Prentsa Oharren banner

Genero-indarkeriagatik hiru atxilotu

Udaltzainek asteburu honetan hiru gizonezko atxilotu dituzte, 22, 45 eta 34 urtekoak, genero-indarkeriako delituengatik.

Haietako lehenengoak ostiralean neska-lagunarekin eztabaida izan zuen Ariznabarrako etxebizitza batean. Udaltzainak iritsi zirenean, emakumeak erasoaren markak zituen.

Bigarren atxiloketa larunbatean gertatu zen Voluntaria Entrega kalean. Gizonezko batek bikotekide ohia iraindu eta eraso egin zion. Atzo utzi zuten epailearen esku.

Atzo, igandean, udaltzainek 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Arriaga-Lakua auzoko etxebizitza batean. Bertan, bikotekide ohi eta pisukidearekin eztabaida izan zuen, eta eraso egin zion.

Bestalde, udaltzainek atzo 28 urteko gizonezko bat ere atxilotu zuten genero-indarkeriaren baitan, urruntze-agindua hautsi izanaren delituaren ustezko egilea izateagatik. Emakumeak deitu zuen 092ra, gizonezkoak Sansomendi auzoan atariko txirrina jo zuenean, etxebizitzara igotzeko asmoz.

Lapurreta arma zuriarekin

Udaltzainek ostegunean 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuten arma zuriarekin lapurreta egin izanaren delituaren ustezko egilea izateagatik.

Egozten zaizkion gertakariak bi egun lehenago jazo ziren, Doris Lessing kalean. Beste bi gizonezkorekin batera aizto bat eskuan hartuta Salburuako auzoan joko eta apustuen lokal batean saria lortu berri zuen pertsona bati saria lapurtu zion, 3.000 euro inguru.

Polizia-ikerketei eta herritarren lankidetzari esker, atxilotu egin zuten eta, guardiako epaitegira eginbideak bidali ostean, aske utzi zuten. Ikerketek aurrera jarraitzen dute lapurretan parte hartu zuten beste bi gizonezkoak lokalizatu nahian.

Lapurreta indarkeriaz

 Udaltzainek atzo 19 eta 17 urteko bi gazte atxilotu zituzten furgoneta baten barrutik mugikor bat ebasteko delituaren ustezko egileak direlakoan. Jabea zamalanak egiten ari zen bitartean gertatu zen, Alberto Schommer kalean.

Eta bart goizaldera 19 urteko beste gazte bat atxilotu dute Badaia kaleko lokutorio batean indarkeriazko lapurreta-delituaren ustezko egilea izateagatik. Udaltzainek barruan harrapatu dute.

Agenteekiko desobedientzia

Udaltzainek ostiral arratsaldean 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuten agintaritza-agenteekiko desobedientzia-delitu baten ustezko egile gisa, Zabalgana etorbideko joko eta apustuen lokal baten kanpoaldean beste gizonezko batekin borrokan parte hartu ondoren.

Covid-19aren salaketak

Asteburuan, Udaltzaingoak Covid-19aren aurkako neurriak ez betetzeagatik 21 salaketa-proposamen egin ditu. Haietako bederatzi musukoa ez erabiltzeagatik edo gaizki erabiltzeagatik izan ziren; 6, etxeratze-agindua ez betetzeagatik, alarma-egoera amaitu aurretik; 4, itxita egon beharko luketen establezimenduetan biltzeagatik (txokoak, elkarte gastronomikoak eta gazte-lokalak), eta 2, berriz, ostalaritza-establezimenduei jarritakoak, neurriak betetzen direla ez zaintzeagatik.

Alarma-egoera amaituta, larunbatetik iganderako goizaldean udaltzainek zenbait esku-hartze egin zituzten kalean zarata sortzen ari ziren pertsona batzuengatik, nahiz eta gorabeherarik sortu ez. Horrekin lotuta, Andre Maria Zuriaren plazako balkoitik musika bolumen altuan jarri zuten 2 gazte identifikatu zituzten.

Buesa Arena eta Jundiz eremuan ere esku hartu zuten, ibilgailuen kontzentrazioa detektatu baitzuten, baina bertaratu zirenean alde egin zuten. Hala, kale-edana eragotzi zuten.

 

 

 

 

Share