Prentsa Oharren banner

Gasteizek hondakinak “baliabide bihurtzera” gonbidatuko du, klima-aldaketari aurre egiteko

Udalak sentsibilizazio-kanpaina berria abiatu du edukiontziak erabiltzearen onurak erakusteko

 

“Ez dago hondakinik, leku okerrean utzitako baliabideak baizik”. Ingurumen Plangintza eta Kudeaketa Zerbitzuak abiarazi duen sentsibilizazio-kanpaina berriaren leloetako bat da hori, zeinaren helburua baita herritarren artean birziklatzea sustatzea eta edukiontziak gehiago erabiltzea.

Arlo horretako zinegotzi arduradun César Fernández de Landak, Ecoembeseko tokiko eta erkidegoko kudeaketa zuzendari José Arrancudiagak eta Ecovidrioko zonako kudeatzaile Oscar Acedok aurkeztu dute gaur goizean kanpaina berria: bi kubo handitan banatutako zortzi panelek hondakinen bilketaren aurkia eta ifrentzua erakusten dute.

Andre Maria Zuriaren plazan, Floridako kioskoan, RENFEren geltokitik gertuko oinezkoen ibilbidean eta Etxauriko lorategietan (Erdi Aroko hirigunea) hartutako argazkiek agerian uzten dute nolako aldea dagoen eguneroko garbiketa egin aurreko eta ondoko irudien artean.  Hirian garbiketaz sentsibilizatzeko kanpainetan erabili ohi diren pertsonaia trokelatuen “kuadrillak” ere hartuko du parte kanpainan, denboraldia amaitu arte udal igerilekuetan jarriko baitira pertsonaiak. Kuboak, berriz, Loma Jeneralaren plazan eta Foru plazan jarriko dira abuztuaren hasierara arte.

“Udaletik herritarrei eskatzen diegu bat egin dezaten, birziklatze eta berrerabiltze ohiturak hobetu ditzaten, baina gure erantzukizuna ere gure gain hartzen dugu, gauzak erraztearren, edukiontzi guztiak irletan banatuz, paperontzi gehiago jarriz eta ekonomia zirkularreko proiektuak zein kanpainak sustatuz. Herritarren konpromisoa eskatzen dugu, zeina gure hirian argia baita aspalditik, eta ekonomia zirkularraren filosofia azpimarratzen dugu, hondakinei bigarren bizialdia ematearren“, nabarmendu du César Fernández de Landak.

Ecoembes eta  Ecovidrio enpresen laguntza du kanpainak.

Share

Gizarte Politikak trizikloan paseatzeko programa bat antolatu du adinekoentzat, haien bizi-kalitatea hobetzeko eta belaunaldien arteko harremanak sustatzeko

Hamabost boluntario arduratuko dira trizikloak gidatzeaz

2012an Danimarkan sortutako “Biziz adinik ez” nazioarteko mugimenduaren baitako ekimena da.

Datorren astetik aurrera, etxebizitza komunitarioetan bizi direnek eta udalaren Eguneko Arreta Zerbitzukoek aukera izango dute mugitzeko dituzten zailtasunengatik aspaldian ikusi gabeko –eta agian ahaztutako– lekuak bisitatzeko eta berriz ezagutzeko.

Trizikloen gainean egingo dituzte bisita horiek Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak abian jarriko duen “Biziz adinik ez” programari esker, eta trizikloak gidatuko dituzten 15 boluntariorekin lankidetzan.

Ekimena duela 9 urte Danimarkan sortutako nazioarteko “Cycling Without Age” ekimenaren parte da, eta adinekoak berriz ere bizikletaz ibil zitezela zuen xede. Haietako askoren mugikortasun mugatuak sortzen zuen zailtasuna gainditzeko, sustatzaileak trizikloak erabiltzen hasi ziren eta boluntarioek gidatzen zituzten egoitzetako adinekoekin doako ibilaldiak egiteko.

Jon Armentia zinegotziak adierazi duen bezala, “boluntarioen eskuzabaltasun handiari zor zaion ideia” hori munduan zehar hedatu zen eta orain Gasteizera iritsi da.

Arabako hiriburuak bat egiten du esperientzia honekin; adinekoak paseatzera ateratzeaz gain, belaunaldien arteko lotura sortu nahi du triziklo-gidarien bitartez. “Trizikloa elkarrizketak eta esperientziak partekatzeko topagunea ere izatea nahi dugu”. Paseo bakoitza gogoratzeko, berrezagutzeko, elkar ezagutzeko eta hitz egiteko aukera izatea. Konfiantza, zoriontasuna eta bizi-kalitatea sortzen laguntzen duten harremanak eraikitzeko aukera” azaldu du Armentiak.

Programan erabiliko diren trizikloak elektrikoak izango dira, pedalei eragiteko laguntza izango dute eta bi bidaiarirentzat lekua, gidariaz gain. Orduko 8 kilometroko abiaduran ibiliko dira, gutxi gorabehera, izan ere zinegotziak azpimarratu duenez “ kontua ez da korrika egitea, ibilbideaz eta konpainiaz gozatzea baizik. Hori da filosofia”.

Ordu eta ordu eta erdi inguruko ibilaldiak izango dira. Aldez aurretik ezarri eta udaltzainekin adostutako hainbat ibilbide daude; izan ere ibilgailuak, behar bezala aseguratuta, baimenduta duten guneetatik ibiliko dira.

Hiru gurpilen gainean, bidaiariak eta laguntzaileak Arriagako, Olarizuko eta Floridako parkeetara, hiriaren erdialdera, Lakuako galeoi pirataren parkera eta beste hainbat lekutara joan ahalko dira, abiapuntuaren arabera.

Prestakuntza jaso duten 15 boluntariok gidatuko dituzte trizikloak, eta beste 60 boluntario daude Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak sortutako zerrendan, izan daitezkeen hutsegiteak estaltzeko eta programak ondo funtziona dezan.

Adinekoentzako 7 baliabidetan erabilgarri

Trizikloan egiten diren ibilaldi hauek bizi-kalitatea hobetu nahi diete Aurora, Los Molinos eta San Prudentzio  etxebizitza komunitarioetan bizi direnei eta Olarizu, Blas de Otero,, Tomas Zumarraga Dohatsua eta San Prudentzio eguneko arreta zerbitzuen erabiltzaileei.

Udal zerbitzu horietako bakoitzak irteera-ordu eta -egun zehatzak izango dituenez, erabiltzaileek aldez aurretik programatu ahalko dute ibilaldia. Horretarako, aldez aurretik izena eman behar dute, eta ordu eta egun horretan boluntario batek trizikloan eramango diu paseatzera, eta “haizea ilean sentitu” eta esperientziaz gozatu ahalko dezaten.

“Gasteizen, halaber, adinekoek haizea ilean sentitzeko, aktiboki zahartzeko, harreman berriak hasteko, eta triziklo-gidariren jarrera solidarioaz gozatzeko duten eskubidea defendatzen dugu. Bere ohiko ingurunetik irten ahal izatea eta segur aski ahaztuta dituzten lekuak berrezagutzeko aukera izatea defendatzen dugu, emozioak eta zoriontasun ikaragarria piztuko baitie. Ziur gaude ibilaldi hauek arrakasta handia  eta oso emaitza onak izango dituztela” adierazi du Jon Armentiak.

“Biziz adinik ez” programak City Changer Cargo Bike (CCCB) europar proiektuaren 5.700 euroko finantzaketa du. Proiektu honek zama-bizikleten erabilera publikoa, pribatua eta komertziala sustatzen du, eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak proiektuan parte hartzen du. Europako laguntza hori Ingurugiro Gaietarako Ikastegiari esker lortu ahal izan da.

Share

Udaltzainen eta suhiltzaileen esku-hartzeak

Atzo Udaltzainek 06:00etara arte eta PSISZek 08:00etara arte egindako esku-hartzeak.

Share