Prentsa Oharren banner

Hemen da berriz “Kirol bidean” programa, 500 leku baino gehiago eta jarduera berriak dituela

Kirol Bedean liburuxka

 

Gasteizko Udalak “Kirol bidean” kanpainaren udaberri-udako edizioa abiarazi du, eta 526 leku eskainiko dira. Maiatzetik irailera bitartean, 10 asteburutan, kirol jarduera ugarirekin atsegin hartzeko aukera izango dute 12 urtetik 30 urte bitarteko gazteek. Gaur, maiatzak 3, hasi da izena emateko epea, eta maiatzaren 29an izango da aurreikusitako lehen jarduera. Aurten hiru jarduera berri izango dira: yoga naturan, geocaching eta bizikleta + SUP/Kayak.

Kirol bidean programaren helburua da Gasteizko 12 eta 30 urte bitarteko gazteen artean jarduera fisikoa sustatzea, bereziki 12 urtetik 18ra bitartekoen artean, hainbat kirol modalitatetako kiroletako hastapen ikastaroen bitartez. Jarduerak Arabako natur inguruneetan egingo dira, eta guztiak dira ohikoaz bestelako esperientziak, edukiari zein aritzeko inguruneari (mendia, itsasoa, airea) dagokienez. Kirol erakundeetako (klubak eta federazioak) eta enpresa espezializatuetako begirale kualifikatuak izango dira gidari.

“Iritsi da aire zabaleko jarduerak gozatzeko garairik onena, eta kirol bidean kanpainaren aurtengo edizioak proposamen erakargarri ugari ditu inguruneak eskaintzen dizkigun aukerei etekina ateratzeko. Bostehun plazatik gora eskaintzen dira, osasunaren arloko gomendioei jarraituz prestatutako jardueretan. Ez dago bizigiroa aldatu eta lur, aire edo itsasoz kirol bidean ez jartzeko aitzakiarik” adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopezek.

Hauexek dira udaberri-udarako programatutako jarduerak:

  • Arroilak: Antoñanan egingo da; ibaiak jaitsiko dira, oinez, saltoka zein igerian.
  • Espeleologia:  Iguaranen (Opakua), Arabako kobazulo klasikoan.
  • Parapentea: parapentean hegan egiten hasteko ikastaroa, Olarizun eta Garaion.
  • Plaza biko parapentea: aldez aurretik parapente jarduera egina dutenentzat bakarrik.
  • Zaldi-erronka: hipikan hastea, Gaubeako haranean.
  • Ferrata bidea: mendia eta eskalada, Sobronen.
  • Kayak: piraguismoaren oinarrizko kontzeptuak ikastea, Sobronen.
  • Yoga naturan: Gorbeiako Parke Naturalean aurreikusita, erlaxazioa eta ohitura osasungarriak sustatzea xede.
  • Geocaching: lokalizazio-jarduera, pisten eta GPSaren laguntzaz. Gasteizko Eraztun Berdean.
  • Bizikleta + SUP/kayak: Anglo-Vasco-Navarro trenbidearen bide berdea ezagutzeko jarduera konbinatua, Uribarri-Ganboako urtegiaren inguruan.
  • Eskalada haitzean: hastapen ikastaroa, Eginon.

 

Jarduera gehienak bi taldetan banatzen dira adinaren arabera: 12-17 urte bitartekoak, eta 18-30 urte bitartekoak.  Lehen taldean, jardueraren inguruko hastapenak landuko dira gehien bat.

Jarduera guztiek COVID-19aren prebentziorako osasun protokoloa betetzen dute, baita osasun agintariek gomendatutako neurriak ere. Zentzu horretan, eskaintza aldatu ahal izango da prebentzio-neurrien aldaketen arabera.

Izena emateko hainbat aukera dago: Udalaren webgunean, udalaren gizarte-etxeen eta kiroldegien sarean eta Gazteen Argibideetarako Bulegoan.

Kirol bidean kartela

+INFO: Kirol bidean – 2021eko udaberri-uda

 

 

 

 

 

 

Share