Prentsa Oharren banner

“Aire zabaleko musika” zikloaren aurtengo edizioa aurkeztu du Musika Bandak

Denboraldi honetan 14 kontzertu egingo dira, ekainaren 4tik urriaren 1era bitartean, Zulueta jauregiko lorategietan eta Zabalganeko eta Hegoalde gizarte-etxeetan.

 

Gasteizko Udal Musika Bandak “ Aire zabaleko musika” zikloaren aurtengo edizioa aurkeztu du: guztira 14 kontzertu emango ditu ekainaren 4tik urriaren 1era bitartean.

“Programa Zulueta jauregiko lorategietan gauzatuko da, bi emanalditan izan ezik, haiek Hegoalde eta Zabalgane auzoetan egingo baitira. Guztiak, 19:00etan izango dira”, iragarri du Hezkuntza eta Kultura Saileko zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Udal Bandaren zuzendari Luis Orduñak eta Bandaren zuzendariondoko Iker Olazabalek zuzenduko dituzte kontzertuak. Biek zinegotziarekin batera parte hartu dute gaur goizean egin den prentsaurrekoan. ““Aire zabaleko musika” zikloarekin, kalitateko musika eskaini nahi diegu herritarrei kalean bertan, eta horrekin lagundu gure hiriaren suspertze kulturalean”, adierazi du Cantok.

Orduñak, aldiz, egitarauaren xehetasunak azaldu ditu; horretan, “publiko guztiak kontuan hartzen dituen askotariko errepertorio” baten alde egin dute apustua.

Zulueta jauregiko lorategiak ekainaren 4an estreinatuko dira, lehenengo kontzertuarekin. “Jatorrian” izenburuarekin, Euskal Herriko zein nazioarteko zenbait autorek 1816tik 1926ra bitartean idatzitako musika joko du: Beethoven eta Arriaga, Saint-Saëns eta Sebastián Iradier eta Vaughan Williams eta Luis Aramburu. Beste hitzordu batzuk ere egongo dira ekainean, hala nola “Gerra eta Bakea” (hilaren 18a, ostirala), “New Orleansetik Abbey Roadera” (hilaren 21a, astelehena) eta “Konbergentziak” (hilaren 25a, ostirala).

Hegoalde gizarte-etxeak, berriz, uztailaren 9an hartuko du Banda, “Pertsonaia zinematografikoak” proposamenarekin, hainbat filmetako musikan oinarritua: “Spiderman”, “Zorba Greziarra”, “Gladiator”, “Batman” eta “How to train your dragon”. Eta ostiralean, uztailaren 16an, Zabalganeko gizarte-etxearen txanda izango da, John Williams konpositore estatubatuarraren omenezko monografikoa batekin; horretan, Bandak film hauetako soinu-bandak joko ditu: “Hook”, “Star Wars”, “Harry Potter” eta “Terminala”.

Abuztuan, Gasteizko ikusleek bost emanaldi gozatu ahal izango dituzte Zulueta jauregian: “Eguzkia berriz irtengo da” (abuztuaren 4a, asteazkena), “Musika eta ardoak” (abuztuaren 5a, osteguna), “Dantza eta antzerkia” (abuztuaren 6a, ostirala), “…ren abenturak” (abuztuaren 7a, larunbata) eta “Gure adinekoentzat” (abuztuaren 8a, igandea).

Hiru emanaldirekin itxiko du bere egitaraua Bandak: “So British” (irailaren 10a), “Besteren begiradak” (irailaren 17a) eta “Koktela” (urriaren 1a).

Ostiraletako kontzertuetarako gonbidapenak kontzertua egingo den asteko astelehenean lortu ahal izango dira, Udalaren webgunean, 09:30etik aurrera, eta 945 16 16 18 telefonoan, 09:30etik 14:00etara bitartean, lanegunetan. Salbuespen gisa, ekainaren 4an (ostirala) egitekoa den lehenengo kontzerturako gonbidapenak bihartik aurrera (ekainaren 1a, asteartea) erreserbatu ahal izango dira, 09:30etan, bide berberak erabiliz. Pertsona bakoitzak 2 gonbidapen erreserbatu ahal izango ditu, gehienez.

“Gasteiztar guztiak gonbidatzen ditugu “Aire zabaleko musika” zikloaren edizio honetan parte hartzera. Osasun-agintariek ezarritako neurriak beteko dira emanaldietan. Kultura segurua baita”, azpimarratu du Cantok.

Informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org/banda

 

 

Share