Prentsa Oharren banner

Gasteizek eta Arabak FITURen bere burua sustatuko dute leku seguru, jasangarri eta barneratzaile gisa

Udala lasterketa eta kirolaren hiri moduan kokatzen da

Foru Aldundiak lurraldea ibilgailu elektrikoz ezagutzeko gidaliburu bat argitaratu du

 

Gasteizek eta Arabak eskaintza integrala aurkeztuko dute Nazioarteko Turismo Azoka – FITURen, turismo leku seguru, jasangarri eta barneratzaile” gisa kokatzeko, bertako izadia, ondarea eta enogastronomia oinarri dituzten jarduera eta esperientziak direla medio. Lurraldea ibilgailu elektrikoz ezagutzeko gidaliburu berri bat, eta hiriburuan lasterketa eta beste kirol batzuk egiteko proposamen bana dira haren berritasun batzuk.

Igor Salazar zinegotziak, Gasteizko Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saila ordezkatuz eta Cristina Gonzalez bigarren diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak, gaur prentsaurreko batean zehatz mehatz azaldu dute lurraldeak eta hiriak nazioarteko azoka horretara eramango duten eskaintza. Azoka maiatzaren 19tik 23ra bitartean egingo da, Madrilgo IFEMAko instalazioetan.

Salazarrek eta Gonzalezek nabarmendu dute bi erakundeak azken urte hauetan Araba eta Gasteiz turismo leku bezala ezagutarazi eta sustatzeko batera egiten ari diren lana, “bat eginda indartsuago, eraginkorrago eta efizienteago garela” sinetsita. Estrategia hori baterako kanpainen diseinuan, mezuen koherentzian eta sinergien baliatzean gauzatzen da.

Gasteizek FITURen erakutsiko du leku ‘green’ bat dela, kirola egiteko eta familiako eta aire zabaleko turismoa hartzeko guztiz egokia. FITURek eskaintzen duen erakusleiho handian egon nahi dugu, jasangarritasunaren ikono bat bezala agertzeko. Betiere osasun egoera kontuan izanik, garrantzi handienekoa baita. Horregatik, 2021eko FITUR honetan arloko profesionalek protagonismoa izango dute. Alde horretatik, Arabako hiriburuak natura turismorako bi proposamen aurkeztuko ditu.

Alde batetik, Gasteizek Walking&Running proiektua aurkeztuko du, paseatzeko edo korrika egiteko bide sorta bat, Gasteizko udalerria eta Araba bisitatzen ari direla beren kirol gogokoena aire zabalean egin nahi dutenentzat pentsatua. Ibilbide guztiek “bazter ezin ederragoak zeharkatzen dituzte; haietara erraz heltzea dago norbere autoan nahiz oinez, eta ezaugarri bertsuak dituzte: interesgarriak dira turistentzat, eremu babestuak dira eta paisaia eta kultura balio handiak dituzte” adierazi du Salazarrek. Horrekin guztiarekin, gidaliburu honek jarraitu nahi du Gasteizko udalerriaren ezagueran sakontzen, ibilbide berriekin. Argitalpen berri honek 7 ibilbide berri eskaintzen ditu. Gasteizen lehendik daudenei gehituta, 15 Walking&Running ibilbide dira, Arabako lurraldean dauden beste 6ez gainera. www.walkingandrunning.es plataforman aurki daitezke.

Horrekin batera, Arabako hiriburuak Aire Zabaleko Baliabideen Gidaliburu Profesionala aurkeztuko du, hirian bertan nahiz bere natura ingurunean kirol eta aisia aukerak eskaintzen dituena. Hartan, mota guztietako jarduerak daude, ur kiroletatik ziklismora, tartean globo txangoak, golfa, parapentea, segway edo izadiko yoga daudela, batzuk bakarrik aipatzearren. Gidaliburuan, alor honetan lan egiten duten profesionalen zerrenda dago, haiekin harremanetan jartzeko telefonoekin.

Aldi berean, Arabak eta Gasteizek berriz ere turismo ‘enbaxadoreak’ izendatuko dituzte, telebistaren munduarekin lotura duten pertsona ospetsuak, gure lurraldeko kultura, ondare eta gastronomia baliabideak nazio mailan zabalduko dituztenak. FITURen ezagutaraziko da nortzuk diren. Iaz, eginkizun hori berriz ere ezarri zenean, Sandra Sabatés eta Jesús Alvarez aurkezleek bete zuten.

Arabako Foru Aldundiak FITURen ‘bozgorailua’ erabiliko du Araba ibilgailu elektrikoz ezagutzeko gidaliburu berri bat aurkezteko. “Ibilgailu elektrikoen merkatua handitzen ari da eta bilakaera horrek iraun egingo du etorkizunean. Hortaz, proiektu honek joera bati erantzuten dio eta orobat geure politikaz turismo jasangarriari laguntzeko borondatea agertzen du, Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Gobernuaren eta NBEren Garapen Jasangarriko Helburuen estrategiaren ildoan”.

“Ibilgailu elektrikoz ibiltzeko bideen gidaliburu berri honekin, natura, ondare edo enogastronomia baliabideetatik hurbil dauden karga azpiegituretan oinarritutako turismo eskaintza bat duen lehenengo lurraldea da Araba, eta kokaleku bikain batean gaude turismo jasangarri eta berdean erreferentzia puntu bat izaten jarraitzeko”, adierazi du Cristina Gonzalezek.

Argitalpen horrek bere 52 orrialdeetan lurraldeko eskualde guztiak korritzen ditu, kargagailu sarea lokarri duelarik, eta bateratzen ditu ibilgailuko bateriak energiaz kargatzeko argibide praktikoak eta honako hauekin “bidaiaria energiaz kargatzeko” ideiak: Erdi Aroko hiribilduak, parke naturalak, historia eta kultura ondarea, ibilbide berdeak, aire zabaleko jarduerak, esperientzia enogastronomikoak, leku paregabeak, hala nola Gatz Harana edo Nerbioiko ur jauzia, eta abar luze bat”.

Eskaintza integrala

Gidaliburua, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez argitaratua, gaurtik aurrera formatu digitalean eskuratu daiteke alavaturismo.eus web atariko deskarga sailean, eta hurrengo egunotan paperezko formatuan ere eskuragarri egongo da Arabako udalen eta eskualdeen turismo bulego guztietan. Argitalpena ikus-entzunezko batekin osatuko da, azoketan, sare sozialetan eta beste euskarri batzuetan zabaltzeko.

Arabak FITURen egingo duen eskaintza azokan bertan agertuko diren beste proposamen batzuekin osatuko da, azken urte hauetan kuadrillekin lankidetzan diseinatu diren produktuekin (Hartu Atsedena Araban, Kirol Turismoa, Turismo Irisgarria, Familia Turismoa, Araban Galtzeko Ibilbideak, Erdi Aroko Ibilbideak, Motorrezko Turismoa, Turismoa Autokarabanan, etab.), Arabako Errioxako enoturismo eskaintza osoarekin eta natura turismoarekin.

 

 

 

Share