Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 abendua 2019 19:17
  • Ekimenak txakurrak aske ibili daitezkeen hiriko leku guztiak zedarritzen ditu

 

  • REGIAren azken datuen arabera, Euskadin 340.000 txakur erroldatutik gora dago, horietatik 33.000 baino gehiago Gasteizen

 

Gasteiz oso hiri erosoa da bizikletaz ibiltzeko, baina baita txakurrekin gozatzeko ere. Udalak ‘Txakur hiritarrak’ kanpaina abiarazi du astelehenean, maskotadun turismoaren alorreko helmuga turistiko gisa promozionatzeko.   Aurkezpenean izan dira lehen alkateorde eta Ekonomia-Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saileko zinegotzi ordezkari Maider Etxebarria, Eusko jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Pérez Ezquerra Deportivo Alavéseko jokalari Víctor Laguardia, Las Gloriosaseko jokalari Vera Martínez, eta APASOS elkarteko  eta txakurrak onartzen dituzten zenbait negoziotako ordezkariak.

 

‘Txakur hiritarrak’ kanpainak udal-araudiaren arabera txakurrak aske ibili daitezkeen gune guztiak zedarritzen ditu, nola hirigunean, hala Eraztun Berdean. Ekimen honek Eusko Jaurlaritzak ‘Euskadin txakurrarekin’ gida orokorrarekin ireki zuen bidetik jarraitzen du. Gasteiz da norberaren txakurrekin batera bisitatu eta gozatzeko helmuga egoki gisa berariazko kanpaina baten bidez promozionatzen den lehen euskal hiria.

 

Etxebarriak esan duenez, Gasteiz hiri “abegikorra, erakargarria eta aparta da maskotekin turismoa egiteko. Aparta, bai, pasieran ibiltzeko, eta iraunkortasunaren alorrean erreferente garrantzitsua. Horra datu interesgarri bat: 42 metro koadro berdegune dugu biztanle bakoitzeko. Gasteizek harridura pizten du berez, eta bere izpiritu berdea aurkezpen-gutun ezin hobea bihurtu da. Horregatik aldarrikatu nahi dugu familientzako helmuga turistiko gisa”.

 

Sailburuak azaldu duen bezala, Europar Batasunean 65 milioi txakur daudela ustea da. Horietatik 6 milioi inguru Espainiako etxeetan. Gero eta jende gehiagok dauka maskotaren bat; lau etxetik batean gutxienez txakur bat bizi da. Horietatik gehienentzat etxeko beste senide bat da, kontuan hartzen dena aisialdiari edo oporrei buruz erabakiak hartzerakoan.

 

“Joan den urtean ‘Euskadi txakurrarekin’ gida aurkeztu genuen, Euskadi txakurrekin bidaiatzeko jomuga egoki gisa aldarrikatuz. Eta orain kanpaina zabaltzea erabaki dugu, nabarmentzeko, ezer baino lehen, gure hiriburuek dog-friendly jomuga bihurtzeko dituzten dohainak. ‘Txakur hiritarrak’ izenpean egin dugu, horixe nahi baitugu izan daitezen: gure herri eta hirietako biztanleak, beren eskubide eta betebeharrak dituztelarik, aisiarako denbora-tartea dutenak, beren gizaki lagunekin goza dezaten”.

 

Sailburuak gogorazi du Gasteiz hiri aparta dela animaliekin gozatzeko, Eraztun Berdeak inguratuta, baita parke ugariz ere, eta maskotekin bizitzeko esperientzia ugarirekin. foiletoak jasotzen ditu aisia eta atsedenerako gune horiek guztiak: Salburua, Zabalgana, Olarizu, Armentia, Zadorra eta Atxa-Landaberde.

 

Foiletoak, gainera, aholkuak, arauak eta iradokizunak jasotzen ditu, bisitatzeko guneei buruz ez ezik, animalien osasunarekin eta ongizatearekin zerikusia duten horiei buruz ere. Hori guztia Animalien Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren esparruan eta txakur protagonisten eskutik, zeinek modu ludiko batez ematen baitituzte azalpen egokiak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   18:37

Aste honetan bide-segurtasunari buruzko bi hitzaldi izango dira adinekoentzat, Simone de Beauvoir aretoan eta San
Kristobaleko adinekoentzako zentro soziokulturalean.

Stop Accidentes elkarteak eta Udaltzaingoak elkarlanean dihardute berriz ere adinekoen segurtasuna hobetzea helburu duen ekimen honetan, oinezko diren aldetik trafikoak dakartzan arriskuak eragozten ikas dezaten.

Bide-hezkuntzako irakasle Miguel del Vallek, zahartzaro aktiboan aditu Yolanda del Vallek eta bide-segurtasunean espezializatutako Marian Arnan udaltzainak emango dituzte “Oinezko, saihestu arriskuak seguru ibiltzeko” izenburua duten hitzaldiak.

Hizlariek kalean zehar paseatzen goazela ezustekorik ez izateko ezinbesteko gakoak irakatsiko dituzte, ordu erdian.

Lehen hitzaldia abenduaren 10ean (asteartea) izango da, 18:00etan, Simone de Beauvoir aretoan — Koroatze auzoko San Ignazio Loiolakoaren kalea, 8, 2. solairua—, eta bigarrena, abenduaren 13an (ostirala), ordu berean, San Kristobaleko adinekoentzako zentro soziokulturalean —Dultzaina kalea, 11—.

Sarrera librea izango da, lekuak bete arte.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Prentsaurrekoa. Vitoria-Gasteizko XXIII. Laburmetraien Cortada Jaialdia  aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto; UPV-EHUko Arabako Kanpuseko errektoreorde Ivan Igartua; Vital Fundazioko zuzendari nagusi Axier Urresti; Hito Hoteleko gerente Ivan Saldaña; eta Cortada Jaialdiko koordinatzaile Kepa Sojo

Eguna. Asteartea, abenduak 10

Ordua. 11:00

Tokia. UPV-EHUko Arabako Campuseko unibertsitate pabilioia

————————————

Vitoria-Gasteizko lehen tranbia estraluzea ezagutzeko bisita

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia; Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez; Euskotreneko zuzendari nagusi Imanol Leza; eta CAF taldeko zuzendari Josu Imaz

Eguna. Asteartea, abenduak 10

Ordua. 13:00

Tokia. Ibaiondoko kotxe-tokia (Landaberde kalea 4)

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:33

Madrilen egiten ari den klimaren gailurrean (25) parte hartuko du Gasteizko Ekonomia Sustapenaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotzi Maider Etxebarriak asteartean. Zehazki, biltzarren antolaketa profesionaletako enpresa elkarteen Espainiako federazioak antolatutako jardunaldi batean.

Europa biltzar-jauregia kudeatzen duen sailaren arduraduna den aldetik, Etxebarriak eraikinaren ezaugarri iraunkorrak aurkeztuko ditu, baita bertan egiten diren ekitaldien kudeaketa, zein ingurumenaren zaintzarekin bateragarria baita.

‘Castellana Verde ‘ardatzean egingo den jardunaldian, eztabaidatu egingo da MICE sektoreak (ingelesezko akronimoa, bileren turismoa -Meetings, Incentives, Conventions and Exhibitions/Events-definitzeko erabilia) eta ekitaldiek berotegi-efektuko gasak murrizteko eta klima-aldaketaren ondorioak arintzeko egindako ekarpena.

Gasteiz hiribideko biltzar -jauregian egindako “eraberritze aitzindaria” aurkeztera gonbidatu dute, “arkitektura iraunkorraren ikur” bihurtua hainbat aintzatespen lortu ondoren, hala nola Passivhaus XXL ziurtagiria (Espainiako eraikin bati ematen zaion lehena) edo Estatu Batuetako Eraikuntza Ekologikoaren Kontseiluak emandako LEED Oro ziurtagiria.

Jauregia 2015ean eraberritu zen, eta hainbat neurri hartu ziren baliabideen erabilera eraginkorragoa lortzeko eta energia kontsumoa % 60ra murrizteko (inguratzailearen isolamenduaren eta estankotasunaren arloko hobekuntza, eguzki kontrola argizuloetan, eraginkortasun handiagoko instalazioetara aldatzea, berritze-airearen berreskurapen energetikoa….). Era berean, ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izatea bilatu zen (hondakin gutxiago sortuz eta CO2 gutxiago isuriz).

Ildo horretan, Udalak bere ekitaldiak Erronka Garbiaz ziurtatzeko protokoloa sortu du. Erronka Garbia ekimena Eusko Jaurlaritzak kaleratu zuen, Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoarekiko lankidetzan, ekitaldien diseinu eta antolakuntzan ingurumen irizpideak txertatzen dituen enpresa, entitate, erakunde eta elkarte orori ziurtagiria emateko.

Etxeberria zinegotzia Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Saileko zinegotzi Borja Rodriguezekin joango da jardunaldira; Borja Rodriguez udal eraikinen mantenimenduaren arduraduna da, eta jauregiari buruzko mintzaldietako baten ardura izango du.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:30

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 500.000 euro gehiago bideratuko ditu Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzura. Aurten 4,3 milioiko euroko aurrekontua zuen.

Zerbitzuaren hartzaileen kopuruak gora egin du lehen mailako mendekotasuna duten pertsonak eta mendekotasun-arriskua dutenak zerbitzura gehitu baitira. Hori dela eta, Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi egin du ahalegin ekonomiko handiagoa.

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua asistentzia eta prebentzio zerbitzua da, eta mendekotasun, mendekotasun-arrisku edo ahuldade egoeran dauden pertsonei beren etxean irauten laguntzen die. “Funtsezko zerbitzua da pertsonek eguneroko bizitzan eta ingurune hurbilenean autonomiaz moldatzerik izan  dezaten. Horretarako, asistentzia pertsonala eta etxekoa eskaintzen diegu etxean moldatzerik eta komunitatean integratzerik izan dezaten, bakardade egoerak eragotzita” adierazi du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Bestetik, Adinekoen Zerbitzuko egoitzetarako elikagaiak hornitzeko kontratua luzatzea ere onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. Luzapenaren zenbatekoa 1,8 milioi euro baino zertxobait gehiago da,  hainbat produktu erosteko – haragia, arraina, barazkiak, fruta, esnekiak…– 2020ko urtarriletik 2021eko urtarrilera bitartean.

 

 

Share
Kategoriak: Oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:01

Webgunean dago eskuragarri Lurralde Batzordeak abenduaren  16an (astelehena), 9:00etan, egingo duen ohiko bilkuraren gai-zerrenda.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:32

Beste laguntza-proiektu batzuez gain, euskalduntze-lanerako laguntza ematen die Udalak euskaltegiei. Gaur goizean onetsi ditu diru-laguntzak udal gobernuak. Ebazpenean jasotzen denez, 99.000 euroko diru-laguntza emango zaie 2019-2020 ikasturtean hirian helduentzako euskara-eskolak ematen dituzten euskaltegi homologatuei.

– Ardatz Kultur Elkartea, 52.928,33 euros

– Bai&by Gasteiz, 5.118,19 euros

– Euskaraz Kooperatiba Elkartea, 15.602,84 euros

– Hegoalde Kultur Elkartea, 7.680,75 euros

– Mondragon Lingua, S. Coop., 1.909,11 euros

– Udaberria Elkartea, 15.760,79 euros

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:30

Udaltzaingoaren Agenteek 37 eta 29 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte asteburu honetan, genero-indarkeriarekin loturiko bi gertaeraren erantzule direlakoan.

Horietatik lehena Errege-Erregina Katolikoen kalean atxilotu zuten, biktimaren senitartekoek egindako ohartarazpenaren ondoren; udaltzainek etxe-atarian topatu zuten emakumea, aurpegian zenbait zauri zeuzkala. Gizonezkoa epailearen esku geratu da.

Bigarren erasotzailea Jesusen Zerbitzarien kaleko etxebizitza batean atxilotu zuten; biktimak etxebizitza horretatik bertatik eskatu zuen laguntza. Bi aldeekin hitz egin eta beharrezko egiaztapenak egin ondoren, udaltzainek atxilotu egin zuten 29 urteko gizonezkoa, genero-indarkeriagatik. Izapide egokiak bete ondoren, epailearen esku geratu zen.

Lapurreta indarkeriaz

Udaltzaingoaren Agenteek 17 urteko bi adingabe atxilotu zituzten atzo, indarkeriaz eta larderiaz egindako lapurreta baten ustezko egileak direlakoan. Gertaera horiek Frantzia kaleko merkataritza-establezimendu batean izan ziren, eta bertan, zenbait jantzi lapurtu zituzten. Saltokiko langile batek emandako deskribapenari esker topatu ahal izan zituzten udaltzainek bi gazte horiek.

Beste jarduera batzuk

Joan den ostiralaz geroztik 38 trafiko-istripu erregistratu dira, eta guztira, pertsona bat zauritu da horietan.

Horrez gain, Udaltzaingoa 8 gidari ikertzen ari da alkoholaren eraginpean gidatzeagatik.

Ibilgailu bat sutan

Zabalgana auzoko Mahatma Gandhi kalean su hartu zuen ibilgailu bat itzaltzera joan ziren atzo suhiltzaileak. Gauerdia baino minutu batzuk lehenago jaso zuten deia, eta suhiltzaileen taldeak 45 minutu baino gehiago behar izan zituen sutea itzaltzeko.

Biltzar Nagusien kalean su hartu zuten bi edukiontzi ere itzali zituzten.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:08

Osasun eta Kirol zinegotzi Livia Lopez gidaren aurkezpenean

 

  • “Elikagai-xahuketarik ez” gida berria aurkeztu da, jatetxeek elikagai-xahuketari aurre egin eta murrizteko informazio baliagarria izan dezaten
  • Ostalariak eta herritarrak elikagai-xahuketak gizartean eta ingurumenean duen eraginaren inguruan sentsibilizatzeko udal kanpainaren barruan egin da gida
  • Euskadiko elikagai-xahuketaren kontrako astearekin —abenduaren 9tik 15era— bat egin du Gasteizek

 

Elikagai-xahuketa murrizteko informazio baliagarria biltzen duen gida berri bat argitaratu du Gasteizko Udalak, jatetxeetarako —250 ale inguru banatuko dira hasiera batean—. Elikagai-xahuketaren prebentziorako eta murrizketarako jardunbide onak identifikatzen dira bertan, menua egiten denetik eta mahaian zerbitzatzen den arteko prozesu guztia aztertzen delarik. Hainbat aholku ematen dira horren inguruan, hala nola eskaintza eta erosketa planifikatzea, elikagaiak egokiro manipulatzea, jantoki-zerbitzua optimizatzea, soberakinak aprobetxatzea eta hondakinak murriztu eta bereiztea.

“Ostalaritzan dihardutenei xahuketa non gertatzen den identifikatzen lagunduko dien tresna izatea nahi dugu gida hau, xahuketa zergatik gertatzen den jakiteko aukera eman diezaiela, eta arazoa konpontzen lagundu, baita aurrezten eta soberakinei errentagarritasuna ateratzen ere. Kontsumitu ez den elikagai bat zaborretara botatzen delarik, dirua galtzen da, baita funtsezko baliabideak ere, hala nola ura eta energia. Informazioaren eta kontzientziazioaren bitartez konpon daiteke arazo hori”, azpimarratu du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

Hiriko ostalaritza-establezimenduetan banatuko du “Elikagai-xahuketarik ez” gida Osasun Publikoaren Zerbitzuak, bertatik bertara. Bisitetan, gidaren edukia azalduko da, eta elikagai-xahuketa murrizteko jokabide egokiak nabarmenduko, hala nola behar bezala planifikatzea, bezeroen premietara moldatutako menuak eskaintzea —janaririk soberan gera ez dadin— eta kontsumitu ez diren elikagaiak aprobetxatzea.

Ostalaritzaren sektorea sentsibilizatzearekin batera, bezeroak ere inplikatu nahi dira, elikagai-xahuketari aurre egiten lagun dezaten, adibidez soberakinak aprobetxatuz —ontzietan etxera eramanez—, besteak beste.

Gasteizko Udaleko Kirol eta Osasun Saileko Osasun Publikoaren Zerbitzuak ostalaritza-sektorea eta herritarrak —kontsumitzaileak diren aldetik— zenbait elikadura-ohiturek gizartean eta ingurumenean duten eraginaren inguruan sentsibilizatzeko abian jarri duen kanpainaren barruan sartzen den ekimena da elikagai-xahuketaren kontrako gidaren argitalpena eta zabalkundea.

“Urteak daramatza Gasteizek lanean, elikadura-eredu osasungarri eta iraunkor baten alde; ekonomia zirkularrean oinarrituko den eta produktu lokala bultzatuko duen eredu baten alde. Elikagai-xahuketaren murrizketan oinarritu beharrekoa da, ezinbestean, eredu hori. Izan ere, FAOren datuen arabera, ekoizten diren elikagaien heren bat xahutzen da gaur egun. Mundu osoko gobernu eta erakundeak lanean ari dira lehen mailakotzat jotzen den arazo horri aurre egiteko, eta maila lokalean badugu zer eginik, tarte zabala dugu”, gehitu du Kirol eta Osasun zinegotziak.

Elikagai-xahuketa ekiditeko borrokarekin bat egin du Gasteizko Udalak, eta Elikagaien Xahuketaren aurkako Euskadiko Plataformari atxiki zaio. Eusko Jaurlaritzaren menpeko Elika Fundazioak koordinatzen duen plataforma horretan, 60tik gora entitate publiko eta pribatu daude bildurik, besteak beste EUDEL, eta, beste hainbat jardueraz gain, Euskadiko elikagai-xahuketaren kontrako astea bultzatzen du. Hain zuzen ere, gaurtik hasi eta hilaren 15era arte, hainbat ekintza egingo dira arlo horretan.

“Herritarrak kontsumo arduratsuaren inguruan sentsibilizatzeko asterik egokienetako bat dugu. Eguberrien aurreko egun hauetan, gogorarazi beharra daukagu erosketak behar bezala planifikatzeak elikagai-xahuketa ekidin dezakeela”, bukatu du Livia Lópezek.

“Elikagai-xahuketarik ez” gidaren eta elikagai-xahuketa ekiditeko sentsibilizazio-kanpainako ekimenen inguruko informazioa denen eskura egongo da Udalaren webgunean.

Informazio gehiago: Elikagai xahuketarik ez

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:41

Dantzaren eta euskarazko proposamenen ikusle-gorakada etengabea nabarmendu beharra dago 

Balantze oso positiboarekin burutu da Gasteizko Nazioarteko 44. Antzerki Jaialdia. Nabarmentzekoa da nazioarteko antzerkigile handien presentzia, hala nola Peter Brook, Jan Lauwers eta Royal Shakespeare Company, ia % 70eko asistentziarekin. Horri esker, jaialdia nazioarteko jaialdien zirkuituaren parte egonkor gisa sendotu ahal izan da, Gironako Temporada Alta jaialdiarekin edo Madrilgo Festival de Otoño berreskuratu berriarekin batera, besteak beste.

Gasteizko jaialdiak lengoaia eszeniko berri arriskutsuak ezagutzera emateko, nazioarteko sorkuntza erakusteko eta tokiko sorkuntza sendotzeko egindako apustua azpimarratu ditu Gasteizko Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Cantok.   “Gasteizko Nazioarteko 44. Antzerki Jaialdiak Arte Eszenikoen erreferente eta motor izaten jarraitzen du gure hirian, antzerkigile eta sorkuntza-zentro ospetsuenen eskutik datorkigun nazioarteko programazioarekin, egungo beste lengoaia eta proposamen batzuen aldeko apustua eginez”.

Nazioarteko Antzerki Jaialdian, % 86ko okupazioa izan da udal antzerki-sarean; guztira, 15.174 ikusle izan dira, 35 ikuskizunetan eta programatutako jarduera paraleloetan. “Beste behin ere, agerian geratu da arte eszenikoen nagusitasuna, herritarren kultur lehentasunen artean. Izan ere, Gasteizko bizitza kulturala aberasten laguntzen du jaialdiak, arte eszenikoak gogoko dituztenen behar kulturalei erantzuna ematen, eta hiria beste ekimen batzuetarako ingurune garaikide, dinamiko eta erakargarri gisa aurkezten”, adierazi du Estibaliz Canok.

Orobat dira aipatzekoak dantza proposamenetako ikusle-gorakada etengabea —batez beste % 71ko asistentzia izan da, guztira 1.780 ikusle—, eta euskarazko antzezlanek izan dutena —1.048 ikusle eta % 96ko okupazioa—. “Oso datu pozgarria da, eta euskal sorkuntza eszenikoa lortzen ari den ekoizpen eta dramaturgia maila altua islatzen du”, adierazi du Cantok.

Nabarmentzekoak, halaber, familientzako antzerki-abonamenduaren egonkortasuna, % 92ko asistentzia lortu baitu —1.622 ikusle—, eta ‘Haurtxoak’ zikloaren ohiko betetze-maila, 615 bertaraturekin. Helduentzako abonamenduak, berriz, batez beste ehuneko 75eko asistentzia izan du, guztira 8.881 ikusle. ‘Lehman Trilogy’, ‘El mago’ eta ‘Viejo Amigo Cicerón’ izan dira ikusle gehienek ikusi dituzten obrak.

Tokiko sorkuntzari dagokionez, proposamenen izaera ez-konbentzionalak ezaugarritzen duen ‘Off Local’ zikloak ehuneko 87ko okupazioa lortu du. Azkenik, 1.303 ikusle joan dira antzokira gizarte-etxeetan —ehuneko 72ko asistentzia—.

 

Programazioa

Urriaren 3tik abenduaren 1era bitartean izan da jaialdia, eta 35 ikuskizun eskaini dira guztira. Besteak beste:

  • Nazioarteko proposamenak, antzerkigile ospetsuenak: hainbat herrialdetakoak, hala nola Kanada, Erresuma Batua, Frantzia, Portugal, Argentina, Italia edo Belgikakoak.
  • Guztira 5 dantza-ikuskizun, nagusientzat, familientzat nahiz haurtxoentzat.
  • Euskarazko lau antzezlan: ‘Utzi zure mezua’, ‘Zaldi Urdina’, ‘Nomadak’ eta ‘Gizaunka’, ‘Off Lokal’ zikloaren barruan, Euskal Autonomia Erkidegoko konpainia edo sortzaileek sortutako 13 proposamenen artetik.
  • Guztira, 17 estreinaldi: 9, erabatekoak —’‘Quitamiedos’, ‘Nomadak’, ‘Otsoa’, ‘Carmen Shakespeare’, ‘La viga’, ‘Gizaunka’, ‘Ruta1492’, ‘En el interior de Netsjab’, ‘Hay alguien ahí’—, bat Espainian —‘Granma. Metales de Cuba’—, eta 10 Euskal Herrian.
  • Familientzako eta txikienentzako antzerkia, eta Haurtxoak proiektuaren XV. edizioa.
  • Gizarte-etxeetako antzokietako antzerki-zikloak: asistentzia-gorakada izan da ‘JIM AKTUAL’ zikloan, % 71ko okupazioarekin, Sleepwalk Collectiveren ‘Kourtney Kardashian’ proposamenari eta Best of Birmingham Festivaleko ikuskizun onenen edizio berriari esker.

 

Interprete handiak

María Galiana, Josep María Pou, María Hervás (2018ko Aktore Onenaren Max Saria), Lluis Omar, Israel Elejalde eta Luis Bermejo aktoreek parte hartu dute Gasteizen eskaini diren ikuskizunetan.

Era berean, zuzendari lokalentzako zirkuitu egonkorrak sortzen lagundu du jaialdiak —Raúl Camino, Carmen San Esteban, Txubio Fernández de Jáuregui, Jordi Vilaseca eta Aritz López, Iñaki Rikarte, Fernando Bernués eta Mireia Gabilondo, eta abar—.

 

Jarduera osagarriak

Publikoarekin izandako topaketek edo solasaldiek ikusleen, artisten eta eszenaren inguruneko profesionalen arteko hurbilketa bultzatu dute, eta harrera oso ona izan dute. ‘Otsoa’ eta ‘Jauría’ antzezlanen talde artistikoak bete egin dute edaritegia, eta galderak egin eta emozioak partekatzeko aukera izan dute ikusleek. Berrikuntza gisa, aurten euskarazko solasaldi bat egin da Arte Dramaren eskutik, ‘Zaldi Urdina’ ikuskizunaren inguruan.

Gainera, jaialdiak eta Eszena Arteen Tailerrak partekatu duten ‘Antzerki dokumentala’ tailerrak 25 parte-hartzaile izan ditu guztira, eta arte eszenikoen arloko bi profesional handi izan dira bertan, Lucía Miranda eta Fernando Sánchez Cabezudo, etorkizuneko aktore, zuzendari eta antzerkigileen etengabeko prestakuntzaren aldeko apustua dela medio.

400.000 euroko aurrekontua du Antzerki Jaialdiak, eta INAEM eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzen finantzaketa.

 

 

 

 

Share

Aurrekoak »