Prentsa Oharren banner

Alkateak ´Vitoria-Gasteiz Green Deal´plana partekatu du Al Gorerekin

Gorka Urtaranek plana jasotzen duen agiria eman dio, zeina ekonomia berdean, gizarte kohesioan eta natur ingurunearen babesean oinarritzen baita

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaran Madrilen izan da gaur, Klima aldaketari buruzko Gailurrean Estatu Batuetako lehendakariorde ohi eta 2007ko Bakearen Nobel sari Al Gorek “Konpon dezagun elkarrekin krisi klimatikoa” izenburupean eskaini duen hitzaldian; abenduaren 13ra arte iraungo du biltzarrak. Bide batez, Urtaranek “Vitoria-Gasteiz Green Deal” plana partekatu du Gorerekin. Oinarriak azaltzeaz gain, Nazio Batuek antolaturik egiten ari den COP25aren inaugurazioan aurkeztu zuen agiriaren ale bat eman dio.

 

 

The Climate Reality Proyect-ek —Al Gorek klima aldaketaren kontra sustatutako ekimena— eta Tierra Pura fundazioak antolatuta dute hitzaldia, krisi klimatikoak espainiar estatuan izango dituen ondorioak eta maila globalean ezar daitezkeen irtenbideak hizpide hartuta. Ekimen horiek zuzenean ezagutzeko asmoz joan da alkatea, Gasteizen garatzen ari diren eta gerora egin daitezkeen ekintzetan txertatzerik bada ere.

 

Bide batez, Gorka Urtaranek solasalditxo bat izan du Al Gorerekin, eta “Vitoria-Gasteiz Green Deal” planaren ale bat eman dio; hiriaren etorkizunerako plana ekonomia berdean, gizarte kohesioan eta natur ingurunearen babesean oinarritzen da.

 

“Gure ahaleginak hiri berdetik ekonomia berdera igarotzera zuzentzen ari gara. Vitoria-Gasteiz Green Deal planak hori lortzeko garatzen ditugun ekimenak bideratuko ditu. Planetak dituen erronkei aurre egiteko irtenbideak erakartzea da asmoa, gure hirian lekua izan bailezakete”, azaldu du alkateak. Hiriaren eredu ekonomiko eta sozial berrirako trantsizio “berdea”.

 

Hitzaldia amaitzean, Al Gorek eta alkateak minutu batzuetako elkarrizketa izan dute, eta alkateak txostena eman dio Al Goreri. Ameriketako Estatu Batuetako presidenteorde ohiak “Vitoria-Gasteiz Green Deal” dokumentuarekiko interesa agertu du, eta esan du interesez irakurriko duela, proiektu berri honetan hiriari zortea opa izateaz gain.

 

Share

Prentsa-deialdiak (2019-12-11)

‘Retos y posibles soluciones para la lucha contra el cambio climático en las ciudades, en diálogo con los jóvenes y con la sociedad civil’ COP25 Klima gailurrean parte hartzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkateorde eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregi

Eguna. Asteazkena, abenduak 11

Ordua. 10:00

Tokia. IFEMA (Madril)

————————————–

Haurrek Parte Hartzeko Euskadiko Kontseiluaren I. Topaketa

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Gizarte Politikak, Adinekoak eta Haurrak Saileko zinegotzi Jon Armentia; eta Euskadiko UNICEFeko presidente Isidro Elezgarai

Eguna. Asteazkena, abenduak 11

Ordua. 10:30

Tokia. Europa Biltzar Jauregia

——————————–

Prentsaurrekoa. ‘Katmandu’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Carmen Ruiz Corral, testua eta antzezlea; eta Maria Goiricelaya, zuzendaritza

Eguna. Asteazkena, abenduak 11

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

———————————–

Eguberrietako zuhaitz handia pizteko inaugurazio-ekitaldia

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; hala nola Gasteiz On erakundearen ordezkariak

Eguna. Asteazkena, abenduak 11

Ordua. 19:00

Tokia. Arka plaza

————————————–

Bizikidetzaren Behatokia aurkeztea

Parte hartzaileak. Bizikidetza zinegotzi Miren Fernandez de Landa

Eguna. Asteazkena, abenduak 11

Ordua. 19:00

Tokia. Goiuri jauregia, Martin de Salinas aretoa

Share

Gasteizko tranbia “estraluzeen” lehen unitatea aurkeztu du Euskotrenek

Agintariak tranbia estraluzearen aurkezpenean (1)

  • Tranbiaren erabilera handiari erantzuteko CAFek fabrikatuko dituen 7 unitateetatik lehena da
  • Unitate berria azaroaren amaieran iritsi zen Gasteizera, eta Euskotrenen Ibaiondoko kotxetegietan egokitzen eta probatzen ari dira, abenduaren 17an probak trazatuan has daitezen

  • Unitate berriek 7 modulu dituzte, gaur egungo 5 moduluen aldean, eta 44 metroko luzera, edukiera 400 erabiltzaileraino handitzeko

 

Euskotrenek, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuaren eskutik, Gasteizko tranbia-material mugikorreko tailerretan aurkeztu du Arabako hiriburuan ipiniko dituzten tranbia berri “estraluzeen” lehen unitatea. Ekitaldian, sailburuak ondoan izan ditu Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Imanol Leza Euskotreneko zuzendari nagusia eta Josu Imaz CAF taldeko Negozio eta Teknologia zuzendaria.

CAF ari da Gasteizko 7 tranbia berriak fabrikatzen Irungo lantegian, 25 milioi euroren truke. Unitate berri horiek 7 modulu dituzte, egungo 5 moduluen aldean, eta 44 metroko luzera dute, edukiera 400 erabiltzaileraino handitzeko aukera emanez. Martxan jarri zenetik etenik gabeko hazkundea izan du tranbia-zerbitzuak, eta Green Capitaleko mugikortasuneko hiri-garraioaren ardatz egituratzaile bihurtu da.

Trazadua handitzearekin batera, beharrezkoa izan da Euskotrenen tranbia‑zerbitzuak eskainitako plazak handitzea, batez ere berehala hegoaldera zabalduko delako eta puntako orduetan eta hiriko ekitaldi nagusietan egoten den eskari handiari erantzuteko.Lehen unitate hori une honetan Ibaiondoko Euskotrenen tailerrean dago, Gasteizen, eta martxan jarri aurreko proba estatikoak egiten ari dira, tranbiak trenbideetara sartzean modu seguruan zirkulatu ahal izango duela egiaztatzeko. Abenduaren 17ko gauean hasiko da ibilbidean zirkulatzen proba-fasean.

Tailerreko jarduerak, hala ere, ez du etenik izango, urtea amaitu baino lehen CAFek 600 serie berri horretako beste hiru unitate entregatuko baititu, zehazki, abenduaren 16an, 26an eta 30ean, eta horiek martxan jartzeko prozedura bera jarraitu beharko dute.

% 100 solairu baxuko ibilgailua, bertara erraz sartzeko modukoa

Tranbia “estraluzea” %100 solairu baxuko ibilgailua da, noranzko bikoitzekoa; 16 sarrera-ate izango ditu (8 alde bakoitzean), eta guztira 58 eserleku, gehi 6 eserleku tolesgarri (mugikortasun urriko pertsonentzako 4 guneetan daude). Tranbiaren azalera osoa altuera bakarrera dago, eta horrek modu errazean sartzeko aukera ematen die mugikortasun murriztua duten pertsonei, gurpildun aulkian edo haurtxoen orgatxoekin dabiltzan erabiltzaileei, esaterako.

Horri esker, tranbiaren erabiltzaileen eskari gero eta handiagoari erantzun ahal zaio; izan ere, puntako orduetan, tranbia erabat betetzen da. Behar horiei erantzuteko, zerbitzu bakoitzean plaza gehiago eskaintzea da aukerarik onena, eta, horri esker, hiriko trafikoarekin batera hobeto zirkula dezake eta hiriaren barne-funtzionamendua hobetu daiteke.

Maiztasunak handitzearen ordez, tranbien edukiera handitzea erabaki da; izan ere, 5 kotxetik 7ra igaroz gero, eskaria modu eraginkorrean arindu ahal izango litzateke, ohiko tranbien erabiltzaile-kopurua areagotu ahalko baita: 270 pertsona ordez, 7 kotxeko tranbia batek 400 pertsona garraiatu ahal izango ditu.

Agintariak tranbia estraluzearen aurkezpenean (2)

Ezaugarri teknikoen alderaketa:

Ezaugarri teknikoakUnitate berriakUnitate zaharrak
Modulu-kopurua75
Luzera guztira44.211 mm31.380 mm
Zabalera2.400 mm2.400 mm
Pisua (tara)52.970 kg41.000 kg
Gehieneko abiadura70 km/h70 km/h
Edukiera400 pertsona270 pertsona
Trenbidearen zabalera1.000 mm1.000 mm
Sarrera-ateen kopurua1612

Eusko Labeldun nazioarteko tranbiakCAFek tranbien linea propio bat garatu du, Urbos izenekoa, jada hiri ugaritan ezarri dutena, konpainiak nazioartean duen esperientzia zabalaren erakusgarri. Gasteizko etorkizuneko tranbiak ere konfigurazio horretakoak dira, baina ez da CAFek tranbia “estraluzeak” garatzen dituen lehen aldia. Hala, adibide gisa, Budapesten kasua dugu. 2014ko martxoan, CAFek lehen kontratua sinatu zuen BKKrekin (Budapesti Közlekedési Központ), Budapest hiriko garraioaz arduratzen den enpresarekin, 47 tranbia hornitzeko (5 moduluko 35 tranbia eta 9 moduluko 12 tranbia). Dagoeneko fabrikatu dituzte guztiak, eta zerbitzu komertziala eskaintzen dute, bidaiariekin.

  1. urtearen amaieran, bezeroak berriro jarri zuen konfiantza CAFen, eta bigarren eskaera bat egin zuen 26 tranbia fabrikatzeko (5 moduluko 21 tranbia eta 9 moduluko 5 tranbia). Tranbia horiek Irunen egiten ari dira, Gasteizko unitate berriekin batera.

Bederatzi moduluko tranbiak, 56 metroko luzera dutenak, 562 bidaiari garraiatzera irits daitezke, munduko luzeenetakoak izanik.

Geralekuak egokitzeaTranbiaren geralekuak unitate berrien ezaugarrietara egokitzeko lanekin jarraitzen du Euskal Trenbide Sareak. Gaur arte, Ibaiondo, Landaberde, Lakuabizkarra, Wellington, Txagorritxu, Euskal Herria, Intermodal, Forondako Atea, Gernikako Arbola, Arriaga, Artapadura, Kristo eta Angulemako geralekuetan amaitu dituzte lanak.

Kañabenta eta Antso Jakituna geralekuetako lanak exekuzioan daude, bietan obra zibila amaituta eta instalazioa falta delarik; Lovainan eta Hondurasen, berriz, obra zibila hasita dago dagoeneko. Azkenik, hurrengo egunetan Abetxuko, Europa eta Legebiltzarra geralekuetan hasiko dira lanak.

 

 

 

 

 

Share

Hasi dira Eguberrietako azoka jartzeko lanak; ostiralean irekiko da 35 saltokirekin

 

– Ekoizleak bi lekutan kokatuko dira berriz ere: Independentzia kalean eta Urrezko Zeledonen plazan.

 

– Etxolak itxiak eta korridore klimatizatuak izango dira, eta artisau-lanak, bitxiak, kosmetika eta zapiak eskainiko dira, besteak beste.

 

Eguberrietako Azoka jartzen hasi da Gasteizko Udala. Ostiralean irekiko dute, 12:00etan, eta 35 saltoki izango dira. Urtarrilaren 6ra arte izango da zabalik. Azokak iazko konfigurazioa izango du: iaz estreinatu ziren etxola klimatizatuak eta bi lekutako kokapena, Independentzia kalean eta Urrezko Zeledonen plazan. 2018ra arte Foru plazako karpa batean jarri zen.

Alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarriak adierazi duenez, “Eguberrietako Azoka jaietako gune erakargarrienetakoa izango da berriz ere. Ideia ona izan zen saltokien kokalekua aldatzea bezeroak erakartzeko, eta 2019an errepikatu egingo dugu. Etxolak kalearen mailan egongo dira, irisgarriagoak izango dira, eta korridore klimatizatua izango dute berriz ere. Azken batean, azoka erosoagoa eta irisgarriagoa izango da erosleentzat zein bertako langileentzat”.

Eguberrietako Azokako bisitariek produktu eskaintza handia aurkituko dute, kosmetika naturala, musika tresnen kopiak, larruzko eskulanak, zilarrezko bitxiak eta harri erdi-bitxiak, Indiako sariak birziklatutako egindako zapiak, apaingarriak eta haurrentzako jostailuak, besteak beste.

 10:30etik 14:30era eta 17:00etatik 21:30era egongo da zabalik, baina hiru salbuespen izango dira:

– Abenduaren 24an eta 31n, 21:00etan itxiko da.

– Urtarrilaren 1ean ez da goizean irekiko.

– Urtarrilaren 5ean ez da eguerdian itxiko.

Azokak interes handia pizten du sektoreko profesionalen artean, eta horren erakusgarria da 71 eskabide jaso direla gehienez jar zitezkeen 35 saltokiak eskuratzeko.

Informazio gehiago

 

 

 

 

Share

Gasteizek Cortada jaialdiaren 23. edizioa hartuko du abenduaren 11tik 14ra arte

Lehiaketara 1.200 film laburretik gora aurkeztu dira, eta horietako 52 ikusi ahalko dira

 

 

 

 

 

Cortada dosierra

Abenduaren 11tik 14ra arte egingo da Cortada, Gasteizko film laburren jaialdia, Vital Fundazioa Kulturunean (Dendaraba).

Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko Errektoreordetzak antolatzen du lehiaketa, Gasteizko Udalaren eta Vital Fundazioaren babesarekin. Lehiaketara 1.279 film labur aurkeztu dira, eta horietako 52 ikusi ahalko dira.

Era guztietako ikusleentzako lanak dira: film iraultzaileak, egile-zinema ausarta landuz bide berriak urratu nahi dituztenak; genero-lan konbentzionalagoak; tokiko eta unibertsitateko proposamenak, jaialdiaren ezaugarrietako bat dena…

Sail ofizialak hiru atal ditu: fikzioa, animazioa eta dokumentala. Ostiralean, hilak 13, Euskal Zinemaren Eguna egingo da; egun horretan, Euskal Herriko eta Arabako film laburrentzako ‘Gureak’ eta ‘Hemengoak’ ataletan aukeratutako lanak ikusiko dira.

Cortadak euskarazko zinemari laguntzeko asmo sendoa du. Horren erakusgarri dira hainbat ataletan aukeratutako lanak eta abenduaren 12an egingo den EHUskarabanda Bideomaratoia.

 Goya sariak

Bosgarren urtez, aintzat hartuko da jaialdiaren kalifikazioa Espainiako Zinema Akademiaren GOYA sarietarako, eta laugarrenez Forqué sarietarako.

Hauek izan dira lehiaketa aurkezteko prentsaurrekoan: Estíbaliz Canto, Gasteizko Udaleko Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzia; Iván Igartua, EHUko Arabako Campuseko errektoreordea; Axier Urresti, Vital Fundazioko zuzendari nagusia; Iván Saldaña, Apartamentos Diván eta Hotel Hitoko kudeatzailea, eta Kepa Sojo, Cortadako koordinatzailea.

Estíbaliz Cantok Gasteizko kultur egutegiko ekitaldi hutsezin horretan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak. “Gasteiztar oro gonbidatu nahi dut 2019ko Cortada jaialdiko istorioez, mezuez eta magiaz gozatzera. Miniaturazko zinema benetakoenarekiko hitzordua da”.   

Informazio gehiago: www.festivalcortada.com

 

Share

Hainbat espazio publiko eraberrituko ditu Udalak Gamarra Nagusian

100.000 euro baino gehiago bideratuko ditu Udalak Gamarra Nagusiko hainbat espazio publiko hobetzera. Hainbat zona eraberritzeko obrak lizitaziora ateratzea onetsi zuen atzo Gobernu Batzarrak, 107.553,79 euroko aurrekontuarekin, eta obrak gauzatzeko 2 hilabeteko epearekin.

Herriaren sarrerako espaloia zabalduko da, Bastobi kalean, eta oinezkoentzako bidea hobetuko, espaloietan beheraguneak jarri eta zebra-bideak pintatuz, haurrentzako jolaslekua dagoen plazako espaloiraino. Herrira sartzeko bide hori da ibilgailuentzat egokitutako sarbide bakarra, eta 3,8 metroko zabalera du lekurik estuenean. Horrez gain, haurrentzako jolaslekua dagoen plaza eraberrituko da; zoladura elastikoa jarriko da hormigoizkoaren ordez,  bankuak ordeztuko eta haur-jolas berriak jarriko. Zoladura elastikoaren azpian bi hustubide jarriko dira, euri-uren sareari lotuta.

Plaza inguratzen duen horma ere eraberrituko da, oso hondatuta baitago hainbat lekutan, sarrera lekuz aldatuko da, zebra-bidearen parean gera dadin, eta estalkia jarriko zaio, urak eragiten duen narriadura saihesteko.

Artandi kalean, lotu egingo dira bi espaloi, galtzadaren tarte bat oinezkoei lehentasuna emateko moldatuz, zebra-bide bat pintatuz eta espaloietan beheraguneak jarriz, irrisgarritasuna ahalbidetzeko.

Share

Moto-gidari bat zauritu da Bake kalean izandako istripu batean

Udaltzaingoak 16 trafiko-istriputan esku hartu behar izan zuen atzo, eta horietako batean motoz zihoan 75 urteko gizonezko bat zauritu zen.

Istripu hori Bake kalean gertatu zen, Posta kalearen parean, autoa gidatzen zihoan gizonezko bat motozikleta zetorrela ohartu ez eta, errei-aldaketa bat egin ondoren, motozikletaren aurka talka egin zuenean. Larrialdi-zerbitzuetako langileek bertan artatu zuten moto-gidaria, eta gero, anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen.

Suhiltzaileek bi esku-hartze egin zituzten atzo, Ceferino Urien eta Andaluzia kaleetan beren etxebizitzen barruan giltzapeturik geratutako pertsona batzuengana iristeko. Bart gauean Altuben zauriturik eragin ez duen trafiko-istripu batean esku hartu dute.

Share

2019-2020 ikasturterako bi laguntza-deialdi ebatzi ditu Hezkuntzak

Kultura eta Hezkuntza Sailak proposaturik, 2019-2020 ikasturterako laguntzak emateko bi ebazpen onetsi zituen atzo Tokiko Gobernu Batzarrak: hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonei arreta ematen diharduten elkarteek antolatutako hezkuntza-jardueretarako eta guraso-elkarteek antolatutako eskolaz kanpoko ekintza osagarrietarako.

Gasteizko ikastetxeetako guraso-elkarteek antolatutako eskolaz kanpoko ekintza osagarrietarako laguntza-deialdiak 126.000 euroko diru-zuzkidura du. 46 guraso-elkarteren artean banatuko da kopuru hori, 840 eurotik hasi eta 4.600 euro arte, programaren eta hartzaile-kopuruaren arabera.

Hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonei arreta ematen diharduten elkarteek antolatutako hezkuntza-jardueretarako laguntza-deialdiak, berriz, 19.226,72 euroko zuzkidura du, eta eskabidea egin zuten zortzi elkarteen artean banatuko da kopuru hori: ASPASOR, DOWN ARABA, AEMAR, TALUR, ITXAROPENA, EGINAREN EGINEZ, ASPACE eta ALCAVI.

Share

Datorren urtean berdintasunaren alorreko proiektuak bideratzeko laguntzen deialdia egin da

Udalak 50.000 euro jarriko ditu emakume-elkarteak, kolektibo feministak eta LGTBI kolektiboak sendotzeko.

2020an Gasteizko udalerrian genero-berdintasunaren alorreko jarduerak eta proiektuak garatzeko dirulaguntzen deialdi publikoaren oinarri orokorrak onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak. Udalak 50.000 euro bideratuko ditu horretara.

Deialdiaren helburua da emakume-elkarteak, talde feministak eta LGBTI kolektiboak sendotzen laguntzea, ikuspegi feminista edo genero-ikuspegi argia duten proiektuak finantzatuz, eta, aldi berean, entitatean bertan emakumeen partaidetza aktiboa sustatzeko eta beren jarduera eremuan —kirola, hezkuntza, gizartea, kultura eta abar— genero-berdintasunerako proiektu edo jarduerak egiteko sortutako espazio bat duten entitate mistoen proiektuak sustatzea.

Share