Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-07-06)

Prentsaurrekoa. Familia-baliabide ekonomikoak gaizki administratzeagatik bizitegi-bazterketa prebenitzeko MIKASA programaren aurkezpena

Parte hartzaileak. Gizarte Politikak, Adinekoak eta Haurrak Arloko zinegotzi Jon Armentia; eta Elkarrekin taldeko zinegotzi Gema Zubiaurre

Eguna. Asteartea, uztailak 6

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Erdi Aroko hirigunearen goialdea oinezkoentzako alderdi bihurtzen delarik, herritarren arteko bizikidetza eta topaketarako espazio seguruak sortuko dira

 

Aste honetatik aurrera, Erdi Aroko hirigunearen goiko aldea oinezkoentzat izango da. Seguruago, pertsonekiko abegikorrago eta ingurumenaren ikuspegitik iraunkorrago bihurtuko dute asteazkenerako aurreikusita dauden trafiko-aldaketa berriek Gasteizko zona enblematiko eta ikoniko hori. Udalak, auzotarrek eta eragile sozial eta ekonomikoek hirigune historikoaren jarduera integralerako landu duten estrategiaren parte da ekimena. Joan den apirilean, 12 hilabetetan 24 ekintza martxan jarriko zituela iragarri zuen Gorka Urtaran alkateak Aldabeko auzogunean. Horietako bat, hain zuzen ere, Erdi Aroko hirigunean oinezkoentzako uharte hori sortzea zen.

Zirkulazioaren sarbidea itxi egingo da Santa Ana kantoian, Eskola kalearen parean, eta Frai Zacarias kalean, Santa Maria plazako sarreran. Santa Maria kalearen itxierari —Falerinaren parean— gehituko zaizkio ekintza horiek. Gainera, Frai Zacarias kaletik Jauregi kalerako eta Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen kalerako sarbideetan zirkulazioa debekatuko da. Santa Maria plaza ibilgailu motordunen inbasiotik babesteko, Pulmonien kantoiaren noranzkoa aldatuko da, hartara hura trafikotik libratuko.

Kale horiek oinezkoentzako kale bihurtzen direlarik, kendu egingo dira Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen kaleko, Pulmonien kantoiko eta Eskola kaleko aparkalekuak. Santa Ana kantoiko aparkalekuak kendu egingo dira, ez baitute oinezkoentzako tarteak inbaditzea saihesteko aukera eman lezakeen irteerarik. Santa Maria kantoian dauden aparkalekuetarako sarbidea Txikita kaletik egin beharko da, eta atera, berriz, Bilbo plazatik edo Antepara kaletik.

“Orain arte, hainbat arrazoirengatik sartzen ziren ibilgailuak auzora, egoiliarren ezinbesteko beharrez gain: dendak eta ostalaritza hornitzeko, aparkalekua bilatzeko eta hiriaren alde batetik bestera igarotzeko bideen bila. Muinoaren goiko aldea eta bertako elementu erakargarrienen ingurua ibilgailuetatik libratzea da proiektu honen helburua, eta elkarbizitza- eta topaketa-leku seguruak bultzatzea”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok. “Oinezkoentzako hiria dugu helburu, hiri iraunkorra, abegikorra eta segurua. Eta horren adibide izan behar du Erdi Aroko hiriguneak”.

Erdi Aroko hirigunearen ezaugarriek —kale estuak eta espazio libre gutxi— joan-etorriak egiteko modu desberdinen arteko bizikidetza eragozten zuten, baita gizarte-harremanak eta aisialdia lasaitasun- eta kalitate-baldintza egokietan egiteko espazio libreak lortzeko aukera ere.

Azken aste hauetan, Erdi Aroko hirigunean kargatu eta deskargatzeko ordutegiak ere aldatu ditu Udalak; hain zuzen ere, aurreratu, hartara ostalaritza errazteko. Auzokoei, eragile sozialei eta neurriek eragingo dieten eragile ekonomikoei azalpenak emateaz gain, haiekin adostu du jarduera Udalak. Nolanahi ere, hobetu daitekeen edozein egoera detektatuz gero, aldaketa txikiak egin ahal izango dira. Gainera, Erdi Aroko hirigunearen inguruan zenbait aparkaleku espres sortzea adostu da merkatarien kolektiboarekin, haien jarduera errazteko.

Share

21 Zabalguneak amaitu ditu Adurtza eta San Kristobal auzoetako eraikinen aurretiazko azterlanak,  Agree europar proiektuaren barruan

 

Orain arte 60 jabe-erkidegorekin jarri da harremanetan.

 

21 Zabalgunea SAk amaitu ditu birgaitzerako eraikin tipologien araberako aurretiazko azterlanak Adurtza eta San Kristobal auzoetan, AGREE europar proiektuaren barruan, eta 60 jabe-erkidegorekin jarri da harremanetan.

MODEL aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu zitzaizkion azterlan horiek lehiaketa publiko bidez. Adurtza eta San Kristobal auzoetan 1980. urtea baino lehen egindako 160 bizitegi-eraikin kolektibo sartu dira, inguratzailea eta irisgarritasuna hobetzeko beharra baitute.

Eraikinak moten arabera sailkatu ondoren, erakin bakoitzeko fitxa bana egin da, eta bertan honakoak jaso dira: birgaikuntza energetikorako eta irisgarritasuna hobetzeko konponbide bati buruzko informazioa, horien artean, laneko material kopurua eta lanen zein lotutako kostuen (lizentzia, tasak, teknikarien ordainsariak, BEZ, etab.) zenbatespen ekonomikoa.

Informazio hori oinarri izango da partikularren arteko solaskidetzarako eta jabe-erkidegoetan akordioak lortzeko, behin betiko proiektu teknikoak kontratatu aurretik, geroago lanak egin daitezen.

 

Hurrengo pausuak

21 Zabalguneak birgaitu aurretiko eraikin tipologien araberako azterlanak berrikusi ondoren, Agree proiektuaren egungo egoeraren berri emango die Adurtza eta San Kristobaleko auzo-elkarteei eta auzo horietako jabe-erkidegoak kudeatzen dituzten finka-administratzaileen ordezkariei. Ondoren, bilerak egingo dira jabe-erkidegoekin, eta hainbat ekimen baloratuko dira, harremanetan jartzerik lortu ez den erkidegoei informazioa helarazteko.

21 Zabalgunea orain 60 jabe-erkidegoren ordezkariekin jarri da harremanetan (horietako 7 finka-administratzaileak); guztira 600 etxebizitza dira, aztertutako eremuko etxebizitzen % 40a gutxi gorabehera.

Share

Korterraza Gasteiz jaialdia Iradier Arenan izango da uztailaren 7tik 11ra

46 film labur eta 5 kontzertu ikusleek atsegin hartzeko.

Korterrazaren 12. edizioa Iradier Arenan egingo da uztailaren 7an, 8an, 9an eta 11n. Gasteizko film laburren jaialdian, hiru egunetan proiektatuko dira urteko film laburrik nabarmenenak, eta bost kontzertu izango dira: Corizonas, Capsula, Freedonia, Willis Drummond eta A Contra Blues taldeenak, hain zuzen ere.

“Pandemia zela eta,  aldatu egin behar izan zen Kultura Kaltean! elkarteak antolatutako programa, osasun agintariek ezarritako neurrietara egokitzeko. Aurten Korterraza modu seguruan itzuliko da gure artera, jardueretan parte hartzen duten guztien ongizatea bermatzeko” adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok, ekitaldia aurkezteko egindako prentsaurrekoan. Orobat izan dira bertan Luis Daniel Bernal, Kutxaren Araba aldeko zuzendaria, eta Xabi Vitoria, ekimena antolatzen duen Kultura Kalean! elkartekoa. “Uztailaren 7tik 11ra Iradier Arenan egingo den Korterraza Gasteiz jaialdiaren 16. ekimenarekin bat egitera gonbidatzen ditugu gasteiztarrak” gaineratu du Cantok.

“Jendeak aurten primeran pasako duela uste dugu. Film laburrek ohiko kalitate-mailari eusten diote, eta musikari dagokionez, jaialdiak bere 12 urteetan izan duen kartelik onena du, segur aski” azaldu du Xabi Vitoriak. “Iaz bezala, pandemiak zailtasun asko ekarri dizkigu, baina oso pozik gaude aurkezten dugun jarduera-programarekin, eta iaz zein aurten, jaialdi seguru bat egiteko aukera izan dugulako eta kalea kulturaren topagunea izaten lagundu dugulako” gaineratu du.

Proiekzioak

Korterraza Gasteizek 46 lan aukeratu ditu uztailaren 7an, 8an eta 9an ikusleei erakusteko, 20:00etatik aurrera. Iradier Arenara bertaratzen direnek atsegin hartu ahako dute “Sail ofiziala”, “Komedia” eta “Erakustaldia” arloetan. Asteazkenean, hilak 7, film labur arabarraren eguna izango da. “Arabako sortzaileen film labur onak ikusi ahalko ditugu: David P. Sañudoren ‘La colcha y la madre’; Mikel Bustamanteren ‘Caníbales; Imanol Ortiz ‘Oculto’; Xabi Vitoriaren ‘El carné’; Paul Urkijoren ‘Dar-Dar’; Pablo Pinedoren ‘El comité’; eta  María Elorza eta Koldo Almandozen ‘Quebrantos’.

Hiru saioetarako sarrera librea izango da, lekuak bete arte, eta 2020an bezala, film labur horiek 12 x 8 metroko pantaila ikusgarrian proiektatuko dira.

Halaber, Korterraza Gasteiz 2021eko proiekzio horien osagarri izango dira abuztuaren 26ko “Korterraza Sensibiliza” saioa (Artium zentro museoan, 21:15ean) eta irailaren 2ko Korterraza Txiki’ (Zumaia plazan, 21:00etan).

Aurtengo epaimahaia Lander Otaola, Gorka Aguinagalde eta Iñigo Salinero aktoreek osatuko dute, eta sail ofizialeko hiru sarien eta ‘Komedia’ sariaren irabazleak aukeratuko dituzte. Hirurak dira jaialdian ikusgai izango den ‘El carné’ film laburreko aktoreak, baina film hori ez da lehiaketan sartuko, Kultura Kalean! elkartearen lankidetzan ekoiztu baita, hau da Korterraza antolatzen duen elkartearekin.

Korterraza Txiki’ sailerako epaimahai berezia izango da, 7 irakasle hauek osatua: Estefanía Pérez, Irati Hornas, Iara Ibáñez, Iñaki Goñi, Mireia Aizpuru, Iñigo Fernández eta Patricia Sierra. Horiek aukeratuko dituzte haur eta familien saileko bi sariak.

Korterraza Gasteizek zortzi sari emango ditu 2021ean: Álex Angulo-El Correo-75 aniversario Saria; Keler Saria; Laboral Kutxa Ikusleen Saria; Grupo Eleyco Saria, komediarik onenari; Korterraza Txiki Saria (lehen eta bigarrena); Sensibiliza Saria eta Korterraza Araba Saria.

Zazpi sari horien irabazleak uztailaren 9an emango dira ezagutzera, proiekzioen hirugarren saioaren ondoren. Zortzigarren saria, Bertako Igogailuak-Euskara Sariaren irabazlea ekainaren 22an jakinarazi zen, film laburren hautaketa iragarri zenean. Ibon Landaren ‘Kirolak’ lanak irabazi zuen euskarazko ekoizpena sustatzeko sari hori, eta besteak beste, Korterrazaren sail ofizialean parte hartzea dakar berekin.

Kontzertuak

Musikari dagokionez, maila handiko kartela aurkeztu du 2021eko Korterraza Gasteizek, Iradier Arenan 19:30ean egingo diren kontzertuetako. Uztailaren 7an, asteazkena,  A Contra Blues taldeak emango dio hasiera jaialdiari;  Jonathan Herrero gasteiztarra buru duen rock-blues taldeak. Uztailaren 8an, Willis Drummond taldea izango da, euskal rock talde erreferentea, eta, zine-ikutua era baduena, izan ere 2021eko Goya Sarietarako izendatu zuten Ane filmaren soinu bandako “Nahi ta nahi ez” abestiagatik.

Uztailaren 9an, ostirala, Freedonia taldearekin izango da mugitzeko aukera, estatu mailan ospetsua den soul eta funk taldearekin. Azkenik, jaialdiari amaiera emateko, rock arratsalde bikaina izango da igandean, Corizonas eta Capsula taldeekin. Laster argitaratuko dituzten diskoen abestiak aurkeztuko dituzte bi taldeek.

Kontzerturako sarrerak www.kulturabizia.eus helbidean eskura daitezke.

Proiekzio eta kontzertuak urtero jaialdiari babesa eman diotenen laguntzari esker egin daitezke. Ildo horretan, Korterrazako antolatzaileek eskertu egin nahi izan diote Gasteizko udalari  17.000 euroko lankidetza-hitzarmena izenpetzeagatik. “Oso berri ona da Korterraza jaialdiarentzat. Aurrekontu- eta antolakuntza-egonkortasun handia ematen du, eta Kultura Kalean! taldeak urte hauetan egindako lan ona aitortzea da” adierazi dute elkartetik

Share

Atxilotua bikotekideari eraso egiteagatik

Udaltzainek 48 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo genero-indarkeriaren delituaren ustezko egilea izateagatik.

Belate kalean jazo ziren gertaerak, 11:00ak inguruan. Bere bikotekidearekin eztabaidan aritu ostean, gazte batzuek kolpatu egin zutela salatu zien ustezko erasotzaileak udaltzainei. Ondorioz, informazio guztia biltzeko asmoz, udaltzainak bere bizilekura joan ziren. Etxean emakumezko batek erantzun zien eta erasoak jasan izanaren zantzu argiak zituenez, gizonezkoa atxilotu egin zuten.

Udaltzainek 18 urteko gazte bat atxilotu zuten atzo indarkeria erabiliz establezimendu batean lapurreta-delitu baten ustezko egilea izateagatik.

Zaintza-lanak egiten ari zen patruila batek Operazioen Zentralaren alerta jaso zuen gizonezko batzuk taberna bateko sarrera behartzen ari zirela esanez. Bertaratutakoan, pertsona bat topatu zuten establezimenduko atearen parean sarrera behartzeko materialarekin. Udaltzainak ikusi zituenean, ihesean hasi zen. Lekuko batek emandako argibideei esker, topatu eta atxilotu egin zuten.

Share

Alkatetza Sailak 40.000 euro bideratuko ditu komunitatearen balioa sustatzen duten proiektuetara

Giza eskubideak, berdintasuna, justizia, gizarte kohesioa eta bizikidetza lantzen dituzten proposamen berritzaileak hautatuko ditu deialdiak

 

 

Alkatetzaren eta Erakunde Harremanen Sailak Gasteizen komunitatearen balioa sustatzen duten proiektuak aurkezteko epea ireki du gaur.

Proiektu eta ekintza berritzaileak izango dira, animazio komunitarioan oinarrituz —prestakuntza-jarduerak, kultur zabalkundea, arte-adierazpena, jarduera ludikoak edo sozialak— hiriaren testuinguruan hainbat arlotan agertzen diren aldaketa eta erronkei erantzuteko helburua izango dutenak: giza eskubideak, berdintasuna, justizia, gizarte-kohesioa eta bizikidetza. Ez dira proiektuen poltsa osatzeko deialdi honen xede izango entitate eskatzailearen ohiko programazio jarraitua osatzen duten jarduerak edo ekintzak.  Gasteizko Udalak kontratatuko ditu hautatutako proiektuak; horretara 40.000 euroko partida bideratutako da, eta aurtengo urritik abendura bitartean gauzatuko dira.

2021eko uztailaren 16an amaituko da proiektuak aurkezteko epea; interesa duten pertsonek edo elkarteek egoitza elektronikoa baliatu dezakete horretarako, edo herritarrei laguntzeko bulegoetan aurkeztu.

“COVIDaren pandemiak sortutako larrialdiak gogorarazi digute zein garrantzitsuak diren komunitatea eta espazio komunitarioaren erabilera demokrazian sakontzeko, horrek ahalbidetuko baititu ongizatea eta herritartasun osoa ziurgabetasunak eta ahultasun-egoeren hazkundeak ezaugarritutako garaiotan . Zirkunstantzia hauen aurrean, inoiz baino garrantzitsuagoa da komunitatea indartzea, Gasteizko Udaleko Alkatetzaren eta Erakunde Harremanen Sailaren ustez ezinbestekoak diren ikuspegiak batuko dituzten ekimenak ahalbidetuz, inor atzean uzten ez dituen politika publikoa indartzeko eta gizarte-kohesioa eta pertsona guztien berdintasunezko bizikidetza bultzatzeko ezinbestekoak, hain zuzen“, nabarmendu du Miren Fernández de Landa zinegotziak.

Share

Bihar abiaraziko da aire zabaleko udako kultur programazioa

Ikuskizunetarako sarrera doakoa izango da, lekuak bete arte

 

Kartela_6-11_uzt

Bihar, uztailak 6 (asteartea), Kultura Zerbitzuak antolatu duen aire zabaleko udako kultur programazioa abiaraziko da, zeinaren barruan 150 ikuskizun eskainiko baitira irailaren 5era arte.

Sergio Arrospidek emango dio hasiera programari, Aranbizkarreko parkean, ‘El síndrome del aguacate del Eroski’ umorezko bakarrizketarekin, 20:00etan. Hurrengo ikuskizuna Konpost bandaren kontzertua izango da, Ibaiondoko gizarte-etxean, 20:30ean hasita.

Hilaren 7an (asteazkena), Organik dantza konpainiak ‘Sardina freskue!’ lana eskainiko du, Zulueta jauregiko lorategietan, 19:30ean. Alta Gama taldeak, berriz,  ‘Mentir lo mínimo’ zirku-ikuskizunarekin liluratuko ditu Arriagako parkeko anfiteatrora hurbiltzen direnak, 20:30etik aurrera.

Uztailaren 8an (osteguna) bi hitzordu izango dira ordu berean, 20:30ean: Tenpora taldearen kontzertua, Zabalganeko gizarte-etxearen ondoan, eta Alta Gama konpainiaren ‘Mentir lo mínimo’ ikuskizuna, Gabriela Mistral kaleko kirol eremuan (Salburua).

Ostiralean, hilak 9, Udal Bandak “Pertsonaia zinematografikoak” hartuko ditu gaitzat Hegoalde gizarte-etxean, 19:00etan, eta Kamikaz konpainiak ‘Panpina’ lana eskainiko du, euskaraz, 21:00etan.

Bi zirku-ikuskizunekin amaituko da asteko agenda, biak 19:00etan. El Gran Rufus-ek ‘Pink Impact’ eskainiko du Arriagako parkeko anfiteatroan, eta Circo Chosco Zabalganeko gizarte-etxean arituko da, igandean, hilak 11.

Sarrera librea izango da, erreserbatu beharrik gabe eta lekuak bete arte. Aire zabaleko esparru mugarrituak izango dira; gehieneko ikusle-kopurua zehaztuta izango dute, denak eserita, eta segurtasun-neurri guztiak errespetatuko dira, Eusko Jaurlaritzaren indarreko araudiarekin bat etorriz. 

“Programa honen bidez kultura kalera itzultzea ahalbidetzen dugu. Zuzeneko ikuskizunen lilura berreskuratu nahi dugu, eta kultur sektoreari lagundu, bereziki kaleko arteei, pandemiaren ondorioek gogor jo baitute. Kultura segurua da” azpimarratu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

 Informazio gehiago

 

 

 

 

Share