Prentsa Oharren banner

 2019ko Gazte Arte lehiaketan Adriana Fariñas, Alba Tojo, Ibai Cobo, June Almarza eta Aroa Arrizubieta saritu dituzte

Gaur arratsalden  2019ko Gazte Arte lehiaketaren sari banaketa izan da Gasteizen. Adriana Fariñas, Alba Tojo, Ibai Cobo, June Almarza eta Aroa Arrizubieta saritu dituzte.

Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren funtsezko helburuetako bat da Gasteizko gazteen sormena sustatzea.  Erronka hori argi eta garbi jasota dago Udalaren IV. Gazte Planean,  sorkuntza ildoaren baitan: “Gazteak, hiriko agente aktibo eta sortzaileak”.

Testuinguru horren barruan sartzen da “Gazte Arte” programa, 14 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendua, ikusizko arteen alorrean sortzeko espazioak sustatu eta eratzeko asmoz.

JUNE ALMARZA ETA AROA ARRIZUBIETA (“Bizidunalizazioa”): Diziplina anitzeko “Work in progress”. Hainbat osagairen argazkiak oinarritzat hartuz, haien esperimentazioaren objektu izatea onartzen duten pertsonen erretratu subjektiboa egingo dute. Argazkia, marrazketa, pintura, collagea eta poesia euskaraz uztartuko ditu esperimentazio plastiko horrek. Amaieran, bi artista gazteek sorkuntza-prozesuan bizi izandakoa adierazteko olerki bat irakurriko dute, argiz eta musikaz lagunduta.

ADRIANA FARIÑAS  (“Yo, espejo”): Adrianak argazkiak egingo dizkie beren burua eskaintzen duten boluntarioei. Hurbiltzen zaion pertsonak iradokitzen dionari jarraituz, eraldatu egingo du, zenbait elementu baliatuz (makillajeak, osagarriak, maskarak…). Ondoren, erretratuak egingo dizkie ur biltegian bertan egokitutako argazkigintza estudio batean. Egin ahala erakutsiko ditu erretratuak, publikoak ikus ditzan.

ALBA TOJO RICO (“Irudipean”): Albak estanpazio koloretsuen multzo bat egingo du, zenbait baliabide grafiko erabiliz. Metakrilatoaren gainean punta lehorraren teknika baliatuz erretratu eta figura batzuen oinarria marraztuko du, eta ondoren tinta zabalduko du zuzenean xaflaren gainean. Marrazketa eta kolorea. Figurazioaren eta abstrakzioaren arteko mugan daude lanak.

IBAI COBO (“La energía desde la materia”): argazkigintza analogikoak eta errebelatzeko teknika tradizionalek artistari abstrakzioarekin esperimentatzeko eskaintzen dizkioten aukerak ustiatu nahi dira proiektuan. Ibaik argazkiak mundu materiala argi irudikatu behar duelako ideia barneratua alde batera utzi eta sortzeko baliatzen du laborategia. Argia eta argazki-papera: objektuak, itzalak, testurak, zoria… errebelatu eta finkatu. Zuria eta beltza. Bisitariek sorkuntza-prozesu osoa behatu ahalko dute.

Gazte Arte lantegietan egindako lanak taldeko erakusketa batean jarriko dira jendaurrean, Montehermoson, 2020ko otsailean.

Hala lantegiek nola erakusketak artista gazteen lana Gasteizko herritarren aurrean ikusarazi eta nabarmentzeko balioko dute.

 

Share

Prentsa-deialdia (2019-12-27)

– Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa
Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.
Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran
Eguna. Ostirala, abenduak 27
Ordua. 11:00
Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Ireki da Hegoalde gizarte etxean jarritako Gabonetako Haur Parkea, zeinak tirolina, jokoen zona eta kulturen arteko lantegiak eskaintzen baititu

 

 

 

 

 

 

 

Gaur goizean ireki ditu ateak Hegoalde gizarte etxean jarritako Gabonetako Haur Parkeak. Urtarrilaren 5era arte hainbat kulturatako eguberriekin lotutako lantegiak, jolasak eta emanaldiak antolatu dira, eta hiriko haurren artean hainbesteko arrakasta duten atrakzio handiak.

Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok inauguratu du jai eremua, zeinak munduan barrena Eguberriak bizitzeko dauden modu ezberdinak hartu baititu gaitzat aurten. “Haur parke honetan, garrantzitsuena da Gasteizko umeek berdintasunean gozatu ahal izatea azken belaunaldiko jokoez, lantegiez, eskulanez eta dibertitzeko espazio ezberdinez. Aurtengo parkea bidaia zoragarria da tradizioetan barrena, ezagunenetatik hasita urrunenetara, ilusioz eta “gabonetako espirituaz” kutsatutako jolas giro komunean bilduta, eta umeak zein helduak liluratuko ditu”.

 Berritasun gisa, gizarte etxearen kanpoaldean tirolina handia jarri da, iturriaren gainetik doana, baita aerogiro bat eta 5D simulagailu bat ere, eta safari trena txikienentzat.

Hegoalde barruko atrakzio eta jardueren artean, puzgarri handiak, ‘challenge pista’, ‘oihan abentura pista’ eta ‘multicircus trena’ nabarmentzen dira. Rokodromoa ere erabili ahalko da, eta kantxan agertokia jarri da, animazioarekin.

Erakusketa aretoan jokoen zona jarri da: kabina simulagailuak (‘cockpits’), errealitate birtuala, wii eta play station jokoak eta 4 miniarcade makina; azken horiekin, gurasoek erabili ohi zituzten bideojokoetan jokatu ahalko dute parte hartzaileek.

Urtarrilaren 5era arte

Gabonetako parkea urtarrilaren 5eko 14:00etara arte egongo da zabalik. Egunean bi saio izango dira, goizez, 11:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 16:30etik  20:30era (abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean, goizez bakarrik). Urtarrilaren 1ean itxita egongo da.

Umeentzako sarrera 2,5 euro izango da goizean, eta 3 euro arratsaldean. Laguntzaileek euro bat ordainduko dute. Enpresak web-orri bat eskaintzen du sarrerak aldez aurretik eta gainordainik gabe erosi ahal izateko:  www.eventos.grupodisport.es; dagoeneko erabil daiteke. Web-orrian erosten diren sarrerek lehentasuna izango dute leihatilan erositakoen aurretik.

 

Share

Gizonezko bat atxilotu dute bikotekidea jotzeagatik

Udaltzaingoaren agenteek 24 urteko mutil gazte bat atxilotu zuten atzo, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egile gisa, bere bikotekidea jotzeagatik.

Gertaera horiek 06:00ak baino geroxeago izan ziren, eta 092 zenbakira egindako dei batek polizia Florida kalera etortzeko eskatu zuen, neska bat jo egin zuelako haren bikotekideak.

Patruila bat bertara joan zen eta, biktimarekin batera, hari laguntza eskaini zion gertaeren lekuko bat topatu zuten. Antza denez, minutu batzuk lehenago, eztabaida batean, gizonezkoak garrasi egin eta lurrera bota egin zuen neska, hainbat lesio sorraraziz.

Ustezko erasotzailea joan egin zen bertatik, nahiz eta beste patruila batek aurkitzea lortu zuen eta, gertaerak argitu ondoren, atxilotu egin zuten. Kalez jantzita zihoan patruila batek ospitaleraino lagundu zion biktimari, eta gizonezkoa epailearen esku geratu zen.

Desobedientzia larria

Udaltzaingoaren Agenteek 39 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, agintaritza-agenteen aurkako atentatuaren eta desobedientzia larriaren delituak egin dituen ustezko egile gisa.

Gizonezko hori Olagibel kaletik zihoan ziklomotorrez, telefonoz hizketan ari zen bitartean. Udaltzainek gelditzeko eskatu zioten, eta dagokion salaketa jartzera zihoazenean, gizonezkoak uko egin zion bere dokumentazioa emateari eta errespeturik gabeko jokabidea erakutsi zuen. Une jakin batean, udaltzainetako baten aurka eraso egin zuen, eta beraz, atxilotu egin zuten.

Istripuak

Abenduaren 23az geroztik, astelehena, 32 trafiko-istripu erregistratu dira, eta horietan 11 pertsona zauritu dira.

Hiru edukiontzik su hartu dute

Suhiltzaileek bart goizaldean esku hartu behar izan dute suak hartutako hiru edukiontzi itzaltzeko; bat Juan Belasko kalean, eta beste bi Jose Domingo Olarte kalean.

Share

Udalaren haur eskolen hezkuntza proiektu berriak baterako hezkuntza parekidea eta indarkeria ezaren printzipioa jasotzen ditu

Joan den abenduaren 11z geroztik, Gasteizko Udalaren haur eskolek hezkuntza proiektu berria dute. Erreferentziazko araudiarekin bat etorriz, zentro horietako hezkuntza jarduna oinarritzen duten funtsezko ildo pedagogikoak jasotzen ditu dokumentuak.

Hezkuntza proiektu berriak Haur Hezkuntzako profesionalen talde zabalaren esperientzia eta jardun ona biltzen du, eta umeengan eta haien beharretan zentratutako joera pedagogikoen (Emmi Pickler, Loris Malaguzzi, María Montessori) eta psikologia ebolutibo eta sozialaren oinarri teorikoekin uztartzen.

Zehazki, ardatz hauek hartu dira kontuan:

  • Haurrarenganako errespetua, izaki bakarra, autonomoa eta parekoekin eta helduekin erlazionatuz bere nortasunaren eraikitzailea den heinean
  • Arreta pertsonalizatua, aniztasuna eta desberdintasuna aintzat hartzen eta balioesten duena, hezitzaileen bikotean oinarritutako lan-esparruan.
  • Haurrek izan ditzaketen hezkuntza-premia berezien aurreko arreta, eta eskolako eguneroko bizimoduan normaltasunez integratzea.
  • Aniztasuna eta desberdintasunaren aurreko errespetua aintzat hartzea, inklusioaren eta hezkuntza-ekitatearen printzipioetatik abiatuta.
  • Baterako hezkuntza eta harreman parekideak sustatzea, “0 indarkeria 0 urtetik” printzipioa  aintzat hartuta.
  • Eskoletako hezkuntza elebiduna, eguneroko zereginean euskarari lehentasuna emanez eta haurren ama-hizkuntza aintzat hartuz.
  • Erreferentziazko pertsonaren eta espazioen garrantzia eguneroko jardunaren hainbat unetan.
  • Maitasunean oinarritutako giro lasaia, atsegina eta segurua sortzea, errespetuzko ekintza librea sustatuko duena.
  • Familiei eta komunitateari irekitako eskola bat izatea, errespetutik abiatuta, harremana, parte-hartzea eta inplikazioa sustatuko dituena eta hezkuntza-praktika aberastuko duena.
  • Ingurumen-iraunkortasuna, hezkuntza-praktika eta kudeaketa-printzipio gisa.

Udalaren bost haur eskolen sareak adostu du hezkuntza proiektua, eta hiru fasetan landu da. Lehenengo, prestakuntzarako, ikerketarako eta ekintzarako prozesu metodologikoa garatu zen eskoletako zuzendariekin eta hezitzaileekin. María del Pilar Aristizabal Llorente irakasleak zuzendu zuen lan-prozesua, eta EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko IkHezi Ikerketa Taldearen laguntza izan zuen, zeina María Teresa Vizcarra Morales irakasleak koordinatzen baitu.

Hortik sortu zen dokumentua abiapuntutzat hartuta, Udaleko Hezkuntza Zerbitzuko Haurtzarorako Hezkuntza Ataleko teknikariek proposamen bat landu zuten, eta udalaren bost zentroetako bakoitzeko eskola kontseiluek aztertu, hobetu eta adostu zuten.

Ondoren, Haurtzaro, Lourdes Lejarreta, Sansomendi, Zabalgana eta Zaramagako haur eskoletako kontseiluek aztertu eta eztabaidatu zituzten, baita Udaleko Eskola Kontseiluak ere.

Azkenik, Haur Hezkuntzako Udal Sareko Eskola Kontseiluak aztertu eta onetsi zuen Gasteizko Udal Haur Eskolen Sarearen hezkuntza proiektuaren proposamena, 2019ko abenduaren 11n.

 

Share