Prentsa Oharren banner

Ia 200 ikertzaile gazte bilduko dira Ikergazte kongresuan Gasteizen ekainaren hasieran

 

Ekainaren 9, 10 eta 11an Gasteizen egingo den IKERGAZTE kongresuan 200 ikertzailek parte hartuko dute elkar ezagutu eta euskarazko produkzio zientifikoa sustatzeko helburuarekin. 150 artikulu zientifiko aurkeztuko dira eta antolatzaileek ekitaldi arrakastatsua izango dela aurreikusten dute. Hiru egunetan zehar nazioarteko ikertzaileen hitzaldiak, mahai-inguruak, aurkezpenak eta ekintza ludikoak antolatu ditu UEUk.

 

Prentsaurrekoan Iñaki Gurtubaik, Vitoria-Gasteizko Udaleko alkateordeak eta Euskara zinegotziak; Lexuri Ugartek, Arabako Foru Aldundiko Euskara Zuzendariak; Kepa Sarasolak, UEUko zuzendariak; Inma Arostegik, EHU/UPVko Ikerketa errektoreordeak eta Olatz Arbelaitzek, IKERGAZTEko zuzendariak parte hartu dute.

 

Iñaki Gurtubaik, Vitoria-Gasteizko Udaleko alkateordeak eta Euskara zinegotziak eman dio hasiera prentsaurrekoari. “Euskarazko ikerkuntza eta hezkuntza ekimenak babestea Gasteiz bezalako hiri batentzat pozgarria da oso. Euskadiko hiriburuaz gain, euskararen hiriburua ere izan nahi dugu. Eta horretarako, IKERGAZTE bezalako kongresu erreferenteak gurean egiteak grrantzi handia du”.

Lexuri Ugartek, Arabako Foru Aldundiko Euskara Zuzendariak ere IKERGAZTE kongresuaren balioa azpimarratu eta Arabak azken urte hauetan euskararen esparruan egin duen lana balioan jartzeko ekimen ezinhobea dela aipatu du.

Kepa Sarasolak, UEUko Zuzendariak, UEUrentzat egitasmo honek duen garrantzia azpimarratu du: “Ia 50 urteko ibilbidean, UEUren helburu garrantzitsuenetako betidanik izan da euskal komunitate zientifiko-intelektuala trinkotzea. Elkarren berri izatea ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egin dezan, are gehiago gure kasuan, euskaraz lanean dihardugun ikerlariak hain sakabanatuta egonda. Gaur egun ikertzaile euskaldunak inoiz baino gehiago dira, eta beraien arteko eta lanen ezagutza bideratzeko asmoz antolatu genuen 2015ean lehen aldiz IKERGAZTE kongresua Durangon, bigarren aldiz 2017an Iruñean eta hirugarren aldiz 2019an Baionan. Edizio bakoitzean 150 ikertzaile baino gehiagok parte hartu dute, eta argi geratu zen horrelako foro bat beharrezkoa zela. Dagoeneko gune erreferentziala bilakatu da ikertzaile euskaldunentzat, eta arrakasta horren atzean dago unibertsitate eta erakunde desberdinekin egiten ari garen bide oparoa, #ElkarEkin”.

Inma Arostegi, EHU/UPVko Ikerketa Errektoreordearen esanetan, “gure hizkuntzak terminologia zientifikoa, bibliografia, material didaktikoa eta, batez ere, euskara lanean erabiliko duten ikertzaileak behar ditu. Euskal Herriko Unibertsitateak eta Udako Euskal Unibertsitateak elkarlan handia egin dute guzti hori sortzearen alde. Poliki-poliki baina eten gabe doa gure hizkuntza ikerketan ere bere bidea egiten”.

Olatz Arbelaitzek, kongresuko zuzendariak aurtengo antolakuntza ez dela batere erraza adierazi du: “COVID-19a dela eta sortutako osasun krisiak zailtasunak jarri dizkigu. Une askotan kongresua aurrez aurre antolatzeko ideia zalantzan jarri bada ere, argi izan dugu IKERGAZTEren izaerak presentzialtasuna eskatzen zuela. Alegia, beste helburu batzuen artean ikertzaile gazteek elkar ezagutzea duen kongresua ezin imajina genezakeen urruneko moduan eginda. Ez zaigu buruhauste gutxi kostatu, eta B plana ere landu behar izan dugu, baina aitortu beharra dugu, aurtengo ekitaldirako hautatutako hiria Gasteiz izateak eta Europa Biltzar Jauregian antolatzeak erraztu duela dena”.

Arbelaitzek aurreko edizioetako helburu berberekin bidea urratzen segitzeko asmoz datozela adierazi du: “Ikertzaile gazteek egiten duten nazioarte mailako ikerkuntza etxean ezagutu dadila nahi dugu, eta ikertzaileei Gasteiz eta inguruak ezagutzeko aukera ere eman nahi diegu. Aurten sekula baina ekarpen gehiago jaso dugu, 163, eta gainbegiratze-prozesua gainditu duten 150 lan aurkeztuko dira kongresuan: 58 ahozko aurkezpen eta 92 poster. Ezin aurrera egin beraz, jasotako lan guztiak zintzotasunez berrikusi dituzten batzorde zientifikoko kideei eskerrak eman gabe”.

  • Giza Zientziak eta Artea :18
  • Gizarte Zientziak eta Zuzenbidea : 39
  • Zientzia Zehatzak eta Natur Zientziak : 42
  • Ingeniaritza eta Arkitektura : 24
  • Osasun Zientziak : 27

 

IKERGAZTEko Zuzendariak aipatu du jakintza-alor bakoitzeko lanik onenari saria emango zaiola kongresuaren azken egunean, Gasteizko Udalaren eskutik. Era berean, sari berezi bat ere egongo da, Udalbiltzak emango duena, Euskal Herriko garapenean eragin handiena izango duen ikerketa aintzat hartuko duena.

Ikertzaileen filiazioari dagokionez, aurreko edizioetako joera mantendu da. Jasotako komunikazioen artean Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) da maizen aipatu dena eta ondoren Mondragon Unibertsitatea, aurreko edizioetako ekarpen kopurua bikoiztuz. Horiez gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa, Bordeleko unibertsitatea, University of Illinois at Urbana-Chamapaign, Vic-eko Unibertsitatea eta Granadako Unibertsitateko lanak ere kongresuan egongo dira. Hauez gain unibertsitateei atxikitako ikerketa-zentroak eta taldeak ere aipatzen dira beste argitalpen askotan. Ildo honetatik nabarmentzekoa da, aurtengo edizioan 14 ikerketa talde laguntzaile izango direla, aurreko ekitaldietako kopuruaren bikoitza.

Arbelaitzen esanetan zenbakiek adierazten dute oso pozik egoteko arrazoiak dituztela, IKERGAZTE ekimen arrakastatsu eta erreferentzia bilakatu dela adierazten baitute: “Zalantzarik ez dugu alor desberdinetako ikertzaileek besteen lanak ezagutzeko aukera izango dutela, eta aurretik gertatu den bezala, ziurrenik elkarlan berriak ere sortuko dira bertatik”.

Edizio hau COVID-19a dela eta sortutako osasun krisiari egokituta antolatu behar izan dute, eta betiko espiritua mantenduko duten arren, osasun neurri zorrotzek baldintzatuta egongo da eta horrek egitaraua zertxobait moldatzera behartu ditu, baina aurreko edizioetakoa bezain interesgarria aurreikusten dutela adierazi du Olatz Arbelaitzek.

 

EGITARAUA Xehetasun guztiak www.ueu.eus/ikergazte

Asteazkena, ekainak 9

08:10-09:00 Harrera mahaia irekiko da

09:00-09:30 Harrera ekitaldia eta ongietorria

09:30-10:30 Hitzaldi gonbidatua: “What is feminist research in art history?” (Middlesex Unibertsitatea)

10:30-11:15 Hitzaldi gonbidatua: “Hizkuntza teknologiaren bilakaera: IXA taldearen esperientzia. Erabili zientzia gure gizartearen alde. Arantza Diaz de Ilarraza (UPV/EHU, UEU)

11:15-12:00 Atsedenaldia

12:00-14:15 Mikroaurkezpenak

14:15-16:15 Bazkari etena

16:15- 17:50 Solasaldia: “Ezagutzaren dibulgazioa, ahalduntzeko tresna”

18:00-20:00 Saio osagarriak

Gasteiz eta Arabako historia, herri mugimenduak eta euskalgintzako eragileak ezagutzeko aukera.

Osteguna, ekainak 10

09:00-10:00 Hitzaldi gonbidatua: “Datuen zientziak COVID-19aren aurkako borrokan”. Nuria Oliver (Telekomunikazio ingeniaria eta Inteligentzia Artifizialeko doktorea)

10:00-11:15 Mikroaurkezpenak

11:15-12:00 Atsedenaldia

12:00-14:15 Ahozko aurkezpenak

14:15-16:15 Bazkari etena

16:15- 17:50 Mahai ingurua: “K++: Koronabirus osteari buruz esandakoei atzera begirada”

18:00-20:00 Saio osagarri berezia eta afaritxoa

Ostirala, ekainak 11

09:00-10:00 Hitzaldi gonbidatua: “Biomaterial eta material biologikoen propietate fisikoak”. Eneko Axpe (Marie Curie doktore osteko ikertzaile bekaduna Stanford University-n, NASA, UPV/EHU)

10:00-11:15 Mikroaurkezpenak

11:15-12:00 Atsedenaldia

12:00-13:30 Sari banaketa eta Amaierako ekitaldia

 

WEB GUNEA: www.ueu.eus/ikergazte

TWITTER: @ikergazte_

Facebook: @IkergazteKongresua

 

 

Share