Prentsa Oharren banner

Bayón arkitektoak udal-taldeei azalduko die zertan den auditorioaren egokitzapena Musikaren ibilbideko lursailera

 

Gorka Urtaran alkateak berretsi egin du erronka, Gasteizek “kultur ekitaldietarako espazio duin, moderno eta erakargarria izan dezan, eta erdialdea eta lurperatzeak libre utzitako eremua biziberritzeko“.

 

BAI Center proiektua egin zuten arkitektoek (Mariano eta Pablo Bayón) hile amaieran azalduko diete udal-talde guztiei Auditorio berriaren eraikinaren proiektuaren egokitzapena Musikaren ibilbideko lursailera. Horixe iragarri du gaur Gorka Urtaran alkateak, zeinak berretsi egin baitu diputatu nagusiarekin duela hilabete batzuk iragarri zuten auditorioaren proiektua berreskuratzearen aldeko apustua, Gasteizek “kultur ekitaldietarako espazio duin, moderno eta erakargarria izan dezan, eta erdialdea eta lurperatzeak libre utzitako eremua biziberritzeko“, nabarmendu dute.

Bilera horretan, Bayónek Euskaltzaindiaren plazarako diseinatu zuten proiektua Musikaren ibilbidera nola egokituko duten azalduko die udal-taldeei; horrez gain, hirigintza-plangintza alorrean nahitaez egin beharreko eguneratze zehatz batzuen berri ere emango diete.

“Hiriarentzat on eta estrategikoa den proiektu bati buruzko xehetasun guztien berri eman nahi dugu. Talde guztiekin konpartitu nahi ditugu urrats guztiak eta bakoitza, konbentzituta baikaude talde gehienen konplizitatea positiboa ez ezik, beharrezkoa dela. Denok norabide bidean goazenean proiektu sinestezinak lortzen ditugu gure hiriarentzat”, azpimarratu du alkateak.

Musikaren ibilbidean egitekoa den entzunaretoak ia 10.000 m2 eta 1.550 pertsonarentzako edukiera izatea aurreikusi da. Kontzertuak, opera jakin batzuk, biltzar handietako osoko bilkurak, akziodunen batzar orokorrak eta beste zenbait ekitaldi hartu ahalko ditu aretoak.

Aretoaren ezaugarri teknikoek batez ere musika ikuskizunak hartzea ahalbidetzea da asmoa: kontzertu sinfonikoak (baita abesbatzak lagunduta ere), ganbera kontzertuak, kantari handien emanaldiak, piano errezitaldiak, kantautoreak, popa edo rocka, dantza, kontzertu formatuko operak eta abar. Efizientzia akustiko handia bermatzen duten baldintzak beteko lirateke horretarako. Orobat, biltzar handietako osoko bilkurak eta aurkezpen handiak ere hartuko lituzke, baita akziodunen batzar orokorrak eta formatu handiko proiekzioak ere.

BAI zentroaren proiektua egin zuten arkitektoek, Mariano eta Pablo Bayónek, proiektua guztiz bideragarria dela eta kokaleku berrira aldatzeko modukoa dela egiaztatu dute.

Entzunaretoaz gain, atondoa, zerbitzuetarako guneak, harrera, jantzitegia, leihatilak, biltegiak, zamalanetarako eremua, denda, kafetegi-jatetxea, areto teknikoak, itzulpen kabinak eta abar barne hartuko lituzke eraikinak. Orotara 9.688 m2-ko azalera erabilgarri itxia izango luke, eta 11.431m2-ko azalera eraikia. Behar den aurrekontua 24.608.000 euro da, BEZa eta obrarako segurtasun eta osasun plana kenduta eta altzariak eta ikus-entzunezko ekipamendua barne hartuta.

Beste proiektu estrategiko

Horrez gain, Gasteizko Agendaren beste proiektu batzuk, kultur azpiegiturei buruzkoak, aipatu ditu alkateak bere asteroko prentsaurrekoan.

Gorka Urtaranek iragarri duenez, atzo bertan sinatu zuten Gasteiz Antzokiaren proiektua idazteko eta obrak egiteko kontratua eta horrekin hasi dira kontatzen euskararekin lotutako kulturarako gune hori errealitate bihurtzeko epeak, duela urte batzuetatik hirian eskatutakoa.

Alkateak gogorarazi du, halaber, Principal Antzokia eraberritzeak bere bidea jarraitzen duela eta aurten bertan hobetzeko proiektuaren idazketa kontratatu ahal izango dela.

Udal Gobernuaren beste proiektu estrategiko eta “lehentasunezkoetako” bat da Iradier Arena, eta datozen lau urte hauetako planean jasota dago. Gorka Urtaranek azaldu duenez, oraingoz ez dago inongo erakunde pribaturen proposamen irmorik. Orain, ordea, eraberritzea nola eta zenbat kostatuko litzatekeen orain zehaztuko dutela iragarri du alkateak.

Share