Prentsa Oharren banner

Prentsa deialdia (2021-07-09)

– Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, uztailak 9

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

 

Share

(audioarekin egunaratua) Andre Maria Zuriaren plazan jarri da ikusgai Arabako unibertsitate-ikasleek Formula Student Vitoria proiektuan sortutako monoplaza elektrikoa

Gorka Urtaran audioa

“Bizkor 01” izenez bataiatu dute ibilgailua, zeina Montmeló-n lehiatuko baita abuztuan

Gaur aurkeztu da jendearen aurrean Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako campuseko ikasleek Formula Student Vitoria (FSV) proiektuaren barruan diseinatu eta eraiki duten monoplaza elektrikoa. Ibilgailua hiru urteko lanaren emaitza da, eta 18:00etara arte egongo da ikusgai Andre Maria Zuriaren plazan. Taldeko kideak bertan egongo dira, horren xehetasunen berri jakin nahi duten interesdunei erantzuteko prest. Abuztuaren 3ko astean, berriz, ibilgailua Montmeló-n lehiatuko da, Fórmula Student Spain txapelketaren barruan. Unibertsitate mailako nazioarteko txapelketa horretan, ikasleek elektrizitatez edo erregaiz dabiltzan monoplazak diseinatu eta eraikitzen dituzte, gero 1 Formulako zirkuituetan lehiatzeko.

Hauek izan dira aurkezpen-ekitaldian, proiektua nagusiki sustatu duten entitateen izenean: Gasteizko alkatea, Gorka Urtaran; Arabako diputatu nagusia, Ramiro González; EHUko errektorea, Eva Ferreira; Vital fundazioen lehendakaria, Jon Urresti, eta BIC Arabako zuzendaria, David Montero.

“Bizkor 01” izenez bataiatutako ibilgailua EHUko Arabako campuseko hainbat zentrotako ikasleen ametsetik sortu da, grina komuna baitute: automozioa. Horietako lauk bazuten esperientziarik sektorean, eta horrek animatu zituen ibilgailua eraikitzera, Formula Student mailan lehiatzeko asmoz, baita “ibilgailu elektrikoa bizitza errealera hurbiltzeko” ere, “horretarako lankidetza sare lokal bat osatuz, enpresekin, erakundeekin, lanbide heziketako zentroekin eta ikastetxeekin“.

Gasteizko alkateak adierazi duenez, “Udaletik Gasteiz Green Deal bultzatzen ari gara, hiriak bere ekonomia eta jasangarritasun ereduan aurrera egitea ahalbidetuko duten ekimen eta proiektu berritzaileekin. Proiektu honek bi kontzeptuak batzen ditu; izan ere, ekimen berritzailea da automobilgintzaren alorrean, zeina oso garrantzitsua baita gure hiriarentzat; gainera, proposamen jasangarriago batean oinarritzen da, ibilgailu elektriko batekin, lehiaketa honetan elementu bereizgarri garrantzitsua baita”.

Gorka Urtaranek esan duenez, “gure hiriko eta lurraldeko beste erronka handi baten adibidea dugu gaur hemen: talentua. Puntako hiria gara industrian, eta prestakuntza-eskaintza handia dugu. Horrek bi balio garrantzitsu dakarzkigu: gure historian hobekien prestatutako gazteria eta punta-puntako sare ekonomiko eta industrial berritzailea. Biak dira beharrezkoak gure etorkizunerako, tokiko talentuak aukerak behar baititu eta gure industriak talentua behar baitu, tokiko eta kanpoko talentua aurrera egiteko, berritzeko eta sendotzeko”. Alkateak uste du erakundeek “zubia eta babesa” izan behar dutela “honek funtziona dezan. Talentua babestea funtsezkoa da gure etorkizunerako”.

Formula Student mailan, batetik, taldeak lasterketarako prestatzen dira eta, bestetik, automobilen lehiaketen alorreko enpresetako goi-kargudunek ebaluatzen dituzte hainbat alderditan: negozio-eredua, kostuen analisia eta ingeniaritza-kalkuluak. Ibilgailuaren proba dinamikoetan alderdi hauek puntuatzen dira: azelerazioa, birarik azkarrena, erresistentzia eta efizientzia.

Gaurko aurkezpena mugarria da Luis Barreirok gidatutako proiektuan; beste hiru kiderekin, lehiaketarako talde bat sortzea erabaki zuen Gasteizko Ingeniaritza Eskolan. Monoplaza diseinatzeko taldearen oinarriak zein izango ziren eta zein sailek hartu behar zuten parte zehaztu ondoren, EHUko maila ezberdinetako ikasleek talde handiago bat osatu zuten, eta lehen pausoak eman zituzten helburu nagusira heltzeko: Montmeló-ko egoitzan lehenengoz lehiatzea 2021ean. Eta garaiz iritsi dira. Izan ere, abuztuaren 3an Kataluniako herri horretan egongo dira  ‘Bizkor 01’ ibilgailuarekin.

Bi urteko lana izan da. Gaurko aurkezpenera iristeko, taldea osatzen duten sail guztiek egin dute lan estatuko zein nazioarteko 60 enpresa eta gehiagoren eskutik, eta tokiko erakundeen finantza-laguntza ere izan dute. Denek ulertu zuten hasiera-hasieratik FSVitoria lantegi bateko hormetatik harago zihoala, eta gazteen ekintzailetzak, berrikuntzak, enpresa-unibertsitatea harremanek eta beste balio batzuek apustu sendoa merezi zutela.

 

 

Share

Gasteizko emakume baten hilketa matxista gaitzetsi du Gasteizek

Gasteizko alkatearen adierazpenak

Gasteizek udalerriko emakume baten hilketa matxista gaitzetsi du. Gainera, Udalak biktimaren inguruarekiko hurbiltasuna adierazi nahi izan du, behar dituen baliabide psikologikoak, juridikoak, sanitarioak, babesekoak eta harrerakoak bere esku jarriz eta bere interesei eragiten dien informazio guztia duela bermatuz.

Gasteizko Udalbatzako alderdi politiko guztietako ordezkariek (Gorka Urtaran alkatea buru dela), Arabako ahaldun nagusiak, Arabako Batzar Nagusietako presidenteak, Emakundeko presidenteak, gobernuko ordezkariordeak eta beste erakunde batzuetako ordezkariek elkarretaratze isila egin dute indarkeria matxistaren ondoriozko hilketa hau gaitzesteko.

 

Share

Adinekoentzako BIZAN sareko zentroek irudi berria erakusten dute

Garai beteko adinekoentzako zentro soziokulturalek aldatu dute kanpoko irudia, BIZAN izena duten errotulu berriak jarrita.

Izen berria “bizi” eta “izan” hitzak elkartzetik sortu da, eta izenaren ondoan “Esperientziak bizitasunarekin bat egiten duen tokia” lema agertuko da. BIZANek irudi hurbilagoa eta irekiagoa eman nahi du, erabiltzaileei lotutako estereotipo eta adinkeriatik urrun.

Adinekoek ere parte hartu zuten aldaketa horretan. BIZAN sareak irailetik aurrera burutuko duen programazioan ere sumatuko da aldaketa; izan ere, herritar guztientzako jarduera gehiago egongo dira, bai eta lantegi sortzaile gehiago ere, adinekoek haien ezagutzak beste pertsona batzuekin partekatzeko aukera izan dezaten.

Share

Adierazpen publikoa emakume gasteiztar baten hilketa matxistaren aurrean

Gure udalerriko emakume baten aurkako hilketa matxista dela eta, Gasteizko Udalak gaitzespen eta arbuio irmoena adierazi nahi du hilketa horren aurrean, baita biktimaren gertukoei babesa eta hurbiltasuna adierazi ere, behar dituzten baliabide psikologiko, juridiko eta sanitarioak zein babesteko eta harrera emateko baliabideak haien esku jarriz eta haien interesei eragiten dien informazio guztia dutela bermatuz.

Alde horretatik, Gasteizko Udalak, kasuari buruzko berri izan zuenetik, eta  informazioa kontrastatu ondoren, horri buruz ahalik eta ikuspegi osoena eta zehatzena izateko, Gasteizko Udalak Indarkeria Matxistaren Aurrean Erantzuna Emateko Protokoloa aktibatu zuen, informazio guztia biltzeko eta erakundeen erantzuna eta biktimen gertukoentzako arreta koordinatzeko. Azpimarratu nahi dugu indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria dela —eta hilketa da matxismoaren adierazpenik larriena—, lehen mailako arazo soziala, nagusiki hura sufritzen eta aurre egiten dioten emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkakoa. Indarkeria mota hori ez dute ekintza isolatuek osatzen: gure gizartea egituratzen duten jokaera esplizituen eta mezu normalizatu eta sinbolikoen sarea da, zeinak emakumeak gizonen mende edukitzeko xedea duen, baita indarrean dagoen sistema heteropatriarkalak ezartzen dituen mugak gainditzen dituen gorputzik, eredurik edota jokaerarik ez onartzeko xedea ere.

Bada, Gasteizko Udalak, emakumeen eta LGTBI pertsonen giza eskubideak benetan gauzatzen direla bermatzeaz arduratzen den erakunde publikoa denez, neurriak sustatzen jarraituko du udal-erakundeek eta herritarrek oro har edozein eraso matxistaren aurrean berehala eta irmo erantzun dezaten, biktimek lehentasunezko arreta jaso dezaten, eta prebentzio-neurriak gara daitezen emakumeei eta LGTBI pertsonei indarkeriari aurre egiteko tresnak ematearren eta erasotzaileen zigorgabetasun soziala ez onartzearren.

Era berean, indarkeria matxistarik gabeko bizitza askeak bermatzeko lanean jarraituko duela hitz eman du Udalak, bere eskumenak erabiliz.

Hori dela eta, Udalak

– Jakinarazten du erakundearen ordezkariek 5 minutuko elkarretaratzea egingo dutela uztailaren 8an, 12: 00etan, Plaza Berrian, “Gasteiz: eraso matxisten aurka” leloarekin.

– Bat egiten du mugimendu feministak deitutako arbuio- eta gaitzespen-ekitaldiekin, eta herritar guztiak gonbidatzen ditu horietan parte hartzera eta gure babesa behar izan dezaketen gaitzespen-ekimenen berri ematera Udalari.

Share

Premiazko deialdia (2021-07-08)

– Elkarretaratzea emakume gasteiztar baten hilketa matxistagatik; Murchanten (Nafarroa) gertatu zen.

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran, alkatea, eta udal korporazioko talde politikoen ordezkariak.

Eguna: uztailak 8, osteguna.

Ordua: 12:00.

Lekua: Espainia plaza.

Share