Prentsa Oharren banner

Olarizuko informazio-gune berrian emango diren zerbitzuak lehiaketara aterako dira

Olarizuko lorategi botanikoan jendeari arreta emateko, informazio-gunea kudeatzeko eta ingurumen-hezkuntzako jarduerak egiteko zerbitzuak kontratatzeko dosierra onetsi du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko zuzendaritza-kontseiluak. Kontratu horri esker, Olarizuko informazio-gune berria martxan jarri ahal izango da parkearen sarrera birmoldatzeko obrak bukatu ondoren —harrera-plaza bat egin da bertan, eta egokitu egin da bertan instalatutako eraikina—.

Aurreikuspenen arabera, irailean zabalduko da bisitarientzako informazio-gunea, eta programa irekiko jarduerak —ikastaroak, lantegiak, bisita-hasierak eta beste— egiteko lekua izango da. Zerbitzu horietako batzuk Olarizuko etxaldean ematen ziren orain arte.

Hainbat tamainatako bost modulu zirkularrek osatzen dute informazio-gunea. Txapaz edo kristalez eginak daude, eta lurretik goratzeko oinarri metalikoa dute. Lorategira sartzeko plazatik gertuen dagoen moduluan, jendearentzako arreta-bulegoa egongo da. Modulurik handiena, zeinek perimetro osoa kristalezkoa baitu, erakusketa-leku eta atseden hartzeko leku gisa egokituko da. Ikasgela gisa baliatuko den moduluak 20 m2 ditu, eta bertan egingo dira lantegi eta ikastaroak.

Zuzendaritza-kontseiluak onetsitako lizitazioak 51.425 euroko aurrekontua du, BEZa barne, eta Olarizuko lorategi botanikoan 2021eko abenduaren 1etik 2022ko azaroaren 30era bitartean jendeari arreta emateko zerbitzuak, informazio-gunearen kudeaketa eta ikasleentzako ingurumen-hezkuntzako jarduerak barne hartzen ditu.

Ekipamenduaren jendaurreko ordutegiak hauek izango dira:

  • 2021eko abenduaren 1etik 2022ko apirilaren 30era eta 2022ko urriaren 1etik azaroaren 30era bitartean:
    • Ostiraletan, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
    • Larunbat, igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara.

 

  • 2022ko maiatzaren 1etik irailaren 31ra bitartean:
    • Ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara.
    • Ostiraletan, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
    • Larunbat, igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.

Lorategi botanikoaren ingurumen-hezkuntzako programa etapa hauetako ikasleei zuzenduta dago: Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Batxilergoak eta Prestakuntza Zikloak. Ikasturteko hilabeteetan izango dira ikasleentzako bisitak lorategi botanikoan, otsailetik ekainera bitartean, lanegunetan, astelehenetik ostiralera.

 

 

Naturan oinarritutako konponbideen katalogoa

Era berean, Gasteizen naturan oinarritutako konponbideen katalogoaren aurrerapen-mailaren berri eman zaio gaur goizean Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko zuzendaritza-kontseiluari —ekimen gehienak duela zazpi urte hasitako hiri-azpiegitura berdearen estrategiaren parte dira—.

Ezarri diren, gauzatzen ari diren eta aurreikusita dauden konponbideak inbentarioan jaso, mapetara eraman, sailkatu eta deskribatzearen emaitza da katalogo hori. Guztira, 106 jarduketa biltzen ditu. 79 burututa daude, 12 gauzatzen ari dira eta 15 egiteke daude. Egindako esku-hartzeak parke, kale, plaza, erreka eta hain ohikoak ez diren espazioetan kokatzen dira, hala nola eraikin eta lurzati hutsetan.

Guztira, 440 hektareako azaleran esku hartu da, eta jarduketen ia bi heren biodibertsitatea eta konektagarritasun ekologikoa areagotzera bideratu dira. Gainerako esku-hartzeek ur-kudeaketa optimizatzeko, lurzoruaren emankortasuna hobetzeko, eraikinak eta plazak berdatzeko eta natura herritarrengana hurbiltzeko balio izan dute.

Azkenik, Kontseiluak Gasteizen emisio gutxiko eremu bat zehazteko eta diseinatzeko azterlanari buruzko laguntza teknikoa kontratatzeko espedientea onartu du. Lan horiekin, berriki onartutako Klima Aldaketari buruzko Legea eta Euskadiko 2050erako Klima Aldaketari buruzko Estrategia betetzeko aurrerapauso bat eman da. Helburua da emisio gutxiko eremua mugatzea, hura abian jartzeko plangintza eginez eta proposamenean txertatuz Gasteizen superetxadien sistemari esker lehendik dagoen trafiko-eremu mugatua. Airearen kalitatea hobetzea eta soinu-kutsadura murriztea dira emisio gutxiko eremu bat ezarriz lortu nahi diren onura handietako bi.

 

 

Share

Aitana Sánchez Gijón, Belén Cuesta, Guillermo Toledo eta Ana Fernández, besteak beste, Gasteizko Antzerki Jaialdiaren 46. edizioan

Guztira 35 ikuskizun eskainiko ditu jaialdiak, irailaren 30ean hasi eta azaroaren 28ra bitartean

 

Emankizunak ohi baino goizago izango dira, 19:30ean

 

Gasteizko Antzerki Jaialdiaren 46. edizioa hartuko du Arabako hiriburuak irailaren 30etik azaroaren 28ra bitartean. Guztira 35 ikuskizun izango dira, horietatik 13 Euskal Herrikoak, 7 euskaraz, 9 nazioartekoak, eta 6 erabateko estreinaldiak.

Besteak beste Aitana Sánchez Gijon, Belén Cuesta, Guillermo Toledo, Ana Fernández, Fernando Cayo, Loreto Mauleén eta Alba Flores arituko dira. Horrez gain, ospe handiko antzerkigileek bisitatuko gaituzte, esaterako Andres Lima, Juan Mayorga, Pablo Messiez eta Frantzian errebelazioa den Alexis Michalik, hain zuzen ere azken honena da inaugurazioko ikuskizuna.

Ekitaldia aurkezteko prentsaurrekoan Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagasti aritu dira.

 “Jaialdia espazio berrietara iritsiko da, hala nola Montehermoso kulturuneko ur-biltegira, eta Ibaiondoko zein Salburuko gizarte-etxeetara. Gure asmoa hiria antzerki eta dantza onez betetzea da”, jakinarazi du Estíbaliz Cantok. “Emanaldien ordutegia 19:30era aurreratuko da”, gehitu du.

Hara beste berrikuntza bat: ‘Haurtxoak Proiektua’ zikloa bilakatu, eta haurtzaroari zuzendutako ‘Haziaraba in the mapping’ jaialdia bihurtuko da. Lehen edizioan, Lakua eta Ibaiondoko antzokietan 5 ikuskizun eskainiko ditu, 1-5 urte bitarteko haurrentzat.

“Gainera, antzezpenen ostean aktoreak eta ikusleak elkartzeko saioak berreskuratuko ditugu, arte eszenikoetako profesionalentzako trebakuntza-ikastaro bat eskainiko dugu, bai eta familientzako lantegi bat ere, hip hop eta popping-ari buruz”, nabarmendu du Cantok.

Jaialdiak tokiko sorkuntza eszenikoaren aldeko laguntza indartuko du, Off Lokal programaren (6 pieza labur sortuko ditu) eta Plató proiektuaren bidez. “Era berean, lengoaia berrien aldeko apustuarekin jarraitzen dugu, Zinemaldiaren DNAren parte baitira, arriskuaren eta programazio ausartenen aldeko apustua, nola dantza eta antzerki proposamenetan, hala antzerkigintza aurreratuena erakusten duen ‘Jim Aktual’ zikloan”, adierazi du zinegotziak.

Programa

  1. edizioak inaugurazio bikoitza izango du. Alde batetik, irailaren 30etik urriaren 9ra bitartean, Sleepwalk Collective, Parasite Kolektiboa, Larrua Proiektua eta Tripak taldeek ekoizpen berezi bat aurkeztuko dute Ur Gordailuan, Plató izenpean, Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzarekin.

Urriaren 10ean izango da Antzoki Zaharreko programazioaren inaugurazioa. Eta hasteko, Alexis Michalik, Frantziako eszenaren zuzendari errebelazioak, Una historia de amor lanaren erabateko estreinaldia aurkeztuko du; horixe izango da, gainera, egilearen lehen lana Espainian.

Helduentzako antzerkia’ abonamenduak beste 8 proposamen ere hartzen ditu baitan, lehen horrez gain. Urriaren 13an, Shock II, la guerra y la tormenta estreinatuko dute Euskadin, Zentro Dramatiko Nazionalaren eta Check Inn produkzioen arteko koprodukzioa, eta urriaren 16an, Renacimiento, La Tristura konpainiaren azken lana.

Programa Ántígona lana eskainiko du gero, urriaren 22an, David Gaitan zuzendari mexikarraren eskutik, eta Belén Cuesta arituko den El hombre almohada, urriaren 29an, Martin Mac Donagh-en eskutik.

Azaroan ikusgai izango dira: Los que hablan (Luis Bermejo eta Malena Alterio, hilaren 6an), Las canciones (Pablo Messiezek zuzendua, hilaren 13an), El grito (Ana Fernandez, hilaren 18an) eta Malvivir (Yayo Cáceresen azken lana, Aitana Sánchez Gijónekin, 26an).

‘Euskarazko antzerkia’ abonamenduak bi hitzordu biltzen ditu: Urriaren 27an Atzerrian Lurra Garratz, Huts teatroa eta Artedrama-ren eskutik, eta azaroaren 11n Altsasu, María Goiricelaya zuzendari bizkaitarrarena.

Danza’ abonamenduak, berriz, nazioarteko bi proposamen interesgarri gozatzeko aukera emango du. Les nuits barbares, Hervé Kouvi koreografo franko-afrikarrarena (azaroaren 4an), eta Acosta Danza, Kuban egun dagoen dantza-konpainia garrantzitsuenetako bat, zeinak programa hirukoitza eskainiko baitu azaroaren 23an.

‘Familiarentzako antzerkia’ abonamenduak 3 ikuskizun hartzen ditu baitan. Urriaren 24an Zuhaitzak landatzen zituen gizona, Gorakada taldearen azken lana; azaroaren 7an Distans, Voll e Temps konpainiarena; eta azaroaren 14an Bye Bye Confetti, Teatre La Baldufa konpainiarena.

Antzerkia gizarte etxeetan

Jesús Ibáñez de Matauco antzokia izango da, beste behin ere, JIM AKTUAL jaialdiaren egoitza. Aurten, urriaren 28an, Makers antzezlana, Óscar Gómez Mata arabar artistarena, L´Alakran bere konpainiarekin batera; eta azaroaren 25ean, Best of Be Festival, 3 pieza hauekin: 40.000 centimetri quadrati, Levitaciones eta The end.

Ikuskizuna Ibaiondon delako ekimenak 2 proposamen oso berritzaile eskainiko ditu, Gasteizko bi konpainia handiren eskutik Prusik, La Intrusa danza konpainiaren azken lana (urriaren 15ean) eta Swimming Pools, Sleepwalk Collective taldearen sormen berria (azaroaren 19an).

Antzerkia Zabaltzen

Antzerki Jaialdiak taula gaineko arteei buruzko beste ekimen batzuk ere proposatzen ditu, esaterako Off Lokal, aurtengoan 6 proiektu eskainiko dituen tokiko sorkuntza eszenikoa sustatzeko programa. Ibaiondo gizarte etxean euskarazko hiru funtzioa eskainiko ditu urriaren 21etik 24ra bitartean, Piszifaktoria Laborategia, La Claqueta eta Arrapala konpainien eskutik. Azaroaren 11tik 14ra bitartean, El Mono Habitado, Kolectivo Monstrenko eta Ékoma Teatro konpainiek euren lanak erakutsiko dituzte Salburuko gizarte-etxean.

Gainera, ‘Haziaraba in the Mapping’ jaialdiak 5 ikuskizun eskainiko ditu Federico García Lorca eta Félix Petite antzokietan. Azaroaren 20an Leihoak, Teatro Paraísoren eskutik; hilaren 21ean La luna en un cazo, La Petita Malumaluga konpainiarena; eta 27 Espera un minuto, De stilte taldearena (Herbehereak). Programa azaroaren 28an amaituko da, hitzordu bikoitz baten bidez: Susurros del bosque, Teatr Animacji konpainia (Polonia); eta Früh Stück, Helios Theater (Alemania).

Bestalde, berreskuratu egingo dira ‘Publikoarekiko topaketak’ eta ‘Tertuliak’ atalak, Renacimiento, Las canciones eta Mal vivir lanen inguruan, Principal antzokiko edaritegian, Gasteizko zenbait artistek dinamizatuta.

Horri guztiari ‘Irudia dramaturgian’ ikastaroa gehituko zaio, Onírica Mecánica konpainiako eszena-zuzendari Jesús Nietoren eskutik. Arte eszenikoetako profesionalei zuzenduak, azaroaren 21etik 23ra bitartean egingo dira Federico García Lorca antzokian.

Carlos Pérez Uralde Antzerki Lehiaketa ere aurkeztuko du, berriro, Jaialdiak, Gasteiz Irratiarekin batera, entzute bidezko fikzioaren generoa berreskuratzeko asmoz.

Abonamendu eta sarreren salmenta

Abonamendua irailaren 23tik 26ra bitartean erosi ahalko da, ohiko bideak baliatuz. Irailaren 27an, astelehenean, abonamendu irekiak jarriko dira salgai (aldez aurretik hitzordua eskatuta.), eta 28an, asteartean, hasiko da Aldez aurreko txartel-salmenta.

Hona leihatilan sarrerak saldu eta informazioa emateko ordutegia: Emanaldien hasiera-ordua aurreratu egin da (19.30era), eta hauxe izango da ordutegia irailetik aurrera.

  • Asteartetik ostiralera: 17:30etik 19:30era.
  • Larunbatetan, 11:30etik 13:30era. Eta BETI ikuskizuna hasi baino bi ordu lehenago.

Informazio gehiago 

 

Share

Ogeta frontoian egingo dira aurten XXVI. Andre Maria Zuria torneoa eta Emakumeentzako Green Capital paleta txapelketa

Foru plazako pilotalekuan egin ohi izan dira Andre Maria Zuria torneoa eta Emakumeentzako Green Capital paleta txapelketa, Gasteizko jaietako kirol-programazioaren barruan, baina aurtengoan Ogeta frontoian izango dira txapelketa biak, osasun-egoeraren aurreko neurri prebentibo gisa.

Pandemiaren ondorioz, iaz ezin ziren egin ez Andre Maria Zuria torneoaren XXVI. edizioa, ezta Emakumeentzako Green Capital paleta txapelketaren X.a, eta aurten lehen asmoa erdialdeko pilotalekua berreskuratzea zen, herritarrek kalean betan goza ahal izateko gure kirolaz. Alabaina, pandemiaren bosgarren uhinaren bilakaerak hitzordu biak Ogeta pilotalekura eramatera behartu du; izan ere, frontoi horretan segurtasun-neurri guztiak bermatu daitezke: gehieneko edukiera, ikusleen sarrera-irteeren kontrola, distantzia soziala, eta segurtasun-protokoloen aplikazioa.

Green Capital eta Andre Maria Zuria txapelketen sustatzaile nagusi diren (hurrenez hurren) Udalak eta Vital Fundazioak elkarrekin aurkeztu dituzte torneoak –zeinek amaiera ematen baitiote pilota-denboraldiari–, xede konpartitu batekin: udako kirol-jarduerei ekitea, ahalik eta gehien aprobetxatuz COVID-19 prebenitzeko araudiak eskaintzen dituen aukerak.

“Ederrena euskal pilota berriro Foru plazan ikustea litzateke, ikuslek ematen duten giro eta bero hori tarteko, zeinaren bitartez kirol femeninoa sustatzeko asmoz sortu zen txapelketa batek pisu handia irabazi duen urte gutxitan. Egoerak ez digu uzten plazara itzultzen, baina, hala ere ikusledun torneoak izango ditugu Ogeta frontoi berrinauguratuan, tartean paletan diharduten emakumeen arteko protagonista handiak”, esan du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek, zeinek alboan izan baititu ekitaldian Vital Fundazioko zuzendari nagusi Axier Urresti, eta Arabako Euskal Pilota Federazioko presidenteorde Raúl Angulo.

Hiru kategoriatan jokatuko da Andre Maria Zuria torneoa. Kadete kategoriakoek lau eta erdian arituko dira; aldiz, gazte eta senior kategorikoek (lau eta hamabi bikote, hurrenez hurren), ohiko distantzian jokatuko dute. Ligaxka eta final zuzena jokatuko dute gaztek; aldiz, senior mailakoek ligaxka, finalerdiak eta finala.

Green Capital torneoan, berriz, eliteko zortzi pilotari arituko dira, lau aurrelari eta lau atzelari. Denek denen aurka jokatuko dute, hartara  bi aurrelari eta bi atzelari onenak bilatzeko, tanto-kopuruaren arabera (partida irabazien bidez baino).

Uztailaren 28an (asteazkena) hasiko dira txapelketa biak. Partidak arratsaldez izango dira uztailean, eta goizez abuztuan.

Share

Udalak milioi erdi euro inbertitu du tokiko enpresei laguntzeko

  • Irekita dago aldi baterako kontratuak behin betiko bihurtzeko asmoa duten dirulaguntzak eskatzeko epea
  • Aurten iaz baino 50.000 euro gehiago banatuko, eta 2019an baino 100.000 euro gehiago

Lehen alkateorde Maider Etxebarriak zuzentzen duen Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak milioi erdi euro inbertitu ditu Gasteizen enplegu egonkor eta kalitatezkoa sortzen laguntzeko asmoz. Irekita dago jada aldi baterako kontratuak kontratu mugagabe bihurtzeko asmodun dirulaguntzak eskatu eta izena emateko epea udalerrian dauden tokiko enpresentzat.

“Adierazle positiboak sumatzen hasi garen arren, helburua gure hirian galdu diren enplegu-kopuru guztia berreskuratzea da, betiere enplegu duin, egonkor eta kalitatekoz ari garelarik”, esan du Ekonomia-sustapeneko zinegotzi Maider Etxebarriak.

Inbertsio horri esker, Udalak 2021eko martxoaren 2tik abenduaren 31ra bitartean egin diren edo egingo diren aldi baterako kontratuak kontratu mugagabe bihurtzeko gastuak estaliko ditu. Zehazki, bi kontratu arte izapidetuko dira enpresa eta urteko, mugagabe biuhurtu den aldi baterako kontratuei dagokien soldata gordinaren % 30eraino finantzatuko da, muga jakin batekin: 6.000 euro kontratu bakoitzeko.

2019tik hona % 25 hazi da udal-laguntza hauetara zuzendutako aurrekontua: orduan 400.000 euro ziren guztira, eta aurten milioi erdi euro. 2020an aurrekontua 50.000 eurotan igo zen, eta aurtengoan beste hainbestean.

Ekonomia-Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak enplegurako emandako laguntzei esker Gasteizen 445 lanposturen sorrera zuzena erazgin dute pandemia hasi zenetik hona. Azken urtean tokiko enpresetako 222 kontratuk jaso izan dute udal-laguntzarik. Gainera, Eskualde Planaren azken deialdiaren bidez 124 pertsona kontratatu izan da Udalean lanean jarduteko. Eta Gazte Planaren azken deialdiaren bitartez beste 44 pertsona kontratatu ziren. Azkenik, Udalak Lanbideren eskutik eskaintzen dituen Kontratatzeko Laguntzei esker beste 55 kontraturi dirulaguntza eman ahal izan da.

 

 

Share

AMVISA kontseilua  (2021-07-29)

Honekin batera bidaltzen dizkizut 2021ko uztailaren 29an, 12:00etan, egitekoa den Vitoria Gasteizko Hirri Udal Urak, A.B., kontseilua sozietatearen ohiko bilkura deialdia eta gai-zerrenda. Bilera telematikoa

AMVISA kontseilua  (2021-07-29)

 

Share