Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 abendua 2019 17:00

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, abenduak 13

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:33

Eguberrien magia eta esentzia transmitituko ditu Gasteizen, ikuspegi enogastronomikotik, merkatu batek. Horretarako, eta Europa erdialdeko merkatuen antzeko diseinuarekin, bai produktuak saltzeko postuak, bai dastatzeko espazioak izango ditu Santa Barbara plazako azokaren ondoan prestatu den esparruak. Elkargune bat izango da, baserritarrentzat, denda lokalentzat, produktoreentzat eta gastronomian eta elikaduran aditu diren pertsonentzat.

Gaur goizean aurkeztu dute ekimena Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Isabel Muelak, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismo Sustapenaren foru diputatu Cristina Gonzálezek, Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saileko zinegotzi eta lehen alkateorde Maider Etxebarriak eta Aenkomerreko zuzendari-kudeatzaile Edurne Parrok.

“Eguberrietako azoka honek gure hiria turismoaren arloan posizionatzeko balio digu, eta, aldi berean, Santa Barbara azoka eta bertako instalazioak sustatzeko”, nabarmendu du Etxebarriak.

Astelehenetik igandera bitartean egongo da zabalik Eguberrietako azoka lehen aldiz; karpa bat izango da bertan, eta 50 jarduera baino gehiago egingo dira, hala nola gastronomiari eta kulturari lotutako lantegiak eta dastaketak. Zehazki, proposamen hauek biltzen ditu Eguberrietako Azokari lotutako eskaintzak:

  • Dastatze komentatuak: Arabako Errioxako ardoa, txakolina eta sagardoa, eta Idiazabalgo gazta.
  • Arabako produktuak dastatzea: baserriko oilaskoa, euskal txerria, txahal-haragia eta beste.
  • Slow food edo UAGAren eskutik dastamen-laborategi batean parte hartzeko aukera.
  • Zuzeneko sukaldaritza-lantegiak, Eguberrietako zizka-mizkak prestatzeko.
  • Haurrentzako lantegiak, Eguberrietako gailetak edo mazapan-iruditxoak egiteko, besteak beste.
  • Eta, jakina, saltokiak, hainbat produktu erosi ahal izateko, eta gure ekoizleen beste hainbat proposamen, hala nola lekaleak, eztia edo hain ezagun ez diren beste batzuk, eguzkilore-likorea, esaterako, baita Eguberrietako beste hainbat produktu ere: hestebeteak, gozokiak eta abar.
  • Halaber, Olentzero eta Errege Magoak ere agertuko dira azokara, abenduaren 22an eta 23an eta urtarrilaren 2an, 3an eta 4an, hurrenez hurren, eta gozokiak banatuko dituzte, eta haurren gutunak jasoko.
  • Beste jarduera solidario batzuk ere izango dira, hala nola Arabako Pastelgile eta Gozogileen Elkarteak hilaren 27an, ostiralez, horretarako prestatutako postu batean eskainiko duen errege-opilaren dastatze tradizionala.
  • Gainera, elikaduraren sektorearekin lotutako agente guztiak murgilarazi nahi dira azokan, eta, horretarako, gastronomia-elkarteei zuzendutako proposamen bat barne hartzen du, hiru kategoria izango dituen lehiaketa bat: oilasko ekologikoa, Latxa arrazako arkumea eta hegaluzea.

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:46

Udaltzaingoak atzo 42 urteko gizonezko bat atxilotu zuen, arduragabekeria larria eta lesioak eragin izanaren delitu baten erantzule delakoan, bere jabetzako txakur batek Olarizu hiribidean zihoazen bi pertsonari eraso egin ondoren; lehenengoa running egiten ari zen gizonezko bat zen, eta bigarrena oinez zihoan beste gizonezko bat.

Oraindik ere ikerketa-fasean dauden gertaera horiek arratsaldeko 7ak aldera izan ziren. Gertaera horietan, udaltzain batek bere arauzko arma erabili behar izan zuen, arraza arriskutsuko animalia horrek eraso egin ziezaiola eragozteko, eta hala, bertatik ihes egin zuen, nahiz eta geroago han inguruan topatu eta albaitari batengana eraman zuten.

Genero-indarkeria

Udaltzaingoa 30 urteko gizonezko bat ikertzen ari da, Pablo Picasso kaleko etxebizitza batean genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egilea delako salatua.

38 urteko beste gizonezko bat ere ikertzen ari dira, bere bikotekidearenganako urruntze-agindu bat urratu ahal izan duelako, baita 47 urteko beste gizonezko bat ere, Joan II.aren kaleko etxebizitza batean etxe-indarkeriaren delitua egin ahal izan duelako.

Beste esku-hartze batzuk

Azkeneko orduetan, Udaltzaingoak 16 trafiko-istriputan esku hartu du. Horietako bat, Bremen kalean izandako auto-harrapaketa bat da, eta bertan, oinez zihoan 47 urteko gizonezko bat zauritu da, nahiz ez den beharrezkoa izan ospitalera eramatea.

Gaur goizaldean Heraclio Fournier kalean BEIren obretako bi hondeamakinetan piztutako bi sute itzali ditu suhiltzaileen talde batek. Lehenengoa goizaldeko ordu bietan gertatu da, eta bigarrena, goizeko 5ak aldera. Lehena mahukaz itzali dute eta bigarren su-itzalgailu batez. Ertzaintzak bere gain hartu du ikerketa-lan horien ardura.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:18

 

  • Dagoeneko ireki da izena emateko epea: herri lasterketarako 4.400 dortsal eta txikien lasterketarako 1.000 dortsal banatuko dira
  • Ramon y Cajal kaleko lanak direla kausa, aldaketa txiki bat egin da ibilbidean, eta lasterkariek Carmelo Bernaola ibilbidetik joan beharko dute
  • Iván Fernández eta Elena Loyo, baieztatutako atleten artean

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek Gasteizko San Silvestre lasterketaren XXXVII. edizioa aurkeztu du, Atletismo Federazioko lehendakari Andrés Sánchez, federazioko teknikari Mikel García Zurbano eta Laboral Kutxako kide Kepa Ortiz de Urbinarekin batera. ASAJER-Errehabilitazioan ari diren Arabako Jokalarien Elkartearen ordezkari Idoia Axpe ere izan da bertan, izen-emateen diruaren zati bat elkarteari emango baitzaio; duela urte batzuk hasi zen hori egiten.

Herri lasterketaren ibilbidea aurreko urteetako bera da, Ramon y Cajal kaleko lanak direla kausa egin behar izan den aldaketa txiki bat kenduta. Kale hori itxita dagoenez, Carmelo Bernaola ibilbidetik joango dira atletak, Manuel Iradier kalerantz jotzeko. Lasterketa 18:30ean abiatuko da Korazonisten kaletik, eta Olagibel kalean bukatuko, 6.450 metro egin ondoren.

4.400 dortsalen muga ezarri da, eta Kirol eta Osasun zinegotziak zein Atletismo Federazioko arduradunek izena ematearen garrantzia azpimarratu dute. “Lehenengo eta behin, dortsalagatik ordaintzen den kopuru txikiaren zati bat helburu solidario garrantzitsu baterako izango delako eta, gainera, horrek asegurua dakarrelako berekin, oso lagungarria izan daitekeena”, zehaztu  du Livia Lópezek. Mozorrotuta doazenei osagai berdeak eraman ditzaten eskatu die, aurtengoa urte “bereziki berdea” izan baita Gasteizentzat.

Bertako atleta batzuek, Iván Fernández eta Elena Loyok, esaterako, lasterketan parte hartuko dutela baieztatu dute, eta goi mailako lasterkari federatuek  ere parte hartzea espero da.

Txikien lasterketa —2005etik 2016ra bitartean jaiotakoentzat— 17:30etik abiatuko da Olagibel kaletik, eta leku berean bukatuko da, 1.100 metro egin ondoren. Orotara 1.000 dortsal banatuko dira.

Web bidez eman daiteke izena, abenduaren 20ra arte. Aurrez aurre  ere eman ahalko da izena, abenduaren 29, 30 eta 31n, Turismo Bulegoan.

Informazio gehiago: San Silvestre Vitoria-Gasteiz

SAN SILVESTRE 2019 liburuxka

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:19

 

Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak bultzatutako ekimenak autoanalisi-mekanismoak ezarriko ditu hiriko bizikidetzaren egoeraz ikasteko eta bizikidetza hori kaltetzen duten egoeren aurrean zerbait egin ahal izateko.

 

Gasteizko Bizikidetza Behatokia lehen urratsak egiten hasi da. Atzo aurkeztu zen ekimena: goizean, teknikarientzako bilera batean, eta arratsaldean, herritarrei irekitako ekitaldian. Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak sustatzen duen proiektu berriaren helburua da informazioa ematea Gasteizko Udalaren politikak diseinatzerakoan inklusioa, berdintasun ikuspegia eta ekitatea aintzat har daitezen.

 “Gasteiz hiri solidario eta sozialki konprometitua da; gasteiztarrek egunero erakusten dute elkarrekin bizitzeko gogoa, etxean besteak hartzekoa, dutena konpartitzekoa. Eta arazo ezberdinei aurre egitean balio nahiko adostuak baliatzen ditu. Udalak, herritarrekin bat, argi eta garbi egiten du aniztasunean elkarrekin bizitzearen alde, eta ahaleginak, metodologiak eta baliabideak batu nahi ditu asmo horrekin. Ahalegin guzti horren adibide da 2018ko urtarrilean onetsitako Gasteizko Bizikidetza eta Aniztasun Plana“, gogoratu du Bizikidetza eta Aniztasunaren zinegotzi Miren Fernández de Landak. 

Planean bertan ezartzen zen Bizikidetza Behatokia abian jartzeko asmoa, autoanalisi-mekanismoak ezarri beharrari erantzuteko, horien bidez hiriko bizikidetzaren egoeraz ikasteko eta bizikidetza hori kaltetzen duten egoeren aurrean zerbait egin ahal izateko.

Dibertsitatea eguneroko bizikidetzan gatazkatsua izan daitekeela onartuta, Bizikidetzaren Behatokiak horri buruzko ezagutza bildu nahi du, gure ohiko dinamikak eraldatzeko aukeratzat baliatzeko eta elkarren arteko harremanetarako oinarri berriak sortzeko, elkarren aintzatespena eta giza eskubideak —arau unibertsalak baitira— errespetatuz. Horrenbestez, Bizikidetzaren Behatokiaren zereginetako bat izango da bereizkeria edo eskubideen urraketak ekar ditzaketen egiturazko elementuak zein jarrera eta jokabide kolektibo edo partikularrak antzematea.

 

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:10

Estibaliz Cantok eta Jose Luis Perezek aurkeztu dute Eguberrietako haur parkea

 

 Hegoalde gizarte etxean jarriko da, abenduaren 26tik urtarrilaren 5era arte . 

Gaur hasiko da aurretiazko sarrera-salmenta.

 

Gabonetako Haur Parkea programa

Hegoalde gizarte etxean jarriko da Gasteizko Eguberrietako Haur Parkea, abenduaren 26tik urtarrilaren 5era arte, ‘Munduko Eguberriak-Navidades del Mundo’ leloaren pean. Hainbat kulturatako eguberriekin lotutako lantegiak, jolasak eta emanaldiak antolatu dira, eta hiriko haurren artean hainbesteko arrakasta duten atrakzio handiak ere izango dira.

Gasteizko Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu du prentsaren aurrean aurtengo parkea: “bidaia zoragarria da tradizioetan barrena, ezagunenetatik hasita urrunenetara, ilusioz eta “gabonetako espirituaz” kutsatutako jolas giro komunean bilduta, eta umeak zein helduak liluratuko ditu”.

Gaur hasiko da aurretiazko sarrera-salmenta, www.eventos.grupodisport.es webgunean.

 

Egitaraua

Cantok aurtengo berritasun handiena iragarri du. “Aurten, berritasun gisa, inaugurazio ekitaldia egingo da, Express your clown konpainiaren kaleko antzerkia, zehazki. Abenduaren 26an (osteguna) izango da, 11:00etan”.

Hegoalde barruko atrakzio eta jardueren artean, puzgarri handiak, ‘challenge pista’, ‘oihan abentura pista’ eta ‘multicircus trena’ nabarmentzen dira. Rokodromoa ere erabili ahalko da, eta kantxan agertokia jarriko da, animazioarekin.

Erakusketa aretoan jokoen zona jarriko da: kabina simulagailuak (‘cockpits’), errealitate birtuala, wii eta play station jokoak eta 4 miniarcade makina; azken horiekin, gurasoek erabili ohi zituzten bideojokoetan jokatu ahalko dute parte hartzaileek.

Bestetik, igerilekuan txirrista handia, txalupak eta piraguak izango dira, eta hainbat gairi buruzko lantegiak ere antolatu dira: birziklatzea, gabonetarako apaingarriak, sukaldaritza, kulturarteko dibertsitatea eta genero berdintasuna.

Orobat, bi zona berezi izango dira 0 eta 4 urte bitartekoentzat, elkartze aretoan eta gimnasioan, haien adinerako puzgarri eta lantegiekin.

Gizarte etxearen kanpoaldean tirolina handia jarriko da, iturriaren gainetik, baita aerogiro bat eta %D simulagailu bat ere, eta safari trena txikienentzat.

 

Antzerkia

Jesús Ibáñez de Matauco antzokian, berriz, zenbait antzezlan eskainiko dira arratsaldeetan, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez.

Abenduaren 26an (osteguna), Irrien Lagunak konpainiak ‘Irriak plazan’ lana eskainiko du; hilaren 27an (ostirala), Tales from the box storytelling konpainiak ‘The Gingerbread man’ lana jokatuko du, eta hilaren 28an (larunbata) La Monda Lironda taldearen txanda izango da, ‘Desioak’ lanarekin.

Hilaren 29an (igandea), Ilusionisma-ren ‘The Ismagic Show’ antolatu da, eta hilaren 30ean (astelehena), Txirri, Mirri eta Txiribitonen ‘Xaguxarroski Kondea’ ikuskizuna.

Urtarrilaren 2an (osteguna), Dramagia konpainiaren ‘Mr. White, esan alakazam’ proposamenaz gozatu ahalko dute txikienek; hilaren 3an (ostirala), Apika taldeak ‘Mundu berri. Nol?’ aurkeztuko du, eta hilaren 4an (larunbata), Express your clown taldeak ‘La vuelta al día en 80 mundos’ antzeztuko du.

 

Egunak eta ordutegia

Eguberrietako parkeak abenduaren 26ko 11:00etan irekiko ditu ateak, eta urtarrilaren 5eko 14:00etara arte egongo da irekita.

Egunean bi saio izango dira, 11:00etatik 14:00etara, eta 16:30etik  20:30era (abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean, goizez bakarrik). Urtarrilaren 1ean itxita egongo da.

 

Sarrerak

Umeentzako sarrera 2,5 euro izango da goizean, eta 3 euro arratsaldean. Laguntzaileek euro bat ordainduko dute.

Enpresak web-orri bat eskainiko du sarrerak aldez aurretik erosi ahal izateko, gaurtik aurrera: www.eventos.grupodisport.es ; horrek ez du gainordainik izango. Web-orrian erosten diren sarrerek lehentasuna izango dute leihatilan erositakoen aurretik.

Leihatila eta informazio-lekua gizarte etxearen kanpoaldean jarriko dira.

 

 

 

Share
Kategoriak: Oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:47

Webgunean Tokiko Gobernu Batzarra abenduaren 13an (ostiralaa), 9.00ean, egingo duen gai-zerrenda

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   08:54

Larunbatean, Zabalgana eta Armentiako basoa lotuko dituen oinezkoentzako pasabidea jarriko da eta hori dela eta, itxi egingo da N-102 errepidea goizeko 6:00etatik aurrera. Gasteiztik autobiderantz Mariturri auzotik irteten diren ibilgailuak Gasteiztik Ibaiara doan bidetik desbideratuko dira eta hirian sartu nahi duten ibilgailuak, berriz, A-4163 Gometxa-Armentia errepidetik. Trafikoa arratsalde erdialdean irekitzea aurreikusita dago.

Pasabidea jarri aurretiko lanak (zimendua) irailean hasi zituzten. Orain lurra finkatua dagoenez, prest dago egitura jartzeko. Larunbatean lau pieza handi (erdiko bi eta muturretako beste bi)  muntatuko dituzte lur gainean bertan, garabi eta makina handien bitartez. Larunbatean egitea aukeratu da, egun horretan pasatzen baita trafiko gutxien N-102 errepidetik.

Amaia Barredok zuzentzen duen Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak garatutako esku-hartze hau “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” partaidetza-prozesuan aukeratu zen, eta boto gehien lortu zuenetako bat izan zen. Lanek 342.000 euroko aurrekontua dute, eta 6 hilabeteko gauzatze-epea.

Herritarrek eskatutako esku-hartze hau egiten dugu, Eraztun Berdea bultzatzen jarraitzeko, ibilbide naturalen sarea ehuntzen jarraitzeko eta, azken batean, herritarren ingurune horretan atsegin hartzeko“, azaldu du  Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok.

Eraztun Berdearen alde horretan Mariturriko biribilgunetik Gometxako biribilgunera arteko errepide zatiaren alboetako ezpondak zurezko igarobide batez lotzea da proposamena. Alegia, Zabalganeko gunea eta Armentiako parkea lotzea, Mariturritik igaro beharrik gabe, orain bezala. Animaliak Babesteko Zentroaren paretik gurutzatuko du igarobideak N-102 errepidea, muino txiki bat baliatuz. Horretaz gain, udalak inguru horretako hainbat bide egokituko ditu, bertako ibilbide berdeak bultzatzeko. Lan horiek amaitua daude ia.

Gainera, inguru horretako bide-segurtasuna hobetzeko hainbat neurri ere hartuko dira laster. Esku-hartze horien helburuetako bat izango da A-4163 errepidea eta Ibaitik Gasteizerako bidea lasterbide gisa eta abiadura handian gidatzeko erabiltzen duten ibilgailuen kopurua murriztea.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   08:51

Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotzi Amaia Barredok gaur goizean azaldu duenez, aurki ekingo zaio Santa Barbara plazako saltoki handiaren zamalanetarako nasa lurperatzeari. “Badugu proiektu bat, finantzaketa bermatua daukagu, eta akordioa lortu dugu El Corte Inglés-ekin proiektua aurrera eramateko”, jakinarazi du zinegotziak. Hurrengo asteetan emango dira jakitera xehetasunak, saltoki handiarekin lankidetza publiko-pribaturako akordioa sinatzen delarik, “lanak gauzatzeko ezinbestekoa den ekarpen ekonomikoa egingo baitu”.

Orobat jakinarazi du Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotziak, gaur goizean, behin betiko konponbideak hainbat irizpide bete behar izan dituela: “ikuspuntu teknikotik, administratibotik eta ekonomikotik bideragarria izatea”.

Behin akordioa lortu eta konponbidea zehaztuz gero, “Santa Barbara plazako bizilagunen erreklamazio historiko bati erantzungo diogu, aurreko agintaldian plazaren birmoldaketa egin ondoren. Konpontzeko geratzen zen gauza bakarra merkataritza-zentroaren logistika-lanek sortzen dituzten eragozpenak ziren, eta horregatik lurperatuko da zamalanetarako nasa”, gehitu du Amaia Barredok.

Santa Barbara plazako azokaren egungo zamalanetako nasa aparkalekuarekin eta saltoki handiarekin konektatuko dute Udalak eta El Corte Inglés-ek, bere eragiketak Santa Barbara plazako azokaren lehen sotoan egongo den nasa berrituan egiterik izan dezan. Orobat sartu ahal izango da salgaiekin bere eraikinera bigarren sotoan barrena, karga-jasogailu bat eraikiko baita.

Zamalanetarako espazioa partekatzeko aukera emango die El Corte Inglés-i eta azokaren eraikineko gainerako operadoreei -1 solairuan eraikiko den zamalanetarako nasak. Jabari-emakida bat izango du El Corte Inglés-ek, eta kanon bat ordainduko du espazio hori okupatzeagatik.

Alde bakoitzaren konpromisoak definitzen lan egin du Udalak aurreko agintalditik, proiektua gauzatu ahal izateko, eta hitzarmen batean jasoko dira azkenik. Akordioaren tramitazio administratiboa bukatzen ari da gaur egun, jarduketa hori gauzatu dadin. Aurki emango dira jakitera xehetasunak. “Bizilagunei emandako hitza beteko du gobernu-talde honek, eta Santa Barbara plazako eskaera historiko bati erantzungo hartara”, gogorarazi du Amaia Barredok.

 

Share