Prentsa Oharren banner

Gazteen artean espiritu ekintzailea sustatzeko Escape room bat abian jarri du Araba Ekinean-ek, on line

Aplikazioa deskarga daiteke dagoneko, eta urriaren 16ra arte egongo da erabilgarri

Gasteizko Udalak, Arabako Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak —SPRI eta BIC Araba taldeen bitartez— eta Vital Fundazioak antolatutako Araba Ekinean ekimenak Escape room bat abian jarri du, on line —‘Ekintzailetzaren arrastoan’ izenburuarekin—, Arabako gazteek beren espiritu ekintzailea frogatzerik izan dezaten, bahitutako pertsona-talde bati laguntzeko ahaleginean. Urriaren 16ra arte egongo da eskuragarri abentura, AdventuriQ doako aplikazioaren bitartez, bai iOSen, bai Androiden. “Ekintzailetza publiko gazteago batengana hurbiltzea da helburua, modu ludikoan eta gure lurraldean jarraitzaile asko dituen formatu baten bidez”, nabarmendu du Gasteizko lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapeneko zinegotzi Maider Etxebarriak. 12 urtetik gorako edonorentzat gomendatzen da jarduera.

Araba Ekinean-en Escape Room horretan parte hartzeko, urrats hauek egin behar dira:

– AdventuriQ aplikazioa deskargatu, doan, mugikorrean edo tabletean.

– Alta eman, erabiltzaile bat sortuz, helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin.

– “Ekintzailetzaren arrastoan” abentura bilatu eta kargatu, Game Pin honekin: 674637845.

Abentura puntuaziorik handienarekin eta denborarik laburrenean osatzen duenak 50 euroko opari-txartela jasoko du sari gisa, hiriko saltoki batean gastatzeko.

Araba Ekinean-en ekitaldi nagusien hilabetea

Europa jauregiak Araba Ekinean-en bi ekitaldi nagusiak hartu baino egun batzuk lehenago ekin zaio ekimen horri. Irailaren 29an, 19:00etan, “Zure ideiak balio du” lehiaketako finalisten 20 ideien aurkezpena izango da, eta 15:30ean, berriz, ekintzaileen eta finantza-, babes- eta aholkularitza-entitateen arteko B2B IV. topaketa. Urriaren 5ean, asteartez, 17:00etatik aurrera, Ekin Day jardunaldi nagusia izango da, Araba Ekintzailea 2021, Ekintzaile Handia eta Araban Ekiten sarien eta ideia-lehiaketako irabazleen sariak banaketa barne. Sarrera doakoa da, baina izena eman beharra dago, alavaemprende.com webgunean.

Share