Prentsa Oharren banner

Asteburuko aurreikuspenak

Uztailak 24, larunbata

  • Landa Eremuko zinegotzi Miren Fernandez de Landak Gasteizko XX. Raid hipikoan parte hartuko du 17:00etan Estibalizen.
  • Livia Lopez Kirol eta Osasun zinegotzia Beti-Jai pilotalekuetan izango da pelota partidak ikusteko 19:00etatik aurrera.

 

Uztailak 25, igandea

  • Gorka Urtaran Gasteizko alkatea Santiagoren omenezko mezan izango da, 12:00etatik Santa Maria Katedralean.
  • Livia Lopez Kirol eta Osasun zinegotzia Gasteizko Emakumezkoen Pilota Mastersean izango da 19:00etatik aurrera Beti-Jai pilotalekuan.
Share

Udalak abian jarri du “Bularreko kume bati lagundu” programa, aldi baterako etxean katakumeak hartu eta zaintzeko

Gasteizko Udalaren Osasun Publikoaren Zerbitzuak abian jarri du “Bularreko kume bati lagundu” programa, zeinaren xedea baita Animaliak Babesteko Zentroan jasotzen diren bularreko katakumeak zaintzen laguntzeko aukera ematea herritarrei. Zehazki, laguntza eskatzen da bularreko katuak hainbat astez etxe partikularretan hartu, eta janaria eta zaintzak emateko, hartara haien sozializazio prozesua sustatzeko, eta etorkizunean adoptatuak uizan daitezen prestatzeko.

“Bularreko kume bati lagundu” programak bigarren aukera bat eman nahi die oraindik beren kabuz moldatzeko gai ez diren bularreko katutxo umezurtzei, etorkizunerako aukera bat emanez, aurrerago behin betiko adoptatu ahal izan daitezen. “Helburu nagusia herritarren laguntzarekin ahalik eta bularreko katu gehien aurrera ateratzea da. Kumeak dira onuradun nagusiak, baina besterik ere bada; izan ere, haurrak animaliak babestearen garrantziaz sentsibilizatzeko aukera ematen die familiei ekimenak”, esan du Kirol eta Osasun alorretako zinegotzi Livia Lópezek.

Parte hartzen duten familia eta partikularrek kumearekin edo kumeekin batera, horiek zaintzeko behar den material guztia jasoko dute: kutxa/garraioa, esne-hautsa, biberoia eta tetinak. Boluntarioek 3-4 ordutik behin elikatu beharko dituzte katakumeak, esne maternizatu espezifiko batekin. Hartualdi bakoitzaren ondoren, pixa eta kaka egiteko estimulatu beharko dira, sabelaldean eta uzki- eta gernu-eremuetan masaje leunak eginez. Gainera, ingurune garbi eta beroan eduki behar dira.

Harrera-familian 2-5 aste inguru emango dituzte, esnearen elikaduraren eta elikadura solidoaren arteko igarobidea gertatu arte (2 hilabete inguru). Katakumeak elikatzeko eta zaintzeko jarraibideei buruzko informazioa ere jasoko dute zaindariek. Kontsultak egin edo zalantzak argitu ahal izango dituzu telefonoz eta posta elektronikoz, animaliaren bilakaera zuzena delako lasaitasun osoa izan dezazun.

Irailaren amaiera arte eman daiteke izena “Bularreko kume bati lagundu” programan parte hartzeko, Internet bidez edo 010 telefonora deituta.

Bularreko kumeei laguntzeko programaren helburua da etxe harreragileen poltsa indartzea, animalia horiekin eta beste batzuekin lanean ari baitira, harrera-premiak areagotu daitezkeen egoerei erantzuteko, batez ere kumeen jaiotza-aldian.

INFORMAZIO GEHIAGO: “Bularreko kume bati lagundu” programa

 

Share

Alkateak gogorarazi du asteburu honetan ez dela jai-ekitaldirik batere izango, eta dei egin du arduraz eta zentzuz jokatzeko

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek herritarrei gogorarazi die asteburu honetan ez dela jai-ekitaldirik batere izango, eta arduraz eta zentzuz jokatzeko deia egin die, bai egun horietan, bai uda osoan.

Uda honetan, ondo pasa, burua galdu gabe” lemaren ildotik, Gorka Urtaranek oso mezu argia zabaldu du: “Asteburu honetan ez da Blusa eta Nesken Eguneko jairik izango, handik gutxira ere Andre Maria Zuriaren jai-ekitaldirik izango ez den bezala. Aisialdia aprobetxatzera animatzen ditugu herritarrak, burua galdu gabe ondo pasatzeko. Horrek esan nahi du: jende-pilaketei ihes egitea, maskara behar bezala erabiltzea, kalean festarik ez egin eta kale-zurrutean ez ibiltzea, eta gure eta besteen osasuna arriskuan jartzen duten egoerak saihestea”

Alkateak gogorarazi du marka guztiak hausten ari dela Covid birusaren transmisioak. “Ezin dugu horrela jarraitu”, esan du amaitzeko. “Uda osoan garatzen ari garen kultur programazioa dugu Gasteizen, eta herritarrak bertako ekitaldietan parte hartzera animatzen dugu, baina, hori bai, betiere ardura eta sen ona oinarri hartuta“.

Share

Gazteei zuzendutako proiektuetarako dirulaguntza-deialdia ebatzi da

Gasteizko Udalak 25.000 euro banatuko ditu bederatzi ekimenen artean

Gasteizko Udalak, Gazteria Zerbitzuaren bitartez, 25.000 euro jarriko ditu gazteen gizarteratze aktibo eta parte-hartzailea ahalbidetzeko helburua duten gazte-ekimenei laguntzeko. “Proiektu horiek elkarteetako gazteen sorkuntzak ezagutaraziko dituzte; haiek bistaratzen lagunduko; gazteen prestakuntza, elkartegintza eta boluntariotza sustatuko; gazteen artean erantzunkidetasuna bultzatuko, eta abar”, azaldu du Gazteria zinegotzi Miren Fernández de Landak. Tokiko Gobernu Batzarrak deialdiaren ebazpena onetsi du gaur goizean, gasteiztarrek aurkeztutako bederatzi proposamenen alde.

Zehazki, zehazten diren entitateek aurkeztutako proposamenak hautatu dira:

‘Gazteak dantzaren erraletatik sortuz-jóvenes resurgiendo desde la danza’, Krealai (2.250 euro); ‘Zabalgana berpiztu’, Zabalgana Batuz (3.000 euro); ‘Boluntariotza Hedatuz 2021’, Ailaket (3.000 euro); ‘Juventud y discapacidad, Eginaren Eginez (3.000 euro); ‘Gazte Talent 21’, Jimmy Jazz (3.000 euro); ‘Creando un fanzine de comic’, Atiza (2.970 euro); ‘Me gusto diverso, me gustas diversa’, Izanez (3.000 euro); ‘Respiro educativo’, Talur (3.000 euro), eta ‘Awake-Gasteiz, Awake (1.780 euro).

 

Share

Rokodromoen kudeaketa esleitu da 2021eko azken hiruhilekorako

Prisma Global Servicios y Proyectos enpresa gertatu da urriaren 1etik abenduaren 31ra arte udal rokodromoen zerbitzu integrala kudeatzeko kontratuaren esleipendun. Kontratuak 2.353 zerbitzu-ordu eskaintzea ahalbidetuko du, 70.113 euroan (BEZa barne).

Kontratuaren helburu nagusia da banaka eskalatzen dutenei arreta ematea. Horrek lan hauek hartzen ditu barne: sarbide-kontrola, berariazko kirol-eremuen zaintza (murruak eta boulderrak), eskalatzaileei ikuskapena eta aholkularitza eskaintzea, eta arnesen alokairua kudeatzea. Orobat, instalazioak eta kirol material teknikoa mantentzeko lanak, eta guneak eta elementuak garbitzeko lanak egiten dira. Azkenik, kontratuak kirol programazioari dagokion atal bat du: eskalatzen hasteko udal ikastaroak, beste zerbitzu eta entitate batzuek sustatutako eskalada-jarduerak, etab.

Hainbat lekutan ditu Gasteizko Udalak eskalada praktikatzeko instalazioak: Ariznabarra (rokodromoa), Hegoalde gizarte-etxea (rokodromoa eta boulderra) eta Salburuko gizarte-etxea (rokodromoa, boulderra eta abentura-parkea).

Era berean, Kirol Zerbitzua kontratu berri baterako lehiaketa lantzen ari da, gainerako denboraldirako (2022ko urtarrila-iraila) zerbitzua eskaintzeko.

Share

Kultura Sailak 65.000 euro jarriko ditu zenbait ekitaldi antolatzeko, World Press Photo eta Korterraza, horien artean

Gasteizko Udalak 65.000 euro baliatuko ditu hiriko zenbait kultur ekitaldiri laguntzeko, besteak beste, World Press Photo, Korterraza eta Arabako Argazkilarien Elkarteak 2021ean antolatutako jarduerak.

Batetik, Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Periscopio argazkigintzako kultur elkartearekin, World Press Photo erakusketa antolatzeko; Montehermoso kulturunean ikusi ahalko da, udazkenean. 2020an, 125 herrialdetako 4.282 prentsa-argazkilari profesionalek 73.996 argazki aurkeztu zituzten guztira lehiaketara. Horietatik 157 hautatu dira Gasteizera etorriko den erakusketarako. Udalak 40.000 eurorekin lagunduko du.

Bestetik, Kultura Kalean elkartearekiko hitzarmena onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, 17.000 euroz hornitua, Korterrazaren hamabigarren ediziorako. Uztailaren 7tik 11ra bitartean egin da ekitaldi hori, Iradier Arenan, eta urteko film labur nabarmengarrienek eta zenbait kontzertuk osatu dute programa.

Azkenik, Arabako Argazkilarien Elkarteak 8.000 euro jasoko ditu 2021eko kultur programaziorako, zeinak lantegiak, hitzaldiak, argazkiak egiteko irteerak, erakusketak, etab. barne hartzen baititu.

“Hitzarmen hauen bidez, gure hiriko agendan sendotuta dauden kultur jarduerak egiten jarraitu ahal izatea bermatzen dugu, pandemia gorabehera. Tokiko eragileek beren proposamenak osasun egoerara egokitzeko egiten duten ahalegina eskertu nahi dut, lan handia baita“, nabarmendu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

 

Share

22 ekimenek izango dute sostengua bizikidetzaren, aniztasunaren, giza eskubideen eta memoria historikoaren arloko proiektuetarako dirulaguntzen deialdiaren bitartez

Tokiko Gobernu Batzarrak oniritzia eman dio aurten bizikidetza, aniztasuna, giza eskubideak eta memoria historikoa sustatzeko jarduera eta proiektuak garatzeko dirulaguntza-deialdiaren ebazpenari. Deialdiak 60.000 euroko zuzkidura ekonomikoa du, eta Gasteizen bizikidetza sustatuko duten proiektuak finantzatuz elkarte-sarea sendotzeko asmoa du, bakearen kulturan, aniztasunean eta giza eskubideen babesean oinarritutako bizikidetza eta elkartasuna eraikitzeko xedea erdieste aldera.

Deialdiaren bitartez, hainbat gizarte entitatek aurkeztutako 22 proiektuk lortu dute laguntza ekonomikoa. Horietako asko kultura-aniztasuna aitortzera eta komunitate ezberdinen arteko kohesio soziala sustatzera bideratutako ekimenak dira. Esate baterako, elkarte hauen proiektuei emandako laguntzak: Afro (2.255 euro), Kolonbia-Euskadi (3.511 euro), Haaly Pular (1.000 euro) eta Mauritania Euskadi (1.449 euro).

Beste proiektu batzuk giza eskubideen defentsaren alorrekoak dira: Argituz (2.674 euro), BLB-ACPP (3.611 euro) eta Harresiak Apurtuz (3.960 euro). Martxoak 3 elkartearen proiektua (1.000 euro), berriz, memoria historikoarekin lotuta dago. Orobat, dibertsitate funtzionalaren alorrean diharduten entitateen ekimenak nabarmentzen dira: Arabako Gorrak (3.971 euro) ASPACE (1.410 euro) eta Begisare (3.627 euro).

Hezkuntzaren alorrean, berriz, Egibide (1.837 euro) eta Itaka-Escolapios (2.840 euro) entitateek sustatutako proiektuak ditugu. Auzo elkarteek ere hartuko dute parte deialdian, Abetxuko Uribe Nogales (1.900 euro) eta Zabalgana Batuz (4.000 euro) elkarteek aurkeztutako proiektuen bidez.

Share

ERAKUNDE ADIERAZPENA, BIDEZKO MERKATARITZA ETA KONTSUMO ARDURATSUA SUSTATZEKO GASTEIZEN

ATARIKOA

Mundu honetan globalizazioa, interkomunikazioa eta interdependentzia gero eta handiagoak dira, distantziak egunez egun laburtzen direla dirudi, baina, hala eta guztiz ere, herrialde aberatsen eta herrialde txiroen arteko tartea gero eta zabalagoa da.

Mundu honetan elikadurari eskubide izaera kendu egin zaio, eta salgai huts bihurtu da; hala, nazioarteko merkataritzaren arauek, oro har, eta nekazaritzako merkataritzaren arauek, bereziki, txirotasunetik ateratzeko dituzten aukerak murrizten dizkiete landa eremuko nekazariei eta lehengaiak esportatzen dituzten txirotutako herrialdeei.

Mundu honetan COVID-19 pandemiak agerian utzi du elikadura nekazarien ezinbesteko lanaren mende dagoela; beren egoerak okerrera egin du, ordea, banaketa-enpresa handiei mesede egiten dieten neurriek nekazari txikiei merkaturatzea eragozten baitiete.

Munduan kontsumitzen diren produktu manufakturatu gehienak, Hegoalde Globaleko langileek egiten dituzte (ehungintza edo teknologia, besteak beste); hala eta guztiz ere, kasu gehienetan ez dira beren lan-eskubideak errespetatzen eta ez dute jasotzen pobreziaren atalasetik gora mantentzeko soldatarik.

Klima-aldaketak bizkor aurrera egiten duen mundu honetan, mugarik gabeko ekoizpen- eta kontsumo-sistema batek bultzatuta, Hegoalde Globaleko biztanleria zaurgarrienak dira, batik bat, muturreko klima-fenomenoek eragindako kalte handienak jasaten dituztenak.

Mundu honetan zainketek eta etxeko lanek pertsonen bizitzari eusten dioten arren, horiek ez dute ez balio ekonomikorik ez sozialik, eta batez ere emakumeek egiten dituzte, horietako asko migratzaileak, pobreziaren eta migrazioen feminizazioa betikotuz.

ADIERAZPENA

VITORIA-GASTEIZKO UDALAK, azken urteotan egindako lan guztia eta 2020an Zentzuz sarearekin sinatutako Bidezko Merkataritza eta Kontsumo Arduratsua sustatzeko JARDUERA-PROTOKOLO OROKORREAN jasotako konpromisoak kontuan hartuta, eta honako hauek jakin badakizkiela:

– Pobreziari eta klima-aldaketari aurre egiteko eta giza garapen iraunkorra sustatzeko bide eta tresnak gero eta zabalagoak direla, eta pertsona, elkarte, enpresa, udal eta erakunde orok bere eguneroko jardunean arduraz joka dezan behar dutela.

– Administrazio publikoek eragin handia izan dezaketela merkatuetan, erosketa publikoen bolumena dela medio.

– Administrazioek dinamika mesedegarriagoak sor ditzaketela nazioarteko merkataritzaren arau bidegabeek eta krisi klimatikoak gehien eragiten dieten herrialdeentzat, Erosketa Publiko Etikoaren eta Bidezko Merkataritzaren irizpideak baliatuz.

– Administrazioek Erosketa Publiko Etikoaren eta Bidezko Merkataritzaren irizpideak bere egiten badituzte, hori eredu izan daitekeela bai enpresa hornitzaileentzat, bai mota guztietako enpresentzat, bai herritar guztientzat, eguneroko jardunean ingurumenari begira gizartean dagokien ardura bere gain har dezaten.

BERRESTEN DU:

– Munduko pobreziaren eta desberdintasunaren jatorriei aurre egiteko prozesuetan laguntzeko konpromisoa; hala, bat egiten du pobreziaren eta klima-aldaketaren kontra eta Giza Garapen Iraunkorraren alde aritzeko helburua duten mota guztietako ahaleginekin.

ADIERAZTEN DU:

– Bere nahia dela munduko pobreziari aurre egiteko eta Giza Garapen Iraunkorra sustatzeko abiarazi diren jarduera guztiak egiaz aberats eta osa daitezen herrialde txiroenekiko eta planetarekiko arduratsuagoak diren jarrera eta praktika berrien bidez.

– Bere nahia dela dagokion ardura bere gain hartzea eguneroko funtzionamenduan, bere jarduera eremuan, pixkanaka eta beste ekimen batzuei uko egin gabe, ondasun eta zerbitzuen erosketa publikorako irizpide berriak sartuz.

BERE EGITEN DU:

– Ondasun eta zerbitzuen Kontsumo Arduratsua printzipio gisa.

– Erosketa Publiko Etikoa, erreferentzia esparrutzat, horren barruan pobreziaren eta klima-aldaketaren aurka jarduteko eta Giza Garapen Iraunkorra sustatzeko jarduera berriak aurrera eramateko, hala nola Bidezko Merkataritzako produktuak erosketa politiketan sartzea eta Ekonomia Sozial eta Solidarioko ekimenak bultzatzea.

– Bidezko Merkataritza  eta Ekonomia Sozial eta Solidarioa, Garapenerako Lankidetzako tresna baliagarritzat, Giza Garapen Iraunkorrerako, genero berdintasunerako, ekoizleen aurrerapen sozial eta ekonomikorako, aberastasuna era bidezkoagoan banatzeko, ingurumen orekarako eta kulturen errespeturako egin duen ekarpena aitortuta.

ADITZERA EMATEN DU:

– Pobreziari eta klima-aldaketari aurre egiteko eta Giza Garapen Iraunkorra sustatzeko aurrera eramaten dituen jardueren eragina zabaltzeko moduko bideak abiarazi edo sendotzeko konpromisoa; bide horiek Garapenerako Lankidetzan ditugun betiko politiken osagarri izango dira, Erosketa Publiko Etikoaren eta Bidezko Merkataritzaren irizpideak ondasun eta zerbitzuen gure eguneroko kontsumo-jardunean erabiliz, betiere.

BERE GAIN HARTZEN DITU:

– Erosketa Publiko Etikoaren irizpideak erabiltzen hasteko jarduerak abian jarri edo sendotzeko konpromisoa, arlo horretarako ildo estrategikoak eta epe labur, ertain nahiz luzerako jarduerak izango dituen lan plan bat taxutuz.

– Udalaren Zerbitzu ezberdinetako erosketa politiketan Bidezko Merkataritzako produktuak eta Ekonomia Sozial eta Solidarioko zerbitzuak sar daitezen bultzatzeko konpromisoa; hain zuzen, Erosketa Publiko Etikorako lehen jarduera zehatzetako bat izango da.

– Garapenerako Lankidetza eta Hezkuntzari dagozkien ildo estrategikoen barruan, Bidezko Merkataritzaren inguruko jarduerak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa; horretarako, beharrezko aldaketak egingo dira bai ildo estrategikoetan, bai Garapenerako Lankidetzako eta Hezkuntzako proiektuak diruz laguntzeko egiten diren deialdietan.

– Herritarrak informatzeko eta sentiberatzeko konpromisoa, Erosketa Publiko Etikoak eta Bidezko Merkataritzak, baita ondasun eta zerbitzuen kontsumo arduratsuak ere, pobreziari eta klima-aldaketari aurre egiteko, genero berdintasuna lortzeko eta mundu bidezkoago eta iraunkorrago bat izateko duten eragin positiboaz.

– Ondasun eta zerbitzuen kontsumo arduratsua bultzatzea, bereziki, zainketen eta etxeko lanen demokratizazioarekin zerikusia dutenak.

– Azken urteotan bezala, Udaleko hainbat zerbitzutatik (Garapenerako Lankidetza, Merkataritza, Herritarren Parte-hartzea, Berdintasuna …) Bidezko Merkataritza eta Kontsumo Arduratsua sustatzen duten gizarte-erakundeen lana babesten jarraitzea.

Share