Prentsa Oharren banner

Prentsa deialdiak (2021-07-21)

– Prentsaurrekoa. Emakumeen lehen “Master Vitoria-Gasteiz” pilota-txapelketa aurkeztea

Parte-hartzaileak: Livia López, Kirol eta Osasun zinegotzia; Aitor Ruiz de Luzuriaga, Arabako Euskal Pilota Elkarteko oinarrizko koordinatzaile eta antolatzailea,eta lehiaketan parte hartuko duten pilotariak.

Eguna: uztailak 21, asteazkena.

Ordua: 10:30

Lekua: Goiuri jauregia. Martín de Salinas aretoa. (ondoren, talde-argazkia aterako da Andre Maria Zuriaren plazako landarezko eskulturan).

——————————————————————–

– “Uda honetan ondo pasa burua galdu gabe” kanpaina aurkeztea

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran, alkatea, eta Estíbaliz Canto, Hezkuntza eta Kultura zinegotzia.

Eguna: uztailak 21, asteazkena.

Ordua: 12:00.

Lekua: Arkupeak

 

 

Share

Berriz ere, Gasteiz magiaren hiriburua izango da irailaren 13tik 19ra

‘Magialdiak’ estatuko zein nazioarteko mago talde handi baten presentzia baieztatu du

 

Gasteizko Magialdiaren 33. edizioa irailaren 13tik 19ra bitartean egingo da. Arabako Ilusionisten Elkarteak antolatzen du ekitaldia, zeina egokitu egin baita parte-hartzaileen segurtasuna bermatzeko.

Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok, Eusko Jaurlaritzako Ostalaritza eta Turismo zuzendari Goyo Zurrok eta Magialdiaren zuzendari  José Ángel Suárezek aurkeztu dute jaialdia prentsaren aurrean.

“2020an, mundu osoan aurrez aurre egindako magia biltzar bakarra izan zen Magialdia. Aurten bere distiraren zati bat berreskuratu du ekitaldiak, osasun egoerak ahalbidetzen duen neurrian, eta munduko artista onenetako batzuk aurkeztuko ditu, programa zabal eta kalitate handiko batekin“, nabarmendu du Cantok.

José Ángel Suárezek, bestetik, programaren berrikuntzak aurkeztu ditu, zeinean estatuko zein nazioarteko ilusionistek parte hartuko baitute. “Santa Maria katedralak “Linterna Magikoan” oinarritutako ikuskizun bat hartuko du, magia ibilbideen barruan Villa Sofía sartuko da, eta Amaiera Gala Iradier Arenan egingo da”, jakinarazi du jaialdiaren zuzendariak.

Orobat, Nazioarteko Magia Gala egingo da Principal antzokian, Gertuko Magiako Nazioarteko Gala,eta Haurrentzako Gala. Horietaz gain, magia ikuskizunak izango dira Ignacio Aldecoa kultura etxean eta Atarian, magia ibilbideak hiriaren erdialdean, eta magia emanaldiak erakusleihoetan.

Aurtengo ediziorako mago profesional hauen presentzia baieztatu da:

Espainiatik:

  • Jandro
  • Jessica Guloomal
  • Martilda
  • Dream
  • Samuel Arribas
  • Luis Boyano y Rocío
  • Dani Polo
  • Pipo Villanueva
  • Joaquín Matas
  • José Arcario

Beste herrialde batzuetatik:

  • Ricardo Rodríguez (Txile)
  • Roberto Mansilla (Argentina)
  • Daniel Ketchedjian (Uruguai)
  • Ton Stone (Suedia)
  • Nikola Arkane (Irlanda)
  • Rafael Scholten (Holanda)
  • Dion (Holanda)
  • Jimmy Delp (Frantzia)
  • Jaana (Alemania)
  • Roberto Giobbi (Suitza)
  • Henry Evans (Argentina)

“Gasteiztar oro gonbidatu nahi dut 2021ko Magialdiaren barruan irailaren 13tik 16ra Gasteizen antolatutako hitzordu interesgarrietara”, adierazi du zinegotziak.

Aurreko edizioetan bezala, 200 mago, profesional zein amateur, etorriko dira estatu osotik eta beste herrialde batzuetatik Magialdiaren programa profesionalean parte hartzera; Europa biltzar etxean izango da, irailaren 17tik 19ra bitartean.

Magialdiaren aurretik Magialdiaraba jaialdia egingo da, magia ikuskizunak probintzia osora zabaltzeko asmoz.

 Informazio gehiago

 

Jandro

Jessica Guloomal

 

 

Share

Udalbatza 2021-07-23

Webgunean dago uztailaren 23an (ostirala), 9.00etan, Goiuri Jauregian, egingo duen Udalbatzaren ohiko osoko bilkuraren gai-zerrenda

Share

Gasteiz “Europa 2021, berdinen arteko ikaskuntza” programan parte hartzen hasi da, klimari eta energiari buruzko ekintzen barruan

Udalak urrezko auzoen birgaitze energetikorako politikak, azpiegitura berdeen estrategia —Eraztun Berdea proiektu ikonikotzat duena— eta mugikortasun iraunkorrerako ekimenak aurkeztuko ditu

 

Gasteiz “Europa 2021, berdinen arteko ikaskuntza” programan parte hartzen hasi da, klimaren eta energiaren arloan abiarazitako tokiko ekintzen multzoan. Dagoeneko Adituen Ordezkaritzaren lehen saioa egin da, zeinak hasiera eman baitio “Europa 2021-2022, berdinen arteko ikaskuntza” programari.

Programa berriak Europa osoko hiri, eskualde eta probintziei aukera ematen die ezagutza, ideia berritzaileak eta jardunbide egokiak trukatzeko neurrirako bileretan parte hartzeko. Bakoitzaren gaitasuna eta ezagutzak areagotzea da helburua, hiri bikoteen arteko eztabaiden bitartez; bikoteak hiri bakoitzaren ikaskuntza-premiak eta klima- eta energia-erronkei aurre egiteko inplementatu dituzten ekintzak kontuan hartuz egin dira, elkar osa dezaten.

Programa horien bidez, parte-hartzaileek jarduera hauek barne hartzen dituzten trukeak egitea bermatzen da:

  • Naturan oinarritutako soluzioen bidez klima-aldaketara egokitzeko moduari buruzko ideiak
  • Herritarrekin eta enpresekin itun klimatiko bat sortzen edo neutraltasun klimatikoko estrategia bat garatzen ikastea.
  • Finantzaketa lehiakorrerako aukerak arrakastaz nola eskatu azaltzen duten adituei entzutea.
  • Klimara Egokitzeko eta Energia Iraunkorreko Planei (PACES) buruzko iruzkin eta aholku pertsonalizatuak

Abiatu berri den Adituen Misio honetan, bost talde sortu dira, anbizio, interes eta ezaugarri komunak dituzten hiriak elkartuta:

  1. taldea: Mannheim (Alemania) eta Utrech (Herbehereak).
  2. taldea: Lahti (Finlandia) eta Brighton (Erresuma Batua).
  3. taldea: Helsinki (Finlandia) eta Milan (Italia).
  4. taldea: Sunderland (Erresuma Batua), Gasteiz (Espainia) eta Parma (Italia).
  5. taldea: Gotemburgo (Suedia) eta Essen (Alemania).

Klima-aldaketa arintzeari dagokionez buruzagitzat (“front runner”) jotzen dituztelako aukeratu dituzte hiri horiek. Lehen topaketa honetan, Gasteizko Udalak Sunderland eta Parmako udalekin partekatu du gure hiriaren ikuspegi orokorra, dagoeneko inplementatutako jardunbide egokiak, etorkizunerako proiektuak, estrategiak eta anbizioak energia-eraginkortasunari, klima-aldaketari eta Klima eta Klimara Egokitzeko eta Energia Iraunkorreko Planen garapenari (PACES) dagokienez.

Taldearen “hiri anfitrioiak”, Sunderlandek, oso proiektu interesgarriak erakutsi ditu Itun Klimatikoekin eta karbono isurketa txikien esparru-politiken garapenarekin lotuta, bai eta oso proiektu garrantzitsu bat ere hirian kokatuta dagoen Nissan fabrikarekin.

Parmak, bestetik, bere etxebizitza-parkearen birgaitze energetikorako proiektuetan eta estrategietan egindako aurrerapenak partekatu ditu, eta, gainera, bertako Lan eta Klimaren aldeko Itunari buruzko informazioa aurreratu du.

Gasteizek, azkenik, urrezko auzoen birgaitze energetikorako politikak aurkeztu ditu, Koroatze auzoko Smartencity proiektua nabarmenduz; orobat, beste proiektu hauek azaldu ditu: azpiegitura berdeen estrategia, zeinaren aitzindaria Eraztun Berdea baita; mugikortasun iraunkorraren alorreko politika; PACESen garapena, eta jasangarritasunarekin lotutako beste hainbat gai.

Hurrengo bilera irailaren amaieran egingo da, eta osasun-baldintzek ahalbidetzen badute, Udala Sunderland hirira joango da urriaren amaieran, Parmako Udaleko ordezkariekin batera, ikaskuntza-programarekin modu praktikoagoan jarraitzeko

Share