Prentsa Oharren banner

Udalak beste bideo bat kaleratu du klima-aldaketaz kontzientziatzeko eta 2070eko Gasteizera bidaiatzen du fenomenoaren ondorioak ikusteko  

 

Bideoa Udalaren “% 100 energia herritarra” kanpainaren parte da, zeina Gasteizko Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plana lantzeko azken fasearekin batera egiten ari den

 

Gasteizko Udalak beste bideo bat kaleratu du gaur bere plataforma digitalen bitartez, herritarrak klima-aldaketak hirian dituen ondorioez sentsibilizatzeko eta mundu mailako erronka horren aurka “borrokatzera” animatzeko. Ikus-entzunezko proposamena joan den apirilean abiarazitako “% 100 energia herritarra” kanpainaren parte da; kanpaina horrek 2070eko Gasteizen kokatzen du ekintza eta erakusten du bero-boladak dauden egun kopurua aurreikusi bezala handitzeak “arriskuan” jarriko duela pertsona zaurgarrienentzat eguneroko ohiko ekintzak egin ahal izatea, hala nola, pintxo-potea edo Eraztun Berdean barrena paseatzea. “Pertsona guztiak konturatu behar dira klima-aldaketa gure udalerrian dagoeneko eragina duen errealitatea dela, eta, azkar erantzuten ez badugu eta erantzukizuna denon artean partekatzen ez badugu, ondorioak itzulezinak izan daitezkeela”, adierazi dute Gasteizko Udaletik.

´

Bideoak azpimarratu egiten ditu klima-aldaketa arintzen lagundu dezaketen hainbat ohitura, hala nola, ibilgailu pribatuaren ordez garraio publikoa erabiltzea, energia berriztagarriak erabiltzea, edo hondakinak berrerabiltzea eta birziklatzea. Berotegi-efektuko gasen isurketak murrizten laguntzen duten eguneroko ekintzak dira eta ezinbestekoak dira gure hiriaren iraunkortasuna hobetzen jarraitzeko. Bideo hori Udalaren webgunean  eta Udalaren YouTube kanalean dago ikusgai, eta sare sozialen bidez ere partekatuko da.

 

Ekintzailetza eta belaunaldien arteko lana klima-aldaketa gelditzeko

 

“% 100 energia herritarra” kanpainak maiatzean zehar ere jarraituko du; bihar, hilak 5, “Ekin Breakfast” bat egingo da, Araba Ekinean ekimenaren online topaketa, ekintzailetzari eta klima-aldaketari buruz hitz egiteko. Hitzordua doakoa da eta edonork eman dezake izena esteka honen bidez; Ekin Breakfast horrek hiriko 5 ekintzaileren ekimenak eta klima-aldaketa arintzen laguntzeko burutzen dituzten proiektuak ezagutzera emango ditu. Enpresa hauen kasuak azalduko dira: “Eraman” bizikleta bidezko banaketa-kooperatiba, “Ig Karratu” arkitektura estudioa, “RE-utiliza” altzari birziklatuen denda, “Hobeen” startupa eta “Bodegas Ostatu”. Adibide horiekin, sektore desberdinetatik klima-aldaketaren kontra borrokatu daitekeela erakutsi nahi da.

 

Datorren astean, maiatzaren 12an, belaunaldien arteko lantegi bat egingo, gure hirian klima-aldaketaren arazoari aurre egiteko herritarrek izan ditzaketen irtenbideak lantzeko. Hitzordu horretan Koroatzeko Adinekoen Zentroko erabiltzaileek eta Egibideko ikasleek hartuko dute parte. Lanaren emaitzak ezagutarazteko kaleko ekintza bat egingo da ekaineko lehen astean, eta kanpainako elementu nagusietako bat izango da.

 

Gasteiz da klima-aldaketaren aurrean kaltetuen gerta litekeen euskal hirietako bat. Klima-aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Autonomia Erkidegoko Estrategian jasotako aurreikuspenen arabera, mende honetan, gure ingurunean, batez besteko tenperatura 2,5 gradu igo daiteke neguan, eta 5,5 eta 7 gradu inguru udan. Era berean, bero-boladen iraupena % 150 luza daiteke mende-bukaerarako.

 

Share