Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 urtarrila 2020 11:46

 

Europa jauregiak hartuko du otsailaren 1ean Gasteizko Zurrumurruen kontrako Sarearen urteko lehen bilera.

 

 

Joan den agintaldian Udalak sustatutako “Elkarrekin bizitzen ikasi” programaren baitan kokatzen delarik, 2017an eman zituen lehen urratsak Gasteizen Zurrumurruen kontrako Estrategiak, ordutik hona bide luzea egin duelarik. Hauek izan dira mugarri garrantzitsuenetako batzuk: Pilar-Iparralde, Salburua eta Araneko taldeen sorrera eta –gero– batasuna, adinekoen taldearen sorrera, eragileen sareak Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuarekin batera abiarazitako Zurrumurruen kontrako jarduera ugariak, eta sare sozialetan (Facebook eta Instagram) profilak irekitzea, informazioa ahalik eta gehien zabaltzeko.

Otsailaren 1eko saioan, eta zenbait baliabideren bitartez, partaideek hausnarketa egingo dute Zurrumurruen kontrako Estrategiak sortu zenetik Gasteizen egindako ibilbideaz, eta, horrez gain, proiektuaren etorkizunari begiratuko diote, hobekuntza posibleak, interesak, helburuak eta Zurrumurruen kontrako herritar sarea indartzeko formulak identifikatuz.

Asier Gallastegi kontsultore eta prestatzaileak dinamizatuko du saioa, zeinek jarduera ikuspegi sortzaile eta berritzaile batetik abiatuta girotuko duen, zenbait ustekabe tarteko.

Zurrumurruen kontrako Udal Estrategia eraldaketa sozialaren aldeko sentsibilizazio-proiektua da, eta xede hauek ditu: pertsona-kopuru handi bat –bakarka edo erakunde eta elkarteen izenean– inplikatu eta gaitzea, eta estereotipo, aurreiritzi eta zurrumurru faltsuen eragin negatiboen gainean pentsaera kritikoa eta sentsibilizazioa sustatzea, eta aniztasunari buruzko kontakizun negatiboak kolokan jartzea. Gainera, agenda politikoan eta sozialean eragin nahi du, aurreiritziak murriztea eta diskriminazioa prebenitzea hiriaren helburu kolektibo oso garrantzitsua dela onartu dadin.

Gorka Urtaran alkateak Zurrumurruen kontrako Sareko boluntarioen inplikazioa eskertu du, “horiek bezain pertsona konprometituek Gasteiz hiri inklusiboagoa egiten dutelako, bizi errealitateaz kontzienteagoa, eta auzo bakoitzak bizitzaren etorkizunari ikuspegi konstruktibo eta positibo batekin begiratzen diona”. Ildo horri eutsita, alkateak animatu egin ditu gasteiztarrak otsailaren 1ean Europa jauregira hurbildu daitezen eta Zurrumurruen kontrako Estrategia ezagutu dezaten.

Informazio gehiago

Share