Prentsa Oharren banner

Gasteiz On elkartearen udaberri-udako pasarela Arkupeetan egingo da

Ekitaldia maiatzaren 15ean izango da eta diseinatzaile berrien desfilea berreskuratuko du

Maiatzaren 15ean Gasteiz On elkartearen udaberri-udako XXXVIII. pasarela egingo da Arkupeetan. Pandemia-egoera dela eta, aurten ere egokitutako formatua izango du: egun bakarrean egingo da, bi emanalditan, 18:00etan eta 19:30ean.

Hitzordua gaur goizean aurkeztu dute prentsaurrekoan Gasteizko Udaleko Merkataritza zinegotzi Igor Salazarrek, Diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren diputatu Cristina Gonzálezek, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza sailburuorde Jesús Garcíak eta Gasteiz On elkarteko presidente Diego Martínez de San Vicentek.

Gasteiz On Pasarelak diseinatzaile berrien desfilea berreskuratuko du. Hortaz, Amaia Sánchez, Carla Ramacciotti, Iñigo Cordón, Marcos Villafruela eta Nunaren jantziak parte hartzen duten saltokietako arroparekin tartekatuko dira.

18:00etako desfilean Baskonia Alavés Experience Store, Zapatería Wow, Ciclos Sport, Elaia eta Moda María Jesús egongo dira, Amaia Sánchez, Nuna eta Marcos Villafruela diseinatzaileekin batera; 19:30eko pasean, aldiz, Cotton Artean, Barbour –Twinsisters, Galerías Xara, Ríos Moda–, Twinsisters, Atelier Vitoria eta Novias por siempre jamás, Carla Ramacciotti eta Iñigo Cordón sortzaileekin.

Maiatzaren 10etik aurrera Euskadiko I. Zikloturismo Foroa egingo denez hirian, Ciclos Sport dendak moda eta osagarrien joerak erakutsiko ditu bizikletaz bidaiatzen eta kirol hori egiten ondo pasatzen duten pertsonentzat.

Desfile bakoitzean 180 pertsonarentzako lekua egongo da eta joan nahi dutenek www.entradium.com webgunean eskuratu beharko dute sarrera, doan. Lehen egunetan saltokiei eta bere bezeroei emango zaie lehentasuna.

Plaza-kopurua mugatua izateaz gain, segurtasun-neurri guztiak hartuko dira: distantzia, derrigorrezko maskara, tenperatura hartzea, gel hidroalkoholikoa eta modeloek jantziko dituzten arropak garbitu eta desinfektatzea. Desfile bakoitza hasi baino 45 minutu lehenagotik sartu ahalko da esparru mugarrituan eta bertaratutako pertsona bakoitzari tenperatura hartu eta bost maskarako kit bat banatuko zaio, BSAFE enpresa gasteiztarraren eskaintza.

Pasarelak honako hauen laguntza du: Kutxabank, Di4, BSafe, Quintas Fotógrafos, Eternian eta Calzados Pasos. Gainera, desfilea amaitu ondoren ikusleek sustapen bereziak jasoko dituzte parte hartzen duten saltokien eskutik —% 10 eta % 15 bitarteko beherapenak izango dituzte 15 egunetan zehar—, eta Viva Gym, Abasedestilo, Altafit, Body Chronos eta Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideak opariak zozketatuko dituzte.

Share