Prentsa Oharren banner

Udaltzaingoak 20 urteko gazte bat atxilotu du Salburuan, bi adingaberi perdigoi-tiro egin izana egotzita

Bizi den eraikineko erlaitzean ezkutatu zuen arma, eta etxean beste arma batzuk eta munizioa gordetzen zituen

Udaltzaingoak 20 urteko gazte bat atxilotu zuen bart, kalean zeuden bi adingaberi perdigoi-tiro egin zielakoan. Osasun-zerbitzuek artatu behar izan zituzten adingabeak: batek hanka batean zauri bat zuen, eta besteak bularrean; barne-kalterik eragin ez bazion ere, Txagorritxuko ospitalera eraman behar izan zuten azken hori.

Gertakariak 20:31 aldera hasi ziren, Salburua auzoko Nebera kalean. Handik dei bat egin zuten polizia eta osasun zerbitzuak bertaratu zitezen; izan ere, 10 eta 11 urteko bi haur zauritu zituzten, inguruko etxebizitza batetik perdigoiak tiro eginda.

Une horretan bertan, Udaltzaingoak operatibo bat antolatu zuen tiroen egilea aurkitzeko. Lehen ikerketen ostean, poliziaren ezaguna den gazte baten etxebizitzan jarri zituzten susmoak.

Hainbat ordu zaintzapean egon ondoren, poliziek etxebizitza horretako biztanleekin hitz egin zuten, besteak beste, tiro egin izanaren susmagarria zen gaztearekin, eta ustez tiro egiteko erabili zuen aire konprimituko arma aurkitu zuten eraikinaren erlaitzean ezkutatuta.

Etxebizitzan egindako miaketan, Udaltzaingoak prismatiko batzuk, 12 kalibreko 5 eskopeta-kartutxo, 143 perdigoiko poltsa bat, Winchester markako 3 bala, Rémington markako bala bat, ukabil amerikar bat, artisau-kirtena zuen burdinazko barra bat eta lapurtutako hainbat dokumentu aurkitu zituen.

Horiek horrela, gaztea atxilotu eta poliziaren bulegoetara eraman zuten, lesio-delitu baten ustezko egile gisa.

Ikerketa irekia

Polizia-ikerketak irekita jarraitzen du, gertatutakoa argitzeko eta atxilotuak aurreko egunetan inguru berean gertatutako antzeko beste gertakari batzuetan parte hartu duen argitzeko, bai eta maiatzean Salburua auzoko joko-areto batean indarkeria eta larderia erabiliz egindako lapurreta batean esku hartu ote zuen argitzeko ere.

Share

Prentsa-deialdiak (2021-07-13)

Prentsaurrekoa. Mikel Urdangarinen ‘Izurdeen lekua’ kontzertua aurkeztea

Parte hartzaileak. Mikel Urdangarin, kantaria; eta Udal Antzoki Sareko arduradun Marta Monfort

Eguna. Asteartea, uztailak 13

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share

Osasun egoera dela eta, azoka bereziak bertan behera geratuko dira irailera arte

  • Ez da baratxurien azoka egingo, ezta Andre Maria Zuriaren jaietako eskulangintza- azoka, Olarizuko erromeriako azoka eta Erdi Aroko azoka ere

COVID-19aren transmisioa eragozteko neurrien barruan, eta osasun-egoerak eskatzen duen zuhurtzia dela eta, Gasteizko Udalak bertan behera utzi ditu azoka bereziak, irailera arte. Prebentzio-neurri horrek Santiago eguneko baratxurien azokari eragingo dio, Andre Maria Zuriaren jaietako eskulangintza-azokari, Olarizuko erromeriako azokari, eta Erdi Aroko azokari (irailaren laugarren asteburuan egin ohi da).

Share

Pilota profesionala Gasteizera itzuliko da, Beti Jai pilotalekuak berriro inauguratuko baitira

“Masters CaixaBank 2021” txapelketa aurkeztu da Goiuri jauregian; horrela, pilota profesionala Beti Jai pilotalekuetara itzuliko da, instalazioak eraberritzeko lanen ondoren, ikusleak bertan direla. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek aurkeztu du gizonezkoen pilota profesionaleko udako programazioa Gasteizerako, lehiaketan parte hatuko duten pilotariek lagunduta; bertan izan dira, halaber, ASPE eta BAIKO enpresen ordezkari Inaxio Errandonea eta Unai Iglesias, eta CaixaBankeko Banca Retaileko iparraldeko merkataritza zuzendari Gorka Arana.

Hiru hitzordu nabarmentzen dira Euskadiko hiribururako programan:

  • Uztailak 24: Pilotalekuak berrito inauguratzea. Blusen Egunearen bezperan bi partidak osatutako jaialdia antolatu da, Masters txapelketaren bigarren jardunaldiaren barruan.
  • Abuztuak 7: Masters txapelketaren 4. jardunaldia. Bi partida eskainiko dira: aurretiazko partida, eta Masters txapelketaren 4. jardunaldiari dagokion partida nagusia.
  • Irailak 19: Masters CaixaBank txapelketaren finala. Hiru partidak osatuko dute jaialdia: aurretiazko binakako partida, txapelketaren finala, eta binakako partida bukatzeko.

 

Masters txapelketa bere kategoriako ekitaldi garrantzitsuena da. Hasteko, ligaxka formatuan jokatuko da, zazpi jardunalditan; ondoren, kanporaketak, finalerdiak eta Gasteizen egitekoa den finala jokatuko dira. Pilotari hauek hartuko dute parte: Altuna III, Zabaleta, Ezkurdia, Tolosa, Elezkano II, Rezusta, P. Etxebarria, Martija, Olaizola II, Aranguren, Jaka, Imaz, Peña II, Mariezkurrena II, Urrutikoetxea eta Albisu.

Livia Lópezek pilota-ekitaldi horren garrantzia azpimarratu du, pelotazaleek ikusmin handia baitute, eta herritarrak Gasteizen jokatzekoak diren jaialdietara joatera animatu ditu, “horrelako ekitaldi batek izan behar dituen edukiera mugen barruan”. Kirol programazio hori antolatzeak eskatu duen ahalegin kolektiboa nabarmendu du Kirol eta Osasun zinegotziak, baita arlo horretako lehenengo ekitaldietako bat Beti Jai pilotalekuen inaugurazioa izatea, segurtasunean, irisgarritasunean eta edukieran hobekuntza esanguratsuak egin eta gero. Milioi bat eurotik gora inbertitu da lan horietan.

 

 

 

 

Share

Gizarte zerbitzuek etxebizitza galtzearekin lotutako egoeretan zeuden 163 familiari lagundu diete urtearen lehen seihilekoan

  • Zaurgarritasunari buruzko 100 txosten egin dituzte epaitegietan etxe-kaleratzeak geldiarazteko

 

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak etxe-kaleratzeek eta etxebizitza galtzeak eragindako 163 familiari lagundu diete aurten.

Udaletxean egindakoa batzordean, Gizarte Gaien zinegotzi Jon Armentiak azaldu du zein izan den udalaren jarduna alor horretan, eta nabarmendu du “saila guztiz inplikatuta” dagoela “egoera horiek prebenitu eta aurre egiteko“. 

2021eko lehen seihilekoan gizarte-zerbitzuek etxegabetzeekin eta bizilekua galtzearekin lotutako 63 egoera antzeman dituzte, eta prestazio ekonomikoak edo ordezko ostatuak eskaini dizkiete familiei.

Zehazki, urteko lehen sei hilabeteetan 13 familiarentzako ostatua ordaindu dute hiriko apartamentu turistikoetan, 23.500 euroko kostuarekin. 13 familia horietatik 8k apartamentuetan bizitzen jarraitzen dute.

Gizarte zerbitzuek antzemandako 63 egoera horietaz gain, epaitegiek 100 etxegabetze jakinarazi dituzte, eta Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak zaurgarritasunari buruzko beste horrenbeste txosten egin ditu, kaleratzeak eteteko.

 

Prestazioak eta errekurtsoak

Gizarte-zerbitzuek zenbait baliabide jartzen dituzte etxebizitza galtzen duten edo beste zaurgarritasun-egoera batzuetan dauden familien eskura, batetik, tutoretzapeko etxebizitzen programa —21 etxebizitza dira, eta 2020an 136 pertsonari eman zitzaien ostatu— eta bestetik harrera-etxebizitzen programa —9 etxebizitza eta 40 pertsona—.

21 Zabalgunearekin batera ari gara lanean baliabide horiek handitzeko, zehazki, alokatzeko etxebizitzen programa berrirako 4 etxebizitza egokituz eta beste 4 gizarte larrialdietarako harrera programarako“, azaldu du Jon Armentiak.

Gogoratu beharra dago, orobat, gizarte-zerbitzuek 2 milioi euro kudeatu zituztela iaz familientzako laguntzetan, etxebizitzaren alokairuari aurre egiterik izan zezaten, eta beste 2,3 milioi OHZ, ura, komunitatea etab. ordaintzeko.

Share

Atxilotua identifikatzeko garaian aurka egiteagatik eta poliziari oldartzeagatik

Udaltzainek 20 urteko gazte bat atxilotu zuten larunbatean ustez borroka batean parte hartu zuelako hura identifikatzen saiatu ziren udaltzainen aurkako erresistentzia larriagatik.

Gazteak eragozpen guztiak jarri zituen identifikatzeko garaian eta tokitik ihes egiten saiatu zen. Gainera, une batean udaltzainetako baten aurka eraso egin zuen eta, ondorioz, atxilotu egin zuten.

Egun berean, 40 urteko gizonezko bat atxilotu zuten udaltzainek bere bikote ohiaren aurkako urruntze-agindua hautsi zuelako. Zaramaga auzoan gertatu zen atxiloketa.

 

Suhiltzaileak 

PSISZko langileek Larrugile kaleko bolatoki batean piztu den sua itzali behar izan dute gaur goizaldean. Ezbeharraren berri 05:50ean jaso dute eta ez dakite non izan duen jatorria. Batez ere lokaleko barra dagoen tokian izan du eragina, baina kalteak establezimendu osoan eragin ditu beroa eta kea direla eta. Ez da zauriturik izan eta ez da beharrezkoa izan etxebizitzak hustea.

Share

Gizarte etxeek 2.657 jarduera eta 29.510 leku eskainiko dituzte

Gizarte Etxeen zinegotzi Borja Rodriguezek eta Osasun eta Kirol zinegotzi Livia Lópezek Gasteizko gizarte etxeen sarearen 2021-2022 kanpainarako jarduera eta ikastaroen programa aurkeztu dute gaur goizean, prentsaurrekoan. Jardueretan covid-19aren prebentziorako protokoloak errespetatu arren, denboraldi honetan izena emateko eta plazak zozketatzeko ohiko sistemari berrekiteko asmoa dute gizarte-etxeek. Horrela, udal sailek gaur egungo testuingurura egokitutako kultura, hezkuntza, kirol, osasun eta gizarte programazioa diseinatu dute.

“Gizarte-etxeen sarea ezinbestekoa da gasteiztar askorentzat, hurbileko ekipamendu eta zerbitzuak eskaintzen baititu. Aurtengo programazioa gaur egungo testuinguruan ahalik eta seguruena izateko egokituta dago oraindik, eta ziur gaude, udal teknikarien ahaleginarekin, arrakastatsua izango dela berriro gure hiriarentzat eta bertako biztanleentzat “, nabarmendu du Gizarte Etxeen zinegotzi arduradun Borja Rodríguezek.

Guztira, programak 546 mota ezberdinetako jarduerak barne hartzen ditu; eta lehen hiruhilekorako eskaintzan 2.657 talde eta 29.510 leku sartzen dira guztira; konparagarria den azken urtean (2019) baino 396 talde gehiago izango dira, baina ia 6.000 plaza gutxiago, espazioen edukiera murriztearen ondorioz. Zerrenda udalaren webgunean dago eskuragarri, eta gizarte-etxeetan bertan egongo da ikusgai. Iaz erabaki zen bezala, informazio-liburuxka ez da inprimatuko, jasangarriagoak izateko eta paper-gastua murrizteko.

Baina leku gehienak esleitzeko ohiko sistema bai, itzuliko da. Zehazki, uztailaren 15ean irekiko da izena emateko epea, eta irailaren 2ra arte egongo da zabalik. Irailaren 3an egingo da zozketa, 11:00etan, eta egun horretako 12: 30etik aurrera irailaren 7ra arte ordaindu ahalko da matrikula. Denbora hori igarotakoan, plaza libre geratuko da.

Beste jarduera batzuetan, berriz, izena emateko ordenaren araberako esleipen-sistemari eutsiko zaio: euskara, berdintasuna, irakurketa klubak, kirol eta kultur jarduera batzuk eta adinekoen kultur zentroetako ikastaroak.

Prebentzioari dagokionez, berariazko neurri ugari hartu dira, eta hartzen jarraituko da, hala nola edukiera edo zirkulazioa kontrolatzea eta desinfektatzea. Zentroetara sartzeko, indarrean dauden osasun-arauak bete beharko dira, orain arte bezala: barnealdeetan maskara nahitaez erabiltzea, distantziak mantentzea eta eskuak maiz garbitzea. Gainera, baliteke erabilitako eremua desinfektatu behar izatea ikasleek edo/eta irakasleek, saioa bukatzean. Halaber, jarduera batetik bestera gutxienez 15 minutuko tartea utziko da, sarrera eta irteeretan jendea gurutzatzea ekiditeko eta lekuak aireztatzeko. Bestetik, kirol-jardueretan ezinbestekoa izango da eskuoihal eta ur-botila indibidualak erabiltzea, eta kaleko oinetakoen ordez kirol-oinetakoak janztea.

Murrizketa guztiak gorabehera, eskaintzak ez du bistatik galduko helburu nagusia: aisialdi-ohitura osasungarriak sustatzea, Gasteizko herritarren bizi-kalitatea hobea izan dadin.

Ikastaroetako izen-emateak azkar eta eroso ordaindu ahalko dira, edozein banketxetako kreditu- edo zordunketa-txartelaren bidez. Prezioei dagokienez, % 40ko murrizketa izango dute abonatuek, euskara-ikastaroetan izan ezik, horiek beste murrizketa-irizpide batzuk baitituzte. Era berean, langabezian daudenek % 15eko murrizketa gehigarria izango dute.

 

Ia 15.000 plaza kirol-jardueretan

Datorren ikasturterako kirol-programazioaren eskaintza iazkoa baino nabarmen handiagoa da —plazen % 53 gehiago—, osasun-egoeraren ondoriozko mugek baldintzatzen duten arren. Guztira 73 jarduera desberdin eta 14.699 plaza prestatu dira, eta honela banatzen dira adin-tarteen arabera:

 

  • 3.114 plaza haurrentzat.
  • 338 plaza gazteentzat.
  • 8.697 plaza helduentzat.
  • 895 plaza adin guztietarako (jarduera irekiak).
  • 1.695 plaza adineko pertsonentzat.

 

Livia Lopezek Udala pandemiaren aurreko kirol eskaintza maila berreskuratzeko egiten ari den etengabeko ahalegina azpimarratu du, egungo murrizketek ahalbidetzen duten neurrian. “Oraindik ere beharrezkoa da edukiera kontrolatzea, instalazioen barruko zirkulazioa antolatzea, jarduera-saioen artean lekuak egoki aireztatzea, pertsonen arteko distantzia mantentzea eta ezarritako babes- eta higiene-neurriak hartzea. Hala ere, kirol-jardueren programazioa aurrera ateratzeko lan egiten duten pertsona guztien dedikazioak eta herritarren jarrera arduratsuak aukera ematen digute kirola modu seguruan egiteko gero eta aukera gehiago izateko. Eta hori lorpen kolektibo handia izaten ari da”, adierazi du.

Segurtasunari dagokionez garrantzitsua izango da programazio osoan bermatzea gutxienez ordu laurdeneko aireztapena izatea kirol-saio baten eta beste baten artean, prebentzio-neurri eraginkorrenetako bat delako.

Joan den urtearekin alderatuta bada berreskuratu den beste alderdi bat, berriro ere hiruhilekoak izango baitira horietako batzuk. Oro har, kirol-eskaintza hiru hileko, bi hileko eta hileko jardueratan banatuko da.

Berrikuntzen atalean, gazteentzat pentsatutako bi jarduera datoz: eskalada eta haurrentzako abentura (8 eta 14 urte bitarteko adingabeentzat), eskalada, boulder jarduerak eta Salburuko rokodromoko abentura parkeak eskaintzen dituen aukerak konbinatzen dituena, eta G-PUMP (gazteentzat), lan aerobikoa eta muskulazio ariketak bateratzen dituena koreografia espezifikoak erabiliz.

Azken urtean gertatu den bezala, kirol-programazioa dinamikoa izango da, eta osasun-egoeraren bilakaeraren arabera egokituz eta berrituz joango da, edukierei dagokienez, esaterako.

 

3.452 leku praktika artistikoan

Udalaren kultur eskaintzaren barruan, praktika artistikoan hasteko ikastaroak nabarmentzen dira. Guztira, 292 ikastaro eskaintzen dira, 120 espezialitate desberdinetakoak haur, gazte eta helduentzat. Zozketarako 3.452 plaza eskainiko dira, eta hiruhileko guztien batura 8.539 plaza dira. Hona hemen berrikuntza batzuk: dantzaren alorrean, swing, dance hall edo bollywood dantza; eskulanetan, brodatu sortzailea; haurrentzako ikastaroetan, arkitektura eta arte laborategia edo antzerkiaren bidez irakurzaletasuna sustatzea; lehen aldiz euskaraz eskaintzen diren ikastaroak, hala nola dantza flamenkoa edo idazketa sortzailea; eta beste berrikuntza batzuk, hala nola antzerki-podcastak edo umorezko bakarrizketen ikastaroa. Ikastaroen % 33 euskaraz eskaintzen da, eta ehuneko hori % 75era iristen da haurrentzako ikastaroetan.

2021-2022 kanpainan, kultur ikastaroak ere eskainiko dira: espezialistek emandako kultur ikastaro teorikoak izan ohi dira horiek, eta herritarrek kulturaren hainbat alorretako ezagutzak era didaktikoak eskuratzea dute helburutzat. Guztira 17 ikastaro antolatu dira martxan, eta eskainitako plazak 355 dira. Azpimarratzekoa da irakasleen lanbide-prestakuntza, kasu guztietan adituak baitira ematen diren gaietan, hala nola Juan Ibarrondo idazle eta kazetaria, Jasone Arrausi edo Ricardo Garay arte-historialariak, La Otra Mitad astronomia elkartea, Egoitz Conte edo Sandra Masiá arkitektoak, Alejandra Spagnuolo musikaria eta Jorge Barrio zinema-ekoizle eta zuzendaria.

Bestalde, Udal Liburutegien Sareak irakurzaletasuna sustatzeko jarduera ugari eskainiko ditu, esaterako, haurrentzako eta helduentzako ipuin kontaketak, hitzaldiak edo liburu aurkezpenak. Halaber, sei irakurketa klub jarriko dira martxan. Azken horietan parte hartzeko ez da zozketarik izango, eta izen-emateak irailaren 2an hasiko dira. Ohi bezala, Liburutegi Sareak berak emango ditu klubetan parte hartzeko behar diren liburuak.

 

Ludoteken eta familien eskaintza

Gizarte Sustapeneko kategorian, 2021-2022 kanpaina honetan 86 jarduera eskainiko dira, eta hiruhileko bakoitzeko 1.350 plaza inguru. Berrikuntza gisa, banantze- edo dibortzio-egoeran dauden familiei laguntzeko programa jarriko da abian ikasturte honetan. Lantegi horien bidez familiako kideen arteko harreman eta komunikazio egokia errazteko tresnak eskaintzen saiatuko da.

Era berean, eutsi egin zaio haur eta familientzako eskaintzari. Besteak beste, motibazioa eta ikasteko ohiturak lantzeko jarduerak izango dira, bai eta sozializazio-prozesua, emozioen adierazpena edo haurren ongizatea bultzatzeko jarduerak ere. 0 eta 11 urte bitarteko haurrentzako ludoteka eta ludoklubetan 137 txanda eskaintzen dira, 1.835 plazarekin.

Senidegune programa ere itzuliko da, 0-3 urte eta 4-6 urte bitarteko haurren gurasoei heziketan laguntzeko.

 

Share

(Gaurkotua) Udalak Principal Antzokia eraberritzeko azterketa teknikoa zabaldu du eraikuntza-proiektua lehiaketara atera aurretik

Gasteizko Udaleko Plangintza eta Proiektu Zerbitzuak Principal Antzokia eraberritu aurreko azterketa teknikoa zabaltzeko eskatu du, eraikuntza-proiektua esleitzeko plegua lehiaketara atera aurretik.

“Hiriarentzat proiekturik onena izan nahi dugu eta horretarako garrantzitsua da aukera guztiak ezagutzea, gure antzerki maitatuenaren hurrengo hamarkadak zehaztuko dituen erabakia hartu aurretik. Alboko espazioen (Opera-eraikina) aukerak ezagutu behar dira, baita egungo eraikuntza-egoeran eta etorkizunean aurreikusitako eguzki-aukerak ere, eraikuntza-proiektua lizitaziora atera aurretik. Horregatik, eraikina araudietara egokitzeko eta antzokia hobetzeko jarduerak aztertu dituen enpresari eskatu diogu bere azterketa zabaltzeko”, azaldu du Cesar Fernandez de Landa zinegotziak.

IDOM enpresa azterketa hori egiten ari da orain, eta espero da laster izango direla emaitzak, Udalak behin betiko alternatiba bat aukeratu baino lehen.

“Aukera guztiak aztertzen ari gara Principal antzokia XXI. mendeko antzokia izan dadin, egoki diren irisgarritasun- eta segurtasun-baldintzak beteko dituena eta denboraldi bakoitzean bertara datozen konpainien beharrei erantzuterik izango duena”, azaldu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Share

Bizan sareak antolaturik, jazza eta kaleko zinema eskainiko dira Udako Gauetan

Bizan sareak Udako Gauak programa antolatu du aurten ere, musika eta zinema aire zabalean eskaintzeko; hiru saio izango dira orotara, uztailean eta irailean.

Bihar, uztailak 13 (asteartea) hasiko dira jarduera komunitarioak, Didi Jazzek emango duen jazz-kontzertu didaktiko batekin. Vital Fundazioa Kulturunean izango da hitzordua, Dendaraban, 18:00etan.

 

Zinema kalean 

Uztailaren 23an (ostirala), zinemaren txanda izango da: “Abuelos” film espainiarra eskainiko da Maurice Ravel lorategietan, Hegoalde gizarte-etxearen ondoan. Santiago Requejok zuzendutako filma da, eta aktore ezagunek hartzen dute parte: Carlos Iglesias, Ramón Barea, Roberto Alvarez eta Mercedes Sampietro.

Irailaren 17an, azkenik, beste zinema saio bat izango da kalean. Francisco Vitoria institutuko patioan (Pilar auzoan) “La familia que tú eliges” film amerikarra ikusi ahalko da. Down sindromea duen gazte baten istorioa kontatzen du; gazteak egoitzatik ihes egiten du bere ametsa lortzeko asmoz: borrokalari profesionala bihurtzea.

Hiru jarduerak (jazz-saioa eta zinema-emanaldiak) doakoak dira, eta herritar orori irekiak.

 

 

Share