Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2019-12-20)

Radio Marca sariak banatzea

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopez

Eguna. Ostirala, abenduak 20

Ordua. 19:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia

————————————–

Visual Sariak banatzeko ekitaldia

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, abenduak 20

Ordua. 21:00

Tokia. Canciller Ayala hotela

 

Share

Txakurrekin modu seguruan paseatzeko gomendioak eman ditu Gasteizko Udalak

Txakurrarekin paseatzea gauza segurua eta onuragarria izan dadin txakurrentzat nahiz pertsonentzat, gomendio sorta bat kaleratu du Gasteizko Udalak, Osasun Publikoaren Zerbitzuaren bitartez. Arabako Albaitarien Elkargoaren laguntzarekin landu dira aholkuak, eta funtsezko xede bat dute, paseoa animalien beharrei erantzuteko balioko duen denbora-tartea izatea.

“Oinarrizko premietatik harago, garrantzitsua da paseoa animaliaren ariketa fisikorako eta jolaserako. Gainera, beste txakur batzuekin nahiz pertsonekin jartzen da harremanetan txakurra denbora horretan, eta hori ere kontuan izan behar da. Hartara, harreman horietara ohitzen da txakurra, eta ingurura moldatzen”, azpimarratu du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopezek.

Helburu garrantzitsu bat gehitzen zaie alderdi onuragarri horiei: segurtasunarena. “Intoxikazioak, gaixotasunak, harrapaketak eta gatazkak ekiditeko aukera emango diguten neurriak hartzea komeni da. Uhala erabiliz —beharrezkoa ez den lekuetan izan ezik—, identifikazio egokia baliatuz, hezteari denbora bat eskainiz edo txakur-kakak jasoz, paseo hori txakurrentzat nahiz pertsonentzat probetxagarriago izatea lortuko dugu”, gehitu du Livia Lópezek.

 

Horretarako, hauek dira gomendioak:

  • Lotuta eraman txakurra. Hartara, ezbeharrak ekidin daitezke, txakurra substantzia susmagarrietara hurbildu edo halakorik jan dezala saihestu, edo putzuetatik edan dezala, errepidera atera dadila korrika, inoren gainera igo dadila… Badira, hori bai, txakurrak uhalik gabe ibiltzeko propio prestatutako lekuak
  • Txiparekin identifikatu. Animalia galduz gero, edo ihes egiten badu, eta jabeaz beste inork albaitariarengana eramaten badu, hark jabea lokalizatu eta jakinaraz diezaioke, berehalakoan, REGIA datu-basea —Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorra— baliatuz.
  • Denbora bat eskaini txakurra hezteari, hezitzaile espezialista baten edo etologo baten kontseiluak aintzat hartuta. Hori da paseoek txakurrarekiko lotura sendotu dezaten egin daitekeen inbertsiorik onena. Profesional horiek laguntza eman dezakete, txakurrak uhaletik tira egiten badu, deitutakoan kasu egiten ez badu, beste txakur batzuekin edo pertsonekin harreman-arazoak baditu, ibilgailuei, zaratei edo ekaitzei beldur badie edo, besterik gabe, norberak eta txakurrak paseoarekin are gehiago gozatzea nahi izanez gero. Adoptatutako txakurrak hezteko saioak egiten ari da Gasteizko Udala. Abenduaren 21ean izango da hurrengoa.
  • Kakak jaso. Hartara, leku seguruagoak izango dira parkeak haurrentzat, eta espaloiak garbiago egongo dira, paseatzeko. Gogorarazi beharra dago parasito eta birus asko gorotzen bitartez transmititzen direla, eta urdail-hesteetako arazoengatik jo ohi dela maizenik albaitariarengana, txakurrarekin. Gorotzak jasotzen badira, osasuntsuago egongo dira bai txakurrak, bai haurrak.
  • Txakurrarentzako denbora da paseoa. Txakur batek paseatzeko behar duen denbora aldakorra izan daiteke, adinaren eta arrazaren arabera, baina zenbat eta hari zuzenduago egon, eraginkorragoa izango da, eta ezbehar gutxiago izango dira. Usaimen-jolasekin entrenatzeko baliatu daiteke denbora hori, edo, besterik gabe, txakurrari arrastoak bilatzen eta beste txakur batzuk agurtzen uzteko. Hobe da 20 minutuko paseo bat, berarentzat bakarrik, ezen ez ordubete ibiltzea presaka eta errekaduak egiten.

Berriki Zabalgana auzoan txakurrak pozoitzea mehatxatzen duten kartelak azaldu direla eta, Kirol eta Osasun zinegotziak erabat gaitzetsi ditu horrelako ekintzak. “Gorotzak jasotzeko eskatzen dugun modu berean, arau hori betetzen ez denean zigorra jartzen dugun modu berean, estu zaintzen dugu mehatxu oro, pozoitzeko ahalegin oro, guztiz gaitzesgarria baita hori”, adierazi du Livia Lópezek.

 

 

 

 

Share

Sexu-abusuaren ustezko delitua egotzi diote emakume bati

Sexu-abusuaren ustezko delitua egotzi diote 43 urteko emakume bati, gizonezko bati ukituak egiteagatik. Gertaera horiek joan den igandean izan ziren, 06:51ak aldera, dantzaleku batetik irtetean. Udaltzainek emakumea identifikatu eta jakinarazi zioten izapideak abiaraziko zizkiotela epaitegian.

Azkeneko 24 orduetan, 17 trafiko-istriputan esku hartu du Udaltzaingoak, eta horietan 2 pertsona zauritu dira.

 

Suhiltzaileak

Pertsiana elektriko baten akatsaren ondorioz, Santiago hiribideko establezimendu batean atera ezinik geratu ziren hiru pertsona sorotsi zituzten atzo Suhiltzaileek.

 

 

Share

Udalak Larrialdietarako Plana abiaraziko du, haize bortitzak egoteko arriskua dela eta

Udalak Larrialdietarako Plana aktibatuko du arratsaldeko lehen orduan, larrialdi aurreko fasean, 15:00etatik 24:00etara arte alerta laranja jo baita 90-100 km-raino hel daitezkeen haize-bolada bortitzengatik. Gauerditik aurrera indarra galduko du haizeak, baina alerta horia mantenduko da.

Hori dela kausa, baliteke Udaltzaingoak parkeak, lorategiak eta zuhaiztiak ixtea, adar edo zuhaitzik erortzen bada ere.

Alerta laranja aktibatzearekin batera, Herritarren Segurtasunaren Sailak zenbait neurri hartzeko gomendatu du.

 

HERRITARRENTZAKO GOMENDIOAK

  • Ez joan parke publikoetara, bereziki Salburuko aintziren ingurura.
  • Ateak, leihoak eta eguzki-oihalak itxi eta finkatu.
  • Ken itzazu loreontziak eta kalera eror daitezkeen objektuak.
  • Kanpoaldean bazaude, aldendu erlaitz, murru, zuhaitz eta publizitate hesietatik, eta kontuz ibili eraikitzen ari diren zein hondatuta dauden eraikinen aurretik igarotzean.
  • Deitu 112 telefonora arrisku egoerarik antzemanez gero.
  • Saia zaitez errepidez ez bidaiatzen, eta eginez gero kontu handiz ibili.

 

OBRETARAKO GOMENDIO BEREZIAK

  • Aldamioak, garabiak eta bestelako elementuak finkatu.
  • Garabiak finkatuta eta haize-orratz kokapenean daudela egiaztatu.
  • Aldamioetan aske dauden elementuak kendu.

 

 

Share

Gasteizko Udalak “berdez” zorionduko ditu Gabonak

Berdea kolore protagonista izango da aurten Gasteizko Udalak Eguberrietarako prestatu duen zorion-agurra, zein, azken urteetan bezala, ikus-entzunezko formatuan egina baita. Bertan, Gabonetan ohiko diren irudi eta pertsonaiak agertzen dira, berdez tindatuta: kandelak, Belengo izarra, opariak, apaingarriak, Mari Domingi, Olentzero… Eta mezu honek laguntzen die: “Aurten Gabonak askoz berdeago izango dira”.

Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, zorion-agurrak Gasteiz Global Green City izendapenaren berri jasotzen du, eta hiriak Garapen Iraunkorreko Helburuekiko duen konpromisoa islatzen; izan ere, Ingurumenarekiko engaiamenduak nabarmendu du aurtengoa, mugarri izan direlarik, besteak beste, Gasteizen presentzia Madrileko Klimaren Gailurrean, eta “Vitoria-Gasteiz Green Deal” delakoaren aurkezpena.

3D formatuko irudiak modelatu eta animatzearen teknika baliatuz, Gabonetako zorion-agurrak kolore nagusi jakin bat nabarmentzen duten ikus-kanpainen bidetik egina da. Sare sozialez gain, TUVISAko autobusetan, gizarte-etxeetan eta Antso Jakitunaren kaleko pantaila erraldoiaren bitartez zabalduko da zorion-agurra. Baita Udalaren web-orrian ere.

INFORMAZIO GEHIAGO: Gasteizko Udaren Eguberrietako zorion-agurra

 

Share

Magnet-Erakarri proiektuaren lehen urratsak aurkeztuko dituzte gaur Barrutia ikastolak eta Artiumek

“Euskara ardatz, artea bide” lelopean, ikastetxe publikoaren curriculuma osatu eta erakargarriago egiteko pentsatutako jarduerak antolatu dituzte

Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok —Hezkuntza sailburu Cristina Uriarterekin, Maite Alonso sailburuordearekin eta Beatriz Herráez zuzendariarekin batera— Gasteizko Pedro Ignacio Barrutia ikastetxe publikoa bisitatu du gaur goizean. Izan ere, 2019-2020 ikasturte honetan, Hezkuntza Sailak bultzatutako Magnet-Erakarri programan murgildu da ikastetxe hori.

Ikastetxeko zuzendaritza-taldearen eskutik, ikasturte honen hasieratik programa horren barruan ikastetxea egiten ari den lana eta hezkuntza-jarduerak ezagutu ahal izan dituzte. Hezkuntza proiektu berritzailea eta erakargarria da, eta artea da curriculuma garatzeko oinarrietako bat. Izan ere, Barrutia zentro publikoa izen handiko erakunde batekin elkarlanean, Artium Museoarekin, ari da garatzen ekimen hau, baliabideak zein helburuak partekatuz.

“Euskara ardatz, artea bide” goiburuarekin, ikastetxeak eta museoak elkarlanean dihardute zenbait jarduera garatzen, betiere artearen, sormen-baliabide hau irakaskuntzarako tresna metodologikotzat hartuta. Hauek dira helburuak: alde batetik, hezkuntza-proiektu erakargarri bat diseinatzea, ikastetxea bere ingurunerako erreferente izan dadin, eta, bestetik, ikasleen emaitzak etengabe hobetzea, beren eremu sozialean, pertsonalean eta akademikoan pertsona trebe eta jantziak izan daitezen.

Bisita bukatutakoan, Barrutia ikastetxeko esperientzia hori ezagutu ondoren, zinegotziak nabarmendu du Magnet-Erakarri “proiektu berritzailea dela, zeharkakoa, kalitatekoa eta erakargarria, atxikitako ikastetxeak dauden auzoko erreferentzia bihurtzen dituena. Izan ere, ikasleen arrakasta ekonomikoa ez da sortzen ikasgeletako irakaskuntzaren kalitatetik bakarri, ezpada ikasleak sarbide duen gertuko hezkuntza-ehunetik. Orobat adierazi du zinegotziak: “benetako aukera-berdintasuna hau bezalako ekintzen bitartez bakarri da posible, eta kalitateko eskola publikoaren defentsa dela medio.”

Artea bide

Barrutia ikastetxe publikoan martxan jarritako esperientzia berritzailea irailean hasi zen lehen pausoak ematen, ikasturtea hastearekin batera. Orain arte egindako jardueren artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Ikasturte hasieratik Gorputzaldiak izeneko esperientzia lantzen ari dira adin guztietako ikasleekin. Jolasaren, musikaren eta gorputz-adierazpenaren bidez, hainbat balio lantzen dituzte haurrek, hala nola, enpatia, konfiantza edo sentsibilitatea.
  • Hitzen tailerra: Nerea Lekuona artistarekin “hitzen tailerra” egin dute. Hitz bakar batekin, desio bat edo eskolan gehien gustatzen zaiena adierazi zezatela eskatu zitzaien ikasleei. Horretarako, aldez aurretik, honako gai honi buruz hausnartu zuten: Nolakoa nahiko nuke izatea nire ikastola? Tailer honen emaitza, sarrera nagusian jarri diren banderolak dira. Maitasuna, lagunak, enpatiaedo errespetua hitzak agertu dira, besteak beste. Gurasoek ere berei zuzendutako hitzen tailer batean parte hartzeko aukera izan dute.
  • Jon Ander Sánchez Rexach eta Antton Goikoetxea musikarien laguntzarekin, ikasleek musika elektronikoarekin esperimentatzeko tailerrak egin dituzte, jarrera ireki eta esperimental batetik abiatuta, musika egiteko hainbat modu esploratzeko helburuarekin. Sintetizadore, erritmo-kutxa, mikrofono, bonbo eta danbor elektronikoen artean, ikasleek beren musika-lanak egin eta grabatu dituzte, taldean.
  • Jorge Moneo Quintana eta Ricardo del Conde zinemagileen laguntzarekin, “Ni, Gu, Hau, Islak” dokumental poetikoa sortu dute, taldekideen erretratu gisa. Dokumental hori egiteko, fotogramak eta filmak aztertu dituzte, entzumena eta begirada landu dituzte, ispiluetan giza gorputzaren islekin jolastu, azkenik norberaren eta lankideen erretratua den dokumental poetikoa osatzeko.

Gaur arratsaldean, Pedro Ignacio Barrutia Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak eta Artium Museoak elkarrekin garatzen ari diren hezkuntza-proiektua aurkeztuko diote hezkuntza-komunitateari, Gasteizko museoaren egoitzan egingo duten ekitaldi irekian.

 

 

 

 

 

 

Share

Udalak eta El Corte Inglés-ek akordioa itxi dute Santa Barbarako zamalanetarako nasa lurperatzeko

Santa Barbarako zamalanetarako nasa lurperatzeko proeiktua aurkeztu dute Gorka Urtaranek eta Enrique Casadok (1)

 

Bien artean 1,8 milioi eurotik gorako inbertsioa eginda, auzokoen eskaera historiko bati erantzungo zaio eta, aldi berean, inguruko bide segurtasuna eta erosotasuna hobetuko dira 

Saltoki handiak Azoka plazako gainerako operadoreekin partekatuko du espazioa, eta bi sotoetan egokituko zaizkio lekuak bere eraikinera sartzeko 

Esku-hartzeari esker, urtean 1.000 kamioi baino gehiago Santa Barbara plazako azaleratik ibiltzea eragotziko da

 

Gaur goizean, Gasteizko Udalak eta El Corte Inglés-ek akordioa itxi dute Santa Barbarako zamalanetarako nasa lurperatu ahal izateko. Alkate Gorka Urtaranek eta El Corte Inglés-en Euskadiko zuzendari Enrique Casadok ezagutarazi dituzte hitzarmenaren xehetasunak.

“Santa Barbara plazako zamalanen lurperatzea errealitatea da dagoeneko. Oso akordio ona lortu dugu Gasteizentzat, Santa Barbarako auzokoen eskaera historiko bati erantzuten baitio eta, aldi berean, inguruko bide segurtasuna eta erosotasuna hobetuko baitira“, azaldu du Gasteizko alkateak. Gorka Urtaranek El Corte Inglés-en “jarrera ona” azpimarratu du. “Haren ekarpen ekonomikoa ezinbestekoa da ikuspuntu tekniko, administratibo eta ekonomikotik bideragarria den irtenbideari ekiteko”.

Enrique Casadoren iritziz, berriz, “Udalarekin lotu dugun akordioa arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren beste arrakasta bat da, zalantzarik gabe, eta guztiontzat asebetegarria den proiektu bat mamitzea ahalbidetuko du”. Haren hitzetan, proiektua “estrategikoa da gure enpresarentzat, zamalanetarako instalazio eraginkorragoak izango ditugulako. Halaber, eta alderdi hori funtsezkoa da, auzokoen eskaerari erantzutea eta zaratak eta enbarazua eragoztea ahalbidetuko du”.

Santa Barbarako zamalanetarako nasa lurperatzeko proeiktua aurkeztu dute Gorka Urtaranek eta Enrique Casadok (2)

Hitzarmenean jasotakoaren arabera, Udalak eta El Corte Inglés-ek 1,8 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo dute nasa berritzeko eta saltoki handiak salgaiak aparkalekutik sartu ahal izan ditzan eraikinera. Zamalanetarako nasa berria -1 solairuan eraikiko da, eta espazioa partekatzeko aukera emango die El Corte Inglés-i eta azokaren eraikineko gainerako operadoreei. El Corte Inglés-ek 40 urterako jabari-emakida izango du.

Udalak 640 metro koadroko azalera utziko du libre txikizkarien azokako lehen sotoan, 116 metro koadro bigarren sotoan, eta 125 metro koadro Santa Barbarako aparkalekuko -2 solairuan, El Corte Inglés-en logistika operazioak lurpean egin daitezen. Udalak egingo du aurreikusitako obra zibila kontratatzeko lehiaketa, 1,3 milioi euroko aurrekontuarekin gehienez. Obra zibileko lan garrantzitsuenak aparkalekuko -2 sotoa eta saltoki handietako -2 sotoa lotzeko izango dira.

El Corte Inglés-ek, aldiz, ibilgailu eta salgaien pasabidea egokituko du, eta instalazio berriak egingo nasa berria erabili ahal izateko: itxiturak, jasogailuak eta beste. Enpresak milioi erdi inguru inbertituko du horretan.

Laburki, honetan datza pentsatutako irtenbide teknikoa: nasa berria prest dagoenean, El Corte Inglés-ek Santa Barbarako nasako dartsena batzuetan egingo ditu zamalanak. Lurpeko tunel batek eta karga-jasogailu berriek ahalbidetuko dute leku hori eta merkataritza guneko nasak lotzea. Nasako mendebaldeko zatia erabiliko da zamalanetarako. Nasa horretatik eramango da karga jasogailuetaraino —orain biltegi batek hartzen duen lekuan eraikiko dira—, iparralderantz doan alboko korridore batetik. Karga-jasogailuek salgaiak aparkalekuko -2 sotoko espaziora jaitsiko dituzte, zeina El Corte Inglés-eko lurpearekin lotuko baita.

Santa Barbarako zamalanetarako nasa lurperatzeko proeiktua aurkeztu dute Gorka Urtaranek eta Enrique Casadok (3)

Plana garatzeko epeei dagokienez, Udalak datorren ekitaldian lizitatuko du obra zibila (dagoeneko jaso da aurrekontuan). Esleitu ondoren, lanak gauzatzeko epea zortzi hilabetekoa izango dela kalkulatu da. Fase hori amaitutakoan, El Corte Inglés-ek ekingo dio proiektuan dagokion zatia egiteari, eta lanek hiru hilabete inguru irautea aurreikusi dute.

Lurpeko nasa erabiltzeaz gain, saltoki handiak eraikinera zero kotan sartzeko ordutegi-pasabidea izango du, logistika lanak egiteko. Salgaiak garraiatzeko ibilgailu arinek eta 3.500 kilora iristen ez diren furgonetek baino ezingo dute erabili.

 

 

 

 

Share

Azken sarrerak ‘Butaka txikia’ familia-ziklorako

 

Joan den abenduaren 14an jarri ziren salgai ‘Butaka txikia’ ziklorako sarrerak. Gasteizko Eguberrietako arte eszenikoen programazio horren bitartez, haur eta familientzako 8 lan eskainiko dira gizarte etxeetan, abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra arte.

Ikuskizun gehienetan agortu egin dira sarrerak dagoeneko, bitan izan ezik. Horietako bat Yarleku Teatro taldearen ‘Etxerik Txikiena’ lana da; Eva Azpilikueta aktoreak emakumezko aktore onenaren saria lortu zuen lan horrengatik 2019ko Haurrentzako Arte Eszenikoen Europar Azokan (FETEN).

“Ikuskizunak haur errefuxiatuek bizi duten behin-behinekotasun eta ziurgabetasun egoera jorratzen da: euren sorlekua utzi behar dute, nora joango diren jakin gabe. 2019ko abenduaren 28an (larunbata) ikusi ahalko da, Arriagako gizarte etxean”, jakinarazi du Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok. Lana euskaraz izango da, eta 6 urtetik gorakoei zuzenduta dago.

Beste lana Mimaia Teatro taldearen  ‘Peloloco’ da, urtarrilaren 3an  eskaintzekoa dena, Zabalganeko gizarte etxean. Ikatz-meategietan bizi da Peloloco. Umea da, baina jadanik badu meatzaritzaren lan gogorraren eta harrien zaporearen berri. Zinegotziak azaldu duenez, “ikatzak kanpoko mundua argiztatzen du, idealizatuta duen tokia, eta bertara ihes egitea amesten du, handik ilargiari begiratu ahal izateko“. Lana gaztelaniaz izango da, eta 6 urtetik gorakoei zuzenduta dago.

Sarrerak gizarte etxeetan eta udalaren web-orrian eros daitezke, 5 euroan.

 

 

 

 

 

 

Share