Prentsa Oharren banner

Gasteiz turismo helmuga iraunkor gisa aurkeztuda FITURren, Biosphere zigiluaren eskutik

 

 

 

 

 

 

 

Arabako hiriburua IFEMAn egiten ari den Turismo Azokaren erakusleiho itzela aprobetxatzen ari da, nazioartean iraungarritasunaren alorreko ikono gisa duen ospea berresteko. Lehen alkateorde Maider Etxebarriak Gasteizek Biosphere turismo-helmuga gisa dituen dohainak aurkeztu ditu gaur zigiluak azokan duen standean.

Gasteizek 2016tik dauka Biosphere Responsible Tourism ziurtagiria. UNESCOk babesturik 1995ean egindako Turismo Iraunkorraren Mundu Konferentzian sortu zen estandar horrek ikusgarritasun handiagoa ematen dio Arabako hiriburuari nazioarteko turismoaren merkatuan, eta elementu bereizgarria da, gero eta kontzientziazio handiagoa duen bisitaria erakartzeko.

Aurkezpenean, Etxebarriak Gasteizek ingurumenarekin eta klima-aldaketaren kontrako borrokarekin duen konpromisoa azpimarratu ditu: “Iraungarritasunak arlo guztietan dituen inplikazioak ulertzen Espainiako lehen hirietakoa izan ginen, baita arlo turistikoan ere. Eta orain ez gara soilik hiri berde bat, baizik eta benetan iraungarria izan nahi duen eta norabide egokien urratsak ematen dituen hiria, turismoaren sektorea inplikatuz, eta besoak irekitzen dizkielarik bisitari kontziente eta izadiaren babesarekin kontzientziatuenei”.

Horrez gain, Gasteiz ‘Biosphere Destinations Community’ko kidea da, hots, klub batekoa zeinetako helmugen iraungarritasuna UNESCOk eta TMEk babestutako konferentzietan globalki adostutako irizpideen bidez bermatzen den. ‘Biosphere Destination’ helmugek Nazio Batuen Erakundeko Garapen Iraunkorreko 17 Helburuei eta klima-aldaketari buruzko Parisko Akordioari egiten dieten ekarpenaren neurketa integrala egiten dute, Turismo Iraunkorraren Gutunean adierazitako zuzentarauen bidez.

Arabako hiriburuak Turismo-Helmuga Adimentsu gisa aurkeztu du bere burua

Horrez gain, Gasteizek txosten-diagnostiko bat egingo duela iragarri du gaur goizean, zenaren helburua hiria aztertzea eta Turismo-Helmuga Adimentsua zigilua lortzeko asmoz eman behar dituen urratsak zehaztea den. Gasteiz Basquetourren (Turismoaren Euskal Agentziaren) eta Segitturren (Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren mendeko sozietatea da, Espainiako turismoaren alorrean berrikuntza (I+G+b) sustatzeaz arduraduna) eskutik arituko da lanean.

Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguezek Turismo-Helmuga Adimentsuen sarera atxikitzeak Gasteizentzako aukera dela azpimarratu du. “Gasteizek helmuga turistiko gisa duen erakargarritasuna sustatzeko asmoz, berrikuntzaren bidetik jarraitu behar dugu, abangoardiako azpiegitura teknologikoak finkatzen, herritarrentzat zein bisitarientzat erraz erabiltzekoa eta lagungarria izango direnak, bisitariaren inguruarekiko interakzioa eta integrazioa hobetuko duena, bai eta helmugan izango duen esperientziaren kalitatea ere, aldi berean bertan bizi direnen bizi-kalitatea ere hobetzen delarik”.

Iragarri berri da Gasteizen hautagaitza, baina sarera atxikitako beste hiri batzuen berrikuntza neurtzeko adierazleen artean ondoko hauek daude, besteak beste: turismo-bulegoetako edo gune turistikoki interesgarrietako wifi sareen konektibitatea, bisitarien eskariak eta tokiko enpresarien gogobetetasun-maila ezagutzeko inkestak egitea, helmugetako web-atarien funtzionamenduaren neurketa, sare sozialen interakzioaren kalitatea, baliabide turistikoen edo gune interesgarrien online geolokalizazioa, aplikazio mugikor propioak ezartzea, edo marketinaren eta online posizionamenduaren hobekuntza.

Share