Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-07-02)

Prentsaurrekoa. Euskararen Etxeko jarduerak finantzatzeko hitzarmena aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; eta Gema Zubiaurre, Elkarrekin taldeko zinegotzia

Eguna. Ostirala, uztailak 2

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, uztailak 2

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Gasteiz etorkizunean nolakoa izango den finkatzen duen hiri-eredua onetsi da osoko bilkuran

2006az geroztik eguneratu gabe dagoen planeamendua baldintzatuko duen dokumentu teknikoa onetsi dute EAJ-PNV, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos taldeek

 

Urbanizatu gabeko lurzorua zaintzera, finkatutako auzoak biziberritzera, herriak babestera, oreka ekonomikora eta osasuna eta ingurumen-kalitatea hobetzera bideratuko du bere hirigintza-eredua Gasteizek. Hala erabaki dute EAJ-PNV, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos taldeek, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) idazteko oinarri izango den irizpide eta helburuen dokumentua onetsi dutelarik gaur osoko bilkuran —2006az geroztik eguneratu gabe dagoen hiriko planeamendua aldatuko da hartara—.

Etorkizuneko Gasteizen eredua markatuko duten helburu nagusi eta irizpideak biltzen ditu gaur onetsi den testuak, 2030 Agendaren eta garapen iraunkorreko helburuen ildotik.  “Hiri trinko, konplexu eta kohesionatu bat definitzen du hiri-eredu berriak, landa-ingurunea bultzatu eta herriak babesten dituena, kultur, natura- eta paisaia-ondareari balioa ematen diona. Hiri iraunkor eta energetikoki eraginkorra, baliabideak eraginkortasunez kudeatzen dituena, emisioetan neutro izatea lortzeko, bere burua energiaz eta elikagaiz hornitzeko gai izateko. Jarduera ekonomikoa lehen sektorearen, hirugarren sektorearen eta industria-jardueraren arteko oreka koordinatutik bultzatuko duen eredua. Azken batean, Gasteizen bizi garenon bizi-kalitatea hobetuko duen eredu bat, planeamenduaren irizpideei orientazio berria emanez eta eguneroko bizitza aberastuko duten dinamikak ahalbidetuz”, azaldu du alkate ordeak Ana Oregik.

Dokumentua (pdf)

Share

Mendizorrotza, Salburua eta San Andreseko hiru ontzitara zabaldu du Udalak igerilekuak kautelaz ixteko neurria

Beste hiru igerileku-ontzi itxi ditu gaur goizean Gasteizko Udalak, kautelaz, parametro mikrobiologikoetan maila irregularrak antzeman direlarik. Hain zuzen ere, Mendizorrotzeko igerileku estalietako ontzi txikia, Salburuko gizarte-etxeko igerilekuetako ontzi handia eta San Andres kiroldegiko igerilekuetako ontzi txikia. Atzo itxi zinei gehitu zaizkie hiru horiek, hots, Aldabeko gizarte-etxeko igerilekuei eta Ibaiondoko gizarte-etxeko igeriketa-ontziari. Kasu guztietan, pseudomona aeruginosa mikroorganismoaren neurketan agertu dira ohiz kanpoko balioak, eta, igerilekuen araudi tekniko-sanitarioa betetze aldera, itxi egin behar izan dira igerileku horiek, balioak normaldu arte.

Hiru kasu berri horiek detektatu direlarik, neurri zuzentzaile egokiak aplikatuko dira, uraren kalitatearen parametro normalak erdiesteko. Neurri horien ondorioz igerilekuak berriro irekitzeko aukera izan bezain laster emango du Udalak horren berri.

 

 

Share

EAJ-PNV, PSE-EE, PP eta Elkarrekin udal talde politikoen adierazpena Mikel Iturgaitzen aurkako erasoari buruz

Gasteizko Udalak arbuio eta gaitzespenik sendoena adierazten du joan den larunbatean Mikel Iturgaizek Urbietako futbol-zelaian jasandako mehatxu eta eraso-saiakeraren aurrean, haren ideologia politikoagatik eta Euskadiko Alderdi Popularraren lehendakariaren semea izateagatik egindakoak hain zuzen. Gertakari horiek ez dute gure gizartea ordezkatzen, bizikidetzak, tolerantziak eta pluraltasunaren errespetuak izan behar baitute haren ezaugarriak.

Share

Gautxori zerbitzua berreskuratuko du TUVISAk, bihartik

Gautxori zerbitzua berreskuratuko du TUVISAk, bihartik (ostirala). Hortik aurrera, gaueko 3:00ak arte funtzionatuko dute gaueko autobusek, Eusko Jaurlaritzak Covid-19aren pandemiari aurre egiteko dekretatutako azken araudi-aldaketetara egokituta. Birusa agertu aurretik zeuden gaueko lineei eragingo diete hobekuntzek —esteka honetan kontsulta daitezke—. Ordutegi berriek aldaketa txikiak izango dituzte eta bihar emango dira ezagutzera, Udalaren webgunearen bitartez.

Enpresak eta batzordeak gaur goizean egindako bileran adostu dute Gautxori zerbitzua berreskuratzea. Akordio horrek aukera ematen du hitzarmeneko puntu batzuk aldatzeko eta lanaldiak egokitzeko, horren bitartez gaueko zerbitzu murriztua eskaintzeko indarrean dagoen lege-araudiak irauten duen bitartean. “Eskerrak eman nahi dizkiegu langileei akordio hau lortzeko erakutsi duen jarrera onagatik. Positiboa da Gasteizentzat eta baita gure hiriko garraio publikoa berreskuratzeko bidean jarraitzeko ere”, azaldu du Raimundo Ruiz de Escudero Tuvisako presidenteak.

Neurri horrekin, garraio publikoaren zerbitzu hobea eskaini nahi die TUVISAk herritarrei, Udalaren garraio-enpresaren baliabideen kudeaketa ekonomiko arduratsua egiteaz batera. “Ahalegin handia egingo dugu Gautxori zerbitzua berreskuratzeko eta, hartara, herritarrei laguntzeko, oro har, baita Gasteizko gaueko jarduera ekonomikoari ere”, azaldu du TUVISAko presidente Raimundo Ruiz de Escuderok.

Oharra: datorren ostiralean, uztailak 9, ez da Gautxori zerbitzurik izango San Kristobal eguna dela eta, egun horretan zerbitzua murriztu egiten baita enpresa-hitzarmenean jasota dagoen bezala.

 

 

Share

Ines Medinaren erakusketa Montehermoso kulturunean

Irailaren 5era arte egongo da ikusgai ur-biltegian

 

Ines Medinaren “Desberdintasunaren eta genero-indarkeriaren gaineko ikerketa-prozesu psikoanalitiko-plastikoa” erakusketa aurkeztu dute Montehermoso kulturunean, eta irailaren 5era arte izango da ikusgai ur-biltegian. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto eta Ines Medina egilea bera izan dira prentsaurrekoan. 

“Erakusketa hau iaz egitekoa zen, baina atzeratu egin behar izan zen pandemiaren ondorioz.; orain, azkenean, ikusgai izango dugu. Pozgarria da egile garrantzitsu honen lana gurean izatea, gaur egun gure lurraldean artearen munduan ari diren emakume askori bidea ireki zien eta ” azpimarratu du Cantok.

Erakusketa Inés Medinaren obraren errepresentazio zabala biltzen duen ikerketa-prozesu batean oinarrituta dago. Lan osoa ‘Zatiketa plastikoaren kontzeptua’ deitzen da, eta 40 urte baino gehiagoko aldia hartzen du, 22 serietan banatuta. Montehermosora hurbiltzen direnek lan handi horren azken 4 serieak ikusi ahalko dituzte.

  1. seriea, “Burnt Dolls-panpina erreak”, New Yorken eta Aperribai-Galdakaon egin zen 2007-2009 urteetan. 20.a, “Adimenaren transmutazioa”, berriz, Zamudion eta New Yorken, 2010etik 2016ra bitartean.

Horiekin batera, hurrengo bi serieak ere izango dira ikusgai ur biltegian:  21. seriea, “Sorkuntzaren egitura” (New Yorken eta Bilbon egina, 2014-2018 urteetan) eta 22. seriea, “Gaizkia eta haren ondorio suntsitzaileak identifikatzea” (Bilbon landua, 2018-2021 urteetan).

 

Egilea

Inés Medinak Bilboko Arte Ederretako Fakultatean ikasi zuen, hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran. Espresionismoa izan zuen abiapuntu, eta gero ikerketa abstraktura pasa zen, hainbat fasetatik igarota: espazialtasuna, hiru dimentsiokotasuna…

1995ean New Yorkera lekualdatu zen eta hara eraman zuen bere estudioa, eta bertan ikerketa plastiko formala landu zuen esklusiboki eta ikuspuntu intelektualetik, puntuak eta teknologia ardatz hartuta.

2006an generoaren problematikaren inguruko ikerketa berezi bati ekitea erabaki zuen. Bere pinturak emozioetatik lantzen hasi zen, eta horien ahalmena irudi zuzenak sortzeko baliatzen.

Bere eskarmentu psikoanalitikoa eta ibilbide pedagogiko luzea baliatuta, generoaren problematika lantzen hasi zen, izan ere horrekin oso sentsibilizatuta dago.

Inés Medinak 4 serie horien banakako erakusketa erakusketa-espazio batean egiten duen lehen aldia da

 

Share

(Argazkiez eguneratuta) Ekonomia Sustapenak bat egin du SEA ostalaritzak eta Gasteiz Onek ostalaritza bultzatzeko abiarazitako “Dastatu Vitoria-Gasteiz” kanpainarekin

  • Hamar afari zozketatuko dira uztailaren 26ra arte ekimenari atxikitako 220 establezimenduetan kontsumitzen dutenen artean.

Maider Etxebarria lehen alkateordea buru duen Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak “Dastatu Vitoria-Gasteiz” ekimena aurkeztu du, gaur goizean, SEA ostalaritza eta Gasteiz Onekin batera. Gasteizko ostalaritzari laguntzeko ekimena da, pandemiak sektorean izan duen eraginaren ondoren.

220 establezimenduk egin dute bat ekimenarekin, eta azken hilabeteetan sektoreari leial izan zaizkion herritarrak saritzea du xede, eta bi pertsonentzako hamar afari zozketatuko dira. Gaurtik uztailaren 26ra bitartean, kutxak egongo dira atxikitako establezimenduetan, eta bezeroak beren datuak utzi ahalko dituzte bertan, zerbait kontsumitu ondoren, hamar afarien zozketan parte hartu ahal izateko.

Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak prentsaurrekoan adierazi duenez, “Gasteizko udalak hainbat neurri jarri ditu sektoreari laguntzeko, esaterako, kaleko mahaiak, laguntza ekonomikoak, tasak ordaintzeko salbuespenak eta dinamizazio-neurriak. Ildo horretan, Udalean erne jarraituko dugu, eta honelako kanpainen alde egiten “ gaineratu du. Halaber adierazi du “ostalaritza bidegabeki seinalatu dute eta merezi duten gutxienekoa da gure laguntza eta profesionaltasuna aitortzea”.

Bestalde, SEA ostalaritzako lehendakari Elena Martinek adierazi duenez, “ordezkatzen dudan sektoreak baikortasunez aurre egiten dio, baina zuhurtziaz, Gasteizko ostalaritzarako udarik onena izatea espero duenari, izan ere ostalaritzak gasteiztarren beharra du, eta gasteiztarrek beren ostalaritza behar dute”. Ildo horretan, Martinek adierazi du ostalaritza prest dagoela bezeroen behar eta gustuak betiko kalitatearekin asetzeko, higiene- eta segurtasun- neurri zorrotzak betez.

Gasteiz Oneko lehendakari Diego Martinez de San Vicentek adierazi duenez “ekimen honek ikusgarritasuna eman nahi dio pandemiak larriki jotako sektoreari, arreta-gunea izan baita pandemian, eta orain sektoreari buruz modu positiboan hitz egin dadila nahi du, hiriari ematen dion guztiagatik”. Halaber, herritarrei eskerrak eman dizkie kontsumitzeagatik. Bestetik, Martinez de San Vicente jaunak SEAren eta Gasteiz Onen arteko lankidetza goraipatu du. “Pandemiaren aurretik, baina batez ere pandemian, elkarrekin aritu gara ostalarien interesak defendatzen, gure indarrak batuta” adierazi du.

Share

Hasi dira instalatzen udal jardueraren berri emango duten panel digitalak

Gasteizko Udala 75 hazbeteko bost panel digital instalatzen hasi da, herritarrei antolatzen dituen jarduera eta ekitaldien berri emateko. ‘Mupi’ berri horiek Urrezko Zeledonen plazan, Europa jauregian, Jesus Guridi kalean, autobus geltokian eta Zaramaga kalean instalatuko dira. Gailuak bertikalak dira, eta bi alde dituzte: batean 75 hazbeteko pantaila digitala ikusi ahalko da, eta bestean, ohiko paperezko kartela.
Informazio puntu horiek Ekonomia Sustapenaren Sailak eta Espazio Publikoaren Sailak Basquetour Turismoaren Euskal Agentziarekin sinatutako hitzarmen bati esker jarriko dira. Gasteiz Turismo Helmuga Adimentsuen Sareari atxiki izanarekin dago lotuta komunikazio-eredu berria, eta olanak jartzeko lehen zeuden hiru aldeko metalezko egiturak baztertzea ahalbidetuko du, zaharkituta geratu baitira.
Share

Udal Osoko Bilkura Goiuri jauregian (2021-07-01)

Aparteko osoko bilkura egingo da gaur, uztailak 1, Goiuri jauregian, Martin de Salinas aretoan, zinegotzien arteko distantzia gordetze aldera.

Bilkura bertatik bertara jarraitu nahi duten komunikabideei jakinarazten zaie gehienez ere bost pertsonak jarraitu ahal izango dutela osoko bilkura Goiuri jauregian bertan, kazetarientzako gunean, eta bai streaming bidez ere esteka hau  sakatuz. Halaber, udaletxeko prentsa aretoan jarraitu ahal izango dute bilkura hori.

Share

EHUko Valentín de Foronda Gizarte Historiako Unibertsitate Institutuaren XXVII. sinposioa inauguratu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok

Uztailaren 1ean eta 2an izango da, Micaela Portilla ikerketa-zentroan

 

EHUko Valentín de Foronda Gizarte Historiako Unibertsitate Institutuaren XXVII. sinposioa inauguratu du gaur goizean Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok: ‘Violencia política, Nacionalización y Estado: Teoría Social e Historia’. Halaber, aurkezpenean parte hartu dute EHUko Arabako campuseko errektoreorde Manoli Igartuak, Valentin de Foronda gizarte historiako institutuko zuzendari Antonio Riverak eta sinposioko zuzendari Fernando Molinak.

Uztailaren 1ean eta 2an izango da, Micaela Portilla ikerketa-zentroan, EHUren udako ikastaroen barruan.

Bertan, historiografiak eta zientziak indarkeria politikoaren fenomenoen, nazionalizazio-prozesuen eta Estatuak jokatutako rolaren arteko loturei buruz lortutako aurrerapen enpirikoak eta gogoeta teorikoak aurkeztuko dira.

Gizarte-zientzialari eta historialari ospetsuek parte hartuko dute ikastaroan, zein Soziologiako, Zientzia Politikoko, Historiako, Antropologiako, Kazetaritzako eta bestetako ikasle eta profesionalei zuzenduta baitago.

Hauek dira helburuak: indarkeria politikoaren eta nazionalismoaren gaineko eztabaidari buruzko auziaren egoera eskaintzea; proiektu nazionalistei lotutako indarkeria politikoko fenomenoetan estatuek betetzen duten rola, aktiboa eta pasiboa, aztertzea; XX. mendearen azken herenean eta XXI. mendearen hasieran Euskal Herrian gertatu dena sakon aztertzeko lagungarri izan daitezkeen eredu eta esperientzia historiko eta sozialak eskaintzea.

 

Share