Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-07-08)

Formula Student (FSV) eserleku bakarreko ibilgailua aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Arabako ahaldun nagusi Ramiro González

Eguna. Osteguna, uztailak 7

Ordua. 12:30

Tokia. Andre Maria Zuriaren plaza

Share

(PDFaz eguneratuta) Segurtasun-sistema inteligenteak izango dituzte BEIren ibilgailuek, eta gidaritza automatikoa, zeinek autobusen ate guztiak nasatik 4 zentimetro baino gutxiagora gerturatzen direla bermatuko baitu

BEI Segurtasun Sistemak Dosierra

Gasteizen BEI martxan jartzea gero eta gertuago dago. 9 milioi euroko udal-inbertsioarekin, puntako teknologiako 13 ibilgailu elektrikok hiriko 14 auzo lotuko dituzte eta TUVISAren 2. linean zerbitzua emango, 3 milioi erabiltzaile izateko potentzialarekin. Mugikortasun-sistema iraunkorra izango da autobus elektriko inteligentea; berritzailea, eskuragarria eta segurua. Gainera, segurtasun-sistema inteligenteak izango ditu, eta gidaritza automatikoa, zeinek autobusen ate guztiak nasatik 4 zentimetro baino gutxiagora gerturatzen direla bermatuko baitu.

Irizar E-Mobility euskal enpresak egindako 13 unitateek izango dituzten zenbait berritasun aurkeztu dituzte gaur goizean Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi eta TUVISAko lehendakari Raimundo Ruiz de Escuderok eta Udalaren garraio-sozietatearen kudeatzaile María José Ajuriaguerrak, BEIren lau ezaugarri nagusietako biri, irisgarritasunari eta segurtasunari, dagokienez.

Izan ere, segurtasun- eta gidaritza-sistema aurreratuak izango dituzte ibilgailuek. Horien artean, nabarmentzekoa da talken prebentziorako ‘Mobileye’ sistema, zeinek, inteligentzia artifiziala dela medio, egoera arriskutsuez ohartaraziko baitie gidariei, modu akustiko eta bisualean. Ingurune dinamikoa etengabe ikuskatzen duen kamera-sistema bati konektatuta egongo da aparatua, eta piztu egingo da, eta soinu-alerta bat igorriko, aurrez aurreko talka egiteko nahiz oinezko edo ziklistak harrapatzeko arriskua egokitzen delarik. Praktikan, istripua gertatu baino lehen abisatuko du, eta, horrenbestez, gidariari denbora emango, erreakzionatzeko.

Oharkabean erreitik ateraz gero, BEIren ibilgailuek ohartarazi egingo diete gidariei, baita gainerako ibilgailuekiko segurtasun-tartea gordetzen lagundu ere. Orobat ohartarazi diete gehiegizko abiaduraz, eta automatikoki ezagutuko trafiko-seinaleak. Gainera, autobusek kamera digitalak izango dituzte atzerako ispiluen ordez, eta horrek ikuseremua hobetuko du, eta aukera emango BEIren inguruan jartzen diren erabiltzaile guztiak ikusteko, inongo oinezko ez dadin egokitu gidariak ez ikusteko moduan.

Ibilgailuetan ez ezik, seinaleztapenean eta bide-marretan ere egin ditu hobekuntzak Udalak, BEIren ibilgailuen segurtasuna areagotzeko. Hain zuzen ere, garraio publikoaren sistema berri hori igaroko den 61 bidegurutzeetatik 14etan, lehen semafororik ez zegoen lekuetan, izango da aurrerantzean. Eta bidegurutze horietatik 29tan lehen baino semaforo gehiago izango dira.

Aldi berean, oinezkoek lehentasuna izango ez duten igarobideak identifikatu dira, marka berde eta zuriekin, eta sakagailua duten 40 seinale jarri, itsuei BEIren presentziaz ohartarazteko. Era berean, argi-abisuak jarri dira, eta seinaleztapen osagarria izango da bizitegi-kaleetan, ibilgailuek abiadura moteldu dezaten. Eta BEI datorrela ohartarazteko kanpaia-hotsa tranbiek erabiltzen duten bera izango da.

 

Tartea murriztea

BEIren ibilgailuek izango duten beste hobekuntza bat gidatze automatikoko sistema izango da, zeinek aukera emango baitu autobusen ate guztiak nasatik 4 zentimetro baino gutxiagora gerturatzeko. Ibilgailu arruntetan, 12 eta 19 zentimetro artekoa izan ohi da tarte hori. “Erabiltzaileei, autobusera igotzeko orduan, askozaz ere zerbitzu hobea eskaintzeko aukera ematen digu horrek”, azaldu du TUVISAko kudeatzaile María José Ajuriaguerrak.

Ate guztietatik sartu ahal izango da BEIra. Eta horrek ere laburtuko du bidaiariak hartu eta uzteko denbora.

 

 

Share

Gala Knörrek ‘How to make friend and influence people’ erakusketa aurkeztu du Montehermoso kulturunean

Irailaren 12ra arte izango da ikusgai lehen solairuko aretoan

 

Gala Knörren ‘How to make friendo and influence people’ erakusketa aurkeztu dute Montehermoso kulturunean. Ostegunetik, uztailak 8, irailaren 12ra bitartean izango da ikusgai kultununeko lehen solairuko aretoan. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto eta Gala Knörr egilea bera izan dira prentsaurrekoan.

 2020ko deialdian aukeratutako lau proiektuetako hirugarrena da ‘How to make friendo and influence people’. Erakusketa honen bitartez, beren lanak banaka nahiz taldeka aurkezteko aukera ematen diegu artistei, arte eta kultura garaikidea sustatu eta herritarrengana hurbiltzen duten ekintzen bitartez” nabarmendu du Estíbaliz Cantok.

‘How to make friends and influence people’ erakusketan, antzeko titulua eta esanahi ezberdina duten bi libururen irakurketan inspiratzen da egilea. Batetik, Dale Carnegierena, zeinak egoerak eta pertsonak norberaren onurarako manipulatzen irakasten baitu, eta historian gehien saldu diren 100 liburuen artean baitago;  bestetik, Lenny Bruce komiko eta gizartearen kritikariaren memoriak, zeinari lizunkeriagatik egin zioten epaiketa mugarritzat jotzen baita Estatu Batuetan adierazpen-askatasunaren alorrean.

Erakusketak hainbat neurritako lanak biltzen ditu (formatu txiki eta handikoak), bai margolanak, bai ikus-entzunezkoak, eta hainbat euskarritan.

Egilea

Gala Knörr diziplina anitzeko artista da, eta pintura, instalazioa eta idazketa lantzen ditu. Bere lanak identitateen eta teknologiaren arteko intersekzioa aztertzen du sakon; teknologiaren bitartez lortutako irudien garrantzia agerian uzten du, eta hedabideekin eta kultura herrikoiarekin lotutako gaiak lantzen ditu gehien bat, lente satiriko baten bitartez.

Honakoak ere lortu zituen: MA Fine Art (Central Saint Martins) eta BFA Fine Arts (Parsons Paris The New School).

Hainbat tokitan egin ditu egonaldiak: Tabakalera (2021), Pariseko Cité Internationale des Arts (2015, 2019), Castelloneko Museu de Belles Arts (2018), New Yorkeko The Guggenheim Museum (2017), Bilboko Bilbaoarte Fundazioa (2016) eta Malagako La Térmica (2016).

Hainbat sari jaso ditu: VEGAP Proposamen Artistikoak (2020), Generación 2020 Fundación Montemadrid (2020), Juan eta Pablo de Otaola beka (2019), Cultura Resident Investigación Artística del Consorci de Museus GVA (2018), Guggenheim Basque Artist Program beka (2017), Bilbaoarte Fundazioko egoitza beka eta banakako erakusketa (2016-2017) eta La Térmicaren sortzaileentzako beka (2016-2017).

Bere lanak ikusgai izan dira hainbat tokitan: La Casa Encendida (Madril), SB34-The Pool (Bruselas), Galeria T20 (Murtzia), Pablo’s Birthday (New York), La Encartada Fabrika-Museoa (Balmaseda), Azkuna Zentroa (Bilbo), Museu Trepat (Tárrega), Fundación CajaGranada Museo Memoria de Andalucía (Granada), Museo Carmen Thyssen (Malaga), eta Fabra i Coats Fàbrica de Creació i Centre d’Art Contemporani (Bartzelona), besteak beste.

2014an Saatchi Galleryko Hezkuntza Saileko laguntzailea izan zen, eta  2018-2019an artista-ikertzaile izendatu zuten, Londreseko Goldsmiths unibertsitateko  ikasketa postkolonialen zentroan.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share

Farmakutsaduraren alorrean mundu mailako aditu Tomas Brodin Gasteizen izan da bisitan

Tomas Brodin mundu osoko zientzialari ospetsuenetako bat da farmazia-produktuek ingurumenean sortzen duten arriskuaren ebaluazioaren alorrean, eta Gasteizen izan da bisitan Basque Sustainable Pharmacy izeneko berrikuntza programaren barruan, zeina Gorka Orive eta Unax Lertxundi zientzialariek gidatzen baitute.

Brodin alkatearekin eta Basque Sustainable Pharmacy-ren arduradunekin elkartu da, eta Vitoria-Gasteiz Green Deal itunaren bitartez Udalaren laguntza jasotzen duen ikerketa proiektuaren aurrerapenen berri eman die.

Tomas Brodin Uretako Ekologiako irakaslea da Umeå-ko unibertsitatean (Suedia). Haren lanek erakutsi dutenez, ibaietako botiken kontzentrazioak portaera-ezaugarriak aldarazten dituzte uretako ornogabe handiengan zein arrain basatiengan, eta eragin larriak izan ditzakete ekosisteman. Lan horrek lotura zuzena du Gasteizen egiten ari denarekin, sendagaiak zentzuz erabiltzeko irtenbideak identifikatu eta garatu nahi baitira bertan.

Share

Elikadura osasungarria sustatzeko ikastaroak berritu ditu udalak, gizarte-etxeetako jardueren denboraldi berrirako

 

  • Iraupen desberdinetako lantegi espezializatu ugari eskainiko da.

 

Osasuna sustatzeko atalak berrikuntza garrantzitsuak izango ditu gizarte-etxeetako 2021-2022ko jardueren programan. Gasteizko Udaleko Osasun Publikoaren Zerbitzua elikadura eta bizimodu osasungarria sustatzeko lantegiak eta ikastaroak berrantolatzen ari da  Amaitu den denboraldian hainbat proposamen berritzaile sartu ziren, baina berrikuntza nabarmenagoa izango da udazkeneko jarduerak hastean.

Espezializazioa izango da programazio berriaren bereizgarria. Aurreko urteetan, lantegiek gai orokorrak zituzten, baina datorren denboraldirako eduki espezifikoak prestatu dira; adibidez, lekaleak, barazkiak, gozogintza…. Espezializazio hori dela eta, elikaduran gaur egun dauden joerak landuko dira, esaterako batch cooking teknika, edo gosari, hamaiketako eta askari osasungarriak egiteko ideia berritzaileak…

Jardueren iraupena ere berrikuntza izango da, izan ere, saio bateko, biko, hiruko eta lauko lantegiak daude, aurreko denboraldietako hiruhileko lantegiez gain. Beste aldaketa garrantzitsu bat da dietista eta sukaldeko profesionalak batera izango direla lantegi gehienetako saio batean, eta hartara teoria eta praktika aldi berean egingo dira, mezua indartuz.

Halaber, aipagarriak dira elikadurarekin lotutako hainbat alderdiri buruzko berariazko hitzaldien eskaintza anitza eta hainbat lantegi ingelesez eta euskaraz izatea.

“Datorren denboraldian, elikadura osasungarrira hurbiltzeko aukera handiagoa izango dute herritarrek. Osasun Publikoaren Zerbitzuak lantegi-eskaintza anitza, interesgarria eta berritzailea prestatu du, egun elikadura eta nutrizioaren inguruan sortzen diren zalantza ugariri erantzuteko eskaintza” adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopezek.

Hainbat gai lantzeko aukera dugu lantegietan: haurren elikadura, sasoiko barazkiak, artea frutarekin, smothieak prestatzea, “clean baking” gozogintza, glutenik gabeko sukaldaritza edo Gabonetako lantegi bereziak, errezeta osasungarri merkeak prestatzen ikasteko. Halaber, hitzaldietan ere aukera anitza dago, eta gai hauek jorratuko dira, besteak beste: nutrizio-etiketen irakurketa, elikadura eta diabetesa eta “mindfull eating”.

Indarrean dauden osasun-neurriak direla eta ezin da lantegietan prestatutakoa sukaldean dastatu, eta hori dela eta, lantegietako parte hartzaileek tuper bat eraman behar dute.

Elikadura osasungarria sustatzeko lantegiez gain, bizimodu osasungarrirako funtsezko alderdiei buruzko bi modulu berezi gehitu dira:

  • “Hobetu zure osasuna” programa: Bizi-ohitura osasungarriagoak eskuratu nahi dituzten 18 urtetik gorako pertsonei zuzenduriko osasun-programa.  Aldaketa eraginkor eta osasungarri bat egiteko tresnak emango zaizkie parte-hartzaileei, psikologiaren, sukaldaritzaren, erizaintzaren, nutrizioaren, jarduera fisikoaren eta loaren alorreko profesionalen eskutik.
  • Ongizate emozionalerako programa. Ordu eta erdiko hiru saioko lantegia, COVID egoerak eragindako herritar orori zuzenduta, egoera zailak gainditzeko gaitasuna indartzeko beharra antzeman baitzen. Psikologiaren arloko aditu batek hainbat tresna emango ditu emozioak kudeatzeko, erresilientzia handitzeko eta egunero sortzen diren arazoei modu osasungarrian aurre egiteko, estrategia kognitibo eta emozional errazak aplikatuta.

Elikadurari buruzko lantegiei dagokienez, hau da horien deskribapen laburra.

  • Haurren elikadura: 8 eta 11 urte bitarteko haurrentzako sukaldaritza-lantegia (hiruhilekoa). Hainbat errezeta egingo dira, batez ere, fruta, barazki eta lekaleekin, eta umeek gosari, hamaiketako eta askari alternatiboak, elikagarriak eta osasungarriak prestatzen ikasiko dute haien eguneroko bizitzan egin ditzaten.
  • Batch cooking: Bi orduko saio honetan, aste osorako menu osasungarri bat ordu eta erdian prestatzen irakatsiko dute dietetika eta nutrizioko profesional batek eta sukaldaritzako beste batek
  • Elikadura osasungarria: Elikadura eta sukaldaritza osasungarriari buruzko hiruhileko lantegia. Sukaldaritzako eta dietetika eta nutrizioko profesionalek elikagai-talde desberdinetako errezeta osasungarriak egingo dituzte eta elikadura ohiturak hobetzeko tresnak emango dituzte. Derrigorrezkoa da teoriara eta praktikara joatea.
  • Tokiko eta sasoiko barazkiei buruzko lantegia: Tokiko eta sasoiko barazkiei buruzko lantegi monografiko honek lau saio ditu. Dietetika eta nutrizio arloko aditu batek gure inguruan ditugun barazkiez hitz egingo du eta haien propietateak, ezaugarriak eta abar azalduko dizkigu. Sukaldaritzako profesional batek errezeta alternatiboak egingo ditu barazkiekin. Hori dena, gure egunerokoan prestatu ahal izango ditugun barazki-errezeta berri, erakargarri eta zaporetsuak egiten ikasteko.
  • Ikasi gosari, hamaiketako eta askari osasungarri berriak egiten: Herritar guztiei zuzendutako bi saioko lantegia. Dietetika eta nutrizioko profesional batek eta sukaldaritzan aditu batek, aldi berean, otordu horiek osasungarriak izateko behar dituzten ezaugarriak azalduko dituzte, eta era askotako errezeta erakargarri eta zaporetsuak prestatuko dituzte, eguneroko bizitzan berritu ahal izateko.
  • Berezia, glutenik gabe: Inguruan zeliakoak dituzten herritarrentzat pentsatutako lantegia. Sukaldaritzako zein dietetika eta nutrizioko profesionalen laguntza izango da. Glutenik gabeko elikaduran kontuan hartu beharrekoak azalduko dituzte eta errezeta orekatuak, erakargarriak eta zaporetsuak prestatuko dira 4 saiotan.  Glutenik gabe elikatzeak dituen arriskuak ere azalduko dira.
  • Clean baking; gozogintza osasungarria: Lantegian postre osasungarriak egiteko printzipioak eta ezaugarriak azalduko dira, dietetika eta nutrizioko eta sukaldaritzako profesionalen laguntzaz. Gainera, errezeta zoragarriak prestatuko dituzte.
  • Berezia: Gabon osasungarri eta merkeak Herritar guztiei zuzenduriko Gabon osasungarriei buruzko lantegi berezia. Hiru saiotan zehar, dietetika eta nutrizioko profesional batek aholkuak emango ditu eta sukaldaritzan aditu batek Gabonetako errezetak prestatu eta azalduko ditu.
  • Lekaleei buruzko lantegia: Lekaleei buruzko lau saioko monografikoa. Dietetika eta nutrizioko profesional batek eta sukaldaritzako beste batek, aldi berean, elikagai-talde honen barietateen, propietateen, ezaugarrien eta osasunerako dituen onuren berri emango digute eta errezeta alternatiboak, erakargarriak eta gozoak prestatuko dituzte lekaleekin.
  • Artea frutarekin: Saio bateko lantegi honetan, 8 eta 11 urte bitarteko haurrek koadro bat egingo dute frutarekin, sukaldaritzan aditu baten laguntzaz.
  • Smoothieak, irabiatuak eta frutazko beste zenbait edari: Hiru saioko lantegi honetan dietetika eta nutrizioko profesional batek eta sukaldaritzako beste batek fruten ezaugarriak eta propietateak azaldu eta gomendioak emango dituzte, eta smoothieak, irabiatuak eta frutazko beste edari batzuk egiten irakatsiko.

Lantegi hauetaz gain, elikadurari buruzko 11 hitzaldi emango dituzte dietetika eta nutrizio arlok profesionalek hiriko gizarte-etxeetan.

Share

Esklerosi anizkoitzaren aldeko ‘Mojate-Busti Zaitez’ kanpaina abian da

  • Esklerosi Anizkoitzaren Arabako Elkarteak antolatu du kanpaina, eta Vital Fundazioaren, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren babesa jaso du     

 

Esklerosi Anizkoitzaren Arabako Elkarteak (AEMAR) ‘Mojate-Busti Zaitez’ kanpaina berreskuratu du, iaz pandemiaren ondorioz bertan behera utzi behar izan ostean. Edizio hau, XXIV.a, datorren igandean, hilak 11, egingo da Arabako Lurralde Historikoko hainbat igerilekutan eta ekitaldi nagusia eguerdiko 12:00etan izango da Estadio Fundazioaren instalazioetan. Kanpainak Vitoria-Gasteizko Udalaren, Vital Fundazioaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du.

‘Mójate- Busti Zaitez’ esklerosi anizkoitza pairatzen duten pertsonekiko sentsibilizazio- eta elkartasun-kanpaina da. Ekimenari atxikitako Euskal Autonomia Erkidegoko igerilekuetan eta hondartzetan egiten da, eta pertsona guztiek parte har dezakete bertan, gaixoen bizi-kalitatea hobetzeko behar dituzten birgaitze-zerbitzuak mantentzen laguntzeko dirua biltzeko.

Arabako 2021. edizioaren aurkezpenean, ekimena babesten duten erakunde guztietako ordezkariek hartu dute parte: Livia López Kirol eta Osasun zinegotziak; Axier Urresti Vital Fundazioen zuzendari exekutiboak; Iratxe Asurmendi AEMAReko jardueren koordinatzaileak; Emilio Sola Gizarte Politiketako foru diputatuak; eta Marian Olabarrieta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako zuzendariak.

Gizartea gaixotasun horren inguruan sentsibilizatzeko, Mojate-Busti Zaitez ekimena antolatzen da udaro, duela hogeita hiru urtetik hona (nahiz eta iazkoa ezin izan zen aurrez aurreko eran burutu pandemiagatik). Oraingoan, Estadio Fundazioko, Mendizorrotzako eta Aldaieta Klub Nautikoko igerilekuetan parte hartu ahal izango da Araban.

Parte-hartzaile bakoitzak nahi dituen metroak igeri egiteko aukera izango du, eta bukatzean, boluntarioen taldeak diploma egiaztatzailea bana emango die. Jardunaldia amaitzean, esklerosi anizkoitza duten pertsonei laguntzeko ekintza sinboliko batean igeri egindako metro guztiak zenbatuko dira. Gainera, egun osoan zehar, boluntarioek informazioa emango dute eta diptikoak banatuko dituzte, esklerosi anizkoitza zer den eta kanpaina honetan parte hartzeko eta laguntzeko modua azaltzeko.

Ahalik eta diru gehien lortzeko, ekimena gauzatuko den leku guztietan stand bat jarriko da, eta bertan kanpainako merchandising-objektuak jarriko dira salgai, hala nola kamisetak, poltsak, mantalak edo koadernoak, besteak beste. Guztiek daramate Mikel Urmenetak, Katuki Saguyaki enpresaren buruak, diseinatu eta dohaintzan eman duen irudia. Gainera, objektu horiek guztiak elkartearen egoitzan ere erosi ahal izango dira.

Iratxe Asurmendi AEMAReko koordinatzaileak esklerosi anizkoitza dutenen alde bustitzeko deia egin dio Arabako gizarteari. “Igande honetan zuen zain izango gaituzue. Igeri eginez busti zaitezkete, edo kamisetak eta gaixotasunak jotako pertsonei arreta eta errehabilitazio zerbitzu espezializatuak eskaintzen lagunduko dieten beste produktu batzuk erosiz”, adierazi du.

“Esklerosi anizkoitza duten pertsonei laguntzeak guztiok inplikatzen gaitu. Erakundeak, baliabide materialak eta ekonomikoak ematen dituztelako AEMAR bezalako elkarteek sustatzen dituzten programa terapeutikoak gara daitezen. Eta herritarrak, esklerosi anizkoitzak sortzen dituen arazo eta premiekiko sentsibilitaterik gabe, ezinezkoa izango litzatekeelako Busti Zaitez kanpaina bezalako ekintzek sortzen duten elkartasun olatu handia”, gehitu du Livia López Gasteizko Udaleko Kirol eta Osasun zinegotziak.

“Kanpaina hori Vital Fundazioak AEMAR-Esklerosi Anizkoitzaren Arabako Elkartearekin duen lankidetza-hitzarmenaren barruan antolatu da. Lankidetza horri esker, Arabako Lurralde Historikoan programa estentsibo batzuk garatu eta gauzatuko dira hamabi hilabete hauetan, esklerosi anizkoitzak eragindako pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko”, nabarmendu du Axier Urresti Vital Fundazioen zuzendari exekutiboak.

Iaz pandemiaren ondorioz Busti Zaitez derrigorrez bertan behera utzi ondoren, Emilio Sola Gizarte Politiketako foru diputatuak adierazi du Arabako Foru Aldundiak AEMARek antolatzen duen udako kanpainarekin duen konpromisoa berritu nahi duela, “ilusio eta inplikazio handiagoz, posible bada, Arabako herritarrek esklerosi anizkoitza pairatzen duten pertsonekiko elkartasuna erakusteko bide bat ireki ahal izateko”. Ildo horretan, Arabak eta Arabak “txonbo solidarioen errekorra” osatzeko deia egin du.

Bestalde, Marian Olabarrieta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak adierazi duenez, “egunen batean lortuko da gaixotasun hori zerk eragiten duen jakitea, eta esklerosi anizkoitza duten gaixoen bizi-kalitatea hobetzen jarraituko dugu. Horregatik, garrantzitsua da txonbo horrek administrazio publikoen babesa jasotzea, gaur hemen bildu garenona bezalakoa, baina baita herritarrena ere”.

 

Gaixotasunaren egoera

Esklerosi anizkoitza da heldu gazteen artean gaixotasun neurologiko ohikoena. Normalean 20 eta 40 urte bitartean diagnostikatzen da, eta gehiago eragiten die emakumeei gizonei baino. Gaixotasun kronikoa da, eta bizi-kalitatea mugatzen duten ondorioak eragin ditzake; beraz, eragin handia du gizartean. Bost ordutik behin kasu berri bat diagnostikatzen da Estatuan. Gaur egun, 2.800 pertsonak baino gehiagok dute gaixotasun hori Euskadin, 56.000 pertsonak Estatuan. Sintomarik ohikoenak honako hauek dira: nahasmendu sentsitiboak, orekaren eta hizketaren nahasmenduak; dardarak, gorputz-adarren ahultasuna eta, kasurik larrienetan, gorputz-adarren paralisia; eta alterazio urologikoak, bertigoa, nekea, inurridurak eta ikusmen-alterazioak. Ez da gaixotasun kutsakorra, ez hereditarioa, ez hilgarria.

Share