Prentsa Oharren banner

Atxilotua errekisitoria judizialagatik

Udaltzainek atzo aurkako errekisitoria judiziala zuen 28 urteko emakume bat atxilotu zuten.

Gasteizko epaitegi batek igorritako bilatzeko, atxilotzeko eta epaitegira eramateko errekisitoria indarrean zuela bazekien patruila batek Amarika plazan topatu zuen emakumea eta, ondorioz, agindua bete.

Gaur goizean geratuko da epailearen esku.

 

 

 

Share

Zabalganeko superetxadien proiektuko lehen esku-hartzea Ilustrazio hiribidean hasiko da, berdegune eta oinezkoentzako gune berriak jarriz trafikoa eteteko

Gasteizko Udalak, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren bitartez, Zabalgana auzoko hiribide luzeetako batzuk eraldatuko ditu, superetxadien ereduan oinarritutako proposamen ausart batekin. Plan horretako lehen esku-hartzea Ilustrazioaren hiribidean egingo da. Bertan, trafikorako asfaltoa eten egingo da berdegune berriak eta oinezkoek lehentasuna izango duten guneak sortuz, eta gaur egun dauden oinezko ibilbide naturalei jarraipena emango dieten lotura berriak eginez. Auzoa seguruagoa, erosoagoa eta modernoagoa izango da.

“Zabalgana eta Gasteiz nazioarteko abangoardian kokatuko dira proiektu honekin. Errepideak herritarrentzako berdegune bihurtuko diren lehen lekuetako bat izango dira. Auzoak modernitatea, oinezkoen lehentasuna, bide-segurtasuna, bizikleten mugikortasuna, espazio berdeak, merkataritza dinamizatzeko aukerak eta abar irabaziko ditu bere kaleetan“, adierazi du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

Tokiko Gobernu Batzarrak bihar onartuko du lan horiek egiteko kontratazio-dosierra; 380.630 euroko aurrekontua izango dute lanek, eta kontratua esleitzen denetik 4 hilabeteko epea emango da gauzatzeko.

“Superetxadia da, oraindik ere, hiriko etorkizuneko espazio publikoa birdiseinatzeko funtsezko pieza, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planak ezartzen duenaren arabera. Hori dela eta, auzoen barrualdea ibilgailuen zirkulaziotik babestea da asmoa. Nola? Abiadura nabarmen murriztuz (orduko 20 eta 10 kilometroko abiadurara), trafikoa etenez eta bestelako esku-hartzeak eginez, oinezkoentzako guneak sortzea, esaterako“, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotziak.

Zabalganerako planteatzen den esku-hartzea Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planean jasotako hiri-bideen sarea babestea du helburu eta  abiapuntu. Izan ere, Udalaren helburua da oinezkoen ibilbide horiek babestea eta egoteko eremu berriak sortzea. Espazio horiei esker, alde batetik, lehendik dauden oinezkoentzako bidezidorrak lotu ahalko dira, jarraitutasuna emanez, eta bestetik, eragindako zirkulazio-bideak joan-etorrikoak bihurtuko. Horrela, kale horiek igarobide gisa erabiltzen dituzten ibilgailuen trafikoa desagerraraziko da, abiadura handian baitoaz. “Igarotzeko kaleak izateari utziko diote, eta egoteko kale bihurtuko dira“, azaldu du Raimundo Ruiz de Escuderok.

Ilustrazioaren hiribidearen kasuan, Nazio Batuen eta Giza Eskubideen hiribideen arteko perimetroaren barruan esku hartuko da. Zuzengune horretan zehar, bost esku-hartze egingo dira.

1) Ilustrazioaren hiribidetik Nazio Batuekin hiribidera sartzea.

Puntu horretan, espaloiaren mailan txorko bat jartzea proiektatu da, berdegune txiki bat sortuko duena eta erreiak estutzeko balioko duena. Superetxadien barnealdeko kale guztietarako sarbidea errei batera murriztuko da, parterre txikiak sortuz, ibilgailuek abiadura moteldu dezaten espazio horietara sartzen direnean. Gasteizko beste toki batzuetan probatu den neurri mota bat da, emaitza onekin.

2) Ilustrazio hiribidearen eta UNESCOren ibilbidearen arteko bidegurutzea.

Hor espaloia zabaltzea aurreikusi da, UNESCOren ibilbideko oinezkoentzako korridoreari jarraitutasuna emateko, eta, aldi berean, zirkulazioa nabarmen baretu eta murrizteko, moztu gabe. Egoteko berdegune berri bat ere eratuko da auzoarentzat, eta txirrindularientzako korridoreak.

Hasteko, asfaltoa eraldatuko da, altxatu egingo baita berdegune berria eta oinezkoentzako gunearen zoladura egiteko. Bidearen konfigurazio berria dela eta, erreiak errei bakarrera estutuko dira bi galtzadetan, eta abiadura-muga bermatuko hartara.

Esku-hartze horrek ez du trafikoa moztea ekarriko, baina inguruetatik bizilagunek, merkatariek eta larrialdietako ibilgailuek bakarrik zirkulatzea da helburua.  Horretaz gain, erdibitzailean irekidura bat jarriko da ibilgailuek noranzkoa aldatzerik izan dezaten.

3) Ilustrazioaren hiribidearen eta Ehari ibaiaren bidezidorraren arteko bidegurutzea.

Kaleko puntu horretan egingo da eraldaketa garrantzitsuena; izan ere, oinezkoentzako gune berde berri bat sortuko da, eta horrek motordun ibilgailuei trafikoa etetea ekarriko du. Horretarako, zoladura guztia altxatu beharko da.

Eremuaren konfigurazio berriak berekin ekarriko du joan-etorriko bideak sortzea oinezkoentzako espazioaren mutur bakoitzean, eta horrek biraraztera behartuko ditu autoak, jarraitzea eragotziko duten elementu fisikoekin. Oinezkoentzako gunean aurreikusitako berdegunea izango da gune horretako protagonista nagusia; alde bakoitzean irekidura bat izango du noranzkoa aldatu ahal izateko, baina abiadura oso mugatuan. Txirrindularientzako korridoreak ere egokituko dira.

4) Ilustrazioaren hiribidearen eta Gurutze Gorriaren pasealekuaren arteko bidegurutzea.

­Gune horretan, jarraipena eman nahi zaio Gurutze Gorriaren ibilbideko oinezkoentzako korridoreari. Horretarako, oinezkoentzako zoladura handituko da, noranzko bakoitzeko zirkulazio-erreiak bakarrera estutuko dira, eta abiadura nabarmen mugatuko da. Jarduera horrek ez du esan nahi trafikoa etengo denik, baina hemen ere bizilagunek, merkatariek eta larrialdietako ibilgailuek bakarrik erabiltzea da helburua. Beste kasu batzuetan bezala, egoteko eta aisialdirako berdegune bat sortuko da amaitzeko.

5) Giza Eskubideen hiribidetik Ilustrazioaren hiribidera sartzea.

Kalearen sarreran bezala, txorko bat proiektatu da espaloiaren mailan, berdegune txiki bat sortzeko. Horrek erreia estutuko du, eta superetxadian sartzeko ‘ate efektua’ sortuko du.

Zurezko pergolen, piknik-mahaien, jolas naturalizatuen eta landare igokarien eremuak.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak, halaber, inguruan aisialdirako eta gozamenerako elementuak jartzea proposatu zien auzokoei. Hala, Gurutze Gorriaren ibilbidean zurezko pergolez hornitutako bi gune egongo dira, eta horien barruan piknik mahaiak jarriko. Gune horiek berdegunez inguratuko dira, eta horiekin batera gereziondo basatiak, landare igokariak eta abar jarriko dira, parterre txikietan. Pergola horietatik gertu putzu txikiak ere sortuko dira, narrastien babesleku izango direnak, biodibertsitatea sustatzeko asmoz. Udalak harriz eta enborrez osatutako jolas naturalizatuak ere jarriko ditu.

Plan honetan aurreikusitako esku-hartzeak hiriko beste espazio batzuetara eramango dira etorkizunean. Ilustrazioaren hiribidekoa izango da lehena, eta Zabalganeko bizilagunekin batera esperientzia aztertzeko aukera emango du gero.

Zabalganeko superetxadien proiektua dossierra

 

Share

Udal Osoko Bilkura Goiuri jauregian (2021-07-23)

Ohiko osoko bilkura egingo da bihar, uztailaren 23an, Goiuri jauregian, Martin de Salinas aretoan, zinegotzien arteko distantzia gordetze aldera.

Komunikabideei jakinarazten zaie gehienez ere bost pertsonak jarraitu ahal izango dutela osoko bilkura Goiuri jauregian bertan, kazetarientzako gunean, eta bai streaming bidez ere esteka hau sakatuz. Halaber, udaletxeko prentsa aretoan jarraitu ahal izango dute bilkura hori.

 

Share