Prentsa Oharren banner

Udalak gizarte larrialdiko laguntzen eta udal laguntzen odainketa aurreratu du

Udalak gizarte larrialdiko laguntzen (GLL) eta udal laguntzen odainketa aurreratu du, ahultasun egoeran dauden pertsonek baliabideak izan ditzaten Covid-19aren osasun krisiak sortutako egoerei aurre egin ahal izateko.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak eta Ogasun Sailak astebete aurreratu dute laguntzen ordainketa, ‭866.460‬ euro orotara. “3.200 familiari egingo die mesede neurri horrek, joan den astearen bukaeratik eta aste honen hasieratik ari baitira sarrerak jasotzen. Baliabideak izan ditzaten nahi dugu, honelako egoeretan ahulenak baitira erortzen lehenak, eta kosta ahala kosta eragotzi nahi baitugu, azaldu du Gizarte Politiken arloko zinegotzi Jon Armentiak.

GLLen nomina da handiena: 480.460,89 euro 2.229 familiarentzat; udal laguntzen kontzeptuagatik, berriz, gizarte zerbitzuek 386.000,91 euro bideratzen dituzte, 971 familiarentzat.

Beste baliabide batzuk

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak gogoratu du arreta ematen jarraitzen duela oinarrizko gizarte zerbitzuetan, laguntza bermatzeko une honetan horren beharra duten pertsonei.

Arreta oraingo zirkunstantzietara moldatu da, profesionalen arretari eta baliabide eta prestazioen kudeaketari eutsiz. Oinarrizko gizarte zerbitzuetako profesionalek 9:00etik 14:00etara ematen dute arreta, telefonoz hitzordua hartuta. Zerbitzu hori behar duten pertsonek beren oinarrizko gizarte zerbitzuko telefonora deitu dezakete hitzordua eskatzeko, eta profesionalek berek deituko diete dagokien orduan.

Baliabideak eta prestazioak eskatu eta tramitatzeko prozesuak ere egokitu egin dira, telefonoz eskaini ahal izateko. Egoeraren bat telefonoz konpontzerik ez bada, ordea, aurrez aurre emango da arreta, profesionalekin hitzordua hartuta.

Horretaz gain, zerbitzu horietako gizarte langileak, psikologoak eta hezitzaileak oraingo zirkunstantziengatik egoera ahulagoan egon daitezkeen pertsonen telefono bidezko jarraipena egiten ari dira.

Share