Prentsa Oharren banner

Prentsa deialdia (2021-7-20)

– Prentsaurrekoa. 2021eko Magialdiaren aurkezpena

Parte-hartzaileak: Estíbaliz Canto, Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzia; Goyo Zurro, Basquetour agentziaren zuzendaria, eta José Ángel Suárez, Magialdiaren zuzendaria.

Eguna: uztailak 20, asteartea.

Ordua: 11:30.

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

Share

Atxilotua bikotekideari eraso egiteagatik

Udaltzainek 45 urteko gizonezko bat atxilotu dute goizaldean genero-indarkeria delituaren ustezko egilea izateagatik.

01:15ean, 092 zenbakira egindako dei batek Lakua-Arriaga auzoko etxebizitza batean bikote baten artean eztabaida handia dagoela dioen mezua jaso du. Bertaratu diren udaltzainek aurpegian lesioak dituen eta oso asaldatuta dagoen emakume bati eskaini diote arreta. Itxuraz, eztabaidan, bikotekideak eragin dizkio lesioak.

Adierazpenak entzun eta zauriak ikusita, udaltzainek ustezko  erasotzailea atxilotu dute. Gaur goizean jarriko dute epailearen esku. Emakumea ospitale batera eraman dute lesioak senda diezazkioten.

Atxilotua ukituak direla eta

Udaltzainek 31 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean sexu-abusu delituaren ustezko egilea zelakoan emakume bati ukituak egiteagatik.

Gertakariak 02:00 aldera izan ziren. Amarika plazan, gizonezko bat biktimari eta haren lagun bati gerturatu zitzaien eta, supiztekoa eskatzeko aitzakiarekin, emakumeri sorbaldatik heldu eta ipurmasailetan ukituak egin zizkion haren onarpenik gabe.

Bi emakumeek erasotzailearengandik ihes egitea lortu eta gizona topatzen lagundu zieten lagun batzuei dei egin zien. Hala, udaltzainek sexu-abusu delituaren ustezko egilea zelakoan atxilotu egin zuten. Ondoren, epailearen esku utzi zuten.

Beste esku-hartze batzuk

Atzo arratsalde bukaeran, udaltzainek 35 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Agirrelanda kalean genero-indarkeriarekin lotutako zigorra hautsi izanaren ustezko egilea izateagatik.

Era berean, udaltzainek ostiralean Galiziako epaitegi bateko errekisitoria judiziala zuen 42 urteko emakumezko bat atxilotu zuten. Errekisitoria emakumea bilatzeko, atxilotzeko eta epaitegira eramateko zen.

Zirkulazioko kanpaina berezia

Aste honetan motozikletak eta ziklomotorrak kontrolatzeko zirkulazioko kanpaina berezia egingo du Udaltzaingoak ibilgailuek ikuskapen teknikoak gainditu dituztela eta bideko segurtasunerako arriskua eragingo luketen gabeziarik ez dutela egiaztatzeko.

Ziklomotorren kasuan, ihes-hodietan eta haien potentzian (zilindro-bolumenean egindako aldaketak direla eta) egindako aldaketak detektatzen saiatuko dira. Amaitzeko, motor-gidariek segurtasuneko kaskoak behar bezala erabiltzen dituztela zaindu eta homologatuta daudela eta erabiltzeko baimenduta daudela egiaztatuko dute.

Share

Lehiaketa deituko da datozen bi urteetan Gamarrako parkeko kafetegi-jatetxea kudeatzeko

Abian da Gamarrako parkeko kafetegi-jatetxea datozen bi urteetan kudeatzeko lehiaketa. Interesa duten enpresek uztailaren 29ra arteko epea dute eskaintzak aurkezteko; kontratuak 2021eko urriaren 8tik 2023ko urriaren 7ra arte iraungo du. Eraikin sozialean dauden ostalaritza-instalazioez eta parkearen barruko udako kioskoaz arduratu beharko du enpresa irabazleak.

Eraikin sozialeko kafetegi-jatetxeak barra, autozerbitzua, sukaldea, kanpoaldeko terraza eta biltegia ditu. Kioskoak, berriz, barra eta kanpoaldeko terraza ditu, biltegiaz gain. Lehiaketara aurkeztu ahal izateko, nahitaezkoa izango da instalazio guztietara bisita egitea, horien kokapena zein egoera ebaluatzearren.

Udako denboraldian, gutxienez 12 orduz ireki beharko da kafetegia; urteko gainerako hilabeteetan, 8 orduz. 10.800 euroko kanona ezarri da, zeina gora eginez hobetu ahalko baitute interesa duten enpresek.

 

 

Share

Adineko boluntarioek ikastaroak emango dituzte BIZAN sarearen jarduera-programazio berriaren barruan; urritik aurrera, 361 lantegi eskainiko dira

Dagoeneko eman daiteke izena, aurrez aurre, 010 telefonoz edo udalaren webgunearen bitartez

BIZAN sareak —lehengo adinekoentzako zentro soziokulturalak— 21-22 denboraldirako prestatu duen jarduera-programa urrian abiaraziko da, 361 ikastaro eta 3.907 leku eskainita. Berritasun nagusia lantegi sortzaileak dira: 60 urte edo gehiago duten boluntarioek emango dituzte, haien ezagutzak gainerako herritarrekin partekatzeko.

Lantegi sortzaileak 10 urtetik gorakoentzat izango dira, lantzen den gaiaren arabera. Esate baterako, gazteenak poesiaren txokora joan ahalko dira, eta 60 urtetik gorakoek, berriz, areto-dantzak ikasi edo literatur solasaldi batean parte hartu ahalko dute. Belaunaldien arteko baratzea, yoga hastapenak eta Veneziako maskaren lantegia ere sartzen dira jarduera multzo horretan. Kasu guztietan, irakasleak 60 urtetik gorako pertsonak izango dira, zeinek beren burua eskaini baitute dituzten ezagutzak partekatzeko.

Orobat, San Martineko BIZANeko adinekoek laguntza akademiko eta emozionala eskainiko diete inguruko ikastetxeetako ikasleei. Koroatzeko eta San Prudentzioko BIZANetan, berriz, Konektatu programa garatuko dute, beste pertsona batzuei aukera emateko teknologia berriak baliatuz maite dituzten pertsonekin online konektatzerik izan dezaten.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak nabarmendu du “lantegiak emateko izena eman duten adinekoen eskuzabaltasuna, edo belaunaldien arteko lantegietan laguntzen dutenena, antolaketan eta garapenean esku hartzen baitute. Horretaz gain, beste adin-talde batzuei balioak helaraztea da benetan garrantzitsuena, haientzat eredugarri baitira. Horrela, haiek ere estereotipoei eta adinkeriazko jarrerei aurre egiten diete, eta pertsona gisa duten gaitasuna eta autonomia agerian jartzen”.

Datorren ikasturtean, BIZAN sareak bi ikastaro multzo eskainiko ditu: batean, izen-ematearen hurrenkeraren arabera banatuko dira lekuak (138 ikastaro); bestean, zozketa bidez esleituko dira lekuak (223 ikastaro), irailaren 3an.

Lantegi sortzaileez gain, zozketarik gabeko ikastaro hauek eskainiko dira:

  • Belaunaldien arteko ikastaroak, zeinetan adinekoen taldeek beren ezagutzak eta bizipenak partekatuko baitituzte beste adin batzuetako pertsonekin: familiarteko dantza, ipuin-kontalariak, ahozko tradizioa, etab.
  • 18 urtetik gorako herritarrei irekitako lantegiak, BIZAN sarearen txartela izan beharrik gabe: sare sozialak, artea kaleetan, cardioswing, podcastak, nutrizioa, etab.
  • Erorketen prebentziorako ikastaroak.
  • Gela irekiak: pintura, zura lantzea, mugikorra erabiltzen ikasi, hiri-baratzea, ingelesa, euskaraz bizi, bideo-edizioa…

Zozketa duten ikastaroen artean gai hauek eskaintzen ditu programazio berriak:

  • Hezkuntza-, eskulangintza- eta teknologia-ikastaroak: poesia, zeramika, sukaldaritza, argazkigintza digitala, euskara, ingelesa, informatika, irratia, etab.
  • Zaintza fisiko, kognitibo eta psikologikoarekin zerikusia duten jarduerak: aerobika, abesbatza, suspertze psikosoziala, emozioen kudeaketa, pilates, antzerkia, euskara 55 urtetik gorakoentzat, etab.

Orobat, 75 urtetik gorakoentzako taldeak antolatuko dira BIZAN sarearen 21-22 ikasturterako eskaintzan, haientzat berariaz pentsatutako jarduerak egin ditzaten. Ahulago dauden pertsonen eskaerei erantzungo diete: gimnastika arina, mugimendu eta ariketa arinak, psikomotrizitatea eta suspertze psikosoziala.

Horiek osagarri, badira adinekoek parte hartu dezaketen beste zerbitzu eta programa batzuk, hala nola Piztu zure auzoa edo hirian banatutako 10 osasun-parkeetan egin daitezkeen ariketa saioak.

 

Izen-emateak

Dagoeneko ireki da izena emateko epea zozketa eskatzen duten lantegi eta ikastaroetarako. 010 telefonoaren bidez, www.vitoria-gasteiz.org/bizan udal webgunean edo aurrez aurre egin daiteke, BIZAN sarearen 16 zentroetako batean zein gizarte etxeetako eta kirol instalazioetako herritarrei laguntzeko bulegoetan. Azken kasu horretan, hitzordua eskatu behar da.

Zozketarik behar ez duten jarduerei dagokienez, irailaren 2an hasiko da izena emateko epea.

 

Share

Aire zabaleko kultur programazioa 10 proposamen eskainiko ditu aste honetan

Sarrera doakoa izango da, lekuak bete arte

 

Aire zabaleko kultur programazioak aukera sorta ederra eskainiko du Gasteizen era guztietako jendearentzat. datorren asteko lehen ekimena La Gata Japonesa konpainiaren eskutik etorriko da, zeinak Los viajes de Bowa zirku-ikuskizuna eskainiko baitu uztailaren 20ko (asteartea) 19:30ean Ibaiondo gizarte-etxearen plazan. Ordubete geroago Sira Coel izeneko kontzertua eskainiko du Aranbizkarreko parkean Altraste konpainiak.

Bi antzezlan izngo dira ikusgai uztailaren 21ean, asteazkenez, 19:30ean. Batetik, Primatium lana, El Mono Habitado konpainiarena, Hegoalde gizarte-etxean, eta bestetik 2.984, el programa, LA DKV konpainiaren eskutik, Arriaga parkeko anfiteatroan.

Uztailaren 22an, ostegunean, Juanjo Monagok barre-algarak aterako dizkie 20:00etan La muerte en familia ikustera Zulueta jauregiko lorategira joango direnei. Eta ordu erdi geroago Oihulari Klown-ek Sex o no sex monologoa aurkeztuko du Zabalganeko gizarte-etxean.

Ostiraleko (uztailak 23) programazioan zirkua eta musika uztartzen dira. Zirkua, Sarini + Ortziren Begiradak ikuskizunarekin, 19:30ean Frai Zacarias kaleko negutegian, eta musika, berriz, Melophilia taldearen eskutik, Salburuko kirol-gunean (Gabriela Mistral).

Eta uztailaren 25ean, igandez, beste bi zirku-proposamen, gasteiztarren gozamenerako. Batetik Gabe, 19:00etan Aranbizkarreko parkean, Oihulari Klownen eskutik, eta bestetik Cuerda, Avela konpainiarena, 19:30ean Ibaiondo gizarte-etxearen plazan.

Sarrera librea eta doakoa izango da, lekuak bete arte. Gune horiek guztiak aire zabalean izango dira, mugatuta, eta kopuru jakin bat onartuko da bakarrik. Ikusleak eserita egongo dira, eta segurtasun-neurria guztiak gordeko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren indarreko araudia jarraiki.

Uda Kultura uztaila 20-25

Informazio gehiago

Share