Prentsa Oharren banner

Udal Musika Bandak 2020ko Urrezko Zeledonen galan joko du, irailaren 22an

Principal antzokian izango da emanaldia, 19:30etik aurrera

Gasteizko Udal Musika Bandak kontzertua eskainiko du Principal antzokian, irailaren 22an, ‘Urrezko Zeledon’ saria emateko egingo den galan. Arratsaldeko zazpi eta erdietan hasiko da ekitaldia.

Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto, Udal Musika Bandaren zuzendari Luis Orduña eta Urrezko Zeledonen lehendakari Josemari Velez de Mendizabal izan dira aurkezpen-prentsaurrekoan.

Oraingo honetan Mikel Delikak jasoko du saria, beirate historikoak zaharberritzen eta beirateen ondarea kontserbatzen eta mantentzen egindako lanagatik.

“Artisautza artistikoa, festa-artisautza, omentzeko aukera paregabea da. Mikel Delika festaren artisaua da, eta, horrenbestez, bakearen artisau” adierazi du Jose Mari Velez de Mendizabalek.

 Horretaz gain, aipamen berezia egingo zaio Deportivo Alavesi, bertako neska-mutilak gure hiriaren ordezkari baitira mailarik goreneko futbol txapelketetan “ gaineratu du zinegotziak..

Hori dela eta, Gasteizko bandak kirol-espiritua duen programa interpretatuko du. “Musikak futbol partidu bateko giroan murgilduko gaitu une batzuetan, baina baita une zeremoniatsuagoetan ere, bake unibertsalaren aldeko “oihu” batekin amaitzeko, baldintzarik gabekoa bizitzako arlo guztietan” adierazi du Luis Orduñak.

Pieza hauek entzun ahal izango dira: ‘Welcome Oberture‘,  Otto M. Schwarzena; ‘Alkate Soñua‘, Felix Sistiagarena; ‘Celedón’, Mariano San Miguelena, ‘Libertadores’, Óscar Navarrorena eta ‘Himno al Deportivo Alavés’, Alfredo Donnayrena.

Estibaliz Cantok eskertu egin dio Orduñari pandemian erakutsitako kemena, eta bandaren denboraldi berrirako abonamenduak agortuta daudela iragarri du. “Osasun-krisiaren eboluzio ona eta gure herrialdean egindako txertaketa-kanpaina arrakastatsua direla eta, edukiera handitu ahal izatea espero dugu, pertsona gehiagok izan dezan udal bandak hastear den ikasturterako proposatutako kontzertu interesgarriekin atsegin hartzerik” adierazi du.

Urrezko Zeledonen galarako sarrerak 3 eurotan eros daitezke, Principal antzokiaren ohiko bideak baliatuz.

Udalaren Folklore Akademiak ere hartuko du parte ekitaldian, eta streaming bidez jarraitu ahalko da Radio Vitoriaren webgunean.

Informazio gehiago

Share