Prentsa Oharren banner

Hezkuntzaren alorrean droga-kontsumoa prebenitzeko programak kontratatzen hasi da udala datozen bi urteetarako

Tokiko Gobernu Batzarrak mendetasunen prebentzio unibertsalerako eta droga kontsumoari dagozkion arriskuak murrizteko programen lizitazioa onetsi du gaur. Bi programa horiek “Gasteiz, drogarik gabeko hezkuntza esparrua” ekimenaren barrukoak dira. Hiriko eskoletako hezkuntza-komunitateak dituzte xede programek, eta helburua, berriz, mendekotasun- edo kontsumo-jokabideak bultza litzaketen faktore pertsonal, sozial eta kulturalak aldaraztea.  Horretarako, berariaz ikasleekin, familiekin eta irakasleekin lan egiteaz gain, kaleko hezitzaileekin  eta Osasun Publikoaren Zerbitzuak identifikatutako beste kolektibo ahul batzuekin ere jarduten da.

156.880 euroko aurrekontua du, eta 24 hilabeteko indarraldia, urriaren 1etik aurrera. Prebentzio unibertsala zein kontsumoari lotutako arriskuak murrizteko esku hartzeak ikastetxeek eskatuta egiten dira. Iaz 166 gelatan gauzatu ziren jarduera eta programak.

Prebentzio unibertsaleko programa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago, eta lehen mailako esku hartzeak egiten dira, ikasleek substantzien kontsumoa saihesteko eta atzeratzeko, ikasleen arrisku-aurrekariak kontuan izan gabe. Hainbat alderdi jorratzen da: kidekoen taldearen presioa egoki kudeatzeko trebetasunak eta estrategiak ematen dira, autonomia pertsonala garatzen laguntzen da, eta legezko zein legez kanpoko substantziei, sare sozialei eta informazio- eta komunikazio-teknologiei buruzko ezagutza ematen, horiek erabiltzeak edo gehiegi erabiltzeak dituzten ondorioak zehaztuz. Halaber, familiei adikzioen arloko baliabideak eskaintzen zaizkie, eta irakasleei lanabes osagarriak.

Prebentzio selektiborako eta kontsumoari lotutako arriskuak murrizteko programa ikasleei zuzentzen zaie, kontsumitzen hasi diren substantzien ondorioak ezagutu eta arriskuak kudea ditzaten. Programaren helburu dira, besteak beste, drogen ondorioei buruz asko jakitea, kontsumoa murriztea, horrelako substantziak edukitzeak dakartzan lege-ondorioen berri ematea eta mendetasunarekin lotutako arriskuak murriztu, besteak beste.

 

Share