segurtasunarekiko, ongizatearekiko eta bizi-kalitatearekiko konpromisoa dute.

Gorka Urtaranek zahartzearen erronka aipatu du, bai eta belaunaldien arteko elkarbizitza ere; azken horren harira, hau esan du: “Gizarte osoari dagokion erronka da. Bakartasuna arazoa da eta horri aurre egiteko, ikusgarritasun handiagoa eman behar zaio”. Alkate eta elkarteburuak zera baloratu du: “gertuen dagoen inguruko laguntza-sarea, hau da, instituzioetatik, gizarte-erakundeetatik eta herritarrengandik beraiengandik, bakarrik bizi direnei laguntza emateko”. Ildo horretatik, Urtaranek azaldu du udalek “enbaxadoreak” izan behar dutela, bai eta “BetiON zerbitzura sartzeko atea” ere.

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru duten eta Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak antolatutako Jardunaldi Irekietan egin da ekintza hori. Jardunaldian, EAEko hainbat udalerritako adineko 15 pertsonek osatutako talde baten anfitrioi gisa jardun du sailburu Beatriz Artolazabalek; hain zuzen ere, gonbidapena egin zaie pertsona horiei, Bilboko San Inazio auzoko Aragoi kalean dauden BetiONen instalazioak ezagutu ditzaten.

Lehendakariak eta agintariek pertsona horiek zoriondu dituzte, eta, gainera, zerbitzuak 2020. urteari begira izango dituen berrikuntzak ezagutu dituzten lehenengoak izan dira aipatutako erabiltzaileak.

 

 

 

Share

Gasteizko zenbait gazte banakako sorkuntzarako Gazte Arte lantegiak egiten hasiko dira bihar, Montehermoson

 

Irabazleek egindako lanak agerian jartzeko taldeko erakusketa batean ere hartuko dute parte, 2020ko otsailean

 

 

 

 

Bihar, abenduak 24,  2019ko Gazte Arte lantegiak inauguratuko dira Montehermoso kulturuneko ur biltegian, 11:00etan.

Artista irabazleek banakako sortze prozesu bati ekingo diote arte plastikoetan espezialista Ibon Sáenz de Olazagoitia artistaren laguntza eta esperientziarekin, bertaratzen den publikoaren aurrean.

Abenduaren 24tik 29ra arte egingo dute lan Montehermoson. 24an eta 29an, goizez (11:00-14:00) eta 26, 27 eta 28an, goiz eta arratsaldez (18:00-21:00).

 Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren funtsezko helburuetako bat da Gasteizko gazteen sormena sustatzea.  Erronka hori argi eta garbi jasota dago Udalaren IV. Gazte Planean,  sorkuntza ildoaren baitan: “Gazteak, hiriko agente aktibo eta sortzaileak”.

Testuinguru horren barruan sartzen da “Gazte Arte” programa, 14 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendua, ikusizko arteen alorrean sortzeko espazioak sustatu eta eratzeko asmoz.

Hiru etapak osatzen dute Gazte Arte: proiektu irabazleak aukeratzea; gazteen sorkuntzarako lantegiak, zuzeneko tutoretzaz, eta lantegi horietan irabazleek landutako lanen taldeko erakusketa.

 2019ko Gazte Arte lehiaketan Adriana Fariñas, Alba Tojo, Ibai Cobo, June Almarza eta Aroa Arrizubieta saritu dituzte.

Zehazki, sari hauek jasoko dituzte:

– 500 euro.

– Gazte Arte lantegietan parte hartzea, abenduaren 24tik 29ra, Montehermoson.

– Lanak aurkezteko talde erakusketan parte hartzea, 2020ko otsailean.

JUNE ALMARZA ETA AROA ARRIZUBIETA (“Bizidunalizazioa”): Diziplina anitzeko “Work in progress”. Hainbat osagairen argazkiak oinarritzat hartuz, haien esperimentazioaren objektu izatea onartzen duten pertsonen erretratu subjektiboa egingo dute. Argazkia, marrazketa, pintura, collagea eta poesia euskaraz uztartuko ditu esperimentazio plastiko horrek. Amaieran, bi artista gazteek sorkuntza-prozesuan bizi izandakoa adierazteko olerki bat irakurriko dute, argiz eta musikaz lagunduta.

ADRIANA FARIÑAS  (“Yo, espejo”): Adrianak argazkiak egingo dizkie beren burua eskaintzen duten boluntarioei. Hurbiltzen zaion pertsonak iradokitzen dionari jarraituz, eraldatu egingo du, zenbait elementu baliatuz (makillajeak, osagarriak, maskarak…). Ondoren, erretratuak egingo dizkie ur biltegian bertan egokitutako argazkigintza estudio batean. Egin ahala erakutsiko ditu erretratuak, publikoak ikus ditzan.

ALBA TOJO RICO (“Irudipean”): Albak estanpazio koloretsuen multzo bat egingo du, zenbait baliabide grafiko erabiliz. Metakrilatoaren gainean punta lehorraren teknika baliatuz erretratu eta figura batzuen oinarria marraztuko du, eta ondoren tinta zabalduko du zuzenean xaflaren gainean. Marrazketa eta kolorea. Figurazioaren eta abstrakzioaren arteko mugan daude lanak.

IBAI COBO (“La energía desde la materia”): argazkigintza analogikoak eta errebelatzeko teknika tradizionalek artistari abstrakzioarekin esperimentatzeko eskaintzen dizkioten aukerak ustiatu nahi dira proiektuan. Ibaik argazkiak mundu materiala argi irudikatu behar duelako ideia barneratua alde batera utzi eta sortzeko baliatzen du laborategia. Argia eta argazki-papera: objektuak, itzalak, testurak, zoria… errebelatu eta finkatu. Zuria eta beltza. Bisitariek sorkuntza-prozesu osoa behatu ahalko dute.

Gazte Arte lantegietan egindako lanak taldeko erakusketa batean jarriko dira jendaurrean, Montehermoson, 2020ko otsailean.

Hala lantegiek nola erakusketak artista gazteen lana Gasteizko herritarren aurrean ikusarazi eta nabarmentzeko balioko dute.

 

 

 

 

Share

IGIk jarduera ugari antolatu ditu negurako, natur ingurunea era didaktikoan ezagutarazteko

 

Abenduaren 26tik aurrera eman dezakezu izena IGIk negurako antolatu dituen 93 jardueretako batean, internetez, 010 telefonoan, Atarian edo gizarte etxeetan

Berritasun gisa, “Gaueko harrapariak identifikatu eta behatzea” ikastaroa antolatu da otsailaren 8an (larunbata), “100&CIA para Vitoria-Gasteiz” herritarren zientziako programaren barruan

                                        

IGIk 93 jarduera prestatu ditu negurako, zeinak Gasteizko Udalak Eraztun Berdean dituen ingurumen ekipamenduetan garatuko baitira. IGIren lehendakari eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik “Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak egiten duen zabalkunde eta kontzientziazio lana” nabarmendu du, eta “herritar guztiengana iristeko egiten duen ahalegina, programazio beti fresko eta interesgarri baten bidez“.

Beste batzuetan bezala, herritarrek “European Wildlife Photographer of the Year” erakusketa ikusiz eman diezaiokete ongietorria urte berriari; Atarian jarriko dute GDT-Gesellschaft Deutscher Tierfotografen elkarteak (Alemaniako Natura Argazkilarien Elkartea) antolatzen duen erakusketa. Erakusketa txundigarri horrek atzetik argiztatutako 84 irudi biltzen ditu: horien bidez, bidaia liluragarria egin ahalko dugu ezin irudikatuzko natur espazio eta ekosistemetan barrena, eta naturaren ikuspegi ezohikoak eta askotan apartekoak ezagutu.

Ekipamendu horretan beste bi erakusketa jarriko dira, aipatutakoaren maila berekoak. Lehena, “Basoa gara” izenburukoa, Pilar Aguado artistarena; atzera begirakoa ez bada ere, haren ibilbidean egindako lan ugari biltzen ditu. Bigarrena, Mario Cea natura-argazkilariaren erakusketa, “Iragankorra” izenburua duena. Naturan gertatzen diren eta gehienetan gure begientzat ikusezin diren une bakanak erakusten dizkigu.

Berritasun gisa, “Gaueko harrapariak identifikatu eta behatzea” ikastaroa nabarmendu beharra dago, FECYTrekin batera antolatua “100&CIA para Vitoria-Gasteiz” herritarren zientziako programaren barruan, baita lepidopteroen kontserbazioari buruzko jardunaldi teknikoak ere, eguneko zein gaueko tximeleten alorreko zientifiko eta espezialista ugari erakarriko dituena.

Hitzaldien barruan, IGIk berotze globalari erreparatuko dio, eta bi espezialista gonbidatu ditu krisi klimatikoaz hitz egin diezaguten: David González, Sustraiak enpresakoa, eta José Luis Yela, Gaztela-Mantxako Unibertsitatekoa. Hezeguneen Mundu Egunaren karietara, berriz, SEO/BirdLife-ren Kantabriako lurralde ordezkariaren hitzaldia antolatu da. Felipe Gonzálezek Astilleroko Udalaren ecoASTILLERO XXI ekimena aurkeztuko digu, zeinak kalitateko etorkizun baterako gako diren osagaiak integratzen ditu: kontserbazioa, hiri-biodibertsitatea, habitata leheneratzea, gizarte-kohesioa, laneratzea eta erabilera publikoa.

Agendak berrikuntza gehiago ere badakar: 2020ko Hezeguneen Mundu Eguna ospatzeko ginkana, ekosistema horien kontserbazioarekin lotutako jolasa gazteenentzat;  udalerrian bizi diren okilak behatzeko irteera; Iris gramnea eta Digitalis lutearen landaketa herrikoia Olarizuko lorategi botanikoko bildumetan, eta leize batean barneratzeko aukera harpeetako tximeletak behatzeko, bertan igarotzen baitute negua.

Natur ibilbideei dagokienez, gaueko espezie berezienetako bat (urubi arrunta) ezagutzeko aukera emango digu IGIK berriro ere, edo hegaztiak ingelesez behatzeko; lehen jarduera familia osoarentzat da, eta bigarrena, 14 urtetik gorakoentzat. Baso-igel jauzkaria, gure ingurunean mehatxatuen dagoen anfibioa, negu betean ugaltzen da, beraz, Salburuko hezeguneetan zenbait ibilbide eskainiko ditugu horrekin lotuta.

Beste bi jarduera ere jasotzen ditu agendak: batetik, Ingurumeneko Zinemaren Nazioarteko Jaialdia (SUNCINE-FICMA), zeina Aldabeko gizarte etxean egingo baita, otsailaren 4tik 20ra bitarteko astearte eta ostegunetan; bestetik, Euskadiko Hazien Sareak Olarizun antolatutako ateak zabaltzeko bi jardunaldiak, zeinetan Euskal Herriko antzinako barietateen fruta-arbolak eta haziak banatuko baitira.

 

Share

Ostegunean, abenduak 26, Haur Ikuskizunen XVI. Erakustaldia hasiko da Mendizorrotzean

Dubbi Kids

Ostegunean, abenduak 26, Gasteizko Haur Ikuskizunen XVI. Erakustaldia hasiko da. Mendizorrotzeko kiroldegiak milaka haur hartuko ditu, zeinek beren pertsonaia gogokoenen abenturez gozatu ahalko baitute urtarrilaren 2ra arte. Aurtengo Eguberrietan, Gasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuak kalitateko hiru ikuskizun antolatu ditu, eta bost emanaldi orotara.

Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Cantok hitzordu horietaz baliatzera gonbidatu ditu familiak. “Etxeko txikienentzat bereziki pentsatutako ikuskizunak dira, eta arrakasta handia izan ohi dute urtero. Nire sailak maitasun handiz prestatzen du zikloa. Aurten, musika, dantza, antzerkia, pailazoak eta beste nahasten dituzten hiru proposamen aukeratu ditugu: osagai horiek une ahaztezinak igaroaraziko dizkiete haur zein helduei, zalantzarik gabe”.

Ostegunean, hilak 26, Dubbi Kids taldeak ‘Dubbi Kids Happy Live Tour’ ikuskizuna eskainiko du, arratsaldeko sei eta erdietan. Show dibertigarri eta jostaria da, zuzeneko musika eta ahotsekin. Amets-fabrika erraldoi bat, non istorio harrigarriak eta abesti dibertigarriak sortzen baitira.

Larunbatean, abenduak 28, ‘Go!azen’ iritsiko da. Itzuli da berriro uda, eta Basakabik ateak irekiko ditu beste behin ere, baina aurten aldaketak izan dira zuzendaritza taldean, eta ikasle berriak iritsiko dira… Bi saio izango dira, eguerdian eta arratsaldeko sei eta erdietan.

Urtarrilaren 2an, azkenik, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek lan berria estreinatuko dute Gasteizen: ‘Bizi dantza’. Alegia baten kutsua duen istorioa, clowna, kantua, dantza eta poza uztartuz balio eraikitzaileak partekatzeko. Eguerdian eta arratsaldeko sei eta erdietan.

Sarrerak salgai

Abenduaren 9an jarri ziren salgai Haur Ikuskizunen Erakustaldirako sarrerak, eta oraindik bada sarrerarik zenbait saiotarako. Sarrera bakoitzak 5 euro balio du, baina ikuskizun eta saio berbererako 4 sarrera erosita, 18 euro balio du multzoak.

Astelehenetik larunbatera bitartean eros daitezke, Gasteizko El Corte Inglés-en, Internetez, www.elcorteingles.es web-orrian edo 902 400 222 telefonoan. Gainera, ikuskizunaren egunean bertan Mendizorrotzeko kiroldegiko leihatilan erosi ahalko dira sarrerak, ikuskizuna hasi baino bi ordu lehenagotik, soilik emanaldi horretarako eta  dirutan ordainduta.

Share

Larrialdietarako Arabako Funtsak Siriako Kurdistanera 30.000 euro bidaltzea onetsi du, Turkiarekiko gatazkak lekuz aldatutako populazioari laguntzeko

Horri esker, janariak, botikak eta neguko janariak bidaliko dira Qamishli hirira, Mugarik gabeko Musikari Solidarioak elkartearen bitartez

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak Larrialdietarako Arabako Funtseko 30.000 euro jarriko dituzte Qamishli hirira (Siriako Kurdistanen) bidaltzeko eta horrela Turkia urritik egiten ari den erasoek lekuz aldatzera behartutako populazioari laguntzeko.

Turkiarekiko mugatik lau kilometrora dago Qamishli. Joan den urriaren 9an, Turkiako armada ingurua bonbardatzen hasi zen, eta lurreko erasoari ekin zion. Horren ondorioz, erasoaren lehen astean 160.000 pertsonak baino gehiagok alde egin behar izan zuten Siriako iparraldean. Milaka pertsonal ihes egin behar izan dute Siriako ipar-ekialdeko hiri nagusietatik, eta indar turkiarrek helburu zibilei eraso egiten jarraitu dute. Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren Bulegoak jakinarazi zuenez, zibilak (emakumeak eta haurrak barne) hil zituzten hasierako egunetatik.

Mugarik gabeko Musikari Solidarioak elkarteak laguntza eskatu zion Larrialdietarako Arabako Funtsari, Qamishli-ra janariak, botikak eta neguko janariak bidaltzearren.

Elkarte horrek bultzaturik, 2018an musika tresnak dohaintzan emateko kanpaina arrakastatsua egin zen Luis Aranburu musika eskolarekin eta berrogeita hamar herritarrekin batera, eta eskolan tresnen bankua sortu zen horren haritik. Gani Mirzo musikari siriarrarekiko lankidetzan, Qamishli hiriko ikasleei helarazi zitzaizkien instrumentuak. Oraingoan, Mugarik gabeko Musikari Solidarioak elkartea giza larrialdiko materiala helarazten saiatuko da, Larrialdietarako Arabako Funtsak onetsitako laguntza baliatuz.

Share

Udalbatzak 2020rako aurrekontua onetsi du

Udalbatzak EAJ-PNV, PSE-EE eta Elkarrekin-en arteko akordio politikoa berretsi du, eta Gasteizek 2020an aurrekontua izatea ahalbidetuko du horrek. Zuzenketen bidez erantsitako azken aldaketak kontuan hartuta, datorren urterako gastuen proiektua 393,1 milioi euroraino iritsiko da (udal sozietate eta enpresen aurrekontuak kanpo utzita). Gaur hasierako onespena eman ondoren, partikularrek alegazioak aurkezteko epea irekiko da abenduaren 30etik urtarrilaren 21era arte, eta 2020ko urtarrilaren 28an indarrean jartzea aurreikusi da.

Aurrekontu akordioari esker 2020ko aurrekontuaren bi ildo estrategiko indartu dira: kalitateko zerbitzu publikoen aldeko apustua, kutsu sozial handia duelarik, eta Gasteizek ekonomia berdearen alorrean duen erreferentziazko lekuarekin lotutako proiektuetan aurrera egitea. Horretarako, Elkarrekin taldearen zuzenketak —3 milioi eurotik gorakoak— gehitu zaizkio gobernu taldeak proposatu zuen proiektu ekonomikoari.

Besteak beste, auzoak birgaitzeko inbertsioak milioi erdi bat euro hazi dira. Larragorri parkea abian jartzeko behar diren lurzoruak desjabetzeko zuzkidura ere milioi erdi handitu da; Eraztun Berdea hegoaldetik ixteko balioko du horrek. Abetxukuko ekimen etxeari eta ikastetxeetako obrei dagozkien inbertsioak ere handituko dira, 700.000 euroan. Orobat, zuzkidura berriak sortu dira, edo zeudenak handitu, alor hauetarako: trantsizio ekologikoa, politikak feministak, gizarte arreta, dibertsitate sexualerako agenda eta abar.

Gizarte Kontseiluak parte hartzeko kanalak baliatuz egindako proposamenak ere bere egin ditu Urtaranen gobernuak zuzenketen tramitean. Horien artean mugikortasun iraunkorraren alorrekoak nabarmentzen dira: 150.000 euro Salburuko eta Zabalganeko superetxadietan trafikoa lasaitzeko, eta 100.000 euro bizikletentzako sarea hobetzeko.

Aurrekontuko zenbaki handienek, berriz, herritarrengandik hurbilen dauden zerbitzuetarako partidak hobetzea dute helburu: garbiketa, segurtasuna, auzoetako obrak, berdeguneak eta garraio publikoa. Era berean, datorren urterako kontuek agintaldiko proiektu handiak abian jartzeko zuzkidura ekonomikoa jasotzen dute: Gasteiz Antzokia, Terrorismoaren Biktimen Oroitzapenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko lanen bigarren fasea, Mendizorrotza handitzea, autobus elektriko adimentsua, tranbiaren sarea luzatzea, Principal antzokia eraberritzea, eta entzunareto berria, besteak beste.

 

Share