Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2019-12-19)

– Santa Barbarako zamalanetarako nasa lurperatzeko Udalak eta El Corte Inglés-ek egin duten akordioa aurkeztea.

Parte-hartzaileak: Gasteizko alkatea, Gorka Urtaran, eta El Corte Inglés-en Euskadiko eskualde zuzendaria, Enrique Casado.

Eguna: abenduak 19, osteguna.

Ordua: 9.30.

Lekua: udaletxeko harrera-aretoa.

————————————————–

– 2019ko Eguberrietako nekazaritza eta artisautza azoka bisitatzea.

Parte-hartzaileak: Gasteizko alkatea, Gorka Urtaran; Vital Fundazioko zuzendari nagusia, Axier Urresti, eta Vital Fundazioko zuzendaria, Arantxa Ibañez de Opacua.

Eguna: abenduak 19, osteguna.

Ordua: 10.30.

Lekua: Plaza Berriko azokako saltokiak.

——————————————————————

– Prentsaurrekoa. San Petersburgoko Ballet Klasikoak eta José Uruñuela udal dantza kontserbatorioak eskainiko duten“Maitagarri ipuinen dantzaldia” aurkeztea.

Parte-hartzaileak: Estibaliz Canto, Kultura zinegotzia; Olga Romashchenko, Ekimen Sozial eta Kulturalak Sostengatzeko Nazioarteko Zentroko burua; Ainhoa Arenaza, Jose Uruñuela” udal dantza kontserbatorioko zuzendaria, eta Elena Alexandrova, dantzaria.

Eguna: abenduak 19, osteguna

Ordua: 11.00.

Lekua: Principal antzokia.

 

Share

Gasteizko 42. maratoi erdiak 3.000 partaideren mugatik gora eutsiko dio

 

  • Oraindik ere hazten ari da emakumeen parte-hartzea: 463 emakume arituko dira aurten, hots, izena eman dutenen arteko % 15,3

 

 

 

Eguraldi ona, tenperatura leunak, euririk ezak, distantzia horretan Euskadiko proba zaharrenak pizten duen ikusminak eta irteeran bilduko diren 3000tik gora korrikalariek (zehazki 3021), argudio ezin hobeak dira pentsatzeko berriro ere arrakasta handia jasoko duela Gasteizko maratoi erdiak.

Kirol eta Osasun Saileko zinegotzi Livia Lópezek aurkeztuko ditu abenduaren 22an jokatuko den probaren azken xehetasunak, alboan zituela Arabako Atletismo Federazioko presidente Andrés Sánchez, antolaketaren arduradun Mikel García eta Laboral Kutxako komunikazio arduradun Kepa Ortiz de Urbina.

Probak egonkortasuna ondo lortua du, eta horren isla da azken urteetako partaideen kopurua: aurtengoan urritu egin da, 104 korrikalari gutxiago baitaude, baina azkenaurreko egunean aurrez aurre izena ematean beste ehun bat inguru ere gehitzen dira. Guztira 2550 gizonezko (partaide guztien % 84,7) eta 463 emakume (% 15,3) arituko direlarik, goraka doa emakumeen presentzia; 2014koan eman zuen izena emakume kopuru handienak, 549k.

Jatorriari erreparatuz gero, 1428 korrikalari arabarrak dira, % 47,27. Ondoren Bizkaia (494 lasterkari, guztien % 16,35) eta Gipuzkoa (353 korrikalari, % 11,68) datoz. Errioxa, Nafarroa, Burgos eta Kantabriatik ere partaide andanak etorriko dira, baina, ia autonomia erkidego guztiak egongo dira ordezkatuta: Euskadi, Nafarroa, Errioxa, Kantabria, Castilla eta León, Gaztela-Mantxa, Madril, Asturias, Aragoi, Valentzia, Balearrak, Extremadura, Andaluzia, Katalunia eta Galizia. Nazioartetik ere badatoz, Frantziatik.

Adin-tarteen arabera, 1971 ea 1980 artean jaiotakoek izen-emateen % 42 gainditzen duen bitartean, 1981 eta 1990 artean jaiotakoen multzoa % 25,92koa da. Atletarik gaztenak 18 urte ditu, eta beteranoena 1943an jaioa da.

Proba Arabako txapelketa ere izango da, banakako zein taldekako modalitateetan.

Hiriko hainbat tokitan egiten ari diren obrak tarteko, ibilbide berri bat diseinatu da, zein Espainiako Atletismo Federazioak homologatu duen. Irteera Lasarteko atean izango da beste behin ere, ea amaiera Mendizorrotzeko aparkalekuan, baina aldaketak egongo dira inguru horietan, BEAren obrek eraginda espazioa eta aparkalekuak galdu direlako.

Aurtengoan lasterketak ez diru igaroko Salbatierrabide, Álava, Zumakadi, Adurtza, Nieves Cano, unibertsitate eremuko eta Ramón y Cajal kaleak. Bertan behera geratu dira baita Trianako zubia eta san Kristobal. 6 bider igaroko dute korrikalariek Gaztelako ateko zubiaren azpiko biribilgunea. Bederatzi erbi arituko dira, partaideei marka hauek egiten laguntzeko: 1h20, 1h25, 1h30, 1h35, 1h40, 1h45, 1h50, 1h55, 2h00.

Mendizabaleko aparkalekuak (1.100 ibilgailurentzako edukiera) izango da aparkaleku nagusia. Aurtengo berritasunen artean autokarabanentzako gune berezia izango da; bertan, larunbateko 18:00etan irekiko bertako zerbitzuak. Mendizorrotzko aparkalekua larunbateko 15:00etatik itxiko da. Igandean ere itxita izango da, harik eta proba amaitzen den arte.

Partaideek dutxa eta arropa uzteko armairutxo zerbitzuak izango dituzte Mendizorrotzeko instalazioetan.

Larunbatean aukera izango da izena emateko, aurrez aurre, Jardines de Uleta hotelean, 50 euroan. Txikien lasterketako izen-ematea ere larunbatean amaituko da, baita ere probaren hotel ofizialean, 3 euroren truke, 16.00etatik 20.00etara.

Urtero bezala, Arabako Atletismo federazioak GKEren bati emango dio izen-emateekin bildutako kopuruaren zati bat. Aurtengoan, Brazadas Solidarias-Fundación Vicente Ferrerrentzat izango da. Bildutakoa Indian abandonatutako haur umezurtzentzako harrera-etxe bat berreraikitzeko erabiliko da.

Informazio gehiago: Gasteizko maratoi erdia

 

 

 

 

 

Share

Angélica Dass argazkilariaren Humanae proiektua erakusketan, Migratzaileen Nazioarteko Egunean azalaren kolorearen inguruan hausnar egiteko

 

Proiektuko argazkietan 19 herrialde eta 33 hiritako ia 4.000 boluntariok hartu dute parte

 

 

 

 

 

 

Angélica Dass argazkilari ospetsuak erakusketa bat dauka ikusgai gaurtik aurrera Goiuri jauregian. Migratzaileen Nazioarteko Egunaren harira, Udaleko bi zerbitzuk (Bizikidetza eta Aniztasuna batetik, Gazteria bestetik), indarrak batu dituzte Zurrumurruen aurkako Estrategiaren eta Gazte Klik Klak lehiaketaren bitartez, eta Angélica Dass gonbidatu dute, Humanae proiektua Gasteizen erakustera.

Gazteriaren eta Bizikidetza eta Aniztasun alorretako zinegotzi Miren Fernández de Landa eta Angélica Dass bera izan dira gaur goizean proiektuaren aurkezpenean, zeinak gonbite egiten duen hausnartzera –azal koloreen aniztasun ikaragarria erakusten duen erretratu bilduma baten bidez– “nola azal-tonuaren alde txikiak arrazari buruzko kontzeptu oker handi eta estereotipo bihurtu daitezkeen”. Ekimena sei kontinenteetako 49 hiri baino gehiagotan izan da dagoeneko, Davoseko Munduko Ekonomia Forotik National Geographiceko orrialdeetaraino, azalaren koloreari eta identitate etnikoari buruz pentsatzen dugun modua kolokan jartzen duen eztabaida bati ekiteko asmoz.

Proiektuko argazkietan 19 herrialde eta 33 hiritako ia 4.000 boluntarioak ageri dira. Erretratu bakoitzean, boluntarioaren sudurraren 11 x 11 pixeleko lagin bat hartzen du, eta haren kolore berberaz tindatzen du hondoa, Pantone® paleta industrialaren arabera hondo horren kodea aurkitzeko; Erreferentzia horren neutraltasunak kolokan jartzen ditu arrazari esleitzen dizkiegun kontraesan eta estereotipoak.

Proiektuak ez ditu partaideak hautatzen, eta ez da datarik aurreikusi hura amaitzeko. Denetik dago bertan: Forbes zerrendako norbait, baina baita Mediterraneoa itsasontziz gurutzatu duten errefuxiatuak, Suitzan ikasten ari diren batzuk eta Rio de Janeiroko favelak. Era guztietako sinesmen, adin, jatorri, genero-identitate… Pertsona guztiek sortzen dute Humanae. Denak batera, etiketarik gabe.

Gaur arratsaldeko 19:00etan Goiuri jauregian egitekoa den topaketaz gain, argazkilaria ikasleekin bildu da Montehermoso kulturunean, Haur eta nerabeentzako parte hartzeko foroan. Ramón Bajo eta Santa Maria ikastetxeetako DLHko 6. Ikasturteko ikasleek zenbait proposamen egin zituen 2018-2019 ikasturtean zehar foro horretan, gero Haur eta nerabeen elkargunera eraman zirenak. Horietako batzuk arrazakeriaren aurkako kanpaina bat egitea eta arrazakeriaren aurkako mezuak osatzea ziren. 2019-2020 ikasturtean, ikastalde horiek jarraitu egiten dute Foroan parte hartzen, eta arrazakeriaren aurkako saio horietako batzuk abiarazi dituzte. Testuinguru horretan kokatzen da ikasle-taldeek Angélica Dass artistarekin izango duten elkartze-jarduera, ikasleei aurrez aurre azaltzeko Humanae argazki-proiektua.

Horrez gain, Angélica Dassek Arte eta Diseinuko Goi Mailako Eskolako ikasleei ere aurkeztuko die Humanae; izan ere, zentro horretan erakusten diren ikasketak aintzat hartuta, interes bikoitza izango du ikasleentzat: teknikoa batetik –zuzenean argazki-proiektuari dagokiona–, eta kontzeptuala –Humanaek arrazakeria, azalaren kolorea eta antzeko beste gai batzuen inguruan eragiten duen hausnarketa sakona–.

 

 

 

 

Share

Bihar egingo da Eguberrietako kontzertua, Principal antzokian

 

 

Gasteizko Ganbara Orkestrak hiriko abesbatza onenak elkartu ditu, oso proposamen berezian

 

 

 

 

Bihar, osteguna, Eguberrietako kontzertua egingo da Principal antzokian, zortzi eta erdietan. Gasteizko Ganbara Orkestrak hiriko abesbatza onenak elkartuko ditu, bigarren urtez jarraian.

Dzast Ahotsak, Claustrum Armonicum eta Sortilegio Sound Singers abesbatzek beren dohainak batuko dituzte proposamen sinfoniko koral berri batean, zeina elkarren artean lotura handia duten bi musikagile handiri eskainiko baitzaie: Benjamin Britten ingelesa (1913-1976) eta Arvo Pärt estoniarra (1935).

Hasteko, Gasteizko Ganbara Orkestraren harien sekzioak bi pieza joko ditu, Arvo Pärten “Cantus in Memoriam Benjamin Britten” eta  Benjamin Brittenen “Sinfonia Sinplea”.

Atsedenaldiaren ondoren, kontzertuko lan nagusia abestuko dute hiriko 70 abeslarik, orkestra lagun, Iker Sánchezen zuzendaritzapean: Pärten “Berliner Messe”.

Aurkezpenean kontzertua egitea ahalbidetu duten hiru erakundeen ordezkariek hartu dute parte: Paco Galve, Gasteizko Udaleko Kulturako zuzendaria; Inmaculada Sánchez, Kulturako foru zuzendaria, eta Arantxa Ibáñez de Opacua, Vital Fundazioko zuzendaria.

Paco Galvek zorionik eta eskerrik beroenak eman dizkie denei, “sinergia hauek guztiak batzea ahalbidetzeagatik”. Kulturako zuzendariak emanaldia gomendatu du: “herritarrak kontzertu handi honetaz gozatzera animatzen ditut”.

Aurkezpenean beste hauek ere izan dira: Iker Sánchez Silva, Gasteizko Ganbara Orkestrako musika-zuzendaria; Iñaki Uralde, Sortilegio Sounds Singers abesbatzako zuzendaria, eta Ane Ruiz de Gordoa, ekitaldiaren ekoizpen arduraduna.

Gasteizko Ganbara Orkestra

Gasteizekin lotura duten 40 musikari profesionalek osatzen dute Gasteizko Ganbara Orkestra.

Ibilbide luzeko musikariek osatzen dute muina, eta haien itzalak bermatzen du taldearen kalitatea 2007an sortu zenetik. Horietako batzuek orkestra ospetsuetan jo dute, hala nola Berliner Philharmoniker,​ ​Münchner Symphoniker eta Tadtkapelle Berlin,​ baita Espainiako orkestra gehienetan ere.

Hiriko jotzaile gazteek laguntza ezin hobea ematen diete musikari zaildu horiei. Izan ere, estatuko zein nazioarteko kontserbatorio eta eskola onenetan prestakuntza bikaina lortu ondoren itzultzen dira Arabako hiriburura.

Informazio gehiago

Share

Gizonezko bat atxilotu dute bikotekidea jotzeagatik

Udaltzaingoaren agenteek 39 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egile gisa, bere bikotekide jotzeagatik. Koroatze auzoko ostalaritza-establezimendu batean eztabaida betean zeuden bitartean izan ziren gertaera horiek.

Azkeneko 24 orduetan Udaltzaingoak 19 trafiko-istripu erregistratu ditu, eta horietan, guztira, bi pertsona zauritu dira. 25 eta 30 urteko bi emakume dira, Araba kalean gertatutako istripu batean nahastutako auto bateko gidaria eta bidaiaria.

Suhiltzaileak

Suhiltzaileek bi esku-hartze egin zituzten atzo, eroritako bi farola erretiratu eta 10 solairutako etxebizitza baten teilatutik eroritako tela asfaltikoa jasotzeko.

Share