Prentsa Oharren banner

Prentsa deialdia (2021-07-22)

– Zabalganeko superetxadien planaren barruko lehen esku-hartzeen aurkezpena.

Parte-hartzailea: Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzia, Raimundo Ruiz de Escudero.

Eguna: uztailak 22, osteguna.

Ordua: 11:00.

Lekua: Ilustrazioaren hiribidea, Ehari Ibaiaren ibilbidearekiko bidegurutzean.

 

Share

“Uda honetan ondo pasa burua galdu gabe”, Udalaren mezua ongi pasatzeko eta aldi berean osasuna zaintzeko

Alkateak eta Kultura zinegotziak atseden hartzeko eta dibertitzeko dei egin dute, baina birusaren transmisioa eragozteko gomendioak ahaztu gabe

Gorka Urtaran audioa

“Uda honetan ondo pasa burua galdu gabe” mezua zabaldu nahi du Gasteizko Udalak herritarren artean, ongi pasa dezaten, baina beren osasuna eta gainerakoena zainduz. Alkate Gorka Urtaranek eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok atseden hartzeko eta dibertitzeko dei egin dute gaur goizean, baina covid gaixotasunaren transmisioa eragozteko gomendioak ahaztu gabe.

Alkateak azaldu duenez, “aurten, inoiz baino gehiago, atseden hartu behar dugu, disfrutatu, dibertitu. Indarrak berreskuratu behar ditugu, urte eta erdi hau oso gogorra izan baita, baina burua galdu gabe egin behar dugu, zentzuz, zuhurtziaz eta buruz jokatuz“.

Kultura zinegotziak adierazi duenez, “aurtengo udan aire zabaleko kultur programa antolatu dugu, beharrezko neurriak hartuta. Gasteiztarrek arte eszenikoez gozatzea nahi dugu, leku seguruetan”.

Helburu bikoitza iruditan eta eslogan batean islatzeko, Udalak naturaltasuna eta umorea baliatzearen alde egin du, burua galdu gabe dibertitzen den eta besteak dibertitzen dituen pertsona bat irudikatuz. Horretarako, buruhandien konpartsako zenbait pertsonaia erabili ditu, baina jai-giroan ibili ordez, beste mota bateko jardueretan ondo pasatzen agertzen dira.

Esate baterako, ikuskizun bati begira; bidaian; igerilekuan, urtegian edo hondartzan, edo ostalaritzaz gozatzen. Erakunde mezua uda osorako da, jaiak izango liratekeen datetan bereziki azpimarratuz, logikoa denez. “Iaz ez zen jai-ekitaldirik izan. Aurten, kultur jardueraren bat mantendu nahiko genuke, baina birusaren intzidentzia datuek eta dagozkien segurtasun arauek markatuko dute agenda; horiek esango dute zer egin dezakegun, betiere segurtasun-neurriak bermatuz”, azaldu du alkateak.

Kontzientziazio-kanpaina aste honetan zabalduko da bide publikoan (opiak, mupi digitalak, autobusak, San Migeleko elizako balkoia eta neurri handiko kuboak), udal instalazioetako eta TUVISAren autobusetako pantailetan, era guztietako hedabideetan, sare sozialetan eta udalaren webgunean.

 

Share

Emakumeen I. “Masters Gasteiz” pilota-txapelketa egingo da Beti-Jai pilotalekuak berriro inauguratzeko ekitaldien barruan

  • Esku pilotako eta palako kirolari onenek jokatuko dute txapelketa, goi-mailako hiru jardunalditan

Gasteizko udako euskal pilotako programazioak beste ekitaldi bat gehitu dio egutegiari. Izan ere, uztailaren 25ean eta abuztuaren 5ean eta 8an, Emakumeen I. “Masters Gasteiz” pilota-txapelketa egingo da Mendizorrotzeko Ogeta pilotalekuan, zeinean kirol horretako figura nagusietako batzuk bilduko baitira.

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek eta Arabako Pilota Federazioko Oinarri eta Antolaketa koordinatzaile Aitor Ruiz de Luzuriagak aurkeztu dute hitzordua, zeinak pilota profesionala Beti-Jai esparru berritura itzul dadin antolatu den udako egutegi mistoa osatuko baitu. “Frontoiak pilota profesionalerako berrinauguratzen diren honetan, esku pilota eta goma-paleta modalitateetan erreferente diren emakume kirolariak izango ditugu“, adierazi du Livia Lopezek, eta lehen Gasteizko Masters honetan espezialista onenetako batzuk kartelean sartzeko egin den ahalegina nabarmendu du. Izan ere, horiek erreferente dira gazteen artean, eta nazioarte mailan, estatuan zein erkidegoan antolatzen diren ekitaldi nagusietan egon ohi dira.

Hain zuzen ere, Emakumeen I. “Masters Gasteiz” pilota-txapelketak aurkezten duen kartelean mundu mailako pilotariak, Espainiako txapeldunak eta selekzioko kideak daude, mundu osoan pilotaren enbaxadorerik onenak direlakoan. “Bizitzako esparru guztietan bezala, emakumea eskubidez dagokion tokia hartzen ari da, eta kasu honetan bezala, baita kirol emaitzak, errendimendua eta oihartzun mediatikoa kontuan hartuta ere“, gaineratu du Aitor Ruiz de Luzuriagak.

Txapelketa hiru jardunalditan jokatuko da: bi finalerdi eta final handia. Finalerdietako lehena, palako pilota trinkoaren espezialitateari dagokiona, uztailaren 25ean izango da. Beste finalerdia, ukitu erdiko pilotarena, abuztuaren 5ean izango da. Azkenik, bi diziplinetako finalak abuztuaren 8an izango dira. Ekitaldi guztiak 19:00etan hasiko dira, Ogeta pilotalekuan.

Sarrerak 10 euroren truke erosi ahal izango dira internet bidez, es.gestionentradas.com/entradas-pelota-femenina helbidean edo leihatilan, jardunaldi bakoitza baino ordubete lehenago. Sarrerak doan izango dira 16 urtetik beherakoentzat.

Emakumeen I. “Masters Gasteiz” pilota-txapelketa Udalak antolatutako ekitaldia da, eta Arabako Euskal Pilota Federazioaren parte-hartzea funtsezkoa izan da gauzatzeko. Orobat, EPE eta Club Ados erakundeen eta beste klub batzuen laguntza izan du. Aipatutako horiek emakumeen pilota profesionala sustatzeko sortu berri dira.

Emakumeen I. “Masters Gasteiz” pilota-txapelketa kartela

Share

Saltoki batean ebasteagatik atxilotuta

Udaltzaingoak 18 urteko gaztea atxilotu zuen atzo Domingo Beltran kaleko saltoki batean ebasteagatik.

Gizonezkoa establezimenduko langileek atxiki zuten soinean gurutzatzeko poltsan hainbat artikulu ezkutatuta zeramatzala ikusi zutenean. Bertaratutako patruila gaztea identifikatzen saiatu zen, baina ez zuen dokumentaziorik eta hirian bizitoki ezagunik. Ondorioz, atxilotu egin zuten.

Guardiako Epaitegian zegozkien eginbideak egin ondoren, aske utzi zuten.

 

Share

Udalak eta Arabako Taxiaren Elkarteak zazpi leku berezi hitzartu dituzte BEIaren ibilbidean taxiek bidaiariak hartu eta utz ditzaten

Gasteizko Udalak eta ALATAX-Arabako Taxiaren Elkarteak hitzartu dutenez, zazpi leku egokitu eta identifikatuko dira BEIaren ibilbidean, bidaiariak errazago hartu eta uzteko. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saila, Trafiko Zerbitzuaren bitartez, taxientzako ‘geraleku’ esklusiboak margotzen hasi da, horietako batzuk, oinezkoen alderdietan. Leku hauek dira, zehazki:

  1. Jacinto Benavente kaleko espaloia, 17-19. zenbakien ondoan.
  2. Jacinto Benavente eta Vicente Aleixandre kaleetako biribilguneko kanpoaldea, hego-ekialdean, trafikorik gabeko eremuan.
  3. Etxezarra kalea, Fontetxako Gazteluaren kaleko 19. zenbakiaren ondoan.
  4. Lantarongo Gazteluaren kalea, ekialdeko tartean.
  5. Zumakadi ibilbidea, 1. eta 19. atarien artean.
  6. Zumakadi ibilbidea, 23. eta 35. atarien artean.
  7. Francisco Leandro Viana kalea, Tomas Zumarraga Dohatsuaren eta Pablo Neruda kaleen artean, TUVISArentzat erreserbatutako eta bizikletetarako erreserbatutako erreien artean dagoen zerrendan. Azken geraleku horretan, taxi gidariak Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaletik sartu beharko dira, eta TUVISAko ibilgailuak eta bizikletak ahalik eta gutxien oztopatu.

“Gasteizko taxilariei lagundu nahi diegu, gure hirian lehen mailako zerbitzua ematen baitute. Geltoki mota berri hori dagoeneko erabiltzen ari zen beste leku batzuetan, Olagibel kaleko anbulatorioaren aurrean, esaterako; horiei esker zerbitzua erosoagoa izango da taxien erabiltzaileentzat, eta sektoreko profesionalak bezeroengandik hurbilago egon ahalko dira“, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

“Erabiltzaileek taxia ahalik eta erosoen, arinen eta azkarren baliatzerik izan dezaten nahi dugu elkartean. Gure ezaugarria den atez ateko zerbitzua egokituko dugu leku horietan, BEI garraio sistema berriarekin batera bizitzeko asmoz. Akordio hau beste urrats bat da Gasteizko taxi-zerbitzua hobetzeko”, azaldu dute ALATAX elkartetik.

 

Share