Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-08-02)

Prentsaurrekoa. BEIren inguruko informazioa  herritar taldeei zabaltzeko plana aurkeztea

Parte hartzaileak. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escudero

Eguna. Astelehena, abuztuak 2

Ordua. 10:30

Tokia. Plaza Berria

Share

Arabako Teknologia Parkearen Plan Partzialaren aldakuntza, lursailak eta beren aprobetxamenduak berrantolatzeko, sektorearen eraikigarritasun globala handitu beharrik gabe

Gasteizko Udalak Arabako Teknologia Parkeko plan partzialaren hamargarren aldakuntza onetsi du gaur goizean. Hirigintza-aldakuntzaren tramitazioari ekitean, parkean eraikitzeko aukera gehiago lortu nahi dira, lursailak eta beren aprobetxamenduak berrantolatuz, baina sektorearen eraikigarritasun globala handitu beharrik gabe. “Dauzkagun lurrak hobeto aprobetxatuko ditugu, enpresaren arloko proiektuak martxan jartzeko asmoz”, esan du Gorka Urtaran alkateak.

 

Zehazki, hauek dira helburuak:

-Lursailen artean aprobetxamenduak transferitu ahal izatea, lursailen okupazio- eta eraikigarritasun-parametroak handituz (PARQUE TECNOLÓGICO DE ÁLAVA – ARABAKO TEKNOLOGI ELKARTEGIA S.A. sozietatearen baimena duten transferentzia hitzarmenen kasuan), hargatik “Arabako Teknologi Parkea” ST-5 sektoreari esleitutako eraikigarritasun globala handitu beharrik gabe, eta euren aprobetxamenduaren zati bat utz lezaketen lursailen okupazioko eta gutxieneko eraikigarritasun parametroak ezarrita.

-Gaur egun  irabazizko aprobetxamendurako lursail gisa sailkatuta dauden PT3-1 eta PT3-3 lursailak Oinarrizko Azpiegituren Sisteman integratzea, egun duten erabilerari erantzunez (ureztatzeko baltsa eta edateko uraren biltegia).

-Aparkalekuen ratioa jardueren benetako beharretara egokitzea, PT4, PT5, PTi-1, PTi-2 eta Pti-3 eremuetan aparkaleku bakoitza 65 metro koadro eraikira (m2c) murriztuta.

-PT5 eremuko lursail bat eta berean eraikigarritasuna banatzeko  aukera ematea, Parkeko beste eremu batzuetan bezala.

Laburbilduz, hobeto berrantolatuko dira bertako lursailak, zorua hobeto erabiltzeko asmoz. Eraikitzeko aukera gehiago egongo dira, hargatik parkearen eraikigarritasuna handitu beharrik gabe. Berrantolaketa hau bat dator Udalaren estrategia urbanistikoarekin, zeinek hiri trinko eta kohesionatua, eta orekatik abiatutako jarduera ekonomikoa sustatzen duen eredua defendatzen baititu.

Share

Behin-behineko aldamio eta hesietako publizitatea arautuko duen ordenantzaren tramitazioari ekin zaio

Publizitate-mezuak kontrolatuko ditu Udalak, eta halakoak jartzeko baimena ukatuko, iraingarri, laidogarri edo ezegokiak baldin badira

 

Aldamioak eta behin-behineko aldamio eta hesietan aldi baterako publizitate-elementuak jartzea arautzeko ordenantzaren proiektua onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak. Hortaz, tramitatu eta batzordean eta osoko bilkuran onetsi ondoren —gutxienez sei hilabete beharko dira—, publizitatea jarri ahal izango da bi euskarri horietan. Publizitate-mezuak kontrolatu egingo ditu Udalak, eta halakoak jartzeko baimena ukatuko, iraingarri, laidogarri edo ezegokiak badira.

Gasteizen, aldamioen instalazioa ez dago araututa, ez Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean, ez berariazko inongo ordenantzatan. Udal-gobernuak uste izan du beharrezkoa dela aldamioak eta horietan eta behin-behineko hesietan aldi baterako publizitatea jartzeko aukera arautuko duen udal-araudi bat edukitzea.

“Publizitatearen sektorearen bilakaerak eta azken urteetan birgaitze-lanek izan duten hazkunde nabarmenak irizpide jakin batzuk ezartzea eskatzen dute, kasu jakin batzuetan publizitatea jartzerik izan dadin. Aldamio edo hesiak behar dituzten birgaitze- edo eraberritze-obretarako finantzaketa-iturri osagarri bat lortzeko aukera emango du publizitatea jartzeak. Eta, gainera, obrak egin bitartean eraikinen ingurunea eta irudi urbanoa edertzen, babesten eta hobetzen lagunduko du”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Behin-behineko aldamio edo hesiak estaltzeko elementuetan publizitatea jartzeko aukera arautuko du ordenantzak. Ordenantzaren aplikazio-eremutik kanpo geratuko da obrak egiten dituzten enpresa sustatzaileak edo eraikitzaileak iragartzeko elementuak jartzeko aukera.

Helburua da leku eta euskarri jakin batzuetan —obra-lizentzia indarrean den bitartean— kanpoko publizitatea instalatzeko aukera ematea. Kontua ez da edozein lekutan eta zirkunstantziatan publizitatea jartzeko aukera liberalizatzea.

Publizitate-edukiak eta -mezuak kontrolatu egingo dituzte udal-zerbitzu teknikoek, eta orobat egongo dira araudi espezifikoen mende —alkoholari eta tabakoari buruzkoak, kasu— eta sexu, arraza, adin edo bestelakoengatik ez diskriminatzea galdatuko da. Hauteskunde-garaian nahiz hauteskunde-garaitik kanpo publizitate instituzionala edo propaganda politikoa egiten duten mezuak hauteskunde-araudiaren eta ezartzen diren mugen arabera onartuko dira. Lizentzia eskatzen delarik, iraingarri, laidogarri edo ezegokitzat jotzen diren mezuak ukatzerik izango du Udalak.

Hiri-ingurunea eta ingurumena babestea izango du xede ordenantzak, eta, bereziki, etxebizitzen eta eraikinen birgaitzea sustatzea.

Ordenantza-proiektuaren arabera —ekarpenak egin ahal izango direnez, aldakuntzarik izan badaiteke ere—, argiztapen-sistema perimetralak edo publizitate-irudiaren goiko edo beheko muturretakoak jarri ahal izango dira, gehieneko luminantzia-maila jakin batzuk gainditzen ez badira.

 

 

Share

Urtaranen Kabineteak Jeiki Fundazioarekiko lankidetza onartu du adikzio-arazoak dituzten pertsonen gizarteratze-programak garatzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko Udalaren eta Jeiki Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmena onartu du adikzioetatik (substantziekin edo haiek gabe) eratorritako arazoak dituzten pertsonen gizarteratze-programak garatzeko. Hitzarmenaren udal-ekarpen ekonomikoa 98.375 eurokoa da eta gizarteratzea xede duten bi ekimen garrantzitsu abian jartzea ahalbidetuko du: Proyecto Hombre egoitza-programa eta Aukera programa anbulatorioa.

Proyecto Hombre adikzioak dituzten pertsonen tratamendurako eta gizarteratzeko eta haien senideei laguntza emateko programa integrala da. Arazo horiek dituzten helduei ematen die arreta, bizitza autonomoa izatea ahalbidetzeko garapen pertsonal eta sozialeko garapen-prozesua abian jarrita.

Aukerak, bestalde, adikzioak tratatzeko programa anbulatorioa eskaintzen du (ez du komunitate terapeutikoan sartzea eskatzen). Hala, mendekotasun mota ugarietatik eratorritako arazoak lantzen ditu.

Bi kasu horietan, era askotako alderdiak lantzen dituzte: jokabide-aldaketa, haiei lotutako emozioak eta pertsonarengan eragina duen adikziozko asaldurarekin amaitzeko beharrezko garapen kognitiboa, besteak beste. Era berean, gizartean barneratutako bizitza-proiektuaren garapena eta autonomia pertsonala sustatzen dituzte.

Gasteizko Udalak 1994tik darama Jeiki Fundazioarekin modu egonkorrean elkarlanean.

 

 

Share

Udalak kontratu bakarrean bateratu du Udalaren futbol-zelaietako laguntza-zerbitzua

 

Lizitazioa Kirolen Zerbitzuak kudeatzen dituenen artean hirugarrena da zenbatekoari dagokionez eta 2.207.143 euroko aurrekontua izango du bi urteko aldirako

 

Tokiko Gobernu Batzarrak laguntza-zerbitzuak kontratatzeko espedientea onartu du. Horri esker, 2022 eta 2023 urteetan Udalaren futbol-zelaiak eta bolatokiak erabili ahal izango dira. Lizitazioak 2.207.143 euroko aurrekontua (BEZa barne) eta berrikuntza bat ditu: kontratu bakarrak futbol-zelai denak kudeatzea ahalbidetuko du, orain arte indarrean zeuden bi kontratuen ordez. Gainera, instalazioei honako gune hauetako arreta ere gehituko zaie: Foru plazako eta Abetxukoko bolatokiak.

Kontratuan sartutako zerbitzuen artean daude hauek: sarbideak ireki eta ixtea, kirolguneen eta gune osagarrien kontrola eta zaintza, instalazioen garbiketa integrala eta berdeguneetako mantentze-lana, eta bereziki soropil naturala duten zelaien kasuan. Kontratua indarrean egongo den bitartean (bi urtez, eta beste urte batez luzatzeko aukera egongo da) guztira 66.176 zerbitzu-ordu eskainiko direla aurrez ikusi da.

Lizitazio honek jasoko duen beste berrikuntza bat da pandemia-egoerei erreferentzia egiten diena (aktibatu beharreko protokoloak, zerbitzuan egon daitezkeen doiketak eta abar). Gainera, kontratuaren kontrol eta jarraipen hobea egitea ahalbidetzen duten klausulak izango ditu. Bestalde, belar naturaleko zelaiak mantentzearekin lotutako kontzeptu berriak ere jasotzen ditu.

Kontratua instalazio motaren arabera bi lotetan egituratuta egongo da: lehen lotean, 1.192.712 euroko aurrekontua duenean, soropil artifizialeko bederatzi zelai eta bi bolatoki (Abetxuko eta Foru plaza) daude jasota; aldiz, bigarren lotean, 1.014.430 eurokoan, soropil naturaleko zelaiak daude sartuta (Betoñu, Olaranbe, Lakua 03ko errugbi-zelaia eta Gamarrako parkea).

Lehiaketara aurkeztutako eskaintzak aztertzeko garaian, planteatutako prezioaz gain, honako alderdi hauek ere kontuan hartuko dira: giza baliabideen antolaketa, prestakuntza, instalazioetako garbiketa-plana edo zerbitzuaren kontrol teknikoa, besteak beste.

Kirol-programen garapenarekin lotutako kontratazioaren eta uretako sorospen-zerbitzuetakoaren ondoren, honako hau izango da Gasteizko Udaleko Kirolen Zerbitzuak kudeatzen dituen kontratuen artean handiena haren zenbatekoari dagokionez.

 

 

Share

16.000tik gora lagun hartu ditu Agenda Gasteiztarraren kontu emateko standak, eta 3.000tik gora proposamen jaso, Gasteizko auzoetan barrena egindako ibilbidean

Alkateak positibotzat jo du ekimena, lehen aldiz egin delarik auzoz auzo kontuak emateko prozesua.

 

pptagenda

Egokiro bete da helburua, zein baitzen udal-gobernuaren aginte-plana auzoetara hurbiltzea eta hiriaren etorkizuna zehazten lagunduko duten herritarren ekarpenak jasotzea. Joan den ekainaren 7tik uztailaren 4ra bitartean, hiri osoan izan da informazio- eta partaidetza-standa, Gasteizko Agendaren garapenaren inguruan kontu emateko. Guztira, 16.075 lagunek parte hartu zuten, eta 3.248 proposamen eta ekarpen jaso ziren. Horiek lantzen ari da orain Udala, erantzuna emateko.

Gorka Urtaran alkateak positibotzat jo du ekimena. Izan ere, lehen aldiz egin da kontu-emateko prozesua auzoz auzo, bizilagunengana hurbildu eta haien eskaerei erantzuteko. “Oso ona izan da esperientzia. Kalean jendearekin hitz egiteak gobernu-lana hobeto egiten laguntzen digu”, adierazi du. “Udala egiten ari den lanaren berri ematea eta pertsonen kezkak eta proposamenak ezagutzea erreferentzia bikaina da zenbait kontu zuzentzeko, beste batzuk lehenesteko eta egunez egun hobetzeko. Agintaldiaren erdian kontuak ematea eta ekarpenak jasotzea. Gasteiztarren eskutik dator hiria egiteko modurik onena”.

Jasotako ekarpenen zenbaketan, ekarpen gehien egin dituzten zonak Arriaga-Lakua, Zabalgana eta San Martin auzoak eta Mendizorrotzeko kirol-instalazioen kanpoaldea izan dira, baina eguraldiak eta standaren kokapenek izan dute eraginik partaidetza-mailan.

Adin-tarteei dagokienez, nabarmentzekoa da 70 urtetik gorakoen lankidetza, nahiz eta 41 eta 70 urtetik beherako tarteetan ere partaidetza handia izan den.

Herritarrek interesik handiena erakutsi duten arloei dagokienez, hauek nabarmendu beharra dago: kaleak eta argiztapena mantentzea (% 24,3), berdeguneak (% 21,2), trafikoa eta mugikortasuna (% 19,45), garbiketa (% 19,2) eta garraio publikoa (% 14,6).

Oro har, partaidetza handia izan da eta proposamen ugari bildu dira. Orain, ekarpen eta eskaera zehatzak tramitatze-bidean daude, ahalik eta eskari gehienei erantzuterik izan dadin. Emaitza on hori ikusirik, agintaldian zehar ekimenari jarraipena ematea da udal-gobernuaren asmoa.

 

 

Share

Komunikabideentzako akreditazioa, abuztuaren 4rako

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak zaintza-zerbitzu berezi bat egingo dute abuztuaren 4ko arratsaldean, Andre Maria Zuriaren plazara sartzea ekiditeko, horietan biltzen baita jende gehien txupinazoaren inguruan; izan ere, aurten ez da jairik izango, osasun-larrialdiaren ondorioz.

Gasteizko udalaren eta Eusko Jaurlaritzak inguruko sarbideak kontrolatuko ditu 16:30etik 19:00etara, koronabirusaren hedapena errazten duten jende-pilaketak ekiditeko asmoz.

Inguru mugatu horretara sartu nahi duten hedabideek mezu bat bidali beharko dute pjimenez@vitoria-gasteiz.org abuztuaren 3ko (asteartea) 17:00ak baino lehen, eta datu hauek zehaztu

  • Izen-deiturak:
  • NANa:
  • Betetzen duen lana (kazetaria, argazkilaria, kameraria…):
  • Hedabidearen izena:

Nahi izatera, delako kazetariak abuztuaren 4an egingo duen lanari buruzko informazio gehiago eman daiteke.

Abuztuaren 4an (asteazkena), akreditazioa duten komunikabideek inguru mugatuan sartzerik izango dute, Loma Jeneralaren plazako kontrol-gunetik.

Kazetariek agenteek emandako jarraibideak bete beharko dituzte uneoro.

 

 

Share

KEAOk arrazoia eman dio Udalari, eta atzera bota du ‘FCC Medio Ambiente’ enpresak garbiketa eta hondakin-bilketaren kontratua zela eta aurkeztutako errekurtsoa

Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO) arrazoia eman dio Gasteizko Udalari, eta ‘FCC Medio Ambiente’ enpresak maiatzaren 5ean aurkeztutako errekurtsoan egindako alegazio guztiak ezetsi ditu. Kontratazioaren arloko errekurtso berezia aurkeztu zuen enpresa horrek, garbiketa egin eta hondakinak bildu eta garraiatzeko zerbitzua CESPA aldi baterako enpresa-elkarteari adjudikatzeko Tokiko Gobernu Batzarrak hartutako erabakiaren kontra.

Errekurtsoa aurkeztu zuen enpresak azaldutako eragozpen guztiak ezetsi ditu KEAOk. Esaterako, CESPA aldi baterako enpresa-elkarteak aurkeztutako eskaintza bazter zedila eskatzen zuen hark, eskainitako prezioaren zenbatekoaren eta enpresa horren eskaintzako XVIII. eranskineko informazioaren arteko koherentziarik ezagatik. Aitzitik, KEAOk uste izan du eskaintza ekonomikoa automatikoki baloratzen dela eskainitako prezioa besterik behar ez duen formula baten bitartez, eta, langileen benetako orduak eta makineria salbu, XVIII. eranskinean jasotako gainerako zehaztapenek ez dutela kontratu-konpromisoaren izaerarik.

Era berean, kontratazio-mahaiak hartutako erabakien eta egindako lanaren zuzentasuna berretsi du Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak.

Orobat argudiatu zuen ‘FCC Medio Ambiente’ enpresak baldintza teknikoen agiria betetzen ez duen edukiontzi-sarraila elektronikoa eskainia zuela lehiakideak. KEAOk berretsi du ezen, hasiera batean, CESPA aldi baterako enpresa-elkarteak eskainitako sarraila elektronikoaren ereduak erabat betetzen duela urratu dela salatzen den preskripzio teknikoa, eta, nolanahi ere, CESPA aldi baterako enpresa-elkarteak eskainitako konponbide teknikoa kontratua gauzatzean galda daitekeen kontratu-konpromisoa dela.

KEAOk errekurtso berezia ebatzi ondoren, Gasteizko Udalak kontratua formalizatuko du CESPA aldi baterako enpresa-elkartearekin. Hurrengo hilabeteetan, aurreko kontratuaren likidazioa egingo da, eta kontratu berria gauzatzeari ekingo, hainbat berrikuntza nabarmenekin: hiriko edukiontzi guztiak berrituko dira eta makineria berria jarriko da.

 

 

 

Share

Gasteiz hegoaldea eta Larragorri parkea uholdeetatik babesteko proiektuari ekiteko bidea urratzen ari da Gasteizko Udala

Beste bultzada bat eman dio Udalak Gasteiz hegoaldea eta etorkizuneko Larragorri parkea Batan eta Zapardiel ibaien uholdeetatik babesteko proiektuari. Ura Uraren Euskal Agentziak lan horiek egiterik izan dezan beharrezko ziren hainbat tramite egin ditu Udalak azken egunotan. 6,3 milioiko inbertsioa izango dute lan horiek, Eusko Jaurlaritzak finantzatuta, eta dagoeneko lizitazioan daude.

Eremu horretan aurreikusitako jarduketen barruan, 130.551 metro kubikoko edukiera izango duen ura biltzeko esparru bat sortuko da, Batan eta Zapardiel ibaiak hartzeko obrak egingo, eta jasotzen den emaria Ehari ibaira bideratuko. Horri guztiari esker, Gasteiz hegoaldeko uholde-arriskua murriztuko da, gaur egun Krispiñako araztegira iristen den emaria murriztuko eta, aldi berean, ingurune osoaren ingurumen-hobekuntza nabarmena lortuko. Esku-hartzearen barruan sartzen da, halaber, kutsatutako lurzoruak kentzea.

Hain zuzen ere, proiektu horrekin zerikusia duten bi dosier onetsi ditu gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrak. Lehenak, URArekin obrak gauzatzeko hitzarmena sinatzeko aukera emango gu —entitate horrek ordainduko du kostuaren % 100—. Udal Gobernuak gaur goizean onetsitako bigarren dosierrak, berriz, Lasarteko legar-hobietan aurreikusitako esku-hartzeak eragindako ondasun eta eskubideak desjabetzeko tramieei ekitea ahalbidetuko du. Eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurreko informaziora aterako da, ALHAOn argitaratuz. Ondoren, banan-banan jakinaraziko zaie eragindako ondasun eta eskubideen titular gisa ageri direnei, alegazioak aurkezterik izan dezaten.

Udalbatzaren uztailaren 23ko bilkuran onetsitako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldakuntzaren behin betiko onespenari esker izango da posible desjabetze-prozesu hori. Izan ere, behin betiko onespena eman zion udalbatzak Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egiturazko xedapen aldaketari, zeinek azpiegitura hidraulikoen eta telekomunikazio azpiegituren kalifikazio xehatuak definituko baitu eta, aldi berean, azpiegitura hidraulikoen sistema orokor bat mugatuko Lasarteko legar-hobien inguruan.

 

Share

Hitzarmena Aldundiarekin, euskararen erabilera sustatzeko

Dagoeneko hainbat urte joan dira Udala eta Aldundia elkarrekin lanean hasi zirenetik, hirian eta lurraldean Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatzen. Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du gaur goizean lankidetzarako esparru-hitzarmen berri bat egitea, lau urteko iraupenarekin, ildo berean lanean jarraituko. Udalak 75.000 euro bideratuko ditu urtero horretara. “Aldundiarekin lankidetzan jardutea funtsezkoa da Araba osoan eta Gasteizen herritar guztien eskubide linguistikoak bermatu ahal izatea ahalbidetuko duten politika koherente eta kohesionatuak garatzeko”, azpimarratu du Gorka Urtaran alkateak.

Hitzarmenak erakunde bien arteko lankidetza bideratzeko aukera emango du, bai eta horietako bakoitzak euskararen erabilera sustatzeko plan nagusien alorrean Gasteizen zein Araban garatuko dituen jarduerek elkar osatuko dutela bermatzeko ere. Gainera, euskararen ikaskuntza eta erabilera bultzatzeko kanpainen maila teknikoan eta ekonomikoan parte hartuko dute bi erakundeek, euskararen presentzia gizartearen arlo guztietan areagotzeko asmoz: komunikazio- eta sentsibilizazio-kanpainak; enpresei, merkatariei eta ostalariei zuzendutako kanpainak, eta kirolaren eta aisialdiaren esparrura nahiz lehentasunezkotzat jotzen den beste edozeinetara zuzenduak.

 

 

Share