Prentsa Oharren banner

Dagoeneko jarri dute Zabalgana eta Armentiako basoa lotzeko oinezkoentzako egurrezko pasabidea

Arrakastaz bukatu dira Zabalgana eta Armentiako basoa lotzeko oinezkoentzako egurrezko pasabidea jartzeko lanak, eta N-102 errepidea 17:50etan ireki ahal izan da trafikorako. Lau pieza handi (bi erdian eta beste bi muturretan) muntatu dituzte lur gainean bertan; kamioiak, garabiak eta tamaina handiko makinak baliatu dira horretarako. Orotara 20 pertsonak hartu dute parte egiteko konplexu eta ikusgarri horretan.

Amaia Barredo zinegotzia buru duen Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak egindako esku-hartze hori “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” partaidetza-prozesuan aukeratu zen, eta boto gehien lortu zuenetako bat izan zen. 342.000 euro inbertitu dira lanetan. Pasabideak 61 metro luze ditu, eta inguruko bideak egokitzeko lanak amaitzen direnean egokituko dute igarotzeko.

“Herritarrek eskatutako esku-hartze honek Eraztun Berdeari bultzada ematea eta natura-ibilbideen sarea ehuntzen jarraitzea du xede, azken finean, herritarrek inguru horretan atsegin hartzea” adierazi du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok. Lanak arazorik gabe egin dira. Larunbatarekin egitea erabaki zen N-102tik trafiko gutxien igarotzen eguna delako.

Eraztun Berdearen alde horretan Mariturriko biribilgunetik Gometxako biribilgunera arteko errepide zatiaren alboetako ezpondak zurezko igarobide batez lotzea zen proposamena. Alegia, Zabalganeko gunea eta Armentiako parkea lotzea, Mariturritik igaro beharrik gabe, orain bezala. Animaliak Babesteko Zentroaren paretik gurutzatzen du igarobideak N-102 errepidea, muino txiki bat baliatuz. Horretaz gain, Udalak inguru horretako hainbat bide egokituko ditu, bertako ibilbide berdeak bultzatzeko. Lan horiek ere ia amaitzear dira.

Gainera, inguru horretako bide-segurtasuna hobetzeko hainbat neurri hartuko dira laster. Besteak beste, A-4163 errepidea eta Ibaiatik Gasteizera doan bidea laburtzeko eta abiadura handiz zirkulatzeko baliatzen dituzten ibilgailuen kopurua gutxitzea da esku-hartzeen helburua.

Share